172. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TXULAPAIN

Ordenantza, Aristregiko, Beltzuntzeko eta Usiko hilerrien erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Txulapaingo Udalak, 2022ko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Aristregiko, Beltzuntzeko eta Usiko hilerrien erabilera arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2022ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 7an, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsirik gelditu da. Bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Markalainen (Txulapain), 2022ko abuztuaren 10ean.–Alkatea, Pablo Rota Arrieta.

ORDENANTZA FISKALA, HILERRIA ERABILTZEKO
ETA HILERRIKO ZERBITZUAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA TXULAPAINGO UDALEAN
(Beltzuntze, Usi eta Aristregi)

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Arau honen xedea da Txulapaingo Udalean hilerriaren zerbitzu publikoa arautzea Beltzuntzeko, Usiko eta Aristregiko herrietarako.

Ordenantza honek erabilerak baino ez ditu arautzen, eta aurrerago, hala badagokio, tasak onesten ahalko dira, bat etorriz Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin.

1.1. artikulua. Ordenantza honek arautuko ditu Beltzuntzeko, Usiko eta Aristregiko hilerriak.

2. artikulua. Txulapaingo Udalari dagozkio instalazioaren zuzendaritza, gobernua eta administrazioa, hori guztia ukatu gabe legez dagokion agintari judizialaren, gobernukoaren edo osasunekoaren esku-hartze administratiboa.

Aurreko apartatuan definitu diren eskumenak honela zehazten dira:

a) Zerbitzuen kudeaketa, administrazioa eta antolaketa.

b) Hilobiak edo beste ehorzketa-unitate batzuk eraikitzea, eta hala badagokio, banatzea eta ematea.

c) Hilerriko instalazioak zaindu, garbitu eta egokitzea.

d) Hilerrian jarduketak egiteko edozein motatako lizentziak ematea.

e) Eskubide ekonomikoak jasotzea ehorzketa unitateen gainean ehorzketa eskubideak emateagatik eta ordenantza honetan arautzen diren nolanahiko lizentziak emateagatik, edo beste edozein arrazoirengatik komenigarri ikusten bada eta Txulapaingo Udalak arautzen badu.

f) Hilerriko zaintza eta mantentze zerbitzuak, baita zerbitzu horien funtzionamendu egokirako behar den beste edozein ere.

g) Ordenantza honek arautzen dituen eskumenak baliatzean, ehorzketetan edo erraustegietan ez da inolako bereizkeriarik eginen jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

h) Hilerriko erlijio zerbitzuak eta egintza zibilak eginen dira ideologia, erlijio edo kultu askatasunaren printzipio konstituzionalaren arabera, bat etorriz dauden konfesioen errituekin, eta muga bakarra izanen da pentsamendu, kontzientzia, erlijio edo sinesmen askatasunari zor zaion errespetua eta ordena publikoari eustea.

i) Hildakoaren senideen edo hurbilekoen erantzukizuna izanen da hilobi bakoitza zaintzea, garbitzea eta mantentzea, eta beren kabuz arduratu beharko dira hobiak behar bezala gaitzeaz, ehorzketa egin ahal izateko. Udala ez da inola ere ehorzketa lanez arduratuko.

3. artikulua. Hilerria koadro eta ataletan zatituko da, eta horietan oinarrituz banatuko da lurra.

II. KAPITULUA

Lurreko hilobien eta nitxoen kontzesioak

4. artikulua. Hilerriko lur guztiak erabiliko dira ehorzketarako kontzesio administratiboaren bidez, dohainik edo kostu bidez, eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz.

Udalak hilerriaren planoan edo haren aldaketetan zehazten diren lurrak erabiliko ditu kontzesio mota bakoitzerako.

5. artikulua. Lurreko hilobien nahiz kolunbarioen kontzesioak egokituko dira hura emateko unean indarrean dauden tasetara, eta ordenantza honetako salbuespenak baino ez dira onartuko.

Honakoek dute lurperatuak izateko eskubidea:

A) Erroldatutako auzotarrak, 10 urtetik gorako antzinatasuna badute.

B) Beltzuntzeko, Usiko eta Aristregiko herrietan jaiotakoak.

C) Auzotarrak izan gabe, gutxienez 15 urtez erroldaturik egon direnak, baldin eta erroldan baja eman zutenetik ez badira igaro 5 urte edo gehiago.

D) Beltzuntzeko, Usiko eta Aristregiko herriekin lotura dutenak, familia edo kidetasun arrazoiak direla-eta edo etxebizitza edo etxe bat edukitzeagatik, Txulapaingo Udalaren iritziaren arabera.

6. artikulua. Kontzesio horiengatik ordaindu beharreko zenbatekoak Udaleko Idazkaritzan pagatuko dira, eman eta hurrengo 30 eguneko epean. Hala egin ezean, kontzesioa ezeztatuko da.

7. artikulua. Kontzesioaren tituluak Udaleko Idazkaritzan emanen dira, benetako kontzesiodunaren alde, horretarako onesten den ereduaren arabera.

8. artikulua. Ez da lurzati gehiagorik emanen panteoiak eraikitzeko.

III. KAPITULUA

Lurrean ehorztea

9. artikulua. Udalak lurrean ehorzteko eskubidea ematen du 20 urteko eperako, eta beste behin bakarrik luzatu ahal izanen da 10 urterako, aldez aurretik eskatuta eta eskaeraren egunean indarrean dauden tasak ordainduta.

10. artikulua. Lurrean ehorzteko kontzesioak aldi baterakoak dira, eta 20 urterako lagako dira, 10 urteko aldietan luzatzeko aukerarekin, aldez aurretik ordainduta eskaeraren unean indarrean diren tasak.

11. artikulua. Lurrean ehorzteko erabiliko dira hilerriaren planoan edo haren aldaketetan horretarako zehaztutako lurrak.

12. artikulua. Lurrean ehorzteko hilobi orok bi metroko luzera eta metro bateko zabalera izanen du zazpi urtetik gorakoendako, eta horren erdia adin horretatik beherakoendako; metro bateko sakonera izanen du bi kasuetan.

13. artikulua. Lurreko hilobiak irekiko dira errenkadaka, zuzen-zuzen, eta hilobien artean 30 cm-ko tartea utziko da erdiko pasabidera ematen badute; goiko pasabidean, berriz, 60 cm-ko tartea utziko da edo proportzioan dagokiona.

14. artikulua. Lurrean ehorzteko hobietan onartuko da jartzea gurutzea, hileta ikurra, hilarria eta abar, bai eta hildakoaren izena duen epitafioa ere, heriotzaren eguna eta hilotza identifikatzeko beharrezko gainerako datuak biltzen dituena. Guztiz debekatuta dago horien inguruan panteoiak eraikitzea edo jartzea, bai eta itxiturak edo heskaiak edo bestelako landare elementuak ere. Sinbolo horien neurriak izanen dira: altuera 100 cm, zabalera 70 cm eta lodiera 15 cm, gehienez.

15. artikulua. Kontzesioa edo luzapena amaitu arte mantenduko dira hobi orokorreko (lurpeko hobia) gurutze, ikur eta/edo hilarri horiek, baita epitafioak ere.

16. artikulua. Lurpeko hilobietan pertsona bakarraren gorpua soilik ehortziko da, edo zenbaiten gorpuak, legez ezarritako urteak errespetatuz (10 urteko aldearekin bakoitza), eta kontzesio horiek ez dira emanen pertsona hori hil aurretik. Lurperatutako gorpu bakoitzeko izanen dira tasak. Errausketa kanpo gelditzen da.

IV. KAPITULUA

Kolunbarioak

17. artikulua. Kolunbarioek zenbaki korrelatiboak izanen dituzte. Zenbaki horiei jarraituz okupatuko dira.

18. artikulua. Kolunbario horietan gorpuen errautsak gorde ahal izanen dira, ordenantza honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

19. artikulua. Hilotz bat ehorzteko orduan, baimendu daiteke beste ahaide batzuen gorpuzkinak harekin batera jartzea –aurreko artikuluan adierazitako ahaidetasun mugen barrenean–, kolunbarioaren neurriek horretarako bide ematen badute.

20. artikulua. Aurreko artikuluetako ehorzketa egin ondoren, ezin da gehiagorik egin.

21. artikulua. Kolunbarioen kontzesioak aldi baterakoak dira, eta 20 urterako lagako dira, 10 urteko aldietan luzatzeko aukerarekin, aldez aurretik ordainduta eskaeraren unean indarrean diren tasak.

22. artikulua. Kolunbarioen kontzesiodunak, okupatu ondotik, behartuta daude hermetikoki ixtera, eta bi hilabeteko epean kasuan kasuko inskripzioa dakarren hilarria jarriko dute.

23. artikulua. Kolunbario bat borondatez husten denean, Udalaren esku geratuko da, eta kontzesiodunak eskubide oro galduko du.

V. KAPITULUA

Panteoiak

24. artikulua. Ez dago panteoirik. Berariaz debekatuta dago halakoak paratzea.

VI. KAPITULUA

Ehorzketak

25. artikulua. Beltzuntzeko, Usiko eta Aristregiko hilerrietan ehorztera ekartzen diren gorpu guztiak lurperatuko dira, kasuan kasuko baimena badute, eta zerbitzu horiengatik ordaindu beharko dira tarifen eranskinean zehazten diren ehorzketa eskubideak.

26. artikulua. Hilerrian ez da gorpurik ehortziko baldin eta ez badu kasuan kasuko epaitegiak edo agintariak emandako agindua edo lizentzia, ehorzketa egiaztatzeko indarreko legeekin bat, edo 24 ordu igaro ez badira heriotzatik, edo, epe hori iraganda ere, komenigarria ez bada, kasuan kasuko agintaritzak osasun arloan zehaztutako gorabeherengatik.

Epaitegi edo agintaritza eskudunaren agindua edo lizentzia ez duen gorpu oro gorputegian gordeko da.

27. artikulua. Hezurtegi orokorrean biltzen diren hezurren kopurua handia denean, legeetan xedatutakoari jarraituko zaio.

VII. KAPITULUA

Hobitik ateratzea

28. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzea legeen arabera egiaztatuko da, haietan ezarritako moduan eta epeetan, tarifen eranskinaren arabera ezarritako eskubideak pagatu ondoren. Udala ez da inola ere hobitik ateratzeko lanez arduratuko.

29. artikulua. Behar den bermeekin eta errespetuz aterako dira hilotzak hobitik, higienearen eta osasunaren arloetan komeni diren ardura guztiak hartuta.

30. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzea egiaztatzeko, legeek agintzen duten pertsona guztiak egonen dira.

31. artikulua. Bisita orduetatik kanpo aterako dira hilotzak hobitik, eramanen dira hezurrak hezurtegira, eta eginen dira beste lan batzuk ere, desatseginak izan daitezkeenak jendearen bistarako edo erosotasunerako. Ekainetik irailera bitarte ez da hilotzik batere aterako, agindu judiziala izan ezean.

32. artikulua. Osasun baimena beharko da hilotzak edo gorpu-hondakinak beste hilerri batera eramateko, erregelamenduz aurreikusitako kasuetan.

33. artikulua. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera dauden hilobi eta kolunbario guztiak berrikusiko dira, zehazteko zenbat urte dituzten, eta altxatuko dira inolako identifikaziorik ez dutenak, urte gehien daramatzatenak, baldin senideekin edo hurbilekoekin harremanetan jartzeko modurik izan ez badugu.

Pixkanaka, lan eginen da lurreko hilobiek ordena bat izan dezaten, lauki-sarearen arabera.

VIII. KAPITULUA

Erregistroa

34. artikulua. Ordenantza hau onetsi ondoren, Udalak hilerrian dauden hilobien erregistro bat sortuko du.

Hilobiei zenbakiak esleituko zaizkie, eta horretarako eginen den hilerriaren plano batean ezarriko da emaitza, hobeki zehaztu eta kudeatzeko hilerrian egiten diren ehorzketak, hilobitik ateratzeak, berrehorzketak eta lekualdatzeak.

35. artikulua. Datuak babesteko araudian ezarritakoarekin bat.

a) Ordenantza hau indarrean jartzen denean datu pertsonalak tratatuko dira, pertsonen eskaerak erregistratu eta erantzuteko, hilobien banaketari eta kontzesioei dagokienez.

b) Hilobien eskaera egiteko interesa dutenek Udalari jakinarazi beharko dizkiote ordenantza honetan adierazten diren datuak.

c) Udalak ordenantza honetan adierazten diren betebeharrak betetzea izanen da erregistroaren helburua, eta Txulapaingo Udalak baino ezin izanen du erabili erregistro hori.

d) Tratamendua legitimatzen duen oinarri juridikoa honako hau da: Batzarrak onetsitako tokiko ordenantzak eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legetik eratorritako botere publikoak erabiltzea.

e) Interesdunen datu pertsonalak zer helbururekin jaso ziren, horiek betetzeko behar den denboran gordeko dira, Udalaren eskumen eta eginkizunak erabiliz eta, betiere, legeak ezartzen duen epean kontserbaziorako, preskripziorako eta egon daitezkeen erantzukizunak zuritzeko. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

f) Datuen hartzaileak. Erregistroan jasotzen diren datu pertsonalak ez zaizkie emanen Udal honetakoak ez diren hirugarrenei, ez bada eskatutako zerbitzua emateko beharrezkoak direla, gaian eskumena duten administrazio publikoei emateko, beharrezkoa denean edo agintari publiko eskudunek eskatzen dituztenean, une bakoitzean aplikatzekoak diren legezko eta erregelamenduzko xedapenekin bat etorriz.

g) Nahitaezkoa da ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea. Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da eskaera.

h) Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

i) Artxiboan erregistratuta daudenek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko edo eramangarritasun-eskubidea erabiltzeko, Datuak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean araututakoaren arabera. Horretarako, Txulapaingo Udalera jo behar da posta arrunta erabiliz (Mikel Donea, 1, Markalain) edo posta elektronikoaren bidez (ayuntamiento@juslapena.es).

36. artikulua. Hona hemen erregistro horrek izanen dituen datuak:

a) Hilobiaren, kolunbarioaren edo panteoiaren identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Hildakoaren izen-abizenak.

d) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adierazita: zein gorpu eta/edo gorpu-hondakin den, pertsona horren izen eta abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

e) Tasa mota.

f) Gorabeherak eta erreklamazioak.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez eta akatsa argi eta garbi adierazita.

Neurri iragankorrak

1. Indarrik gabe gelditzen dira lurren betiereko kontzesio guztiak, baldin 25 urtetik gorako antzinatasuna badute.

2. Indarrik gabe geldituko dira gaur egun dauden itxitura guztiak, antolamendu eta erregelamendu berriarekin bat ez badatoz.

3. Lurreko hilobien, kolunbarioen eta panteoien lagapenek hogei urteko indarraldia izanen dute, eta 10 urteko aldietan luzatu ahal izanen dira, eskaera egiten den egunean indarrean dauden tasak ordaindu ondoren. Espazioaren beharrik ez baldin badago.

4. Udal zerbitzuek kendu eginen dute gaur egun hogei urtetik gora dituen ehorzketa kontzesio oro –lurreko hilobia, kolunbarioa edo panteoia–, baldin eta dagokionak ez badu kontzesioa berritzeko eskaerarik aurkezten behar den epean; lur hori etorkizunean erabiltzeko libre geldituko da.

5. Lurraren antolamendu berriarekin bat ez datozen ehorzketek edo itxiturek ez dute inolako aukerarik izanen berritzeko, eta hogei urterako bakarrik errespetatuko dira, azken ehorzketatik hasita.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartzen duen egunean Aristregiko, Usiko eta Beltzuntzeko hilerrietan dauden hilobiak ordenantzaren esanera jarriko dira, eta hilobiak erabiltzeko ehorzketa eskubideak luzatu beharko dituzte, ordenantza honetan ezarritako epeetan.

Txulapaingo Udalak, ukitutako hilobien familietako kideei jakinaraziko die, epeak bete ahala, heriotzak gertatu diren egunetik zenbatzen hasita, aipatu luzatzeak eskatzeko beharra dutela.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Iragarkiaren kodea: L2211096