172. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

63/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 12koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, proiektu hau behin-behinean onesten duena: “Ekoduktua A-10 autobiako 22+000 KPn, Etxarri Aranatzen”.

Arakil ibarrean (Nafarroa) Iruñea eta Gasteiz arteko ardatza osatzen duten hainbat azpiegitura daude (autobia, errepideak, trenbideak). Azpiegitura horiek oztopo handia dira fauna ornodunaren joan-etorrietarako. Fauna hori, hain zuzen, Natura 2000 Sareko bi guneren artean mugitzen da, zeinak eremu klimatiko eta biogeografiko berekoak baitira. Egoera horren isla dira, esate baterako, ornodun ertain eta txikien heriotza-tasa handia harrapaketak direla-eta edo azpiegitura horiek hedatze fasean dauden espezie oso ezagunen hedapenari (orkatzarenari, adibidez) eragiten dizkioten eragozpenak. Esan bezala, ibar horrek Natura 2000 Sareko bi gune bereizten ditu: “Urbasa Andia” KEB eta “Aralar” KEB. Guneok oso garrantzitsuak dira espezie ugari kontserbatzeko. Horregatik da bien arteko konektibitatea funtsezko elementua beren kudeaketa planetan. Hain zuzen, plan horietan jasotako neurri garrantzitsuenetako bat da Iruña eta Gasteiz arteko autobiaren iragazkortasuna bermatuko duen gaineko pasabide bat eraikitzea, lurreko espezieen fluxu egokia lortzearren. Pasabide hori, halaber, berebiziko elementua da Nafarroan azpiegitura berdea delakoa garatzeko. Izan ere, esku hartuko den puntuan egin behar da inbertsioa ahalik eta modurik eraginkorrenean, bertan hurbiltzen baitira gehien landaredi naturala eta zuhaitz estaldura autobidearen bi aldeetara.

Proiektu hau Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntzetarako (REACT-EU) Europako funtsen inbertsio-proposamenen barruan dago. Hala dago jasota trantsizio ekologikorako Navarra Green estrategian, lerrokatuta dagoena Europako Itun Berdearekin (Europar Batasunaren Estrategia Biodibertsitaterako 2030).

Jarduketa Etxarri Aranazko udal-mugartean eginen da. Ekoduktua kokatuko da, zehazki, Sakanako autobideko 21+000 eta 22+000 kilometro-puntuen artean, Etxarri Aranatz eta Bakaiku arteko lotunea igarota.

Toki hori aukeratu da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak GAN-NIK enpresa publikoari agindu dion berariazko azterlanaren ondorioz, “Aralar” eta “Urbasa eta Andia” KBEen arteko konektagarritasun ekologikoari buruz. Erabilitako ereduen arabera, bi guneak lotzeko tokirik onena Aritzalkoko hariztia da; hala erakutsi dute egindako simulazioek. Gainera, lurraren topografiak nabarmen erraztuko ditu ekoduktua eraikitzeko lanak.

Proiektua definitu eta dimentsionatzeko, kontuan hartu dira Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren 2015eko agiri honetan jasotako orientabideak: “Prescripciones técnicas para el diseño de pasos de fauna y vallados perimetrales” (Faunaren pasabideak eta perimetro-hesiak diseinatzeko preskripzio teknikoak).

Aurreikusi da ekoduktuari eusteko egiturak pilareak eta PI habeen taula izanen dituela, eta 60 metro inguruko luzera estribuen artean. Orobat, 3 bao izanen ditu, egun dauden galtzada bakoitzerako bana: A-10 Irurtzungo noranzkoan, ezkerreko baoan; A-10 Gasteizko noranzkoan, erdikoan; eta, NA-2410 eskuinekoan. Egiturak, erdiko galtzadan, 7,23 metroko galiboa izanen du. Taulak 63 metroko zabalera izanen du, eta 26 PI habe. Habe horiek metro bateko luzera izanen dute eta 0,25 metroko lodiera duen hormigoizko lauza.

Hormigoizko pilareen 2 formazio paratuko dira, 11 fustez osatuak. Fuste bakoitzak kapitela izanen du, eta haien artean 6 metroko tartea egonen da. Pilareek 8 metro inguruko altuera izanen dute, eta hormigoizko zapata jarraitu bat. Hormigoizko estribuak bide-korridorearen bi aldeetan paratuko dira, eta horma osagarriak izanen dituzte, aurrealdeko hormei jarraitutasuna emateko; hori guztia, ekodukturako sarbidea izanen diren lur-betegarriei eusteko.

Proiektua jendaurrean jartzeko idatzi den dokumentuak jasotzen ditu Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeak eskatutako agiriak.

Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 20. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoarekin bat, bidezkoa da trazatu-proiektua behin-behinean onestea eta jendaurrean jartzea, hala proiektuaren eduki teknikoari dagokionez, nola lurrak okupatu beharrari dagokionez, desjabetu ahal izateko.

Horrenbestez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak txostenean jaso eta proposatu duenarekin bat etorriz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak xedatzen duenarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Behin-behinean onestea proiektu hau: “Ekoduktua A-10 autobiako 22+000 KPn, Etxarri Aranatzen”.

2. Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze espedientea abiaraztea (eranskinean ageri da ondasun eta eskubide horien zerrenda).

3. Proiektua jendaurrean jartzea hilabetez, bai proiektuaren eduki teknikoari, bai lurrak okupatu beharrari dagokienez, desjabetu ahal izateko. Epe horretan, egokitzat jotzen diren ohar edo alegazioak egiten ahalko dira, idatziz. Interesdunek eskura izanen dute proiektua Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian eta Etxarri Aranazko udaletxean.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuaren web-orrian argitaratzea, eta dagokion iragarkia bidaltzea Foru Komunitatean hedapen handiena duten egunkarietako bitara.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari eta Etxarri Aranazko Udalari, eta azken hori premiatzea udaletxeko iragarki-taulan argitara dezan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 12an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

ERANSKINA

“EKODUKTUA A-10 AUTOBIAKO 22+000 KP-N, ETXARRI ARANATZEN (NAFARROA)”

Ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza

FINKA

Zk.

JABEA ETA HELBIDEA

DESJ.

AZALERA

AZALERA

KATASTROKO DATUAK

ALDIB. OKUP. M²

POL.

LURZ.

LABORANTZA MOTA

ETXARRI ARANAZKO UDAL-MUGARTEA

EA-01

Etxarri Aranazko Udala

16.210

3

1240A

Hariztia

EA-02

Baleztena Jaca, Aniceto

1.450

1

475A

Larreak eta zuhaitzak

Baleztena Jaca, Juan Andrés

468

1

475B

Bidea

Baleztena Jaca, María Belén

382

475C

Larreak

Baleztena Jaca, Rosa María

374

2.800

475D

Belardia

Baleztena Jaca, María Natividad

EA-03

Etxarri Aranazko Udalaren herri-lurrak

2.145

1

473A

Larreak

392

1

473B

Bidea

391

1

473C

Hariztia

EA-02

Etxarri Aranazko Udalaren herri-lurrak

1.450

1

472A

Hariztia

Iragarkiaren kodea: F2211201