171. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIKAZTELU

Ordenantza, eguzki-energia biltzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Deikazteluko Udalak, 2022ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguzki-energia biltzeko instalazioak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2022ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 14an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Deikaztelun, 2022ko abuztuaren 8an.–Alkatea, Mikel Azcona Molinero.

ORDENANTZA, EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA DEIKAZTELUKO UDAL-MUGARTEAN

Atarikoa

CO2 emisioak murrizteko helburua hartu du Europak, eta hori lortzeko oinarrietako bat da energia berriztagarriak ekoiztea eta erabiltzea. Xede horretara bideratutako ekintzen artean dago, bereziki, norberaren kontsumorako energia sortzeko eguzki-instalazioak bultzatzea eraikinetan.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: batetik, lurraldean modu antolatuan ezartzea eta, bestetik, natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzea.

Deikazteluko Udalak arautu nahi ditu eguzki-energia biltzeko udal-mugarteko instalazioak; horretarako, baldintzak ezarriko ditu autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak bultzatzeko, eta instalaziook ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak izateko.

Ordenantza idatzi da behar den koherentzia gordez udal planeamenduarekiko, eta jarraikiz lurzoruaren erabilerek eta eraikuntzek ingurura egokitzeko duten betebeharrarekin.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Deikazteluko udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzeko, zelula fotovoltaikodun panelen bidez biltzeko edo panel kolektore termikoen bidez biltzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Deikazteluko udal-mugarte osoa da.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-plakak edo -panelak dira eguzkiaren erradiazioen energia biltzen duten gailuak, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dutenak:

–Eguzki-instalazio termikoek zuzenean baliatzen dute eguzkitik jasotzen dugun energia, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoak baliatzen dituzte argindarra sortzeko, eguzki-erradiaziotik abiatuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena, ezarririk dagoena Deikazteluko Udal Plan Orokorrean.

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Eguzki-instalazioak baimenduko dira, neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak araututakoaren arabera (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

Hirigintza-erabilera bizitegitarako edo ekipamendurako ez den eremuetan, baimenduta dago, autokontsumorako argindarra sortzeaz gain, energia-sarera igortzeko elektrizitate-soberakinak sortzea ere, indarrean den araudiari jarraituz.

5. artikulua. Udal Plan Orokorreko Babes Katalogoan sartutako eraikinak.

Deikazteluko Udal Plan Orokorreko Katalogoan, I., II. eta III. babes graduetan sarturiko eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

II. KAPITULUA

Instalazioak, bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

1. ATALA

A zona: Hirigune historikoa

6. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, eta ez dira 15 cm baino gehiago aterako haietatik, argi-zuloen antzera edo “velux” motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Ezin izanen dute okupatu estalkiaren azaleraren %25 baino gehiago, eta gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada-planoetatik, mehelinetatik eta bizkar-lima eta limatxokonetatik. Gutxienez 0,50 m bereizi beharko dira argi-zuloetatik eta beste panel-eremu batzuetatik.

–Argi-zuloen edo “velux” motako leihoen eta eguzki-panelen azalerak, baturik, ezin izanen dute hartu estalki inklinatuaren azaleraren %40 baino gehiago.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan: biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Estalki lauaren azaleraren %50 hartzen ahal dute gehienez.

–Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik. Ez da baimenduko baldin eta karelak gardenak badira –baranda, sareta edo beira motakoak–, eta instalazioa bistan uzten badute, non eta, aldi berean, ez diren proposatzen neurri egokiak hura ikustea galarazteko.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.

7. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikinerako obra-lizentzia ematen denean.

–Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

–Ez dira bide publikotik ikusten ahalko. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak sortzea eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak eta bestelakoak).

2. ATALA

B zona: Hirigunearen ingurua, C zona: Eraikuntza isolatua, D zona: Monseñor Álvarez eremua, E zona: Dentsitate baxua

8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, eta ez dira 15 cm baino gehiago aterako haietatik, argi-zuloen antzera edo “velux” motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Ezin izanen dute okupatu estalkiaren azaleraren %40 baino gehiago, eta gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada-planotik, mehelinetatik eta bizkar-lima eta limatxokonetatik. Gutxienez 0,50 m bereizi beharko dira argi-zuloetatik eta beste panel-eremu batzuetatik.

–Argi-zuloen edo “velux” motako leihoen eta eguzki-panelen azalerak, baturik, ezin izanen dute hartu estalki inklinatuaren azaleraren %50 baino gehiago.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan: biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Estalki lauaren azaleraren %60 hartzen ahal dute gehienez.

–Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik. Ez da baimenduko baldin eta karelak gardenak badira –baranda, sareta edo beira motakoak–, eta instalazioa bistan uzten badute, non eta, aldi berean, ez diren proposatzen neurri egokiak hura ikustea galarazteko.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. C zonan (Eraikuntza isolatua) eta E zonan (Dentsitate baxua) sartutako lurzoruetan, salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

9. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikinerako obra-lizentzia ematen denean.

Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

–Ez dira bide publikotik ikusten ahalko. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak landare-pantailak (zuhaitzak, heskaiak, etab.) sortzea eskatzen ahalko du.

III. KAPITULUA

Instalazioak, ekipamendutarako erabilera duen hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

10. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

8. artikuluan jasotako baldintza bertsuen arabera araututa dago.

Eragin bisualak edo ingurumen eraginak egon daitezkeen kasuetan, Udalak eragin horiek minimizatzeko neurriak hartzeko eskatzen ahalko du, eta, hirigintza araudiak neurri horiek onetsiko ez balitu, baimena ukatzen ahalko du.

11. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

9. artikuluan jasotako baldintza bertsuen arabera araututa dago.

Ibilgailuen aparkalekua babesteko baimendutako teilape arin eta markesinen estalkiaren gainean edo horien elementu gisa ere jartzen ahalko dira.

IV. KAPITULUA

Instalazioak, produkzio-erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

12. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak instalatu daitezke eraikinen estalkietan, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalki inklinatuen gainean, panelak estalkietako isurialdeekin planokideak izanen dira, eta aldapa eta orientazio bera izanen dute. Gutxienez 1 m bereizi beharko dira fatxada planotik eta mehelinetatik.

–Estalki lauetan edo zabaltzetan, estalkiaren karelek estali beharko dituzte panelak, eta horien gehieneko garaieraren azpitik gelditu beharko dute. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak egiteko eskatzen ahalko du.

2. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

3. Eragin bisualak edo ingurumen eraginak egon daitezkeen kasuetan, Udalak eragin horiek minimizatzeko neurriak hartzeko eskatzen ahalko du, eta, hirigintza araudiak neurri horiek onetsiko ez balitu, baimena ukatzen ahalko du.

13. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikinerako obra-lizentzia ematen denean.

–Eremu librearen %40 okupatzen ahal da da gehienez. Ez dira bide publikotik ikusten ahalko. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak landare-pantailak (zuhaitzak, heskaiak, etab.) edo bestelakoak sortzea eskatzen ahalko du.

–Jartzen ahalko dira, orobat, ibilgailuen aparkalekua babesteko baimendutako teilape arinen gainean eta markesinen estalkiaren gainean, edo horien elementu gisa.

V. KAPITULUA

Instalazioak lurzoru urbanizaezinean

14. artikulua. Aurretiazko baimenak.

1. Instalazioak ezartzea eguzki-energia aprobetxatzeko, lurzoru urbanizaezinean, eraikinen estalkietan ez beste batzuetan, bai eta instalazio horien sarbideak eta linea elektrikoak ere: berariaz arautua dago 64/2006 Foru Aginduan, zeina eman baitzuen Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak.

Ingurumen-eraginei buruzko txostena egin beharko da, jarraikiz 17/2020 Foru Legeari (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea), salbu oinarrizko araudia aplikatuz ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar bada.

2. Eraikin berriei lotutako instalazioen kasuan, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean.

3. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.

15. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak jarri ahal izanen dira eraikinen estalki inklinatuetan. Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo “velux” motako estalkiko leihoen antzera. Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurialdearen perimetrotik.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan, estalkiaren karelek estali beharko dituzte panelak, eta horien gehieneko garaieraren azpitik gelditu beharko dute. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak egiteko eskatzen ahalko du.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

4. Eragin bisualak edo ingurumen eraginak egon daitezkeen kasuetan, Udalak eragin horiek minimizatzeko neurriak hartzeko eskatzen ahalko du, eta, hirigintza araudiak neurri horiek onetsiko ez balitu, baimena ukatzen ahalko du.

VI. KAPITULUA

Izapidetzea

11. artikulua. Lizentzia eskatzea. Erantzukizunpeko adierazpena.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

Betiere, obretarako udal lizentzia beharko dute instalazioek, baldin eta beste administrazio publiko batzuen aldez aurretiko hirigintza baimenak edo bestelakoak behar badituzte, aplikatzekoa den legediari jarraituz. Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.

Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, indarrean den Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeak hala xedatutako obrak egiteko.

Gainerako kasuetan, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

Iragarkiaren kodea: L2210851