171. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

65/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 8koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituena.

ATARIKOA

Hezkuntzako kontseilariak otsailaren 2an emandako 7/2017 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta horien izendapena berritzeko arauak eman ziren.

Zuzendariak hautatzeko eta izendatzeko prozesuen erregulazioa aldatu egin du, ordea, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, zeinak aldatzen baitu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, non xedatu baitzen hezkuntza administrazioei dagokiela prozesuak deitzea eta garatzea. Aldaketa horren ondorioz, arau garapen hau proposatzen da, oinarrizko araudira egokitzeko ikastetxe publikoetako zuzendarien hautaketa eta izendapena.

Zuzendariak hautatu, ebaluatu eta horien izendapena berritzeko prozedura egin behar da hezkuntza komunitatearen eta hezkuntza administrazioaren parte hartzearekin, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuta; eta prozedura hori gainbegiratuko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, zuzendaritza funtzioa gainbegiratzeko eta haren etengabeko hobekuntzan laguntzeko eginkizuna betez –eginkizun hori ezarria dago Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 151.b) artikuluan–.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematea du xede foru agindu honek.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Administrazioaren mendeko ikastetxe publikoetan aplikatuko da, betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.2 artikuluan ezarritako ikaskuntzak (unibertsitatekoak salbu) ematen badituzte.

3. Foru agindu hau ez da aplikatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetan eta erreferentzia nazionaleko Lanbide Heziketako ikastetxeetan, bere berariazko araudiari jarraituko baitiote.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko, merezimendu lehiaketa eginen da ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen artean, eta baloratuko dira irakasleek aurkeztutako merezimenduak eta zuzendaritza proiektua.

2. Hautapenak beteko ditu berdintasun, publikotasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak, eta batzorde batek eginen du, zeina osatuko baitute Hezkuntza Departamentuaren ordezkariek eta dagokion ikastetxeko hezkuntza komunitatearen ordezkariek. Horretarako, Departamentuak aldian-aldian deialdia eginen du zuzendari postua hutsik gelditu zaien ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko.

3. Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu aurkeztutako merezimenduak eta zuzendaritza proiektuak baloratzeko irizpideak, bai eta zuzendariek egindako zuzendaritza lana ebaluatzeko irizpideak ere.

3. artikulua. Parte hartzeko baldintzak.

1. Merezimendu lehiaketan parte hartzeko, honako hauek bete beharko dira:

a) Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.

b) Organikoki eta funtzionalki Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko karrerako funtzionarioa izatea eta Hezkuntza Departamentuarentzat zerbitzuak ematen aritzea.

c) Bost urtez karrerako funtzionario gisa irakasle lanetan aritu izana, helburu den ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean. Hezkuntza orientabideko espezialitatea duten irakasleen kasuan, ondorio horietarako, karrerako funtzionario gisa bere espezialitatearen berezko lana egin izana bost urtez.

d) Ikasle guztien eskola arrakasta lortzera bideratutako zuzendaritza proiektu bat aurkeztea. Proiektu horrek, gutxienez, honako hauek bildu behar ditu: ikastetxearen egoeraren azterketa; aurkeztutako proiektuak zer erlazio duen hezkuntza proiektuarekin eta, hala badagokio, plan estrategikoarekin; helburuak eta horiei dagozkien adierazleak; planak eta jarduera ildoak helburu horiek lortzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, diskriminaziorik eza eta genero indarkeriaren prebentzioa sustatzeko neurriak barne; eta proiektu hori ebaluatzeko prozedurak.

Ikastetxearen egungo zuzendaritzak antolatuko du eskatzaileentzako dokumentu instituzionaletarako sarbidea; eskatzaileek beren burua identifikatu beharko dute, eta parte hartzeko eskaeraren egiaztagiria aurkeztu.

e) Zuzendaritza taldeko gainerako kideak proposatzea, interesdunek onartuta.

f) D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateko zuzendarigaien kasuan, EGA titulua edo baliokidea izatea.

g) Beharrezko espezialitatea izatea, helburu den ikastetxeko plantillan dagoena, ikastetxe horretan behar adina irakastordu eduki ahal izateko.

h) Zuzendari kargutik kendua ez izana, karguaren eginkizunen ez-betetze larriagatik.

i) Oraindik ezereztu gabeko diziplinazko zehapenik ez izatea.

j) Aukeratutako hautagaiek egiaztatu beharko dute gainditua dutela zuzendaritza eginkizuna betetzeko gaitasunei buruzko prestakuntza programa bat, 10.6 artikuluan ezarritako baldintzetan. Egiaztapen hori aurkeztu beharko da aukeratutako izangaien ebazpena argitaratu ondoren, artikulu horretan xedatutakoaren arabera.

2. Haur Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, arte ikasketa profesionalak, kirolekoak eta hizkuntzakoak ematen dituztenetan eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduendako ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak artikulu honen 1. apartatuko a) eta c) letretan ezarritako betebeharrak betetzetik salbuesten ahalko ditu hautagaiak.

3.–Deialdiari dagokion eskaera aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dira baldintza horiek.

4.–j) letrako baldintza, zuzendaritza eginkizuna betetzeko gaitasunei buruzko prestakuntza programa bat edukitzearen gainekoa, bete beharko da zuzendari izendatu aurretik; beraz, ez da eskatuko prozesuan parte hartzeko eskaera egiterakoan.

II. KAPITULUA

Hautaketa, izendapena eta kargu uztea.

4. artikulua. Hautapen batzordeak.

1. Hautapen batzordeek 6 kide izanen dituzte:

a) Hezkuntza Departamentuaren bi ordezkari.

–Hezkuntza Departamentuko ikuskari bat: batzordeburua izanen da, eta bere botoarekin ebatziko ditu erabakiak hartzerakoan sor litezkeen berdinketak.

–Jarduneko zuzendari bat, hautaketa prozesua garatzen ari den ikastetxean ematen diren irakaskuntza berberak ematen dituen ikastetxe batekoa. Zuzendari gisa aldi batez edo gehiagoz aritua izan behar du, eta egin duen lanak ebaluazio positiboa izan behar du. Batzordeko idazkari gisa ariko da.

b) Ikastetxeko hezkuntza komunitatearen lau ordezkari.

–Klaustroaren bi ordezkari.

–Eskola kontseiluaren bi ordezkari, irakasleak ez direnak.

5. artikulua. Hautapen batzordeko kideen izendapena.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu Hezkuntza Departamentuaren ordezkariak eta horien ordezkoak.

2. Klaustroaren ordezkariak klaustroko kideen artetik aukeratuko dituzte klaustroko kideek beraiek. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak klaustroaren bilkura berezi baterako deia eginen du, non jakinaraziko baita zein diren onartutako hautagaiak, eta aukeratuko baita klaustroak hautapen batzordean izanen duen ordezkaritza.

Klaustrokide guztiak izanen dira hautesle eta hautagarri, salbu eta hautagaiak eta aurkezten diren hautagaitzetako zuzendaritza taldeetan aritzeko proposatzen diren pertsonak; horiek hautesle bakarrik izanen dira. Klaustroaren bilkura berezian bozketa eginen da, eta hautesle bakoitzak bi izen jarriko ditu bere boto paperean. Boto gehien jasotzen dituzten bi pertsonak izanen dira klaustroaren ordezkariak hautapen batzordean, eta hurrengo biak, boto kopuruen ordenaren arabera, haien ordezkoak.

3. Hautapen batzordean parte hartuko duten eskola kontseiluaren ordezkariak kontseiluko kideen artetik aukeratuko dituzte kontseiluko kideek beraiek. Ordezkari horiek ezin dira klaustroko kideak izan, ez eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako hirugarren maila baino beheragoko mailetako ikasleak ere.

Horretarako, ikastetxeko zuzendariak eskola kontseiluaren bilkura berezirako deia eginen du. Bozketa egiteko bilkura horretan, hautesle bakoitzak bi izen jarriko ditu boto paperean. Bozkatuenak eskola kontseiluaren ordezkariak izanen dira hautapen batzordean, eta hurrengo biak, haien ordezkoak.

4. Klaustroaren eta eskola kontseiluaren bilkura berezietan, hautagaiek beren zuzendaritza proiektuaren funtsezko alderdiak azalduko dituzte. Azalpen horrek informatzeko baizik ez du balioko, eta ez da eztabaidarik izanen hautagaien eta klaustroaren edo eskola kontseiluaren artean. Bi zuzendarigai edo gehiago izanez gero, zozketa eginen da zehazteko zer hurrenkeratan mintzatu behar duten.

6. artikulua. Hautapen batzordeen izendapena eta eraketa.

1. Hautapen batzordeetako kideak izendatzeko, ebazpen bat eginen du Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak; horren aurretik, ikastetxeetako zuzendariek jakinarazi behar dute nor diren batzordekide titularrak eta ordezkoak, eta zein den haien hurrenkera. Bere aldetik, Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaritzak jakinaraziko du nor diren Hezkuntza Administrazioaren ordezkariak eta horien ordezkoak.

2. Hautagaiak aurkezten diren ikastetxe guztietan eratuko dira hautapen batzordeak.

3. Hautapen batzordeen funtzionamenduak eta batzordekideei aplikatzen zaien abstentzio eta errekusatze araubideak honako honetan ezarritakoa bete behar dute: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartekoak, 23. eta 24. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 18. artikulutik 38.era bitartekoak.

7. artikulua. Hautapen batzordearen eginkizunak.

Hautapen batzordearen eginkizunak hauek dira:

a) Hautagaien merezimenduak barematzea, baldin ikastetxe bakoitzean hautagai bat baino gehiago badaude.

b) Hautagaiei dei egitea zuzendaritza proiektuen defentsa egitera.

c) Aurkezten diren hautagaien zuzendaritza proiektuak baloratzea.

d) Zuzendaritza proiektuari emandako kalifikazioa onetsi eta argitaratzea, eta hautagai bat baino gehiago badaude, bakoitzak merezimenduen baremoan lortzen duen behin-behineko puntuazioa ere onetsi eta argitaratzea.

e) Merezimenduen baremoaren (halakorik bada) eta zuzendaritza proiektuaren behin-behineko puntuazioaren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

f) Aurkezten diren hautagaien behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzea, atal bakoitzean lortutako puntuazioa adierazita.

g) Ikastetxe bakoitzean, azken puntuaziorik handiena lortzen duen hautagaia aukeratzea.

h) Hezkuntza Departamentuari bidaltzea hautagai bakoitzaren behin betiko puntuazioa eta aukeraturiko hautagaia izendatzeko proposamena.

i) Hautagaia aukeratu ondoren, aurkezturiko dokumentazioa eta hautapen prozesuan sortzen dena Hezkuntza Departamentuaren esku uztea.

j) Batzordearen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak.

8. artikulua. Hautapen prozesua.

Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu. Lehenbizikoa merezimenduen balorazioa izanen da, hautagai bat baino gehiago aurkeztuz gero, eta bigarrena zuzendaritza proiektuaren balorazioa.

9. artikulua. Merezimenduen eta zuzendaritza proiektuaren balorazioa.

1. Merezimendu akademiko eta profesionalen balorazioa.

1.1. Hautagaien merezimendu akademiko eta profesionalak baloratzeko, deialdiaren ebazpenean ezartzen den baremoari jarraituko zaio.

1.2. Zuzendaritza taldeetan izandako esperientzia eta egindako lana baloratzeko, deialdiaren ebazpenean ezartzen diren irizpideei jarraituko zaie.

1.3. Halaber, irakasle gisa izandako esperientzia eta egindako lana baloratzeko, dagokion ebazpenean ezarri eta deialdi bakoitzean garatzen diren irizpideei jarraituko zaie.

2. Zuzendaritza proiektuaren balorazioa.

Hautapen batzordeko kide bakoitzak proiektua eta haren defentsa baloratuko ditu, deialdiaren ebazpenean ezartzen diren irizpideei jarraikiz.

10. artikulua. Zuzendariaren eta zuzendaritza taldearen izendapena.

1. Hautatutako pertsonak lau urterako izendatuko dira zuzendari, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Zuzendari berriaren behin betiko destinoa ez bada izendatu den ikastetxean, zuzendari karguan dagoen denboran ezin izanen dute lekuz aldatu irakastorduak murriztu edo kentzeagatik.

3. Zuzendariak zuzendaritza taldeko gainerako kideak izendatzeko proposamena eginen du. Proposamenak bat etorri beharko du foru agindu honen 3.1.e) artikulua betetzeko egindako proposamenarekin, non eta ez den gertatzen arrazoitutako inguruabarrik; inguruabar horiek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onartu beharko ditu.

4. Zuzendaritzako taldekide izateko proposatzen bada behin betiko destinoa ikastetxe horretan ez duen irakasleren bat, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onartu beharko du hori, betiere agintaldian zehar betetzen ahal duen lanpostu hutsik badago, ikasturte bakoitzeko hezkuntza plangintzaren arabera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak berretsi beharko du lanpostu huts hori badagoela.

5. Giza baliabideak kudeatzeko eskumena duen organoak izendatuko ditu zuzendaritza taldeak, ikastetxeko zuzendaria izendatzen den aldi bererako.

6. Hautatutako pertsonak ezin izanen dira karguan izendatu harik eta egiaztatu arte gainditu dutela zuzendaritza eginkizuna betetzeko gaitasunei buruzko prestakuntza programa. Egiaztapen hori dagokion deialdian adierazten den epean aurkeztu behar da.

7. Ez dute programa horretan parte hartu beharrik izanen zuzendaritza eginkizuna betetzeko akreditazioak edo gaikuntzak dituztenek, ez eta zuzendaritza eginkizunetan esperientzia dutela egiaztatzen dutenek ere, baldin eta agintaldi batean edo gehiagotan egindako lan horren ebaluazio positiboa badute.

11. artikulua. Ezohiko izendapena.

1. Hautapen batzordeak ez badu hautagairik izendatu, ez dagoelako hautagaitzarik ikastetxe bateko zuzendaritzarako edo ikastetxe sortu berria delako, Hezkuntza Departamentuak, aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txosten-proposamena egin ondoren, eta eskola kontseiluari entzun ondoren, zuzendari izendatuko du irakasle funtzionario bat, gehienez ere lau ikasturterako, eta hark agintaldiko lehen urtean gainditu beharko du zuzendaritza eginkizuna betetzeko gaitasunei buruzko hasierako prestakuntza programa.

2. Prozedura berezi hori erabiliz D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituzten ikastetxeetarako zuzendari izendatzen diren pertsonek EGA titulua edo baliokidea izan beharko dute.

3. Ikastetxe bateko zuzendari horrela izendatzen direnek eduki beharko dute ikastetxe horretako plantilla organikoan jasotako gaikuntza edo espezialitateren bat, ikastetxean bertan irakastorduak eduki ahal izateko.

4. Zuzendaritza taldekideen ezohiko izendapena ikastetxeko zuzendaria izendatzen den aldi bererako eginen da, foru agindu honen 10. artikuluko 4. eta 5. puntuetan adierazitako irizpideei jarraikiz.

5. Deialdirik aurreikusten ez den ikasturteetan hutsik gelditzen bada zuzendari posturen bat, hori ezohiko izendapenaren bidez beteko da, gehienez ere ikasturte baterako, eta nahitaez sartu beharko da egiten den hurrengo deialdian.

12. artikulua. Zuzendaria kargutik kentzea.

Zuzendaria kasu hauetakoren batean kenduko da kargutik:

a) Izendapen aldia edo haren luzapena, halakorik bada, bukatzean.

b) Ikastetxean zerbitzuak emateari uztean, borondatezko zein nahitaezko lekualdatzeagatik, zerbitzu eginkizunetan hasteagatik, borondatezko edo nahitaezko eszedentzia hartzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik.

c) Arrazoi bidez azaldutako ukoa, Hezkuntza Departamentuak onartua.

d) Gerora sortutako ezintasun psikikoa edo fisikoa, karguari dagozkion zereginak betetzea galarazten diona.

e) Kasuan kasuko zuzendaritza nagusi eskudunak ebazpen baten bidez errebokatzea izendapena, zuzendari karguari datxezkion eginkizunen ez-betetze larriagatik. Errebokazio hori hezkuntza administrazioaren ekimenez egin liteke, edo eskola kontseiluak proposatuta. Nolanahi ere, errebokatzeko ebazpena espediente bat izapidetu ondoren emanen da, interesdunari eta eskola kontseiluari entzun ondoren.

f) Zuzendari nagusi eskudunaren ebazpen bidez emandako errebokatzea, zuzendariari diziplinazko espedientea ireki zaiolako. Espedientea izapidetzen den bitartean, zuzendari lanak zuzendariordeak hartuko ditu, edo horrelakorik ezean, ikasketa buruak edo, bestela, ikastetxeko idazkariak. Baldin eta diziplinazko espedientea artxibatzen bada ez dagoelako diziplinazko erantzukizunik, zuzendariari itzuli eginen zaio izendapena. Ordea, zuzendariari diziplinazko zehapena ezartzen bazaio, Hezkuntza Departamentuak jarduneko zuzendari bat izendatuko du hurrengo deialdian beste norbait hautatu arte.

III. KAPITULUA

Ebaluazioa eta izendapena berritzea

13. artikulua. Izendapena berritzea.

1. Zuzendarien izendapena berritzen ahal da, lau urteko epeetarako, betiere epe horien bukaeran positiboa bada egindako lanaren ebaluazioa, eskola kontseiluari entzun ondoren.

2. Agintaldi bakoitza berritzeko, zuzendaritza proiektu bat aurkeztu beharko da aldi berri bakoitzaren hasieran. Proiektu horrek, gutxienez, honako hauek bildu behar ditu: ikastetxearen egoeraren azterketa; aurkeztutako proiektuak zer erlazio duen hezkuntza proiektuarekin eta, hala badagokio, plan estrategikoarekin; helburuak eta horiei dagozkien adierazleak; planak eta jarduera ildoak helburu horiek lortzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, diskriminaziorik eza eta genero indarkeriaren prebentzioa sustatzeko neurriak barne; eta proiektu hori ebaluatzeko prozedurak.

14. artikulua. Zuzendaritza lana ebaluatzeko prozeduraren printzipioak.

1. Zuzendaritza jarduna ebaluatzeko prozedurak helburu izanen du zuzendaritza lana nola egin den aztertzea eta praktika hori hobetzen laguntzeko pizgarria izatea.

2. Zuzendaritza lanaren ebaluazioa zuzendariaren agintaldi osoan zehar eginen da.

3. Hautapen batzordeak proposaturik izendatzen diren zuzendari guztiak izendapenaren aldia bukatutakoan ebaluatuko dira.

4. Zuzendaritza lana ebaluatzeko, deialdiaren ebazpenean ezartzen diren irizpideak eta prozedurak hartuko dira kontuan.

15. artikulua. Zuzendaritza lana ebaluatzeko prozedura.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatutako ikuskatzaileek eginen dute ebaluazioa.

2. Zuzendaritza lana gainbegiratzeko, ikuskatzaileak behar den jarraipena eginen du agintaldiaren lau urteetan, honako hauen bidez: dokumentuak aztertuko ditu; elkarrizketak izanen ditu zuzendariarekin, zuzendaritza taldearekin eta eskola kontseiluko kideekin; eta bisitak eginen ditu, ikastetxeko kide anitzeko organoen eta koordinazio organoen funtzionamendua behatzeko.

3. Agintaldiaren bukaeran, ikuskatzaileak balorazioa eginen du.

4. Azken txostena negatiboa balitz, aurkeztu baino lehen, entzunaldia emanen zaio zuzendariari. Bertan, txosten negatiboaren oinarri diren kausen berri emanen zaio, eta aukera emanen zaio bere desadostasuna argudiatzeko behar dituen dokumentuak aurkezteko eta egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko.

Agiri eta alegazio horiek aintzat hartuko dira azken txostena egin baino lehen. Txostenak arrazoitua izan behar du.

5. Azken ebaluazio txostenak “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa jarriko du. Zuzendariak “gai” kalifikazioa lortzen badu, ebaluazioa positibotzat hartuko da, eta, “ez gai” kalifikazioa lortzen badu, berriz, negatibotzat.

6. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak zuzendarien izena eta ebaluazioaren emaitza jakinaraziko dizkio Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuai, haien izendapena berritzeko.

XEDAPENAK

Lehen xedapen iragankorra.–Aurretik izendatutako zuzendariak.

Foru agindu honek indarra hartu aurretik izendatu ziren ikastetxe publikoetako zuzendariek karguan jarraitzen ahalko dute izendatu zireneko aldia bukatu arte.

Bigarren xedapen iragankorra.–Ikastetxe publikoetako zuzendarien gaikuntzak eta akreditazioak, abenduaren 29ko 2/2020 Lege Organikoak indarra hartu aurretik emandakoak.

Lege hori indarrean sartu aurretik ikastetxe publikoetako zuzendariei eman zitzaizkien gaikuntzak eta akreditazioak joko dira zuzendaritza eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza programa gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiriaren baliokidetzat. Ziurtagiri hori adierazia dago Hezkuntzari buruzko maiatzaren 2ko 2/2006 Lege Organikoaren 135. artikuluaren 1. apartatuan eta 136. artikuluaren 1. apartatuan.

Azken xedapen bakarra.–Zuzendaritza eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza programa eta eguneratze moduluak.

Harik eta Gobernuak ezartzen duen arte zer ezaugarri izan behar dituen zuzendaritza eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza programak –abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren 135. artikuluan aipatzen da programa hori–, baliozkoa izanen da ordura arte eskatzen zen prestakuntza akreditazioa, bat eginez urriaren 17ko 894/2014 Errege Dekretuarekin –894/2014 Errege Dekretua, urriaren 17koa, zeinak garatzen baititu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 134.1.c) artikuluan ezarritako zuzendaritza eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza ikastaroaren ezaugarriak, bai eta zuzendaritza gaitasunak eguneratzeko ikastaroenak ere–.

Ezohiko prozeduraren bidez lau urterako izendatutako irakasle funtzionarioen kasuan: zuzendari postu huts bat egonik, hautapen batzordeak ez badu hautagairik izendatu, ez dagoelako hautagaitzarik ikastetxe horren zuzendaritzarako edo ikastetxe sortu berria delako, kasu horietan ezohiko prozeduraren bidez izendatzen da zuzendaria. Egoera horretan daudenek agintaldiko lehen urtean egin beharko dute prestakuntza ikastaroa, edo, bestela, gaikuntza eta egiaztapen baliokideak dituztela frogatu, edo zuzendaritza eginkizunean positiboki baloratutako esperientzia dutela frogatu.

Programa hori ez da nahitaezkoa izanen ikasturte baterako ezohiko arrazoi honengatik izendatutako zuzendarientzat: zuzendari postu huts bat, gerora sortua, hautapen prozedura arruntean eskaini ezin izan dena.

Hezkuntza Departamentuak, halaber, ezarri dezake zuzendariek zein baldintzatan egin behar dituzten eguneratze moduluak, zuzendaritza eginkizuna behar bezala betetzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak, eta, bereziki, 7/2017 Foru Agindua, otsailaren 2koa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 8an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2211052