170. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

47/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntza eskaintza etengabe egokitzeko produkzio sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, lanbide heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan.

Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, beste hainbat kontu garrantzitsuren artean, faktore garrantzitsuak sartzen ditu gaitasun digitalari eta genero ikuspegiari buruz; eragina du lanbide prestakuntzari lotutako zenbait alderditan, hala nola Lanbide Heziketaren sustapenean; sarbidea errazten du araubide bereziko irakaskuntzetatik; eta, gainera, oinarrizko LH bat egin dutenek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko aukera izatea berresten du.

Foru dekretu honen bitartez, Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Honako curriculum honek urriaren 29ko 1399/2007 Errege Dekretua garatzen du, Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituena, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek diseinuari buruz onetsi dituen jarraibideak.

2

Arautze honetan honako elementu hauek jasotzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, zeina arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen baita, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, dagokion gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio horiek, Okintza eta Opilgintza, zeina otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak arautu baitzuen, Okintza eta Konfiteria, zeina irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretuaren bidez arautu baitzen, eta Gozogintza, urriaren 27ko 1228/2006 Errege Dekretuak arautua, hainbat gaitasunek zehaztutako lanbide jarduketarako gune bat osatzen dute, eta gune hori, euskarri gisa gehitu diren lanbide moduluekin batera, behar bezain zabala da, eta izan beharreko espezializazioa du, teknikari horren enplegagarritasuna bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hori gutxienez bi dimentsio osagarri dituen sistema batean dago. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotuta dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den titulazioaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatuta. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atala. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloko bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide heziketako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta bestetik, ibilbide batzuk diseinatzeko, horietan gaitasuna ebaluatu eta aitortzeko prozedura integratzeko prestakuntza eskaintzarekin. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu; 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren guneen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 11n egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikariaren tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea. Titulu hori Elikagaien Industrien lanbide arlokoa da Nafarroako Foru Komunitatean.

2. artikulua. Identifikazioa.

Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari titulua elementu hauek identifikatzen dute:

a) Izena: Okintza, Gozogintza eta Konfiteria.

b) Maila: 2. - Erdi mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Elikagaien industriak.

e) Europako erreferentea: HNSN - 3 (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta produkzio sistemaren aipamena, Nafarroan duen testuingurua eta prospektiba ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute zikloko irakaskuntzak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Helburu orokorrak lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1 Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikariak hezteko zikloaren helburu orokorrak 2A) eranskinean jasota daude.

2 Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari titulua ezarri zuen eta titulua lortzeko gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen urriaren 29ko 1399/2007 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Lanbide modulu horiek bi ikasturtetan antolatuko dira, foru dekretu honen 2 B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

4. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatzeko. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

5. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

1. Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotara, betiere onarpenerako ezartzen diren baldintzetan.

2. Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari tituluak sarbidea ematen du goi mailako heziketa zikloetara, betiere oinarrizko araudian ezartzen diren baldintzetan.

3. Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari tituluak aukera ematen du Batxilergoko edozein modalitate egiteko, bai eta Gobernuak erabakitzen dituen Batxilergoko ikasgaiak baliozkotzeko ere, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34.2 artikuluari jarraikiz (dekretu haren bidez ezarri zen hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra).

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluei dagokien lanbide moduluak eta foru dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena xedatuta dauzkan tituluari dagozkion lanbide moduluen arteko baliozkotzeak 4. eranskinean zehazten dira.

2. Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin eta Batxilergoko irakasgaiekin eta gaitasun unitateekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokionez, urriaren 29ko 1399/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoa eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoa bete beharko da.

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Foru dekretu honen 5 A) eranskinean dago zehaztuta zer korrespondentzia dagoen, baliozkotze edo salbueste ondorioetarako, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen artean.

2 Era berean, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia, egiaztapena egiteko, foru dekretu honen 5 B) eranskinean zehaztuta dago.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie. Foru dekretu honen 6 A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren tituluak foru dekretu honen 6 B) eranskinean ageri dira, irakasleen espezialitatea zein den.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 6 C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua. Espazioak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren lekuak foru dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Espazioek azalera nahikoa eta behar bestekoa izanen dute haietako bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak egin ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Prestakuntza espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Toki nahikoa izanen da irakaskuntza/ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamendurako eta laneko instrumentu osagarrietako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta tresnek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Prestakuntza espazioek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu izan behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekipamenduak (tresnak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, kontuan harturik gune horietan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da guneak eta ekipamendua egokiak izateaz kopuruari eta ezaugarriei dagokienez, modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzen ondoriozko irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko, eta irakaskuntzen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitzeko, horrela irakaskuntzen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Tituluaren baliokidetasunak.

Urriaren 29ko 1399/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari tituluak, zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen baita, eta jarraian aipatzen diren tituluek ondorio profesional eta akademiko berak izanen dituzte:

a) Okintza eta Gozogintzako teknikaria, abenduaren 22ko 2057/1995 Errege Dekretuaren bidez arautua.

b) Pastelgintza eta Okintzako teknikaria, abenduaren 17ko 2220/1993 Errege Dekretuaren bidez arautua.

Bigarrena.–Beste lanbide-trebakuntza batzuk.

1. Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko lanbide moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar direnen balio bereko lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, urriaren 29ko 1399/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. idatz-zatian ezarritakoarekin bat.

2. Foru dekretu honetan Elikagaiak Manipulatzeko Segurtasuna eta Higienea izeneko lanbide moduluan ezarritako prestakuntzak janarien higienea zaindu eta janariak ongi maneiatzeko behar den jakintza maila bermatzen du, elikagaien manipulatzaileei buruzko arauak ezartzen dituen otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuaren 4.6 artikuluan eskatzen den moduan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Tituluaren baliokidetasunak.

1. Urriaren 29ko 1399/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari tituluak, zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen baita, eta jarraian aipatzen diren tituluek ondorio profesional eta akademiko berak izanen dituzte:

a) Okintza eta Gozogintzako teknikaria, abenduaren 22ko 2057/1995 Errege Dekretuaren bidez arautua.

b) Pastelgintza eta Okintzako teknikaria, abenduaren 17ko 2220/1993 Errege Dekretuaren bidez arautua.

Bigarrena.–Beste lanbide trebakuntza batzuk.

Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko lanbide moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar direnen balio bereko lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, urriaren 29ko 1399/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. idatz-zatian ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.

Foru dekretu honetan Elikagaiak Manipulatzeko Segurtasuna eta Higienea izeneko lanbide moduluan ezarritako prestakuntzak janarien higienea zaindu eta janariak ongi maneiatzeko behar den jakintza maila bermatzen du, elikagaien manipulatzaileei buruzko arauak ezartzen dituen otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuaren 4.6 artikuluan eskatzen den moduan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arauak indargabetzea.

Foru Dekretu honetan xedatuaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak indargabetuta geratzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2022-2023 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluari dagokion lehen maila.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 11nn.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFan:

Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari titulua.

Iragarkiaren kodea: F2207091