170. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

169/2022 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez arautzen baita Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko hautapen prozedurako praktikaldia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetarako. Hautapen prozedura hori Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 18ko 302/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 18an emandako 302/2020 Ebazpenaren bidez, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko hautapen prozedura onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetarako.

Aipatutako ebazpenaren I. tituluaren bederatzigarren eta hamargarren oinarrietan ezartzen da aukeratutako izangaiek praktikaldi bat egin beharko dutela, irakaskuntzarako dituzten gaitasunak egiaztatzeko. Orobat, ezartzen da praktikaldia Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez arautuko dela. Praktikaldia irakasle baten tutoretzapean eginen da, eta kalifikazio batzorde batek ebaluatuko du “gai” edo “ez gai” adierazita.

Bidezkoa da, beraz, deialdiko oinarri horiekin bat, praktikaldia arautzea eta praktikak baloratu behar dituen Kalifikazio Batzordeko kideak zehaztea.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Arautzea Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko hautapen prozedurako praktikaldia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetarako. Hautapen prozedura hori Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 18ko 302/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita www.nafarroa.eus helbidean ere, deialdiaren fitxan.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Hautatze Prozeduren Atalera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura eta Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 3an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN KUDEAKETA ESPARRUAN LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASLE TEKNIKOEN KIDEGOAN SARTZEKO HAUTAPEN PROZEDURAKO PRAKTIKALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

Lehena.–Praktikaldiaren xedea.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 18ko 302/2020 Ebazpenaren bidez Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko onetsitako hautapen prozedurari dagokion praktikaldiaren xedea da hautatutako izangaiek irakaskuntzarako daukaten gaitasuna egiaztatzea, eta ebazpen honetan ezartzen den prozeduraren arabera eginen da.

Praktikaldiaren ebaluaziotik salbuetsita daude gutxienez ikasturte bat karrerako irakasle funtzionario gisa lanean aritu direla frogatzen duten izangaiak. Izangai horiek inguruabar hori jakinarazi beharko dute Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari eskabide bat igorriz. Horretarako, bost egun balioduneko epea izanen dute, gainditzen duten izangaien zerrenda bakarrak onesten dituen ebazpena argitaratzen denetik hasita.

Bigarrena.–Lekualdatze-lehiaketan parte hartzea.

Praktiketako funtzionario izendatzen diren izangaiek nahitaez parte hartu beharko dute irakasle lanpostuak betetzeko Hezkuntza Departamentuak deitzen dituen prozeduretan, hautapen prozedura zein espezialitate eta hizkuntzatan gainditu duten, espezialitate eta hizkuntza horietan.

Praktiketako funtzionario izendatutako izangaiek praktikaldia hurrengo ikasturtera arte atzeratu badute, izendapen horretatik aurrera deitzen den lehenengo lekualdatze-lehiaketan parte hartu beharko dute, eta, hala badagokio, lehiaketa horretan esleitzen zaien destinoan egin beharko dute praktikaldia. Destino hori behin betiko bihurtuko da karrerako funtzionario izendatzen dituztenean.

Hirugarrena.–Kalifikazio Batzordea.

3.1. Praktikaldiaren Kalifikazio Batzorde bakarrak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordeturiko ikuskatzaile bat.

–1. batzordekidea: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari atxikitako ikuskatzaile bat.

–2. batzordekidea: Lanbide Heziketako institutu bateko zuzendari bat, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatua.

–3. batzordekidea: Lanbide Heziketako institutu bateko zuzendari bat, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatua.

–Batzordekide-idazkaria: Hezkuntza Departamentuko Langileriaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

3.2. Kalifikazio Batzorde bakarra arduratuko da praktikaldia ebaluatzeaz, eta une oro zainduko du ebaluazioa zorroztasunez, objektibotasunez, gardentasunez eta eraginkortasunez egiten dela. Horretarako, praktikaldiaren ebaluazioan diharduten guztiei argibideak eskatzen ahalko dizkie.

3.3. Kalifikazio Batzorde bakarra 2022ko urriaren 1a baino lehen eratu beharko da. Batzordearen eraketak balioa izateko, nahitaezkoa izanen da kide guztiak bertan izatea, salbu arrazoi justifikatuak daudenean; halakoetan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak baloratuko ditu arrazoi horiek. Halaber, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari dagokio batzordeko kideak ordezteko baimena ematea, baldin kide horiek batzordea uzteko arrazoi justifikatuak edo ezinbestekoak badituzte.

Ebazpen honetan berariaz aurreikusiak ez dauden kontu guztietan, Administrazio Publikoko kide anitzeko organoen funtzionamendurako araudi orokorrari lotuko zaio Kalifikazio Batzorde bakarra.

3.4. Kalifikazio Batzorde bakarrak prozesua bukatutakoan ebaluatuko ditu izangaiak.

Batzordeak ezin izanen du idatzi kalifikazioak (“gai” eta “ez gai”) jasotzen dituen behin betiko akta baldin eta bertan gutxienez ere burua, idazkaria eta kideen erdiak ez badaude.

3.5. Komunikazioetarako eta gainerako gorabeheretarako, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuan izanen du egoitza praktikaldiaren Kalifikazio Batzorde bakarrak (Iruñeko San Domingo kalea, z.g., 31001 Iruña).

Komunikazioetarako eta gainerako gorabeheretarako, Kalifikazio Batzorde bakarrak helbide elektroniko hau gaituko du:

practicasfun@navarra.es.

Laugarrena.–Praktikaldiaren iraupena.

4.1. Praktikaldiak sei hilabete iraunen du. Praktikak 2022ko irailaren 1ean hasiko dira, eta 2023ko martxoaren 1ean bukatutzat emanen dira, hurrengo paragrafoetan adierazitakoari jarraikiz luzapenen bat onartzen ez bada.

4.2. Praktiketako funtzionarioak lanaldia 1/8, 1/6 edo 1/4 murrizturik badauka, praktikak 2023ko martxoaren 1ean bukatuko dira.

4.3. Praktiketako funtzionarioak lanaldia 1/3, 1/5, %45 edo 1/2 murrizturik badauka, praktikak 2023ko maiatzaren 31ra arte luzatzen ahalko dira. Egoera horietako batean dauden praktiketako funtzionarioek Kalifikazio Batzorde bakarrari jakinarazi beharko diote, mezu elektroniko bat bidaliz practicasfun@navarra.es helbidera.

4.4. Praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran badago, amatasun bajan, eszedentzia berezian edo beste edozein egoeratan, eta horrek praktikaldia normaltasunez egitea eragozten badio, Kalifikazio Batzorde bakarrari eskatzen ahalko dio praktikaldia luza dezala, ebaluazioa egin ahal izateko. Kalifikazio Batzorde bakarrari luzapen hori eskatzeko, practicasfun@navarra.es helbide elektronikoa erabili beharko da, eta luzapena baimentzeko egokitzat jotzen den dokumentazio guztia erantsi beharko zaio. Kalifikazio Batzorde bakarra aldian behin bilduko da jasotako luzapen eskaerak aztertzeko, eta baimena emateko edo ukatzeko erantzuna emanen du, batzordeburuak sinatutako gutun baten bidez. Kalifikazio Batzorde bakarrak praktikaldia luzatzeko baimena emanen du baldin eta izangaiak 2023ko ekainaren 1a baino lehen egiterik badu ebazpen honetan exijitzen den 6 hilabeteko praktikaldia.

4.5. Ohiz kanpoko arrazoiak direla kausa, praktiketako funtzionarioren batek ezinezkoa badu ebazpen honetan exijitutako sei hilabeteko praktikaldia 2023ko maiatzaren 31rako bukatzea, zilegi izanen da Kalifikazio Batzorde bakarrari eskatzea epe hori 2023-2024 ikasturtera arte luzatzeko. Kasu horretan, 2022-2023 ikasturtean praktikaldi gisa benetan egindako denbora deskontatzen ahalko zaio.

4.6. Kalifikazio Batzorde bakarrak 2023ko ekainaren 15a baino lehen prestatu beharko du azken akta. Beharrezkotzat jotzen badu, bere jarduketaren gaineko txosten osagarri bat prestatzen ahalko du.

Bosgarrena.–Hasierako prestakuntza.

5.1. Praktikak egiten ari diren funtzionarioek prestakuntza jarduera hau egin beharko dute: “Hasierako prestakuntza Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko praktiketako irakasle funtzionarioentzat”.

Prestakuntza horrek gutxienez ere 25 ordu iraunen du, eta 2023ko apirilaren 1a baino lehen bukatu beharko da.

Honako ezaugarri hauek izanen ditu:

1) Praktiketako irakasle funtzionario guztiek prestakuntza modulu bat eginen dute Lan Osasunari eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruz, 9 ordu iraunen duena.

2) Praktiketako irakasle funtzionarioek, halaber, Prestakuntza eta Kalitate Atalak praktiketako irakasle funtzionarioei arreta emateko helburu espezifikoarekin diseinatuko dituen prestakuntza jardueretan parte hartuko dute. Prestakuntza jarduera horiek 16 ordu iraunen dute.

5.2. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko Prestakuntza eta Kalitate Atalak txosten bat igorriko dio Kalifikazio Batzorde bakarrari, non egiaztatuko baita praktiketako funtzionarioek goian aipatutako berariazko prestakuntzako jarduerak egin dituztela praktikaldiaren barruan, edo praktikak bukatzeko egunean jarduera horiek egiten ari direla.

Jarduera horiek egitea nahitaezkoa da azken kalifikazioan “gai” lortzeko.

Seigarrena.–Tutoretza.

6.1. Izangai bakoitzari irakasle bat esleituko zaio tutore gisa, ikastetxeko zuzendaritzak izendatuko duena, irizpide hauei jarraikiz:

–Ahal den guztietan, izangaiaren espezialitate bereko irakasle funtzionario bat izanen da, praktikak egiten diren ikastetxean destinoa duena.

–Halakorik ezin bada, izangaia zein departamentutan atxikita dagoen, hango burua den irakasle funtzionarioa izanen da tutorea, edo behin betiko edo behin-behineko destinoa ikastetxe horretan duen beste edozein irakasle funtzionario, zuzendaritzak erabakitzen duena, kontuan hartuta irakasle bera izan daitekeela praktiketako funtzionario baten baino gehiagoren tutorea.

–Azkenik, aurreko irizpideak aplikatzea ezinezkoa denean, izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko ikuskatzaileak beteko ditu tutoretzari esleitutako eginkizunak.

Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendariak izendapenaren berri emanen die tutoreari, izangaiari eta Kalifikazio Batzorde bakarrari 2022ko urriaren 1a baino lehen, EVACOMPRO aplikazioaren bidez.

Praktikaldian zehar, esleitutako tutoretza-lana betetzea eragozten duen gorabeheraren bat gertatzen bada, ikastetxeko zuzendaritzak, ahalik eta lasterren, beste tutore bat izendatuko du arestian adierazitako irizpideei jarraikiz, eta izendapen horren berri emanen die praktiketako funtzionarioei eta Kalifikazio Batzorde bakarrari.

6.2. Tutoreak eginkizun hauek izanen ditu: tutoretzapean daukan irakaslegaiaren irakasle lana eta lan instituzionala zuzentzea eta horri buruzko informazioa eta aholkuak ematea, betiere aintzat hartuz ikastetxeko urteko programazio orokorrean, bizikidetza planean, hezkuntza proiektuan, hobekuntza eta kalitate planetan, memoria administratiboan eta Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen hezkuntza arloko legerian ezarrita dauden irizpide eta edukiak. Halaber, arreta berezia jarriko du gelako programazioan eta ikasleen ebaluazioan, bai eta ikastetxeko gobernu, partaidetza eta koordinazio didaktikoko organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko informazioan ere, eta, bereziki, ikasleen tutoretzan.

6.3. Ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxean aritzen diren praktiketako funtzionarioen jarraipena eginen du, arlo hauei dagokienez: eginkizunak betetzen dituzten, ikastetxearen antolaketan parte hartzen duten eta integratzen diren, irakaskuntzarako duten gaitasuna, eta lanbide jarduna. Ikastetxe berean praktiketako irakasle asko daudenean, ikastetxeko zuzendariak zuzendaritza taldeko beste kide baten esku uzten ahalko du zeregin hori.

Zazpigarrena.–Ebaluazioaren ezaugarriak.

7.1. Praktiketako funtzionarioen jardunaren ebaluazioak ezaugarri hauek ditu:

a) Diagnostiko batzuk eskaintzen ditu izangaiek beren eginkizunak betetzeko moduari buruz.

b) Irakas-praktikarako gaitasun maila zehazteko aukera ematen du (gai/ez gai).

c) Irakas-praktikan hobetu beharreko alderdiak identifikatzen ditu.

d) Irakas-praktika hobetzeko eta garapen profesionala sustatzeko pizgarria eta lagungarria da.

7.2. Irakaslanaren ebaluazioa honako dimentsio hauetan zehazten da:

1. Plangintza.

2. Praktika.

3. Ebaluazioa.

4. Tutoretza.

5. Garapena.

6. Betetzea.

Dimentsio horietako bakoitza zenbait adierazleren bidez konfiguratzen da. Adierazle horiek deskribatzaileen (errubriken) laguntzarekin baloratzen dira, zeinak ebaluatzeko erreferentzia izanen baitira.

Dimentsio eta adierazle horiek guztiak I., II. eta III. eranskinetan zehazten dira.

Zortzigarrena.–Ikastetxeko irakaskuntza-praktikaldia ebaluatzeko prozedura.

Ebaluazio prozedurak irakas-praktika nola egiten den ezagutzeko informazio garrantzitsua biltzea eta aztertzea errazten du.

Ikastetxean praktiketan ari diren izangaien irakas-praktikaren jarraipena eta ebaluazioa egitea tutoreei eta zuzendaritzari dagokie.

8.1. Tutoreak praktiketako funtzionarioak emanen dituen eskola saioetatik bitara joan beharko du gutxienez, eta txosten bat eginen du ikasgelako esku-hartzeaz eta eskola saioaren garapenaz. Txosten hori Kalifikazio Batzorde bakarrari igorriko dio 2023ko otsailaren 20tik martxoaren 1era bitarte, EVACOMPRO aplikazioaren bitartez. Txosten horiek bat etorriko dira ebazpen honen I. eranskinean ageri diren adierazleekin.

8.2. Era berean, zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen zuzendaritza taldeko pertsona, praktiketako funtzionarioek ematen dituzten bi eskola saiotara joanen da gutxienez, eta irakaskuntza-gaitasunari eta lanbide-jardunari buruzko txosten bat eginen du. Txosten hori Kalifikazio Batzorde bakarrari igorriko dio 2023ko otsailaren 20tik martxoaren 1era bitarte, EVACOMPRO aplikazioaren bidez. Txosten horiek bat etorriko dira ebazpen honen II. eranskinean ageri diren adierazleekin.

8.3. Tutoreak eta ikastetxeko zuzendaritzak, edo hark eskuordetzen duen zuzendaritza taldeko pertsonak, 1. mailatik 4. mailara bitarte baloratu beharko dituzte praktiketako funtzionarioak eranskinetan azaldutako adierazle bakoitzean. Gutxienez 2. mailara iristen ez diren kalifikazio guztiak negatiboak izanen dira. Txostenak egokitzat joko dira horietako bakoitzean balio negatiboa (1) duten adierazleen kopurua ≤%10 bada, araudia betetzeari dagokionez izan ezik, kasu horretan positiboen kopurua %100 izan beharko baita.

Maila horietako puntuazioa 1etik 4ra bitartekoa izanen da, eta ez da dezimalik onartuko.

Kalifikazioa negatiboa bada, zertan oinarritu diren azaldu beharko dute, baita txostena egiteko erabili duten dokumentazioa adierazi ere, eta egokitzat jotzen diren ebidentziak aurkeztu.

8.4. Bai tutoreak, bai ikastetxeko zuzendaritzak gutxienez elkarrizketa bat izanen dute praktiketako funtzionarioarekin, eta praktikaldian hauteman dituzten kontu garrantzitsuenen berri emanen diote, hobetu daitezkeen alderdi guztiak konpon ditzan.

8.5. Kalifikazio Batzordeak EVACOMPRO aplikazioaren bitartez bidalitako txostenak baizik ez ditu baliozkotzat hartuko.

Bederatzigarrena.–Autoebaluazioa.

9.1. Izangaiek beren irakaskuntza-gaitasunaren eta jardun profesionalaren autoebaluazioa eginen dute, III. eranskineko adierazleetan oinarrituta. Horretarako, behar diren ataletan deskribapen labur bat idatzi beharko dute, dimentsio bakoitzaren gainean egindako balorazioa justifikatzeko.

Praktiketako funtzionarioek EVACOMPRO aplikazioaren bidez bidaliko diote autoebaluazio txostena Kalifikazio Batzordeari 2023ko otsailaren 20tik martxoaren 1era bitartean.

Hamargarrena.–Praktiketako funtzionarioen azken ebaluazioa.

10.1. Kalifikazio Batzorde bakarrak ebaluatuko ditu praktiketako funtzionarioak, honako hauek kontuan hartuz:

a) Tutoreak edo, hala badagokio, ikuskatzaileak praktiketako funtzionarioaren ikasgelako esku-hartzeari buruz egindako txostenak. Txosten horiek ebazpen honen I. eranskinean adierazitako ereduaren arabera eginen dira.

b) Ikastetxeko zuzendaritzak irakas-praktikari buruz egindako txostenak. Txosten horiek ebazpen honen II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera eginen dira.

c) Izangaiaren autoebaluazioa/azken txostena, ebazpen honen III. eranskinean adierazitako ereduaren arabera.

10.2. Kalifikazioa negatiboa bada, Kalifikazio Batzorde bakarrak ikastetxeko ikuskatzaileari txosten osagarri bat eskatuko dio, bidalitako kalifikazioa justifikatzeko. Ikuskatzaileak oinarritzat hartu diren datu guztiak bilduko ditu, bai eta zuzendaritzak eta tutoreak txosten negatibo hori emateko erabili duten dokumentazioa ere. Halaber, ikuskatzaileak elkarrizketa bat izanen du interesdunarekin, non egokitzat jotzen dituen datu eta txosten guztiak eskatuko baitizkio.

10.3. Ikuskatzailearen txostena ikusirik, Kalifikazio Batzorde bakarraren ardura izanen da izangaiaren azken kalifikazioa ematea. Azken kalifikazioa ematean, Kalifikazio Batzorde bakarrak izangaiaren autoebaluazioa-txostena kontuan hartzen ahalko du.

Kalifikazio Batzorde bakarraren epaia “gai” eta “ez gai” izan daiteke. Praktiketako funtzionarioa “gai” dela ondorioztatuko da tutoreari eta ikastetxeko zuzendaritzari eskatutako txostenetan agertzen den kalifikazioa positiboa bada, betiere ikastetxeko ikuskatzaileak kontrako txostenik egiten ez badu.

Hala ere, Kalifikazio Batzorde bakarrak, egoki iruditzen zaionean, txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari, jaso dituen txostenetako puntu eta alderdiei buruz.

10.4. Kalifikazio Batzorde bakarrak praktiketako funtzionarioen zerrenda eta lortu dituzten kalifikazioak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari igorriko dizkio.

“Ez gai” kalifikazioa lortzen duten praktiketako funtzionarioek karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen arrazoitua beharko da.

Hamaikagarrena.–Osasun azterketa.

Praktikaldia bitartean praktiketako funtzionarioei osasun azterketa bat eginen zaie irakasle lanetan egoki aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa dutela egiaztatzeko.

Osasun azterketa hori gainditzen ez dutenek karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I., II., III. eranskinak.–Adierazleen taulak.

Deskargatu I.etik III.era arteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2210723