170. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

3/2022 FORU LEGE-DEKRETUA, abuztuaren 17koa, aldatzen duena apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko.

1/2022 Foru Lege-dekretua onetsi ondoren, zeinaren bidez aparteko neurriak ezarri baitziren kontratazio publikoaren esparruan, bereziki 12 hilabetetik gorako iraupena duten obra-kontratuen prezioen aparteko berrikuspena, ikusten da, hala ere, egungo egoera ekonomikoaren inpaktuak, prezioen hazkunde azeleratuarekin, iraupen laburragoko kontratuetan ere eragiten duela. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da inguruabar hori sartzea aparteko berrikuspen-sisteman. Kontratuaren iraupena hamabi hilabete baino gutxiagokoa bada, kostuaren igoera kalkulatuko da kontratuaren zenbateko ziurtatu guztien gainean; hala ere, prezioen salbuespenezko berrikuspen hori aplikatu ahal izateko, kontratuaren iraupena lau hilabetekoa izan beharko da gutxienez. Gainera, komeni da testua zenbait puntutan argitzea, haren segurtasun juridikoa hobetzeko. Neurri horiek presaz hartu behar dira; izan ere, aipatutako foru lege-dekretua aplikatzen ari da, eta salbuespenezko berrikuspena aplikatzen ez bada, kontratu horien gauzatzea geldiarazteko arriskua dago, eta, horren ondorioz, interes publikoari kalte egiteko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko abuztuaren hamazazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengoa.–Aldatzen da apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko. Horrenbestez, 17. artikuluak testu hau izanen du:

17. artikulua. Kontratistari prezioen salbuespenezko berrikuspena onartzeko baldintzak.

Salbuespen gisa, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen mendeko erakundeek adjudikatutako obra-kontratu publikoetan, kontratistari onartuko zaio prezioen salbuespenezko berrikuspena egiteko aukera, baldin eta inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Kontratua egoera hauetakoren batean egotea:

a.1) 2022ko martxoaren 2an lizitazioan, adjudikazioan, formalizazioan edo exekuzioan egotea. Ondorio horietarako, ulertuko da kontratu bat gauzatzen ari dela azken ziurtapena onartu ez den bitartean.

a.2) Kontratuaren adjudikazioaren edo formalizazioaren iragarkia urtebeteko epean argitaratzea, 2022ko martxoaren 2tik aurrera, Nafarroako Kontratazioaren Atarian.

a.3) Kontratuaren lizitazioaren iragarkia urtebeteko epean argitaratzea, 2022ko martxoaren 2tik aurrera, Nafarroako Kontratazioaren Atarian, eta baldintza-agiriak prezioen berrikuspenerako formula bat ezartzea.

b) Material siderurgikoen, material bituminosoen, aluminioaren edo kobrearen kostuaren igoerak, adierazitako aldietan, ehuneko hauek gainditzea:

b.1) 12 hilabete edo gehiagoko iraupena duten kontratuetarako: kontratuaren zenbateko ziurtatuaren %5, honela kalkulatuta: epe horretan berean ziurtatzen diren kontratuaren zenbatekoei prezioen berrikuspenerako formula aplikatuko zaie, halakorik balego, eta halakorik ezean, obren izaeragatik dagokiona aplikatuko zaie, urriaren 7ko 1359/2011 Errege Dekretuan ezarritakoen artetik (1359/2011 Errege Dekretua, urriaren 7koa, Administrazio Publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko obra-kontratuen eta hornidura-kontratuen prezioen berrikuspenerako oinarrizko materialen zerrenda eta ereduzko formula orokorrak onartzen dituena).

Kalkulua egiteko, kontuan hartuko da kontratistak eskabidean zehazten duen aldia; epe hori ez da 12 hilabetetik beherakoa izanen, ezta 24 hilabetetik gorakoa ere, eta, nolanahi ere, 2021eko urtarrilaren 1aren ondorengoa izango da.

b.2) 4 hilabete edo gehiago eta 12 hilabete baino gutxiago irauten duten kontratuetarako: kontratuaren zenbateko ziurtatu guztien %5.

Igoera hori kalkulatzeko, kontratuari aplikatu beharreko formulatik kendu eginen dira lehen aipatutakoez bestelako kostu-elementuak adierazten dituzten terminoak, eta kontratuaren prezioaren frakzio berrikusezina adierazten duen termino finkoa gehituko da, ezabatutako terminoen koefizienteen balioa adina –hartara, mantendutako koefiziente guztien gehi termino finkoaren batura izanen da unitatea–.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu bidez, beste material batzuk ezartzen ahalko dira, baldin eta horien kostu-igoera aurreko ondorioetarako ere kontuan hartu behar bada.

Bigarrena.–Aldatzen da apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko. Horrenbestez, 19. artikuluak testu hau izanen du:

19. artikulua. Salbuespenezko berrikuspena kalkulatzeko irizpideak.

1. Berrikuspen horren ondoriozko zenbatekoa kontratuari dagokion kasuaren arabera kalkulatuko da:

a) Obra-kontratuaren administrazio-klausula partikularren agiriak prezioak berrikusteko formula bat ezartzen duenean, zenbateko hau onartuko da:

Ondoren zehaztutako moduan aldatutako berrikuspen-formula horren aplikazioaren ondoriozko igoera, 2021eko urtarrilaren 1etik –edo aurreneko ziurtapenetik, geroagokoa bada–, harik eta baldintza-agirian aurreikusitako berrikuspena eragingarria izan daitekeen unera arte.

Formulan aldaketa hauek txertatu behar dira:

1) Ezabatu eginen da energiari dagokion kostu-elementua ordezkatzen duen terminoa.

2) Handituko da termino finkoa, kontratuaren prezioaren frakzio berrikusezina adierazten duena, ezabatu den terminoaren koefizientearen balioa adina, eta, hartara, mantendutako koefiziente guztien gehi termino finkoaren batura izanen da unitatea.

Epe hori igarotakoan, baldintza-agirian ezarritakoak arautuko du kontratua.

b) Administrazio klausula partikularren agiriak ez duenean ezartzen prezioen berrikuspenerako formula, zenbateko hau aitortuko da:

2021eko urtarrilaren 1etik (edo aurreneko ziurtapenetik, geroagokoa bada) kontratua bukatu arte obra gauzatzeagatik urtero ziurtatutako zenbatekoaren eta gauzatze horrek prezioen berrikuspenerako eskubidea izan balu ziurtatuko zen zenbatekoaren arteko aldea, lizitaziorako oinarri gisa erabili zen eraikuntza-proiektuan agertzen den formula aplikatuta, edo, halakorik ezean, urriaren 7ko 1359/2011 Errege Dekretuan (Administrazio Publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko obra-kontratuen eta hornidura-kontratuen prezioen berrikuspenerako oinarrizko materialen zerrenda eta ereduzko formula orokorrak onartzen dituena) aipatutako kontratuetatik legokeena, aldaketa hauek eginda:

1) Ezabatu eginen da energiari dagokion kostu-elementua adierazten duen terminoa.

2) Handituko da termino finkoa, kontratuaren prezioaren frakzio berrikusezina adierazten duena, ezabatu den terminoaren koefizientearen balioa adina, eta, hartara, mantendutako koefiziente guztien gehi termino finkoaren batura izanen da unitatea.

Arau hori aplikatuko da, nahiz eta oraindik ez egon gauzatuta kontratuaren zenbatekoaren %20 edo ez diren igaro bi urte kontratua formalizatu zenetik.

2. Baldintza-agiriak prezioak berrikusteko formula bat jaso ala ez, data hau hartuko da erreferentziatzat berrikuspen-formuletan 0 azpiindizearekin adierazitako prezio-indizeetarako:

a) Kontratua eskaintzak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean formalizatu bada, kontratua formalizatu zenekoa izanen da erreferentziako data, salbu eta formalizazio data 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada, halakoetan, 2020ko abenduaren 31 hartuko baita kontuan.

b) Kontratua eskaintzak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabete igaro ondoren formalizatu bada, aipaturiko hiru hilabeteko epea amaitzen den eguna izanen da erreferentziako data, salbu eta data hori 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada, eta, halakoetan, 2020ko abenduaren 31 hartuko da kontuan.

Xedapen iragankor bakarra.

Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, Nafarroako Foru Komunitatean premiazko neurriak hartzen dituen apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 17. eta 19. artikuluen testu berria aplikatuko zaie, halaber, aurreko testuaren indarraldian egindako erreklamazioei, baldin eta foru lege-dekretu honek indarra hartzen duen egunean ebatzi gabe badaude.

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena.–Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen barnean, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru lege-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2211246