17. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MILAGRO

Ordenantza, Pasabideak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Milagroko Udalak, 1996ko maiatzaren 16ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Milagroko Udaleko Pasabideak arautzen dituen ordenantza, eta behin betiko onetsi zuen 1996ko uztailaren 10eko osoko bilkuran.

Iragarkia 1996ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 7an.

Ordenantza behin betiko onesten da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarrita dagoena betetzeko.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Milagron, 2021eko abenduaren 15ean.–Alkatea, José Ignacio Pardo Blanco.

PASABIDEEI BURUZKO ORDENANTZA

1. artikulua. Pasabidea da bide publikoko espaloiaren eta zintarriaren egituran egiten den edozein aldaketa, xede bakar honekin: ibilgailuak aurreko higiezinetara eta haietatik igaro ahal izatea.

2. artikulua. Pasabidea egitean ez da aldatuko sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten tokiak markatutako lerroan.

3. artikulua. Titularrak izendatzen dituen udal langileek edo pertsona eskudunek eginen dituzte pasabideak edo ibilgailuen sarbideak eraiki, aldatu edo kentzeko obrak, betiere udal zerbitzuek ikuskaturik.

4. artikulua. Pasabideen zolak baldintza hauek bete beharko ditu:

–3 tonako ibilgailuak edo arinagoak pasatzeko: espaloia bezalakoa izanen da, hormigoizko 10 cm-ko oinarria duena eta lur finkatuaren gainean 300 kg-ko dosifikazioarekin.

–3 tonatik goitiko ibilgailuak pasatzeko: espaloia bezalakoa izanen da, hormigoizko 30 cm-ko oinarria duena eta lur finkatuaren gainean 300 kg-ko dosifikazioarekin.

5. artikulua. Pasabide bakoitzaren luzera, zintarriaren gainean neurtuta, higiezinaren sarbidearen zabalera %25 handituta izanen da gehienez.

6. artikulua. Pasabideak gau eta egun erabiltzeko ematen dira. Ibilgailuak 24 orduz pasatu ahalko dira gau eta eguneko pasabideetan barna eta debeku da ibilgailuak galtzadan eta parean aparkatzea, pasabidearen titular bakarrarenak izan ezik.

7. artikulua. Aurreko artikuluan xedatua gorabehera, ez da galaraziko ibilgailuak pasabidearen parean aparkatzea, betiere gidaria ibilgailuan badago, pasabidea erabili behar denean ibilgailua lekuz aldatu ahal izateko.

8. artikulua. Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak Alkatetzak zehazturiko ikur batean agertuko dira; ikur hori pasabidearen atean jarri beharko da.

9. artikulua. Debeku da ibilgailuak eremu publikotik higiezin edo etxebizitzetara sartzea behin-behineko edo egoera bakar baterako elementu mugikorrak, arrapalak, oholak, etab. erabiliz, arrazoi baliozkoengatik baimen berezia ematen denean izan ezik.

10. artikulua. Finken jabeek eta negozioetarako lokaletako maizterrek soilik eskatzen ahalko dute pasabiderako lizentzia eta haren titular izan, pasabidea noren zerbitzurako eskatzen den. Titularra da beti pasabiderako lizentziak sortutako betebehar guztien erantzule.

11. artikulua. Udalaren iritziaren arabera, prekarioan eta hirugarrenei kalterik eragin gabe ematen da beti pasabiderako lizentzia.

12. artikulua. Pasabiderako lizentziak ez du eskubide subjektiborik sortzen, eta Udalak eskatu ondoan, titularrak bertan behera utzi beharko du, eta haren kontura espaloia eta zintarria lehen zeuden bezala jarri.

13. artikulua. Pasabiderako lizentzia eskuratzeko, eskatzaileek ondokoa egiaztatu behar dute:

1. Etxebizitzak badira:

a) Legez garaje edo aparkalekua izatera behartutako eraikina izatea.

b) Borondatez edukitzea, ibilgailu bat edo gehiago sartzeko edukiera duela.

2. Merkataritza, industria eta negozioko establezimenduak badira.

a) Haien ezaugarriengatik ibilgailuak sartu eta ateratzen ibili behar izatea.

b) Behar adina leku izatea beti libre ibilgailu bat edo gehiago sartzeko eta beste helbururik gabe, zamalan astunetan izan ezik.

14. artikulua. Pasabidearen lizentziaren titularrek udal-administrazioari baimena eskatu beharko diote bertan edozein aldaketa egiteko.

15. artikulua. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan xedaturiko izapide eta baldintzak bete beharko dira. Lekuz aldatzen denean, utzitako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere ordainduko ditu titularrak.

16. artikulua. Pasabidearen titularra nahitaez dago behartua:

1. Pasabidea eta diskoak ongi zaintzera. Udalak emanen dio diskoa, behar den zenbatekoa ordaindutakoan.

2. Zintarria eta gainerako seinaleak edo adierazleak pintatzera, udal administrazioak hala eskatzen badu, eta, betiere, uztailaren lehenbiziko hamabostaldian.

3. Zoladura berritzera Udalak hala agintzen duenean.

4. Udalak agintzen dizkion obra arrunt nahiz bereziak egitera pasabidean, bere kontura.

17. artikulua. Pasabiderako lizentziak baliorik gabe geldituko dira besterik gabe ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar bete gabe utziz gero.

18. artikulua. Behar den baimena eskuratu gabe pasabidea eginez gero, titulartasuna dagokionari errekerimendu eginen dio udal-administrazioak, 15 eguneko epean espaloia lehengoratzeko, bere bizkar lehengoratzeko ere.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, pasabideak ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen baditu, arau-hausleak pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko du, urtebeteko tasak halako bi ordainduta.

Epe hori lizentzia eskatu gabe edo espaloia lehengoratu gabe iraganik, udal-agintaritzak mila pezetako isuna jarriko dio arau-hausleari arau-hausteak irauten duen egun bakoitzeko.

19. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak udalerriei ematen dizkien ahalmenak erabiliz, ezarri egiten dira tasak ibilgailuak lokal partikularretara nahiz publikoetara sartzeko, hori espaloiaren gainean eta pasabideetan barna egiten denean.

20. artikulua. Kontzeptu honengatik ordaindu behar dute pasabiderako lizentziaren titular guztiek; haren ordainketa lizentziaren titularraren kontura izanen da; kuota urtean behin ordaindu beharko da Udal honetako Diruzaintzan, urtearen lehen seihilekoaren barnean. Edozein dela pasabideen kategoria eta izaera, haien emakidadunek sei mila pezeta ordaindu beharko dute unitateko eta urteko.

21. artikulua. Ez dute tasa hau ordaindu beharrik izanen ibilgailu ofizialentzako soilik egiten diren pasabideek.

22. artikulua. Udal bulegoak Udalaren Gordailuzaintzari jakinaraziko dizkio ematen diren mota horretako lizentziak, dagokion erregistro fiskala egiteko eta kuotak kobratzeko.

23. artikulua. Behin betiko onetsitakoan hartuko du indarra ordenantza honek, eta 1996ko uztailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iragarkiaren kodea: L2117793