17. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatu edo desegiteko eta zerbitzu horri loturik dauden gainerako jarduerak egiteko tasak arautzen dituen Ordenantza fiskalaren aldaketa. Behin-betiko onespena

2021eko azaroaren 16an 261. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatu edo desegiteko eta zerbitzu horri loturik dauden gainerako jarduerak egiteko tasak arautzen dituen Ordenantza fiskalaren aldaketaren hasierako onespena. Jendaurreko epea alegazio, kexa edo oharrik gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da aldaketa hori eta jarraian argitaratzen da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Haren testu osoa ondotik ematen da:

HIRI HONDAKIN SOLIDOAK BILDU, TRATATU ETA APROBETXATU EDO DESEGITEKO ETA ZERBITZU HORRI LOTURIK DAUDEN GAINERAKO JARDUERAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

I. KAPITULUA

Oinarriak

1. artikulua. Nafarroako Toki Erakundeei aplika dakiekeen arautegi fiskalak emandako ahalmenen babesean eta horiekin bat etorriz ezarri da ordenantza fiskal hau.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honen xedea tasak ezartzea da, etxe eta komertzioetako hondakinen bilketa zerbitzua emateagatik eta horrekin zerikusia duten gainerako jarduerengatik.

Beraz, ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluak aipatzen dituen zerbitzuen eta jardueren tasei dagokiena da.

III. KAPITULUA

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza hau Baztango herrien mugape guztietan aplikatuko da.

Aldiz, Baztan Udalerrikoak ez izan arren, halako entitate edo pertsona batzuek tasa hauen bidez finantzatzen diren zerbitzuak hartzen badituzte haiei ere aplikatuko zaie ordenantza hau.

IV. KAPITULUA

Zergapeko egintza

4. artikulua. Ordenantza honen xedeko zerbitzu edo jarduerak eskura izan edo/eta erabiltzeak dakar zergapeko egintza. Zerbitzu-jarduera horiek ondotik aipatzen dira eta dagozkien tasak sortzen dituzte:

1. Etxe eta komertzioetako hondakinen nahitaezko bilketa zerbitzua eskura izan edo/eta erabiltzea, hondakinei buruzko legeari jarraituz. Kasuak hauek dira:

a) Etxebizitzak.

b) Zerbitzuak, merkataritza eta bulegoak.

c) Lantegi eta tailerrak.

d) Ostalaritza.

e) Ikastetxeak.

f) Osasun eta laguntza etxeak.

g) Etxe eta komertzioetako hondakinak biltzeko edukiontzia eskura izatea.

Tarifa bakoitzean sartutako jardueren zerrenda ez da zehatza, eta beraz, espresuki aipatu gabeko bertze jarduera berdintsuak sartzen dira, gisa berekoak badira.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboa

5. artikulua.

1. Ordenantza hauetan ezartzen diren tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasibotzat hartuko dira, zordunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak, herentzia banatugabeak, ondasun komunitateak eta, lege nortasunik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten eta zerga ezar dakiekeen bertzelako erakundeak, baldin eta edozein titulu dela bide, etxebizitzak, egoitzak, saltokiak eta dendak okupatzen, erabiltzen edo ustiatzen badituzte edo bertan bizi badira, haien alde zerbitzua ezarriz gero.

2/1995 Foru Legearen 104.2-a) artikuluaren arabera, zorduna ordezten duten subjektu pasiboak dira udal bakoitzeko katastro-erregistroan edo eraikin horien hiri-lur aberastasunaren erregistro fiskalean jabe gisa agertzen direnak.

2. Pertsona fisiko edo juridikoak ustiategi edo jarduera ekonomikoetan aritzearen ondoriozko zorra, horien titulartasunean edo jardunean edozein kontzepturengatik ondorengo gertatzen direnei exijitzen ahalko zaie.

Ustiategi edo jarduera ekonomiko baten titulartasuna eskuratu nahi duenak, gaurko titularrak aldez aurreko adostasuna emanda, Udalari eskatzeko eskubidea izanen du jarduera edo ustiategiaren kasuan kasuko ekitalditik heldu diren tributu-zorren ziurtagiri zehaztua.

VI. KAPITULUA

Zerga oinarria

6. artikulua.

1. 4. artikuluko 1. atalean ezarririko zergapeko egintzetarako, hauxe izanen da tarifa aplikatuko zaion zerga oinarria:

–4.1-A artikuluaren zergapeko egintzetarako: jendea bizi den edo bizi litekeen katastroko unitatea. Bizitzeko egokia kontsideratzen da katastroko unitate oro, salbu eta, udalak hondamendi edo antzeko egoera egiaztatzen badu.

Etxebizitza batean jarduera ekonomikoaren gaineko zergari lotutako jarduera egiten bada, tarifarik altuena aplikatuko zaio.

–4.1-B, 1-E, 1-F artikuluen zergapeko egintzatarako: jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta duen edo, zerga honen pean ez dagoenean, arian dagoen jarduera bat ezarri edo burutzeko unitatea. Ezartzeko unitatea dagoela ulertuko da katastroko unitatea dagoenean.

–4.1-C artikuluaren zergapeko egintzarako: jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta duen edo, zerga honen pean ez dagoenean, arian dagoen jarduera bat ezarri edo burutzeko unitatea. Langile kopurua ere kontuan hartuko da.

–4.1-D artikuluaren zergapeko egintzarako: establezimenduaren azalera. Horretaz gain eta jardueraren arabera mahai edo/eta logela kopurua.

–4.1-G artikuluaren zergapeko egintzarako: edukiontzi kopurua, edukiera eta bilketa maiztasuna.

2. Establezimendu bera jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafe batean baino gehiagotan altan bada ulertuko da aplikagarria izanen dela tarifarik altuena.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean organo eskudunak ezarriko ditu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari aplika dakizkiokeen tasa eta tarifak, eta ordenantza honen eranskinean agertuko dira, haren parte izanik.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuota

8. artikulua. Zerga oinarriari dagokion tasa edo tarifa eta indize zuzentzailea aplikatuta ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotari une bakoitzean legeek finkaturiko zeharkako zergak aplikatuko zaizkio, haietan ezarritako eran eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak eta hobariak

10. artikulua. Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeetan espresuki aipatzen direnak dira salbuespen eta hobari bakarrak.

11. artikulua.

1. Ateratzen den tarifan ehuneko 30eko hobaria izanen da baldin eta etxebizitza edo lokaletik edukiontzira 500 eta 1500 metro arteko distantzia badago. Hobari honetarako eskubidea izateko, ezinbertzekoa izanen da subjektu pasiboak aitorpen-eskaera egitea.

2. Ateratzen den tarifan ehuneko 50eko hobaria izanen da baldin eta etxebizitza edo lokaletik edukiontzira 1.500 metro baino gehiagoko distantzia badago. Hobari honetarako eskubidea izateko, ezinbertzekoa izanen da subjektu pasiboak aitorpen-eskaera egitea.

X. KAPITULUA

Sortzapena

12. artikulua. 4.1. artikuluan ezarritako tasak seihileko natural bakoitzaren lehen egunean sortuko dira, eta kuotak murriztezin eta hainbanaezinak izanen dira.

Zabortegiratze zuzenetarako ezarritako tasak, interesdunak zerbitzua emateko eskatzen duen unean sortuko dira.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

13. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen tasak seihilekoan behin ordainaraziko dira.

XII. KAPITULUA

Dirubilketa

14. artikulua.

1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeko 86. artikuluan zehaztuarekin bat, 4.1. artikuluan ezarritako tasak aplikatzetik sortzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabekotzat” hartuko dira.

2. 4.1 artikuluan ezarritako tasek sortzen dituzten tributu-zorrak, 13. artikuluaren arabera ordainarazi eta gero, ordaindu behar diren seihileko naturalaren lehen hilabetearen lehen egunean isilbidez jakinarazitzat hartuko dira. Bidalketa egunetik aitzina hasiko da kontatzen 30 eguneko borondatezko aldia.

3. Borondatezko zerbitzuetarako ezarritako tasak, jarduera edo zerbitzuaren eskaera egiten den momentuan ordainduko dira. Udalak hilabete batean egindako zerbitzuak batzen baditu, tasa jakinaraziko da zerbitzua egin eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunean. Roldearen bidalketa egunetik aintzina hasiko da kontatzen 30 eguneko borondatezko aldia.

15. artikulua. 14. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 84. artikuluan ezarri bezala ordaindu beharko dira.

Udalak zorraren atzerapena edo zatikako ordainketa onar dezake 2/1995 Foru Legearen 90. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

16. artikulua. Tributu-zorrak honela ordain daitezke:

a) Ordainketak helbideratu dituzten subjektu pasiboek, horretarako adierazitako banku edo aurrezki kutxako kontuan kargatuz.

b) Ordainketak helbideratu ez dituzten subjektu pasiboek Baztango Udalak kobrantzarako bereziki ezartzen dituen banku edo aurrezki bulegoetan edo Udal Bulegoetan.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen arau hausteei eta zehapenei buruz xedatuak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek 2022ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Baztanen, 2022ko urtarrilaren 10ean.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

2022KO TARIFEN ERANSKINA

HONDAKIN-BILKETA

URTEAN

(eurotan)

SEIHILEKOAN

(eurotan)

1. Etxeko tarifa

79,97

39,99

2. Tarifa profesionala. Profesionalen zerbitzu eta bulegoak: ile-apaindegiak, optikak, tindategiak, ikuztegiak, abokatuak, psikologoak, psikiatrak, terapeutak, arkitektoak, gestoriak, aseguru etxeak, notariotzak, beilatokiak, edertasun zentroak, higiezinak...

81,79

40,90

3.1. Merkataritza tarifa: merkataritza eta zerbitzuak, elikagai eta elektrogailuen sektorekoak ez direnak eta banketxeak, 200 m² baino gutxiago dituztenak: mertzeriak, drogeria, zapata-dendak, arropa-dendak, argazki-dendak, estanko eta liburu-dendak, loradendak...

95,02

47,51

3.2. Merkataritza: elikagai dendak (harategi, arrandegi, fruta-denda...), supermerkatu txikiak eta autozerbitzuak, elektrogailu-dendak, burdindegiak

177,81

88,91

3.3. Merkataritza: elikagai dendak (supermerkatuak)

610,80

305,40

3.4. Merkataritza saltoki handiak

1.211,18

605,59

4.1. Industria tarifa: lantegi, tailer eta komertzial biltegiak, 5 langile artekoak

95,02

47,51

4.2. Lantegi, tailer eta komertzial biltegiak, 5 langile baino gehiago

190,03

95,02

5.1. Ostalaritza tarifa: ostatu eta kafetegiak, 30 m² baino txikiagoak

323,15

161,57

5.2. Ostatu eta kafetegiak: 30 m² baino handiagoak eta janari-denda bertan dutenak

484,72

242,36

5.3. Kategoria bereziko ostatuak, pub eta dantzalekuak

646,31

323,15

5.4. Jatetxeak: bortz mahai edo gutiago dituzten jatetxeak eta 20 bazkide baino gutxiago dituzten elkarte gastronomikoak

484,72

242,36

5.5. Jatetxeak: bortz mahai baino gehiago dituzten jatetxeak, 100 lagun edo gutxiagorendako lekua

646,31

323,15

5.6. Jatetxeak: 100 mahaikide baino gehiagorendako tokia dutenak

1.023,74

511,87

5.7. Landetxeak

101,66

50,83

5.8. Hostal eta hotelak: 10 logela edo gutxiago dituztenak

484,72

242,36

5.9. Hostal eta hotelak: 10 logela baino gehiago dituztenak

646,31

323,15

5.10. Hostal eta hotelak: 10 logela edo gutxiago dituztenak eta taberna eta/edo jatetxe zerbitzurik ematen ez dutenak ostatu harturik ez dauden pertsonendako

101,66

50,83

5.11. Aterpetxeak eta kanpinak: 50 lagun edo gutxiagorentzat tokia dutenak

484,72

242,36

5.12. Aterpetxeak eta kanpinak: 50 lagun baino gehiagorentzat tokia dutenak

1.023,74

511,87

6. Osasun-tarifa: zaharren egoitza eta ospitalea

610,80

305,40

6.1. Hortz-klinikak, entzumen, oftalmologia, bizkortze eta antzeko bulegoak, yoga, meditazio, eta antzeko zentroak, masaje, fisioterapia eta antzeko zentroak

87,29

43,65

7.1. Hezkuntza tarifa: akademiak (informatika, hizkuntzak, musika...)

87,29

43,65

7.2. Haurtzaindegiak, haur eskolak

190,03

95,02

Tarifa hauei hurrengo ekitaldietako urtarrilaren 1eko KPIa gehituko zaie, aldatzen ez diren bitartean.

Iragarkiaren kodea: L2200319