17. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANTZA

Mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Arantzako Udalak, 2021eko urriaren 26an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunez, 2021eko 266. Nafarroako Aldizkari Ofizialen argitaraturik, azaroaren 23an, bai eta Arantzako Udalaren iragarki-taulan ere, eta epe horretan inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluarekin, behin betiko onetsi da mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Hori guztia argitaratzen da.

Arantzan, 2022ko urtarrilaren 11n.–Alkatea, Dabid Iturria Almandoz.

ORDENANTZA, ARANTZAKO MENDIKO PISTEN
ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Arantzako landa-bide publikoen sarea arantzar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Arantzako natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Helburua horixe dela, Arantzako Udalak ordenantza hau onetsi du.

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Arantzako landa-bide publikoen sarearen erabilera arautuko du.

2. artikulua. Landa-bideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Arantzako landa-bide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1.–2 metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek erabiltzen dituenak, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietara joateko.

b) Baserrietako bideak, gehienetan aurreko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek baserrietan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dituztenak.

c) Baserrien arteko bideak, gehienetan baserrietako sarbideen jarraipena izaten direnak, haien artean komunikazioa izateko.

d) Pista nagusiak, mendietako eremu zabaletara iristeko erabiltzen direnak, edota inguruko herrietara iristeko erabiltzen direnak. Gauza baterako baino gehiagotarako erabili ohi dira: basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza eta abar.

e) Bigarren mailako pistak, sare nagusiaren osagarri direnak, eta mendi, basoberritze, belardi eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dutenak.

f) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; eskuarki helburu bakarra dute, gehienetan egurra ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Askotan, noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ezin dira ibilgailuak sartu.

2.–2 metro zabal baino meharragoak diren bideak: bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Arantzako Udalak zainduko du 2.1.a), b), c), d) eta e) ataletan zehazten diren mendiko bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko moduan. Horrez gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bertzelako bideak (bertzeen adar direnak, bidexkak eta abar).

2.2. artikuluan definituriko mendiko bide publikoetan, Arantzako Udalak prebentziozko mantentze-lanak baizik ez ditu eginen.

Hiru metroko zortasun-eremua errespetatuko da bidearen kanpoaldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikuluan jasotzen den gisara.

Bide publikoekin eta erabilera publikoko bertze lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte. Partikularra itxituraren garbiketaz arduratzen ez bada, Udalak eginen du, eta lan horien kostua kobratuko dio partikularrari.

4. artikulua. Auzoetako bideetan eta baserrietako bideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta baserrietako sarbideak), baimentzen da motozikletak eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea.

Ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik goitiko ibilgailuak ibil daitezke, baserriaren bizimoduarekin lotuak dauden erabilera edo zerbitzuetakoak badira.

5. artikulua. Baimena, ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik goitiko ibilgailuendako.

3,5 tona/ardatz baino gehiagoko ibilgailu guztiek baimena beharko dute Arantzako mendiko bide publikoetan barna ibiltzeko, salbu eta 4. artikuluko 2. paragrafoan zehazten direnak badira.

Udalak emanen du baimen hori.

6. artikulua. Pista edo bide publikoetan oihan-aprobetxamendu pribatuak garraiatzea.

1. Mendi pribatuetako oihan-aprobetxamenduetarako betebeharrak dagokion ordenantza fiskalean ezarriko dira.

2. Erabat debekaturik dago baso-produktuak eta eraikuntzako materialak arrastaka eramatea, hau da, ibilgailu motordunen bidez zein animaliak erabiliz, baldin eta behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude. Debeku hau haustea zorrotz zehatuko da. Eragindako kalte guztien ordaina eskatzeaz gain, garraiatutako baso-produktuek balio dutenaren halako bi ordainaraziko da, isun gisa.

3. Eguraldi ona denean garraiatuko da egurra eta pasako dira makina astunak. Ondorio horretarako, eguraldi ona dagoela ulertuko da lurzoruko hezetasun mailak ez duenean lohia sorrarazten kamioien gurpilak pasatzerakoan.

4. Halaber, aterako den lotearen balioaren %15eko fidantza jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren erreferentziazko balio taulen arabera.

5. Lurzati pribatuetako oihan-aprobetxamendua egiteko bidea erabiltzearen ondorioz, I. eranskinean adierazitako tasa ordaindu beharko da.

7. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Arantzako mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 25 kilometro orduko izanen da.

8. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripu arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

9. artikulua. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak, lasterketak eta taldeka eta ibilgailu motordunetan antolatzen diren turismo jarduerak espresuki debekaturik geldituko dira, hala nola paseatzaileei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du lehiaketa ofizialak eta taldeka eta ibilgailu motordunetan antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

Era berean, debeku da edozein bide publiko ixtea edo oztopatzea.

10. artikulua. Partikularrek sustatutako jarduerak.

Partikular batek sustatzen badu edozein aldaketa egitea bide edo pista publiko baten trazaduran, Arantzako Udalak baimendu beharko du, eta haren kostua sustatzaileak hartuko du bere gain.

Baso-aprobetxamendu bat atera nahi duen partikularrak adieraziko du, eskabidearekin batera, zein bide edo pista publiko erabiliko duen horretarako. Zuhaitzak ateratzeko beharrezkoak diren mendiko bide eta pistak hasieran zeuden egoeran zaindu eta kontserbatu beharko ditu, eta haiek egokituko ditu, kalterik eraginez gero.

11. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten neurriz kanpoko kalteen erantzukizuna.

12. artikulua. Pisten inbentarioa.

Udalak pista guztien eta dagozkien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu.

13. artikulua. Mugak eta fidantzak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, urte sasoia, ibilgailu mota eta gisakoen arabera, Udalak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

14. artikulua. Bideen erabilera berezia.

Bideen erabilera berezia du pisu gordina 20 tona baina gehiago duten ibilgailuak eta garraiatutako materiala, nekazaritza eta abeltzaintzarako instalazioetan obrak egitean, basogintzan aritzean edo Udalaren obra baimena beharrezkoa duten bertzelako instalakuntza egitean.

Erabilera horretarako Udalaren baimena behar da; beharrezkoa izanen da jakitea jabea edo sustatzailea nor den, kamioia zein den, zenbat tona garraiatzen dituen eta zenbat bidaia egin behar dituen. Hartara, Udaleko langileek agerraldia eginen dute bidea erabili aurretik eta bidea erabili ondoan.

Tasa ordaindu beharko da bideen erabilera berezia egiteko; haren zenbatekoa ordenantza honen I. eranskinean zehaztuko da.

Orobat, 1.000,00 euroko fidantza pausatu beharko da udal bulegoetan, erabiltzen den bidean eragiten ahal diren kalteen berme.

15. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da.

16. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; gehienez ere 300,00 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

I. ERANSKINA

Tasa, bide publikoen erabileragatik

1. Oihan-aprobetxamendu pribatuak garraiatzeagatik.

1.1.

Behin-betiko mozketa, m³ bakoitzeko

1,00 euro

1.2.

Entresaka, m³ bakoitzeko

0,50 euro

1.3.

50 tona arterako ustiapenak salbuetsita egonen dira

2. Bideen erabilera bereziak egindako garraioengatik

2.1.

Igarotako pisuaren tona bakoitzeko

1,05 euro

2.2.

Lehenengo 20 tonak salbuetsita egonen dira.

Iragarkiaren kodea: L2200328