169. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

86/2022 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez prestakuntza beka baterako deialdia onesten baita, Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) duten pertsonentzat. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da. DDBN identifikazioa: 640331.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burutzak proposatu du prestakuntza beka bat sortzea eta gero deialdia egitea. Beka jasotzeko, izangaiek Informazio Zientzietako edo/eta Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) eduki behar dute. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Beka hau iragarri eta emanez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bi helburu lortu nahi ditu: alde batetik, ordenamendu juridikoak esleitutako eginkizunak hobeki betetzea, zehazki, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak esleitutakoak; eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, gazteriaren arloan egiten den lanari buruz.

Bekaren deialdiari eta kontzesioari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Bekaren zenbateko ekonomikoa Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da, foru agindu horren bidez eguneratu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa.

1.150 euro gordin jasoko dira, hilean, bekak irauten duen denbora osoan. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona atxikiko da. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bekadunaren gizarte segurantzaren kotizazioaren kuota ordainduko du, 53,79 euro hilean, bekak irauten duen denbora osoan.

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean biltzen diren oinarrien arabera. Beka jasotzeko izangaiek Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) eduki behar dute. Bekaren iraupena izanen da 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era arte, eta hurrengo bi urteetan luzatzen ahalko da, 2025eko irailaren 30era arte. Horrela, legeak baimentzen dituen hiru urteak beteko lirateke, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen du).

2. Urtean 14.445,48 euroko gastua baimentzea, baldin eta kreditu aski eta egokirik bada; zenbateko hori honela banatuko da:

2022. urtean, guztizko gastua 3.557,58 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09100 4809 232100 partidaren kargura egotziko da, honela banatua:

• 3.450,00 euro, 3 hileko ordainketa egiteko (2022ko urritik abendura).

• 107,58 euro, bi hilabeteko (2022ko urria eta azaroa) Gizarte Segurantzako enpresa-kuotari dagozkionak (53,79 euro hileko).

2022ko abenduko 53,79 euroko kuota 2023ko urtarrilean ordainduko da, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2023an, guztizko gastua 10.887,90 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2023. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 10.350 euro, 2023ko urtarriletik irailera arteko hileko soldatak ordaintzeko.

• 537,90 euro, Gizarte Segurantzako kuota hamar hilabetez ordaintzeko, 2022ko abendutik 2023ko irailera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.150 euro gordin hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 53,79 euro hilean. 2023-24rako eta 2024-25erako luzatutako beken gastua urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09100 4809 232100 partidei edo xede horretarako gaitzen direnei egotziko zaizkie, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

2023., 2024. edo 2025. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kudeaketako zuzendaritzara, institutu bereko Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, bere ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 21ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Prestakuntza beka baterako deialdiaren oinarriak, Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea nola eman prestakuntza beka bat norgehiagokako araubidean. Beka jasotzeko izangaiek Informazio Zientzietako edo/eta Komunikazio adarreko edozein titulaziotako lizentziadun edo graduatu izan behar dute (kazetaritza, ikus-entzunezko komunikazioa, publizitatea...). Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Bekaren helburua da hautatutakoaren prestakuntza bultzatzea, Institutuak gazteriaren arloan antolatzen dituen jarduerak zuzenean ezagut ditzan.

2.–Aurrekontu erabilgarria.

Beka honen gastua urtean 14.422,92 eurokoa izanen da, baldin eta kreditu aski eta egokirik bada; zenbateko hori honela banatuko da:

2022. urtean, guztizko gastua 3.553,82 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09100 4809 232100 partidaren kargura egotziko da, honela banatua:

• 3.450,00 euro 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko partidaren kargura egotziko dira, 3 hilabeteko soldatak ordaintzeko kontzeptu gisa, urritik abendura.

• 103,82 euro dagozkio 2022ko urriko eta azaroko 51,91 euroko Gizarte Segurantzako enpresaren kuotari.

2022ko abenduko 51,91 euroko kuota 2023ko urtarrilean ordainduko da, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2023an, guztizko gastua 10.869,10 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2023. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 10.350 euro, 2023ko urtarriletik irailera arteko hileko soldatak ordaintzeko.

• 519,10 euro, Gizarte Segurantzako kuota hamar hilabetez ordaintzeko, 2022ko abendutik 2023ko irailera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.150 euro gordin hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 51,91 euro hilean.

Beka 2023-24 eta 2024-25 urteetarako luzatuz gero, Nafarroako urte horietako aurrekontu orokorretako “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09100 4809 232100 partidaren kargura egotziko da, edo horretarako gaitzen diren partiden kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

2023., 2024. edo 2025. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3.–Iraupena.

Bekak hamabi hilabete iraunen du. Esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da (betiere 2022ko urriaren 1a baino lehenago ez), eta 2023ko irailaren 30ean bukatuko. Beka 2023ko urriaren 1etik aurrera bi urtez luzatzen ahalko da, apirilaren 3ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen du).

4.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekak 14.422,92 euroko zuzkidura izanen du urtean, hau da, hilean 1.150 euroko 12 hilabete-sari gehi 51,91 euro Gizarte Segurantza ordaintzeko.

Beka lortu duen pertsonari ordaindu beharreko zenbatekoa hilabeteka ordainduko zaio, hilabetea bukatutakoan, edo zati proportzionalean, hala badagokio. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona atxikiko da. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, hilero, bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.

Hileko 1.150,00 euro gordineko kopuru hori bekaren iraunaldi osoan mantenduko da, eta ez da soldata edo ordainsaritzat hartuko, baizik eta laguntza ekonomiko publikotzat.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileekin parekatuko da, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzeari dagokionez, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan.

5.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6.–Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.

f) Eskatutako titulua deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Euskararen jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea, B2 mailaren baliokidea dena. Horri dagokionez kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

h) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.

7.–Eskaerak.

7.1. Prestakuntza beka hau eskuratzeko interesa dutenek honako leku hauetan aurkezten ahalko dute eskaera: Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea 27, behea, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/Zerbitzuak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko 21 egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira eskaera orokorrarekin batera:

a) Eskaera-orria, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria eta haren batez besteko nota, espresuki aipatuta ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioak eta zein deialditan gainditu zituen.

f) Euskararen ezagutza egiaztatzen duen titulua edo ziurtagiria, 6.g oinarrian aipatu dena.

g) Nafarroan erroldatua egotearen ziurtagiria, erroldaren antzinatasuna zehaztuta.

h) Alegatutako merezimenduen gaineko ziurtagiriak eta fotokopiak, 9. oinarriaren arabera baloratuak izateko.

i) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera (III. eranskina).

7.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Norbaitek aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta ebazpen hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8.–Ebaluazio Batzordearen osaera. Osaera eta prozeduraren instrukzioa.

8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko dira.

Honako hauek egonen dira Ebaluazio Batzordean:

–Batzordeburua: Jesús Laguardia Hontañón jauna, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Iñigo Artázcoz Guereñu jauna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Ataleko burua.

–Idazkaria: Manuel Goñi Gamarra jauna, NGIko goi-mailako teknikaria.

Ordezko idazkaria: Javier Vallés Romero jauna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko soziologoa.

–Epaimahaikidea: Ana Redín Pascual andrea, Informazio eta Prestakuntza Bulegoko burua.

Ordezkoa: Uncizu Huici Fernández andrea, NGIko gizarte-hezitzailea.

–Epaimahaikidea: Aniana Alfaro Nicolás andrea, Gazteen Sormenaren eta Beste Zerbitzu Batzuen Bulegoko burua.

Ordezkoa: Rosa Horcada Baztán andrea, NGIko erdi mailako teknikaria.

8.2. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Aldez aurretik, aktan jasoko da eskatzaileek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

8.3. Ebaluazio Batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak, eta organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, onartutako pertsona bakoitzari emandako puntuazio osoarekin. Nolanahi ere, proposamen hori loteslea izanen da.

9.–Baloratzeko baremoa.

Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira, eta gehienez 14 puntu lortzen ahalko dira:

a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

Ikasketa espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/87 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/03 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

–Nahikoa: puntu bat.

–Oso ongi: 2 puntu.

–Bikain: 3 puntu.

–Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta beste hizkuntza komunitario batzuk.

–Gehienez ere: 1,5 puntu.

C1 mailaren baliokidea den titulua edo ziurtagiria izatea. Horri begira kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Hala, ingeles edo frantses titulua izanez gero, 0,50 puntu emanen dira, eta Europar Batasuneko beste hizkuntza batzuetakoak, 0,25 puntu.

B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira.

B2 mailatik beherako tituluei ez zaie punturik emanen.

c) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere 2,5 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: puntu bat.

–Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.

e) Esperientzia profesionala edo boluntariotzarena hauekin lotutako gaietan: kazetaritza, ikus-entzunezko komunikazioa, sare sozialen kudeaketa edo sentsibilizazio- edo publizitate-kanpainak, lizentziaturako curriculumean sartuta ez badaude: Gehienez ere: puntu bat.

Horretarako, 0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, entitatearen arduradunaren aitorpena eta abar).

f) Elkarrizketa pertsonala. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 5 puntu arteko balorazioa emanen zaio, honako hauek aintzat hartuz: gazteekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, araudi administratiboa ezagutzea, bereziki gazteriaren arlokoa; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.

10.–Beka ematea.

10.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da beka, instrukzio organoaren proposamena aztertuta. Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori emanen zaion ere (puntuazio altuena lortzen duenari, alegia), eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpen hori eta hautagaien lehentasun-ordena, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean, informazio gisa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10.2. Beka jasotzeko hautatzen den pertsonak, beka emateko ebazpena jakinarazten denetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean, prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. (Konpultsak Nafarroako Gazteriaren Institutuan bertan egin daitezke: Yanguas y Miranda k. 27, behea. 31003 Iruña). Dokumentazioa aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta, horrela, modu berean jokatuko da hurrengoekin ere.

11.–Tutoretzak.

11.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak koordinatuko ditu bekaren onuradunak egin beharreko jarduerak.

11.2. Prestakuntza honetako tutoretza-, gainbegiratze- eta zuzendaritza-lanak Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak eta Nafarroako Gobernuaren Komunikazio Zerbitzuko zuzendariak izendatzen duen pertsonak eginen dituzte. Azken honek beka honetan eskatzen den maila bereko edo maila handiagoko titulazioa eduki beharko du. Tutoreak prestakuntza ekintza batzuk egitea aginduko du, gazteei –zentzu zabalenean– zuzendutako komunikazioa garatzen lagundu dezan. Orobat, Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarean egiten diren lanetan parte hartzea agintzen ahalko dio, eta, horrez gainera, parte hartzea Institutuaren sare sozialak eguneratu eta garatzeko lanetan, web-orriaren edukiak eguneratzeko lanetan, gazteentzako ekitaldiak hedatzeko lanetan eta prentsa oharrak prestatzeko lanetan. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere laguntzen ahalko du. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) prestatzen dituen ikastaroetan parte hartuz osatuko du bere prestakuntza, interesgarriak iritziz gero. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituela.

12.–Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, jaso duen bekaren azkeneko hileko saria itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13.–Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskaera-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

i) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.

14.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Nafarroako Gazteriaren Institutuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

15.–Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaren xede diren jarduerak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

16.–Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

17.–Lan edo administrazio harremanik eza.

17.1. Beka gozatzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

17.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak, kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

18.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

19.–Ez-betetzeak.

Bekadunak esleitzen zaizkion betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, azken memoria aurkezten ez badu, edo tutorearen oniritzia lortzen ez badu, edo beka emateko aintzat hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta, batez ere, bateraezinak diren bekak edo dirulaguntzak lortuz gero, beka itzuli beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarri bezala.

20.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari zuzendua.

Deialdi honen aplikazio ekintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

21.–Aplikatu beharreko legeria.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. ERANSKINA

Eskaera eredua.

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu II. eta III. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2210306