169. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdia, mantentze-lanetako ofizialaren bi lanpostu betetzeko oposizio murriztuaren bidez

Alkatetzaren 2022ko abuztuaren 11ko 906/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen deialdi murriztu bat, Burlatako Udalerako mantentze-lanetako ofizialaren bi lanpostu, C mailakoak, betetzeko. Lanpostuek 5.3 eta 5.4 zenbakiak dituzte plantillan.

OINARRIAK

1. oinarria.–Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da mantentze-lanetako ofizialaren bi lanpostu, C mailakoak, oposizio murriztuaren bidez betetzea, Burlatako Udalaren zerbitzuko langile finkoen artean, baldin eta deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Lanpostuak 5.3 eta 5.4 zenbakiekin identifikatuta daude plantilla organikoan, eta honako ezaugarri hauek dituzte:

“Mantentze-lanetako ofiziala, euskararen hizkuntza-eskakizuna %5; lanpostu kopurua: 2; araubidea juridikoa: funtzionarioena; C maila; sarbidea: murriztua; lanpostuko osagarria: %8,52; arriskuko osagarria: %10; mailako osagarria: %12”.

1.2. Aplikatu beharreko araudia: Deialdi murriztu hau gauzatzen da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluarekin (legegintzako foru dekretu horrek onesten du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

1.3. Oinarrizko soldata izanen da C mailari dagokiona, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari. Gainera, Udalaren plantilla organikoak 5.3 eta 5.4 lanpostuetarako ezarritako osagarriak izanen ditu, baita legez dagozkion ordainsariak ere.

1.4. Lanaldi osoko araubidea izanen da, orduen banaketa Alkatetzaren ebazpen baten bidez erabakiko da, eta zerbitzuaren premiek zehaztuko dute. Udalak noiznahi alda dezake. Egutegiak urtero onetsiko dira alkatearen ebazpen baten bidez, eta lanaldiaren banaketa ere finkatu beharko da.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiek eginen dituzte beren mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizunak eta lanak, eta besteak beste, zehazki, hauek:

–Udal-azpiegituren mantentze-lanak eginen ditu, bai bide publikoan, bai udal-eraikinetan.

–Bere ardurapean uzten diren lanen jarraipena eta kontrola eginen du.

–Burutzak agindutako lan-programa betetzeaz arduratzea.

–Lanak egunero antolatzea, bai eta horiek egiteko makineria, erreminta, ibilgailu eta materialak ere.

–Burutzari proposatzea, lan-programaren arabera, materiala eta ekipoak kontratatzeko beharrizanak, behar besteko aurrerapenarekin, geldialdiak edo atzerapenak saihestuz.

–Bere kargura dauden langileen lana gainbegiratzea eta behar duten laguntza teknikoa ematea, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.

–Hornitzaileei aurrekontuak eskatzea, agintzen zaizkion erosketak egitea (materialak eta abar erosteko txartelak sinatu eta kontrolatzea bere eskumenen esparruan), ezarritako jarraibide eta prozeduren arabera.

Ibilgailuen, erreminten eta makineriaren kontrolaz, mantentze-lanaz eta kontserbazioaz arduratzea.

–Laneko arriskuen prebentzio arauak betetzea eta betearaztea, bai eta segurtasun eta higiene arauak ere.

–Gertatzen diren larrialdi, arazo eta desbideraketei irtenbidea ematea, zuzenketa egokiak eginez larrialdiaren edo ezartzen diren lehentasunen arabera.

–Gainbegiratuko ditu urbanizazio berrien proiektuak eta kanpoko enpresek egindako lanak, eta aipatutako lanen jarraipena eta onespena ere bai, eta arduradunari horren berri emanen dio.

–Langileak hautatzeko prozesuetan parte hartuko du, epaimahaikide gisa, bere lanpostuaren sailkapenari dagozkion kasuetan.

–Eta, oro har, organo eskudunak agintzen dizkion oraingo eta etorkizuneko lan guztiak egitea, bere lanpostuarekin lotuta daudenak eta bere mailaren eta kategoriaren barrenean.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartua izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:

a) Burlatako Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea.

b) Deialdiaren xede den lanpostua baino beheragoko maila batean egotea, hau da: E edo D.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Gutxienez titulu hauetakoren bat izatea: Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, eta administrazio publikoetan aitortutako bost urteko antzinatasuna frogatzea.

e) Aurreko d) letran adierazitako baldintzaren ordez, administrazio publikoen zerbitzuan egiazki egindako zortzi urte onartuak froga daitezke.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

g) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia.

2.2. Aurreko baldintzak oinarri hauetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko dituzte gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duten izangaiek. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean betetzen direla ulertuko da, baita hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskaerak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Udalaren Erregistro Orokorraren bidez aurkezten ahalko dira (Larrainetako plaza, z.g.), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotzen diren beste bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Eskabideak Burlatako Udalaren Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea), eskatzaileek eskabidearen kopia igorri beharko dute oac@burlada.es helbide elektronikora, dena delako erregistroaren zigilua eta sarrera-data dituela, betiere eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Eskabideak II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta udal web-orrian eskuratzen ahalko dira; era berean, udal bulegoetan ere eskuratzen ahalko dira (Larrainetako plaza, z.g.).

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea igarotakoan eta horiek ebatzi ondoren, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta probak hasteko lekua, eguna eta ordua zehaztuko dira. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko du Alkatetzak behin betiko zerrenda, ebazpenaren bidez.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Burlatako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.

Lehenengo epaimahaikidea: Burlatako Udaleko Obra eta Zerbitzuetako burua.

Ordezkoa: ordezten duena.

Bigarren epaimahaikidea: Burlatako Udaleko obra-arduraduna.

Hirugarren epaimahaikidea: Burlatako Udaleko ordezkari sindikal bat.

Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

Idazkaria: Burlatako Udaleko idazkari nagusia.

Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak hasi aitzin eratu beharko du epaimahaiak, eta eratzea baliozkoa izateko, baita jarduteko ere, kideen gehiengo osoak bederen bildu beharko du.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6. oinarria.–Oposizioaldia: gehienez ere 100 puntu.

6.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehenengo ariketa: ariketa hau teorikoa izanen da. Epaimahaiak, hasi aurretik, gehienez ere ezartzen duen denboran, zenbait erantzun posible dituzten galderei idatziz erantzutea (gehienez ere 50 galdera izanen dira). Erantzun horietako bat baizik ez da baliozkoa izanen. Gaiak, berriz, deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendan jasotakoak dira.

Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu lortu daitezke, eta bazterturik geldituko dira 20 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Ariketari ekin aurretik zehaztuko dira ariketaren iraupena, akatsen penalizazioa eta galdera kopurua.

Bigarren ariketa: praktikoa edo teoriko-praktikoa izanen da. Kasu praktiko bat edo zenbait garatu beharko dira, lanpostuaren eginkizunei buruzkoak.

Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lortu daitezke, eta bazterturik geldituko dira 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Ariketaren iraupena eta kasu bakoitzaren balorazioa ariketari ekin aurretik zehaztuko dira.

6.2. Hizkera ez-baztertzailea. “Burlatako Udalak egiten dituen lanpostuen deialdi publiko guztietan %5 baloratuko da probetan hizkera ez-baztertzailea erabili izana”; halaxe ezartzen du Burlatako udal-esparruan hizkuntza ez-sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen 2005eko otsailaren 7ko udal-ordenantzak (29. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa; ondoren aldatua, 2014ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 4koan). Beraz, oposizioaldian 5 puntu emanen zaizkie bigarren proba egitean hizkera ez-baztertzailea erabiltzen dutenei; ez da baztertzailea izanen. Izangaiek badute eskuliburu bat Burlatako Udalaren web-orrian (www.burlada.es), hizkera ez-baztertzailearen erabileraren gainekoa. Bigarren ariketa ez bada idatzizkoa, oposizioaldiko guztizko puntuazioa 95 puntukoa izanen da.

6.3. Euskaraz jakitea: gehienez ere 5 puntu. Euskararen ezagutza baloratzeko, ziurtagiri ofiziala aurkeztu, edo borondatezko proba ez-baztertzailea egiten ahalko da. Gehienez ere 5 puntu jasoko dira (deialdiako guztizko puntuazioaren %5), eta ahozko eta idatzizko C1 maila frogatzen dutenek eskuratuko dute. Handik beherako mailak proportzioan baloratuko dira: B2 4, B1 3, A2 2 eta A1 1). Euskarazko proba egin nahi edo titulazioa aurkeztu nahi duten izangaiek, eskabidean azaldu behar dute. Eskabidean titulazioa aurkezteko aukera markatzen bada, titulazioaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua erantsiko da harekin batera. Izangaiak titulazioa aurkezteko aukera edo proba egiteko eskaera eginen du eskabidean, baina ezin ditu bi aukerak hautatu.

6.4. Ariketak burututa, epaimahaiak Burlatako Udalaren iragarki-taulan eta ohiko euskarrietan emanen ditu argitara izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak.

6.5. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

Izangaien kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak argitaratutako du, azken ariketa egin den lekuan, gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duten bi izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio organo deitzaileari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukaturik, proposatutako izangaiak izendatuko dira Alkatetzaren ebazpenaren bidez 5.3 eta 5.4 lanpostuak betetzeko.

8.2. Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta organo eskudunak jabetza hartzeko eguna ezarri ahalko du.

9. oinarria.–Datuak babestea.

–Datuen tratamenduaren arduraduna: Burlatako Udala, Larrainetako plaza, z.g. Tel.: 948 23 84 00.

–Datuak babesteko ordezkaria: dpd@burlada.es

–Xedea: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoak baliatuz.

–Oinarri juridikoa: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta interesdunaren onespena.

–Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

–Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

–Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

–Bestetik, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo haren egoitza elektronikoaren bitartez (www.agpd.es).

–Informazio gehiago: Pribatutasun Politika www.burlada.es gure web-orrian.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien kontra eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketengatik etorritako egintza administratiboen kontra, honako errekurtso hauek aurkezten ahal dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen/erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, organo deitzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Burlatan, 2022ko abuztuaren 11n.–Alkate udalburua, Ana M.ª Góngora Urzaiz.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

I. zatia.–Legedia.

1. gaia. Laneko arriskuen prebentzioa. Segurtasun neurriak pintura, arotzeria eta igeltserotzako ohiko lanetan.

II. zatia.–Lanpostuko eginkizunei buruzko berariazkoa.

1. gaia.–Pinturako kontzeptu orokorrak: pinturako erremintak, materialak eta produktuak, pintura-lanak.

2. gaia.–Zurgintzako kontzeptu orokorrak: zurgintzako erremintak, zurgintzako materialak, zurgintza-lanak.

3. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. igeltserotzako erremintak, igeltserotzako materialak, igeltserotza-lanak.

4. gaia.–Iturgintzako kontzeptu orokorrak: Oinarrizko ezagutzak. Erremintak. Materialak. Mantentze- eta konpontze-lanetarako oinarrizko eragiketak.

5. gaia.–Sarrailagintza eta metalgintza. Oinarrizko ezagutzak. Erremintak. Materialak. Tratamendu termikoak eta azaleko tratamenduak. Sistema mekanikoak konpondu, doitu eta erregulatzea. Sarrailen, banden, gontzen eta ateetarako bestelako burdinerien mantentze- eta konpontze-lanetarako oinarrizko eragiketak.

III. zatia.–Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.

1. gaia.–Informazio geografikoaren sistemak. Elementuen geolokalizazioa.

2. gaia.–Planoen interpretazioa.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2211072