167. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

759E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena proiektu honetarako: Barasoaingo udal mugarteko 1536 eta 3456 plaza bitarteko zerramen ustiategia handitzeko proiektua. GAM Ganadera SLU da sustatzailea.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen direnetakoa da –1. taldeko A) 4 epigrafean–. Beraz, aipatu xedapenean ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren laburpena.

Izapideari hasiera emateko, titularrak ingurumen baimen integratuaren eta ingurumen eraginaren ebaluazioaren eskaera aurkeztu zuen eta, horrekin batera, ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen.

2020ko ekainaren 16an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen baimen integraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa, 30 egunez (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 131. zenbakian argitaratuta), eta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Jendaurrean jartzeko aldian ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalari, Abere Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta Barasoaingo Udalari. Espedientean honako hauen erantzunak jaso dira: Ingurumen Eraginaren Atala, Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Abeltzaintza Zerbitzua eta Barasoaingo Udala. Era berean, kontsulta egin zitzaien sei interesduni eta ez da haien erantzunik jaso.

Txosten honen eranskinetan jaso dira irismen izapidearen, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten eta jendaurrean jartzeko aldiaren emaitzen laburpena.

Titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan aurkeztu zuen proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena, eta hark Biodibertsitatearen Zerbitzuari bidali zion espedientea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera, analisi teknikoa egin eta ingurumen eraginaren adierazpena eman zezan.

Analisi teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa.

Handituko den instalazioa Barasoaingo herriaren mendebaldean dago, kilometro bat baino gutxiagora, eta badagoen instalazioaren azalera berdindua hartzen du.

Lurraldearen ikuspuntutik, instalazioak malda leuneko glazis batean daude, mosaiko erako paisaia batean: txandakatuta daude lehorreko zereal laboreak hondo buztintsuen gainean, garrigekin eta abariztiekin (batzuetan ipar-ipuruak eta erkametzak ere badaude), hareharrien azaleratzeak hartzen dituztenak, eta larre eta ihidien zerrendak, hondo erdiendorreikoetako arro txikiei jarraituz.

Jarduerak edukiera handiko abeltzaintza-ustiategi bat handitzea dakar, eta baliabide eta azalera ugari eskatuko ditu abeltzaintzako gorozkiak landan ongarri gisa nekazaritzarako aplikatuz balorizatzeko. Usainen ekoizpenari eta minden banaketarekin lotutako alderdiei dagokienez, ebaluazioak kontuan hartu du herritik hurbil dagoela eta talde beraren partaidetza duen beste instalazio bat dagoela ekialdean, 1,3 km-ra. Mindaren banaketari dagokionez (minda gordina, banandu likidoa eta mindaren banandu solidoa), batera kudeatzen da. Instalazioek mindak biltegiratzeko putzua, behe presioko aspertsiozko ureztapenaren instalazioa eta minda banatzeko ekipoak partekatzen dituzte, baita xede lurzatiak ere.

Baserriaren handitzearen ebaluazioan, kontuan hartu da parke eolikoen hurbiltasunak abifaunan izanen duen eragin sinergikoa, Barasoaingo parke eolikoko hiru haize-sorgailuak direla-eta zehazki, 350 eta 1.050 metro bitarteko tartean baitaude. Datuak berrikusita, parkeko eremu horretako istripu tasaren jarraipena eta jarduerak garatutako kudeaketa neurriak aintzat harturik (bajak ezabatzen baititu gorpuak erretzeko ekipo batekin egindako berariazko prozedura batean), ez da uste handitzeak eragin nabarmenik izanen duenik alderdi horretan.

Berotegi efektuko gasen (BEG) emisioari dagokionez, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak honako hau jakinarazi du: otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuan eta Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoaren arabera, baimen substantiboaren izapidean, behar diren neurriak ezarriko dira animalien estabulazio pabiloietan, simaurren biltegiratzean eta landan aplikatzeko prozesuan emisioen kopurua txikiagotzeko.

Bai instalazioa bai simaurrak kudeatzeko planeko azalera ia guztia nitratoez kutsatuta egon daitekeen eremu batean, “3. eremua: Zidakos ibaiaren arroa” delakoan, daude. Eremu hori lotuta dago 051 zenbakiko lurpeko ur masarekin (Zidakos ibaiko alubiala) eta 049 eta 292 zenbakietako azaleko ur masekin (zeinek Zidakos ibaiari eragiten baitiete sorburutik bokaleraino). Ur masa horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak irailaren 15ean emandako 147E/2020 Foru Aginduan bilduta daude, zeinaren bidez berrikusten baitira nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak eta aldatzen baitira 2018-2021 aldirako jarduketa programak.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak inguruabar hori ohartarazi zuen eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak horren berri eman zion titularrari, ukitutako administrazio publikoei kontsulta egiteko izapidean, zeina Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan araututa baitago.

Era berean, azterketaren ingurumen-ebaluazioren fasean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, 2021eko apirilaren 25ean, simaurrak banatzeko lurralde plana zuzentzeko eskatu zuen eta sustatzaileari zera ohartarazi zion: proposamenaren aldeko balorazioa egin ahal izateko, sustatzaileak handitzeko proiektuari buruzko beste plan bat aurkeztu behar zuen, eta “Zidakos ibaiaren arroa” delako nitratoez kutsatuta egon daitekeen eremuan kokatutako banaketa lurzatiak kanpo utzi.

Errekerimenduari erantzuteko, sustatzaileak eskatu du jarduera salbuets dezala GAM GANADERAREN handitze proiektuko ureztapen planean kutsatuta egon daitezkeen eremuetan dauden lurzatiak kanpo uzteko betebeharretik. Horren ordez, banaketa kontrolatzeko eta doitzeko jarraibideak proposatu ditu, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak irailaren 15ean emandako 147E/2020 Foru Aginduak, zeinaren bidez berrikusten baitira nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak, 2018-2021 aldirako ezarri zuen jarduketa programan ezarritako dosifikazioa eta baldintzak betetzen direla bermatzeko. Dokumentazioak beste kokapen aukera batzuk baztertzen ditu eta ez du beste kokapenik proposatzen, ezta abereen gorozkiak 3. eremuan (Zidakos ibaiaren arroa) nekazaritzako ongarri gisa aplikatzeaz bestelako kudeaketa formularik ere.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak adierazi duenez, ur ingurunearen gaineko eragin potentzialei dagokienez, eta jarduketarekin lotutako ur-masen egoera analizatuta, badauden presioekin eta Ebroko Demarkazioaren egungo Plan Hidrologikoan planteatutako ingurumen helburuekin erkatuta, proiektatu denak helburuen lorpena urrunduko luke. Haren ustez, lotutako ur masetako nitratoen kontzentrazioak nabarmen hobetu direla ikusi arte, jarduera ezartzeak eta mindak edo simaurrak landak ohi bezala ongarritzeko erabiltzeak egoera larriagotuko du ziurrenik eta, beraz, hitzartutako ingurumen helburuen lorpena gero eta gehiago urrunduko du.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak honako hau adierazi du: lurpeko urak nitratoez kutsatuta egoteak dakarren arazo gero eta larriagoa dela medio eta otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuak (txerri-haztegi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituena eta txerri-azienda estentsiboko ustiategien oinarrizko antolamendu-araudia aldatzen duena) 7.B artikuluan (“Abere dentsitateagatiko mugak”) ezarritakoa oinarri hartuta, agintaritza eskudunak mugatzen ahalko ditu zerri aziendako ustiategi berrien instalazioa eta gehieneko edukiera, ingurumenarekin edo osasunarekin lotutako arrazoiengatik, autonomia erkidegoak abere dentsitate altukotzat edo kalteberatzat jotako eremuetan, otsailaren 14ko 261/1996 Errege Dekretuak (nekazaritzaren ondoriozko nitratoek sortutako kutsaduratik ura babesteari buruzkoa) ezarritako baldintzetan. Era berean, adierazi du sustatzaileak ez diola erantzun mindak banatzeko lurzatiak nitratoez kutsatuta egon daitezkeen eremuetatik kanpo uzteko egindako errekerimenduari eta, hori kontuan hartuta, bidezkoa iruditzen zaiola espedientea kontrako iritzi batekin amaitzea. Izan ere, zuzeneko harremana dago proiektutako handitzearen eta sustatzaileak bete ez duen baldintzaren betetzearen artean.

Espedientearen analisi teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura egokiro egin dela eta proiektuaren inpaktuek, proposaturiko neurri zuzentzaileak aplikatuta ere, eragin kaltegarria edukiko luketela bai ur ingurunean bai nitratoez kutsatutako uren kalitatean. Gainera, proiektua proposatutako baldintzetan ezarriz gero, presio handiagoa eta kalitate helburuak ez betetzeko arrisku handiagoa sortuko lituzke “3. eremua: Zidakos ibaiaren arroa” delakoaren barruan (eremu hori nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezakeen eremutzat jotzen da). Horregatik guztiagatik, kontrako ingurumen eraginaren ebaluazioa formulatzea proposatu da.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat etorriz eta espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Kontrako ingurumen eraginaren adierazpena ematea Barasoaingo 1536 eta 3456 plaza bitarteko zerramen ustiategia handitzeko proiekturako, ebazpen honen azalpen zatian azaldutako arrazoiengatik. GAM GANADERA SLU da sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangozako demarkazioa) jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Zerrikumeak ekoizteko eta titia kendu arte (6 kg-raino) gizentzeko instalazio bat handitzea proiektatzen da, zerramentzako 3.456 plaza izan arte, Barasoaingo Kostobaroko parajeko 3. poligonoko 238. lurzatian. Instalazioa Barasoainek eta Garinoainek osaturiko herrigunetik kilometro 1 baino pixka bat gutxiagora eta antzeko ekoizpen orientazioa duen beste batetik 1,3 km baino gutxiagora dago. Azken hori kudeaketa talde berarena da eta 1. poligonoko 552. lurzatian dago.

Handitzeko, aurreikusi da badauden pabiloiak ekialderantz luzatzea (eta estaltze eta kontrolerako pabiloia mendebalderantz ere luzatzea), 79 eta 95 metro bitarteko luzeretan, eta 1.562 m²-ko biltegi pabiloia eraistea. Guztira, ostatu-azalera 6.681 m² handituko litzateke geldituko diren eraikinetan.

Handitzea bukatutakoan, eraikinetan oraingo sekzioa eta altuera (6 eta 7 metro bitartekoak) mantenduko lirateke eta honako elementu hauek osatuko lukete instalazioa:

–Ostatua:

  • Amatasun pabiloia: 32,9 x 186,5 m (6138,6 m²).
  • Estaltze eta kontrolerako pabiloia: 20,35 x 201 metro (3458,1 m²).
  • Haurdunaldi berretsirako pabiloia: 23 x 197,4 metro (4540,5 m²).
  • Berrogeialdirako pabiloia (586,7 m²).

–Etxola lagungarriak:

Berrogeialdirako eranskina, ur etxola, gorpuen errauskailua, kaxa elektriko orokorrak eta eraldaketa zentrokoak (97,7 m²).

–Simaurren kudeaketa:

  • Minda putzua, minda gordinaren putzua eta banantze zonako zolata (1.850 m²).
  • Granja Los Alecosen biltegiratze zentraleko putzura bulkatzeko hoditeria

–Bestelakoak:

Komunikazio korridoreak, siloak, ur biltegia (118 m² guztira).

Jarduketa instalazioa mugatzen duen zabalgunean eginen da, zeinak 33.136 m² inguru hartzen baititu. Horietatik 25.055 m² zoladurek iragazgaiztutako azalerei edo estalkiei dagozkie (pabiloietatik kanpoko zonako elementuen 3.340 m² eta eraikinen estalkien eta haien arteko zoladuraren 21.815). Gainerako 8.091 m²-ak material granularreko zabalgunearen azalera berretsiak eta mindak tratatzeko zonako elementuek osatzen dituzte.

Instalazioa handitzean, badauden beste elementu lagungarriei (gorpuak erretzeko ekipoa, transformadore elektrikoa, Granja Los Alecosen 3. poligonoko 43. lurzatiko biltegiratze zentraleko putzura bulkatzeko hoditeria) simaurrak banantzeko zona bat gehituko zaie. Bertan, iragazketa bidez banantzeko ekipoa eta solidoa biltegiratzeko zona egonen dira, jarioak biltzeko simaurren putzuaren ondoan, eta, horri esker, minda gordina bai fase likidoan bai solidoan erabiltzen ahalko da.

Jarduerak simaurra ekoizteko eta kudeatzeko plan bat dauka, baita banaketarako lurralde-plana ere. Plan horretan, abeltzaintza talde berak kudeatutako beste instalazio bat biltzen da, zeinarekin partekatzen baititu bai banaketa ekipoak bai minda landan ongarri gisa aplikatuz balorazio agronomikoa egiteko lurralde azalera. Instalazioak Granja Los Alecosen zentroarekin (3. poligonoko 445. lurzatia) partekatzen du azpiegitura, eta kutxatila bidezko bulkada sare bat dauka. Horrek, behe presioko aspertsiozko ureztapen sistema mugikor eta lokalizatu batekin konektatuta dagoenez, banaketa errazten du. Era berean, hodi esekiz hornitutako zisternak dauzka aspertsiozko ureztapen sistemak estaltzen ez dituen zonetan banaketa egiteko, baita atoi sakabanatzaileak ere, mindaren banandu solidoa banatzeko.

Lurralde plan komuna dauka eta, horren arabera, lehorreko zerealetarako 877 ha lurzati xedatuta daude guztira. Horietatik, planeko azaleraren gutxi gorabehera heren bat eman da baimenarekin. Jatorrizko planeko eta handitutako zatiko ia lurzati guztiak nitratoez kutsatuta egon daitekeen eremu batean, “Zidakos ibaiaren arroa” delakoan, daude, eta bi, aldiz, “Robo ibaiaren arroan” (Barasoaingo, Garinoaingo, Olorizko, Artaxoako, Añorbeko, Puiuko eta Tafallako udal mugarteak).

Ustiategiak hornidura elektrikoa eta ur hornidura dauzka. Ura berea den putzu batetik eskuratzen du eta Mairagako Mankomunitateko hornidura sareko baliabideekin osatzen du. Gasolioa erabiltzen du berokuntza sistemarako.

Jardueraren deskribapena.

Ustiategian bertan zerrikumeak ekoitzi eta 6 kg-raino gizentzeko jarduera, zerramentzako 4.560 plaza dituena ustiapen erregimenean, gehi aurrerako zerri emeak, eta non titia kendu zaien 120.152 zerrikume bizi ekoitziko diren urtean. Guztira 38.666 tona ekoitziko direla kalkulatzen da, iragazitako minda gordinaren fase likidoa eta solidoa batuta (52.822 kg nitrogenoren eta 41.366 kg fosfororen baliokidea). Bajak instalazioan dagoen instalazio propio batean erraustuz kudeatzen dira eta zerrama zaharrak baztertu ondoren saldu egiten dira.

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Barasoaingo Udala

X

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Ekologistak Martxan Iruña

Ecologistas en Acción

Gurelur

Sustrai Erakuntza fundazioa

Greenpeace Espainia

SEO/BirdLife

Ingurumen Eraginaren Atalak adierazi du instalazio handia dela, antzeko orientazio eta ezaugarriak dauzkan beste batetik hurbil dagoela eta harekin lotzea komeni dela, metatze inpaktuak eta lurraldean duten eragina ebaluatzeko. Hori bereziki usainei eta minden banaketarekin lotutako alderdiei dagokienez adierazten da, orobat kontuan hartuta bien lurralde plana nitratoz kutsatuta egon daitekeen eremu batean dagoela, Zidakos ibaiaren arroan, eta hura lotuta dagoela 051 zenbakiko lurpeko ur masarekin (Zidakos ibaiko alubiala) eta 049 eta 292 zenbakietako azaleko ur masekin (zeinak Zidakos ibaiari baitagozkie horren sorburutik amaieraraino).

Txostenak ohartarazten duenez, zati eraikiko obretan aplikatu beharreko neurrietarako izan ezik, ezarketa berri baten proiektua balitz bezala aztertu beharko ditu azterketak jardueraren zuzeneko eta zeharkako eragin guztiak. Garrantzitsua iruditzen zaio azterketak barne hartzea paisaiari eta instalazio guztien paisaia-integrazioa bermatzeko neurriei buruzko kapitulu bat, baita lotutako ustiategietako simaurren kudeatzailearen lurralde plana ere. Horri esker, jardueraren eraginpeko lurralde-eremua, lurraldeak mindak xurgatzeko duen jasate-ahalmena eta egokitasuna eta uren eutrofizazioarekin eta habitaten kontserbazioarekin lotutako arriskuak ebaluatzen ahalko dira.

Azkenik, gogorarazi du azterketak ingurumenaren arloko kartografia jaso behar duela, proiektuaren ingurumen-ebaluazioa egiteko, baita paisaia-integrazioan tratatu beharreko azalerak identifikatzen dituzten xehetasun planoak ere. Gainera, jakinarazi du kanpoko argiteriak bat etorri beharko duela irailaren 15eko 149/2007 Foru Dekretuak, Gaueko Argiteria Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duenak, 3. artikuluan adierazitakoarekin.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala, informazio soil gisa, hirigintza eta lurralde planeamenduari buruzko gogoeta batzuk eman ditu; horien gainean, LAP4 “Erdialdeko Eremuak” lurralde antolamenduko planak, udalerria barnean hartzen duenak, murrizketa batzuk egin litzake, lurzoruaren sailkapenaren arabera, babes bereziko eremuetan eta arrisku naturalak izateagatik babestu beharreko lurzoruetan. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko eginbeharraren betetzea, eraikuntzaren gehieneko altuera eta bide publikoetarako distantziak. Txostenak dio, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialekin bat egiten duela.

Barasoaingo hirigintzako udal planeamenduari dagokionez, adierazi du ezarketa eremua nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezintzat jotzen den arren, udal planean irudikatutakoaren arabera, handitzearen zati bat baso-lurzoruan ezarriko litzatekeela eta hor bateraezina litzatekeela, nahiz eta egun ikusitako erabilerarekin bat ez datorren. Gainera, udal planeko eraikuntza ezaugarriak azaltzen dira, alegia, okupazioak, eraikinen eta mugen arteko distantzia eta eraikuntzari buruzko betekizunei dagozkien nibelazio baldintzak (7. art.), baita planeamenduak abeltzaintzari laguntzeko eraikuntzei buruz jasotzen dituen baldintza bereziak ere.

Azkenik, proiektuak hirigintzako izapidetzean bete beharko dituen baldintzak aurreratu dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta ukipen sektorialak direla eta titularrak egoki diren txostenak eskatu behar dituela adierazi da.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak jarduketaren aldeko txostena eman du, ez dagoelako aztarnategi arkeologiko katalogaturik handitzea proiektatzen den eremuko lurzatietan. Hala ere, jakinarazi du lanak egin bitartean aztarna arkeologikorik aurkituz gero ez ukitzeko eta agintaritzari komunikatzeko legezko betebeharrak daudela.

Barasoaingo Udalak udal arkitektoaren txostena bidali du. Bertan, adierazi da 3. poligonoko 238. lurzatia lehengo 178. eta 179. lurzatien eransketaren emaitza dela eta haren gainean proiektatutako eraikuntza jarduketak bat datozela, hirigintzaren ikuspuntutik, udalerriko indarreko araudiarekin. Ingurumenaren ikuspegitik garrantzitsuak diren proiektuaren alderdiei dagokienez, udalak ez du ezartzeko oztoporik ikusten; izan ere, zonan jada finkatuta eta onartuta dagoen jarduera da eta, azken garaiotan, aktiboki esku hartu du paisaiaren gaineko ukipenak txikiagotzeko. Dena den, haren ustez, instalazioaren inguruan landaredi autoktonoz landareztatzeko lanak egiten jarraitu beharko da, paisaia-integrazioa hobetze aldera.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena eta zaintza plana

Izapidetzeak ingurumen eraginaren azterketa bat barne hartu du, koherentea dena handitzearen ingurumen baimen integratuarekin batera aurkeztu zen irtenbide teknikoarekin. Halaber, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean aurkeztutako informazioa jaso du. Azterketaren arabera, badauden instalazioen gainean handitzea aukera onuragarriagoa da ingurumenaren ikuspuntutik.

Azterketan alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, proiektuak ezarketan eta funtzionamenduan izan ditzakeen eraginak identifikatzen eta deskribatzen dira eta proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko neurriak ezartzen dira. Halaber, simaurrak banatzeko lurralde planaren irismena deskribatzen duen berariazko dokumentazioa barne hartzen du, zeinak sustatzaileak kudeatzen baitu talde bereko instalazioarekin batera (ekialdean dago, gutxi gorabehera 1.300 metrora), lurraldeak nekazaritzaren eta ingurumenaren ikuspegitik animalien simaurrak xurgatzeko duen ahalmena baloratzeko asmoz. Izan ere, banaketa-azalera nekazaritzako nitratoz kutsatuta egon daitekeen eremu batean dago, Zidakos ibaiaren arroan.

Proiektuak hartutako neurriak, alde batetik, prebentziozkoak dira, obrek proiektuaren eremuan izanen duten eragina mugatzekoak, eta, bestetik, kudeaketa neurriak, funtzionamenduan zehar ingurumenean izanen duen eragina murriztekoak. Azken horiek eragin berezia dute simaurren eta haien deribatuen kudeaketan eta haien xede nagusia balorizazio materiala egitea da, landan nekazaritza ongarri gisa aplikatuz. Alderdi hori bereziki garrantzitsua izan da izapidetzean; izan ere, nitratoez kutsatuta egon daitekeen eremu batean daude bai instalazioa bai jarduerako simaurrak banatzeko lurralde plan ia guztia. Hala ere, izapidetzean aurkeztutako irtenbideak ez du modu eztabaidaezinean saihesten simaurren eta haien deribatuen bolumenaren eragina; aitzitik, handitzearekin eragina areagotu egiten da, planaren eremua eremu kaltebera horretan mantentzen da eta.

Azterketan, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren inpaktu nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, zeinek nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dioten.

Iragarkiaren kodea: F2210718