167. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

227E/2022 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita Deierriko udal mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Sainz Ruiz SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 25eko 666E/2017 Ebazpenaren bidez eman zen; gero aldatu zen Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 2ko 52E/2020 Ebazpenaren bidez, eta berrikusi zen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 90E/2021 Ebazpenaren bidez, eta berrikusi zen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 29ko 82E/2022 Ebazpenaren bidez.

2022-04-27an, instalazioaren titularrak dokumentu bat aurkeztu zuen, adierazteko uko egiten diola urriaren 25eko 666E/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako zabaltze proiektuaren 2. fasea gauzatzen jarraitzeari. Ondorioz, instalazioak abereentzako nabe bakarra izanen du, eta edukiera, azkenean, gizentzeko 189.000 oilaskotarako izanen da.

Kasu honetan, ondorioztatu da gertatzen direla Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4 artikuluan aurreikusitako inguruabarrak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta, horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta Industriako Isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Ofizioz berrikustea Deierriko udal mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinetan zehaztutako aldaketen arabera. Instalazioaren titularra Sainz Ruiz SL da.

Bigarrena.–Urriaren 25eko 666E/2017 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako Ingurumen baimen integratuan, lurzoru urbanizaezinari eta hondakinen produkzio eta kudeaketari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko plana eguneratzea, 2600170197/1/4 zenbakikoa.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Sainz Ruiz SLri, Deierriko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari.

Iruñean, 2022ko uztailaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2210302