167. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

155/2022 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari egindako esleipena formalizatzeko hitzarmenaren testua onesten da. Esleipenaren xedea da langileentzako edo gaitasun profesionala prestakuntza-bide ez-formalen bitartez berenganatu duten pertsonentzako gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin loturiko jarduerak garatzea 2022. urtean, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Sektoreko Hezkuntza Konferentziak 2021eko uztailaren 21ean egindako saioan, besteak beste “Gaitasun profesionalen ebaluazioa eta egiaztapena” delako jarduketa finantzatzeko kreditua 2021. urterako banatzeko irizpideak eta autonomia erkidegoen arteko ondoriozko banaketa onetsi ziren. Jarduketa hori Lanbide Heziketa Modernizatzeko Planean dago, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko (SEM) “Lanbide Heziketa bultzatzeko plan estrategikoko” 20. osagaiaren esparruan.

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateari 4.092.435,43 euro eman dizkiote gaitasun profesionalen ebaluazioa eta egiaztapena finantzatzeko.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da eta nortasun juridikoa du, bai eta bere helburuak betetzeko jardute gaitasun osoa ere; administrazio publikoen aholkularitza eta lankidetzarako organo gisa taxutu da, dituen interes pribatuak alde batera utzi gabe. Apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeari jarraikiz arautzen da Ganbera.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari dagozkion funtzio publiko eta administratiboen artean, honako hauek daude: lankidetzan aritzea eta informazioa eta orientazioa ematea laneko esperientziaren bidez eskuratutako gaitasun profesionalak aitortzeko helburua duen ebaluazio, ziurtatze eta egiaztatze prozedurari dagokionez, bai eta prozedura horretako fase batzuk gauzatzeko instalazio zein zerbitzuak uztea ere.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren izaeragatik beragatik, korporazio horrek oso posizio mesedegarria du gure erkidegoko enpresekin eta langileekin gaitasun profesionala egiaztatzeko prozeduretan duten inplikazioa areagotzeko ekintzak garatzeko, ekintza horiei heltzeko duen kudeaketa gaitasuna profesionaltasun eta malgutasun handikoa baita administrazio alderdi jakin batzuetan.

Halaber, aipatutako legearen 7. artikuluaren bidez, Administrazioari ahalmena ematen zaio Ganberari bere eskumeneko jarduera material edo tekniko batzuk edo zerbitzu batzuk esleitzeko, eraginkortasun arrazoiengatik edo jarduera horiek egiteko baliabide tekniko egokirik ez edukitzeagatik, aurretik Parlamentuari jakinarazita. Kudeaketa-esleipen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Ganberaren arteko hitzarmen baten bidez formalizatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek agertuko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xede den jarduera edo jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleituriko kudeaketaren izaera eta hedadura eta, bidezko bada, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak.

Hezkuntza Departamentuak ez dauka ekintza osagarri horiei ekiteko ez bitarteko materialik ez giza baliabiderik. Beraz, Lanbide Heziketako Kualifikazio eta Proiektu Zerbitzuak txostena egin du hitzarmena egitea proposa dadila, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari esleitzeko “Gaitasun profesionalen ebaluazioa eta egiaztapena” delako zerbitzuko “gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin loturiko jardueren garapena”, baita dagokion gastua baimentzeko ere.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari (IFK: Q3173001C) egindako esleipena formalizatzeko hitzarmenaren testua onestea. Esleipenaren xedea da “Gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin loturiko jardueren garapena”, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Zehazki, 900.000,00 euro esleituko dira gehienez, 2022ko gastuen aurrekontuko 422002-43200-2276-322E08 “SEM. Gaitasun profesionala egiaztatzeko programak” partidaren kontura, PEP E-21/000320-01 MRR elementuarekin (gaitasun profesionala egiaztatzeko programak). Hitzarmena 1. eranskinean jasotzen da.

2. Esleipenaren ondoriozko egiaztagiriei eta Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialak bete beharreko adierazpenei buruzko jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskin gisa jaso dira.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Ekonomia eta Ogasuneko kontu-hartzaile delegatuari, Lanbide Heziketako Plangintza eta Integrazio Zerbitzuari, Lanbide Heziketako Gaikuntza eta Proiektu Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Foru Erakundeekiko Prozeduren Kudeaketarako Atalari helaraztea, Nafarroako Parlamentuari bidal diezazkioten, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen hau eta esleipenaren hitzarmena, bi alderdiek sinatu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari 2022. urtean gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin loturiko eta SEM funtsez finantzatutako jarduerak garatzeko egindako esleipena formalizatzeko hitzarmena

I.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialak (aurrerantzean, Ganbera) kudeatzea eta egikaritzea langileentzako edo gaitasun profesionala prestakuntza-bide ez-formalen bitartez berenganatu duten pertsonentzako “gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin loturiko jarduerak garatzeko” esleipena, SEM funtsez finantzatuta. Ekintza horiek Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean kokatuta daude.

Lanbide Heziketa antolatzeko eta integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bidez, bai estatuan bai Europan aintzat hartzen diren egiaztapenak, ziurtapenak eta tituluak eskuratzeko balio duten prestakuntza ibilbideetan aurrera egitea ahalbidetzen duten eskaintza guztiak osatzen dira. Bestalde, prestakuntza eskaintzez gain, legeak lanbide orientazioa eta laneko esperientziaren bidez edo beste bide formal zein informal batzuen bitartez eskuratutako gaitasunen egiaztapena txertatzen ditu sistema berriaren giltzarri gisa.

Nafarroako Gobernuak pertsonen gaitasun profesionalak hobetzearen alde egiten du, eta hori egiteko modu bat da laneko esperientziaren bidez edo beste bide ez-formal batzuen bitartez eskuratutako gaitasunak ofizialki aintzatestea.

Esleipen horren arabera, Ganberak gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin lotutako jarduerak garatuko ditu 2022. urtean, baimendutako gehieneko gastua, hurrengo klausulan aipatuko dena, kontuan hartuta.

Esleipen honek ez du barne hartzen Ganberak azpikontratazioak egiteko aukera.

II.–Hitzarmenaren kostuak.

Hitzarmen hau egikaritzeko, Hezkuntza Departamentuak gehienez 900.000,00 euroko aurrekontua xedatzen du, 2022ko gastuen aurrekontuko 422002-43200-2276-322E08 “SEM. Gaitasun profesionala egiaztatzeko programak” partidatik. Honela xehakatuko da:

–72 euro Ganberaren bitartekaritzaren bidez egiaztatzeko prozesuan inskripzioa formalizatzen duen pertsona bakoitzeko.

–168 euro Ganberak egiaztatzeko prozesua kudeatu dion hautagai bati ebaluatutako gaitasun unitate bakoitzeko.

Ganberak garatu beharreko zerbitzuak (‘Gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin loturiko jardueren garapena’), 2022. urtean, langileei edo gaitasun profesionala prestakuntza-bide ez-formalen bitartez berenganatu duten pertsonei emanen die laguntza, zehazki, prozeduran parte hartzen dutenei.

Hezkuntza Departamentuak gehienez 900.000,00 euro ordainduko dizkio Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari zerbitzuaren prestazio gisa, hitzarmenaren seigarren klausulan adierazitakoarekin bat etorriz. Kontzeptu horiek guztiak dagozkien fakturetan jaso beharko dira, behar bezala xehakatuta.

III.–Egiteko tokia eta egutegia.

Langileentzat edo gaitasun profesionala prestakuntza-bide ez-formalen bitartez berenganatu duten pertsonentzat izanen da “gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin loturiko jardueren garapena”, eta SEM funtsez finantzatuko da. Hain zuzen ere, kostuaren ondoriozko zenbatekoa, guztira, 900.000,00 izanen da gehienez.

Ekintzen egutegia hitzarmen hau eraginkorra den egunetik 2022ko abenduaren 9ra arte gauzatuko da.

Ganberak gune eta instalazio egokiak emanen ditu gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin lotutako jarduerak ongi garatzeko.

IV.–Egiaztatu beharreko pertsonen taldeak eratzea.

Ganberak eratuko ditu egiaztatu beharreko pertsonen taldeak, antzeko eremu profesionalen arabera.

V.–Jardueren deskribapena. Memoria.

Ekintzen helburua da langileen edo gaitasun profesionala prestakuntza-bide ez-formalen bitartez berenganatu duten pertsonen gaitasun profesionalak hobetzea, gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin lotutako jarduerak garatuz. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatuta daude, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Gaitasun profesionala egiaztatzeko prozedurarekin loturiko jardueren izaera eta proportzioa bi ekintza arlotan banatuta daude, alegia:

a) Antolatzeko, hedatzeko eta hautagaiek izena emateko fasea.

b) Aholkularitza/ebaluazio fasea.

2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, Ganberak memoria tekniko bat aurkeztuko dio Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari. Bertan, hitzarmena osatzen duten jarduketa guztiak jasoko dira eta jarduerak nola garatu diren eta xedatutako helburuak bete diren baloratuko da. Memoria analisi eta hobekuntzarako elementu gisa erabiliko da, hitzarmena luzatzeko aukerari begira.

VI.–Informazio, komunikazio eta publikotasun betebeharrak.

Ganberak bete beharko ditu Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan garatzen diren eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatuta dauden ekintzei eragiten dieten estatuko eta Europako arauetan jasotako informazio, komunikazio eta publikotasun betebeharrak.

Mandatua egin eta 10 egun naturaleko epean gehienez, Ganberak dokumentu hauek bete, digitalki sinatu eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari eman beharko dizkio:

–3. eranskina: Interes-gatazkarik ezaren adierazpena.

–4. eranskina: Datuak lagatzeari eta tratatzeari buruzko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) jarduketak gauzatzeari dagokionez.

–5. eranskina: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) jarduketak exekutatzeko konpromisoari buruzko adierazpena.

VII.–Hitzarmenaren ordainketa.

Hitzarmena 3 ordainketatan ordainduko da, Ganberak dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

a) Excel fitxategia, ebazpen honen 2. eranskineko 3. jarraibidean zehazten denaren arabera. Bertan, fakturen zerrenda edo froga balio bera duten kontabilitate agiriak jaso beharko dira, baita dagokien ordainketa aldian izandako gastuei buruzko datuak ere.

b) Gastuak, ordainketa eta kontabilitatea justifikatzeko euskarria, ebazpen honen 2. eranskineko 5. jarraibidean zehazten denaren arabera.

c) Gastuak justifikatzeko aldiari dagozkion Ganberaren fakturak.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak esleituriko lanak honela ordainduko zaizkio Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari:

–Lehen ordainketa, 110.000 eurokoa, hitzarmen hau sinatzen denean.

–Beste ordainketa bat 2022ko urriaren 15ean, hirugarren klausulan aipatutako ekintzei dagozkien zenbatekoena. Horretarako, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko dira aldez aurretik, prozeduran izena eman duten eta onartu diren pertsonen kopuruari eta aholkularitza/ebaluazio fasea garatu dutenen kopuruari buruz.

–Azken justifikazioa 2022ko abenduaren 9a baino lehen aurkeztuko da.

Hitzarmenaren xede den zerbitzuaren justifikazio memoria ekonomiko eta teknikoa 2. eranskinean jasotako jarraibideen arabera eginen da.

VIII.–Ikuskapena.

Hezkuntza Departamentuak mandatuaren garapena ikuskatzeko eskubidea du. Hartara, Ganberak lan hori erraztu behar du eta, orobat, eskatzen zaizkion datuak eman.

Iragarkiaren kodea: F2210562