167. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

111E/2022 EBAZPENA, uztailaren 11koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, 2022ko deialdia onesten duena I+G+b arloa finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzetarako. DDBN identifikazioa: 641143.

Deialdi honen laguntzen helburua da Nafarroako enpresen eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainen (ETEak) parte-hartzea bultzatzea I+G+b arloa finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan.

Hala, programa horietara aurkezten diren proposamenen kopurua eta kalitatea handitu nahi da, eta, orobat, segurtatu nahi da beste baliabide ekonomiko batzuetarako sarbidea izanen dutela.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 14an emandako 51/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak (2019ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 20koa),

EBAZTEN DUT:

1. 2022ko deialdia onestea I+G+b arloa finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzetarako.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82600-4701-467300: Ezagutza arloko zerbitzu intentsiboetarako bonu teknologikoak

2022

150.000.00

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko uztailaren 11n.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da pizgarria izatea enpresek, bereziki ETE-ek, eta Nafarroako I+G+b Sisteman (SINAI) inskribatuta dauden eragileek parte har dezaten ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza (I+G+b) finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan.

Horretarako, diruz lagunduko da entitate horiek aholkularitza-enpresak kontratatzea, I+G+b proiektuak definitzeko, lantzeko eta ondoko deialdi hauetan aurkezteko:

A–Horizon Europe programa eta Europar Batasunean I+G+b proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

B.–Teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko programak.

2. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluko Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileak eta enpresak izan daitezke erakunde onuradun, baldin eta dirulaguntza eskatzeko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantoki bat Nafarroan izatea eta bertan egitea deialdi honen xedeko proiektuak.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

d) Enpresen kasuan, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, hala badagokio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak Nafarroako Industria Erregistroa sortzeko apirilaren 30ean emandako 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

e) SINAIko eragileen kasuan, halako akreditazioa izatea Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen Erregistroan, zeina araututa baitago Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan (2020ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 10ekoa.).

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta 9. oinarrian araututako ordainketa-ebazpena eman arte jarraitu beharko dira betetzen.

3. Ezin dira onuradun izan:

a) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mendeko entitateak, baldin Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.

b) “Krisian dauden enpresak”, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. puntuan ezarritako definizioaren arabera. Salbu eta 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeuden baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

4. Enpresa txiki eta ertainen definizioari dagokionez, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan ezarritakoari jarraituko zaio.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Laguntzak eskatzeko epea amaitu baino lehen eskatzaileek I+G+b proiektuen proposamenak egiteko aholkularitza-enpresekin egiten dituzten kontratazioak lagunduko dira diruz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

1.1. I+G+b proiektuek honako deialdi hauetako batean eskatu beharko dituzte laguntzak:

A–Horizon Europe programa eta Europar Batasunean I+G+b proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

B.–Teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko programak:

–B.1. Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren bidez (aurrerantzean, CDTI) kudeatutako teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko proiektuak: alde anitzekoak (Eureka eta Iberoeka) edo aldebikoak (Maroko, Brasil, Mexiko, Kuba, Japonia, Txina, India, Errusia, etab.).

–B.2. ERA-NET, ERA-NET Plus edo ERA-NET COFUND eskemen babespean dauden teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko proiektuak.

1.2. Lankidetza-proiektuak izatea, salbu eta Europako programetan (hala nola EIC Accelerator) aurreikusitako banakako proiektuen ildo espezifikoei dagozkienak.

1.3. 2021eko abuztuaren 31tik aurrerako ebaluazio-txostena (ESR Evaluation Summary Report) edo antzekoa izatea.

2. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Aholkularitza-gastuak, gastu finantzagarri gisa sartzen baldin badira aurreko apartatuko a) letran aipatutako laguntza-deialdian.

b) Aholkularitza-enpresak laguntza-eskatzaileari egiten dizkion aldizkako aholkularitza-jarduerak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, salbu eta kostu hori onuradunarentzat berreskuraezina denean; kasu horretan, onuradunak frogatu egin beharko du.

4. oinarria.–Aholkularitza-enpresen betekizunak.

Aholkularitza-enpresek eginen dituzte I+G+b proiektuen proposamenak, baldin eta beren helburu sozialean jasota badute jarduera horiek egitea eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Entitate onuradunari lotutako edo atxikitako enpresa bat ez izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren ETEaren definizioan agertzen diren terminoen arabera.

b) Ez jardutea bazkide edo koordinatzaile gisa onuradunarentzat prestatutako proposamenean.

c) Deialdi honen babespeko laguntzarik ez eskatzea.

d) Ez azpikontratatzea deialdi honen xedeko lanak.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarria eskatzen ahalko du aholkularitza-enpresak emandako datuak eta haien kualifikazioa egiaztatzeko. Halaber, diruz lagundutako proiektuak prestatzen parte hartu duten aholkularitza entitateen zerrenda argitaratzen ahalko du Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.nafarroa.eus) edo intereseko beste web-orri batzuetan.

5. oinarria.–Baldintzak eta laguntzaren zenbatekoa.

Gastu diruz lagungarrien %80 artekoa izanen da laguntza, ondoko baldintzen arabera, proiektuak zer deialditara aurkezten diren:

A–Horizon Europe programa eta Europar Batasunean I+G+b proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

Horizon Europe programak, I+G+b finantzatzeko esparruan, zenbait tipologiatako laguntzen deialdiak biltzen ditu. Haien prozedura programaren fase-kopuruaren arabera sailkatzen da, harik eta I+G+b proiektu-proposamenak dagokion finantzaketa jasotzen duen arte.

Kasu horietan eman beharreko laguntza honako irizpide hauen araberakoa izanen da:

–Europar Batasuneko laguntzen programa osatzen duten faseak.

–Erreferentzia-atalasea gainditzea, ezarrita dagoena deialdi horietan eta zehaztuta dagoena ebaluazio-txostenean (“Evaluation Summary Report” edo antzekoa), edo deialdian hurrengo fasera igarotzeko ezarritako irizpidea.

–Proiektuan parte hartzen duten partzuergoko parte-hartzaileen kopurua eta izaera (ea proiektuaren bazkide edo koordinatzaile gisa parte hartzen duten).

Definitutako irizpideen arabera, hauek izanen dira deialdi honen babesean emandako laguntzen mugak:

a) 1. fasea:

Diruz lagunduko dira deialdien lehen fasean parte hartzen duten proiektu-proposamenak (bi fase edo gehiago baldin badituzte), edo aldez aurreko faseak gainditu eta proposamen osoa egin dutenak (“full proposal”).

Fase horretan, proiektuen koordinatzaile gisa parte hartzen duten entitateak baino ezin dira izan laguntzen onuradun.

1. FASEKO LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA

Onuradunak (koordinatzaileak soilik)

≥ atalasearen %80

≥ atalasea (edo “go”)*

ETEa

2.000 euro

4.000 euro

Beste batzuk

0 euro

2.000 euro

(*) Deialdiek gutxieneko erreferentzia-atalaserik ez dutenean faseak gainditzean oinarritzeagatik (“go or not go”), zutabe honetan ezarritakoa izanen da laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

b) 2. fasea:

Fase honetan, azken fasera edo elkarrizketara iritsi diren proiektu-proposamenak lagunduko dira diruz, bai eta fase bakarra duten deialdien babesean egindako proposamenak ere.

2. FASEKO LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA ENPRESA TXIKI ETA ERTAINENTZAT

Proiektuan bazkide diren entitateen kopurua

Bazkidea

Koordinatzailea

≥ atalasearen %70

edo not go

≥ atalasea

edo go

≥ atalasearen %70

edo not go

≥ atalasea

edo go

≥ 5 bazkide

4.000 euro

8.000 euro

12.000 euro

24.000 euro

< 5 bazkide

2.500 euro

5.000 euro

7.500 euro

15.000 euro

2. FASEKO LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA, ENPRESA HANDIENTZAT ETA SINAIko ERAGILEENTZAT

Proiektuan bazkide diren entitateen kopurua

Bazkidea

Koordinatzailea

Ez du atalasea gainditzen (edo not go)

Atalasea gainditzen du

edo go

Ez du atalasea gainditzen (edo not go)

Atalasea gainditzen du

edo go

≥ 5 bazkide

0 euro

4.000 euro

0 euro

12.000 euro

< 5 bazkide

0 euro

2.500 euro

0 euro

7.500 euro

B.–Teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko programak.

Deialdi hauetara aurkezten diren proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–B.1 proiektuak, 3. oinarrian definituak: behar den nazioarteko erakunde edo batzordearen egiaztapen “zigilua” izan beharko du proiektuak (esaterako, Eureka zigilua, Iberoeka, etab.), eta ez da nahitaezkoa izanen CDTIk jadanik onetsia izatea.

–B.2 proiektuak, 3. oinarrian definituak: nazioarteko programaren barneko onespena izan beharko du proiektuak, eta ez da nahitaezkoa izanen eskualdeko edo Estatuko erakundeak jadanik onetsia izatea.

Kasu horietan, laguntzaren zenbatekoa honako taula honetan agertzen diren irizpideen araberakoa izanen da:

GEHIENEKO LAGUNTZA B MOTAKO PROIEKTUENTZAT

Bazkidea

Koordinatzailea

ETEa

5.000 euro

15.000 euro

Beste batzuk

2.500 euro

7.500 euro

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2022ko irailaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaera telematikoan adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 11. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

7. oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Laguntza eskaerari agiri hauek erantsi behar zaizkio:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa, 2. oinarrian adierazitako betekizunei buruzkoa.

b) Dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko dokumentazioa, araututa dagoena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan, atarian eskuragarri dagoen laguntzen fitxako ereduaren araberakoa.

c) Proiektua deskribatzeko memoriaren laburpena, alderdi hauek zehaztuta:

–Proposamenaren helburuak.

–Entitate parte-hartzaileak eta proiektuaren koordinatzailea.

–Lanerako plana.

–Proiektua gauzatzeko kronograma.

–Proiektuaren aurrekontua, parte-hartzaile bakoitzari egotzitako gastuak banakatuta.

d) Eskatzailearen eta aholkularitza-enpresaren artean egindako kontratua egiaztatzen duen dokumentazioa, kontratazio-baldintza ekonomikoak eta teknikoak adierazita.

e) Aholkularitzak egindako fakturen kopia eta ordainketen frogagiriak (bankuko ziurtagiriak edo laburpenak, behar bezala identifikatuak, edo ordainketaren trazabilitatea egiaztatzeko moduko beste edozein merkataritza-dokumentu).

f) Dagokion organo ebaluatzaileak emandako jakinarazpenaren kopia:

–A motako proiektuak: aurkeztutako proposamenari buruzko balorazio txostena (Evaluation Summary Report edo antzekoa), nazioarteko erakunde eskudunak emana, non egiaztatzen ahalko baita zein den proiektuaren balorazioa, deialdian ezarritako onespen atalaseei dagokienez, edo faseak gainditu diren.

–B.1 motako proiektuak: nazioarteko erakundeak edo batzordeak emandako komunikazioa edo zigilua, egiaztatzen duena proiektua Eureka, Iberoeka etab. dela.

–B.2 motako proiektuak: dagokion erakundeak egindako jakinarazpena, proiektuaren onespena jasotzen duena.

g) Onuraduna enpresa txiki edo ertain bat denean, aurkeztu beharko ditu azken 3 ekitaldietan itxitako kontuak, eta, orobat, langileen kopurua, bai eskatzailearena, bai hari elkartutako eta lotutako enpresena, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko. Dokumentazio hori aurkeztu ezean, emandako laguntzaren intentsitatea izanen da 5. oinarrian enpresa handientzat adierazitakoa.

2. Aurkeztutako dokumentazioak betetzen ez baditu adierazitako betebeharrak, S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

PROIEKTU MOTA, 3. OINARRIAREN ARABERA

ERREFERENTZIAKO AGIRIA

EMAN BEHARREKO PUNTUAZIOA (BI DEZIMALEKIN)

A.1. EIC Accelerator tresna, aurkezpen-fase osoa (edo full proposal)

Evaluation Summary Report (ESR)

Puntuazioa = (ESRn lortutako nota / ESRren gehieneko nota) x 15

A.2. EIC Accelerator tresna, elkarrizketa-fasea

Evaluation Summary Report (ESR)

Puntuazioa = (ESRn lortutako nota / ESRren gehieneko nota) x 22

A.3. Horizon Europe (EIC Accelerator tresna izan ezik)

Evaluation Summary Report (ESR)

Puntuazioa = (ESRn lortutako nota / ESRren gehieneko nota) x 22

A.4. Europar Batasuneko beste programa batzuk

Erakunde eskudunaren jakinarazpena

Deialdiak fase bat baino gehiago baditu:

–Aldez aurreko fasea gainditzen badu: 7 puntu

–Azken fasea gainditzen badu: 15 puntu

Deialdiak fase bat badu eta gainditu egin bada: 15 puntu

B.1. CDTIren bidez kudeatutako nazioarteko lankidetzako proiektuak

Nazioarteko erakunde edo batzordearen “zigilua” lortu izanaren komunikazioa, proiektuak Eureka, Iberoeka edo antzeko izendapen bat duela frogatzen duena.

Lortu badu: 15 puntu

B.2. Era-net, Era-net plus edo Era-net cofund

Behar den erakundearen komunikazioa, non adieraziko baita proiektua onetsi dela.

Onetsita badago: 15 puntu

3. Lehentasuna ezarriko da eskaeren artean, lortutako puntuazioaren arabera. Eskatzaileen artean berdinketarik gertatuz gero:

a) Proposamenak lehenetsiko dira, haiei lotuta dagoen proiektu motaren arabera, honako lehentasun-ordena honi jarraikiz: A.3, A.2, A.4, B.1, B.2 eta A.1.

b) Berdinketak jarraitzen badu, lehenago aurkeztu diren eskaerek lehentasuna izanen dute.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari laguntza eman eta ordaintzeko ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna laguntza nori eman eta ordaindu behar zaion ebazteko.

Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

b) 14. oinarrian ezarritako betebeharrak, I+G+b-ko jardueraren emaitzen publizitateari eta zabalkundeari buruzkoak, bete beharko dituzte.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak betetzen ez badira, dirulaguntza itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoaren helbide berari loturik.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–De minimis laguntza.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

2. Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

Laguntzen onuradunek, diruz lagundutako jardueraren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar dute Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

Diruz lagundutako I+G+b jardueraren produktuaren zabalkunderako materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2210448