167. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Aldaketa, Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Zizur Zendeako Udalak, 2022ko maiatzaren 18an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen udal ordenantzan.

Iragarkia 2022ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 14an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurreko aldia iragan da inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik. Hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.

Ondotik testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Gazolatzen, 2022ko abuztuaren 4an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

ORDENANTZA, ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da, eta udal-mugarteko edozein eraikuntza, instalazio edo obra egiteak sortzen du haren zergapeko egitatea, horretarako nahitaezko baldintza bada obra- edo hirigintza-lizentzia edukitzea –lizentzia hori lortua izanik nahiz izan gabe– edota aurkeztea erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa; betiere, zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, hura emateko txostena egitea –Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera–, edo kontrol-jarduera gauzatzea.

3. artikulua.

Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak izanik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziokoa.

Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan eraikuntza, instalazioa edo obra egitea, baldin eta, etxebizitzen jabeak Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak izanik, eta horiek irabazi asmorik gabeko erakundeei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

4. artikulua.

1. Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan zein ez.

Aurreko paragrafoan aurreikusi ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat hartuko da bere gain hartzen dituena haiek egitearen ondoriozko gastuak edo kostua.

2. Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

5. artikulua.

1. Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren gauzatze materialari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin berezitasun edo nortasun propiorik ez badute lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntza, instalazio edo obrarekiko. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsia, ez araubide bereziko antzeko zergak, tasak, prezio publikoak, ez tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, baldin horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu, baldin ez bada aipatu den gauzatze materialaren kostuaren barnekoa.

2. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

3. Karga-tasa %2ren eta %5en artekoa izanen da. Udalak osoko bilkuran erabakiko du tasa zehatza, tarte horren barruan.

4. Zerga hau sortzen da eraikuntza, instalazioa edo obra hasten denetik, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

6. artikulua.

Udalak %50eko hobaria ezartzen du honelako instalazioetarako, bakar-bakarrik: eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemen instalazioak. Hobari hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan egotea administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak, eta instalazioa autokontsumorako izatea.

Hobari hori erregututakoa da, eta alkateak erabakiko du ematea, aldez aurretik subjektu pasiboak eskatuta.

Udal honetan aurkeztuko dira eskabideak, obrarako lizentzia eskaerarekin batera.

7. artikulua.

1. Aginduzko lizentzia ematen denean, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada, lizentzia eskatu, eman edo ukatu edota erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen, konturako behin-behineko likidazio bat eginen da, eta honela zehaztuko da zerga-oinarria:

a) Interesdunek aurkeztutako aurrekontua aintzat hartuta, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, hori aginduzko betebeharra denean.

b) Aurrekonturik ez dagoen kasuetan eta ordenantza fiskalak hala jasotzen duenean, horretarako ezartzen dituen indizeen edo moduluen arabera.

2. Ikusirik benetan egin diren eraikuntza, instalazio edo obrak, bai eta horien kostu erreal eta benetakoa ere, Udalak, dagokion administrazio egiaztapenaren bidez, aurreko zenbakian aipatutako zerga-oinarria aldatuko du, beharrezkoa bada, eta dagokion behin betiko likidazioa eginen du; hala bada, subjektu pasiboari behar den zenbatekoa eskatu edota itzuliko dio, kasuan kasukoa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta harekin bat datozen gainerako arauak.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.

Ordenantzaren 6. artikulua, indarrean jartzen denean, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin aplikatzen ahalko da.

Ordenantza behin betiko onestearen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Hori guztia, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 19. artikuluak xedatuaren arabera (testu bategin hori onetsi zen martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez).

Aditzera ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatua betetzeko.

Iragarkiaren kodea: L2210744