166. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Zerga kontrolerako 2022tik 2023ra bitarteko plana

Zizur Nagusiko Udalak, 2022ko maiatzaren 26an egin osoko bilkuran, Zerga kontrolerako udal plana onetsi zuen 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako, irismena eta edukia izanik zehazten dena Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen 152/2001 Foru Dekretuaren bidez.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, argitara ematen da planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zizur Nagusian, 2022ko maiatzaren 27an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2022TIK 2023RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Atarikoa

Lehenbizikoa.

Zizur Nagusiko Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko udal zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2022tik 2023ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako udal plana funtsezko tresna da, planifikatu daitezen udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, eta horiek, hain zuzen, ahalbidetuko dute ekitaldian ezarritako helburuak lortzea.

Bigarrena.

Zerga kontrolerako udal planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duenarekin bat, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera, tributu-sistema justu baten bitartez; berdintasun eta progresibotasun printzipioetan oinarrituko da sistema hori, eta ezein kasutan ez da iritsiko konfiskatzeraino”. Eta bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Toki-ogasunek behar adina baliabide izan beharko dute legeak korporazio bakoitzari esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzeko. Baliabide horiek, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz autonomia-erkidegoenetan parte hartuz bilduko dituzte“. Beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzematera eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena.

Udal tributu guztietan iruzurrak atzematea izanen da planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziarekin zainduko dira ekonomia-jardueren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan horretan aipatzen dira xedatzen diren jarduera ildo nagusiak, eta, orobat, zer arlotan zentratuko diren, lehentasunez, zerga kudeaketa eta ikuskapeneko udal zerbitzuen ekintza nagusiak, deusetan ukatu gabe ekonomia-jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren eskuordetzea behar duten eskumenak. Honako hauek zehaztuko dute zein izanen diren jarduera horiek: aplikatzekoa den araudiak, udalerriko errealitate fiskalak eta udalerriak eskura dituen baliabideek.

Finean, kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bidez egiaztatu eta ikertuko da ea zergapekoek ongi betetzen dituzten toki ogasun publikoarekiko betebeharrak.

Bestalde, jarduketen norainokoa partziala edota orokorra izaten ahal da. Jarduketa orokorrak eginen dira zergapekoaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, toki ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketa arloan, honelakoak eginen dira: zerga kudeaketako egiaztapen eta ikerketa lanak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo, kontraesanezko peritu-tasazioko prozesuak baliatuz, balioak egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko departamentuek, beren jarduketetan, ikertu beharko dute ea zehatzak eta egiazkoak diren zergapekoek adierazitako egitateak eta inguruabarrak, tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpen eta jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko du ba ote den Administrazioak osorik edo partez ezagutzen ez duen egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen beste aurrekariren bat. Azkenik, aztertuko du, hala badagokio, zergapekoek zerga likidaziorako egindako eragiketak zehatzak ote diren eta, era berean, ezarriko du haien zerga egoeran egoki iruditzen zaion erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketen helburua da ezagutzea pertsona edo erakunde baten eskuetan dauden datu edo aurrekariak, baldin eta informazio hori garrantzitsua bada zerga arloan, beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, eta informazio hori, oro har, ez bada Zerga Administrazioari jakinarazi beharrekoa aitorpen bidez.

Deusetan ukatu gabe administrazioko beste organo batzuen eskumenak, emanen dira argibideak eta aholkuak, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatzekoa den legeria

Udal zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuen eginkizuna da subjektu pasiboen eta gainerako zergapekoen zerga egoera aztertzea, jakiteko ea zehazki betetzen dituzten Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako arau hauetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontrolerako planetara egokituko dira Udaleko zerga kudeaketa eta ikuskapeneko eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar da zer irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta planaren barnean sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako plan bakoitzak oinarritzat dituen irizpide orokorrak, eta, horrela, betetzen da ezartzen den betebeharra hala Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan nola ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua).

Zergak ikuskatzeko planaren funtsa eta indarraldia

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren agindua gauzatzeko: “Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera”.

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor Udaleko zerga administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzea bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatzea eta areagotzea, tributua orokortze aldera eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtze aldera, herritarrek bermatuak izan ditzaten, horrela, zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna, eta ahal den neurrian gehitu daitezen likidaturiko eta bildutako eskubideak.

Plana 2022tik 2023ra bitarte egonen da indarrean.

Isilpekotasuna

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketek gauzatu beharreko planak isilpekoak dira, eta ez zaie publizitaterik emanen.

Zerga kontrolerako plana baimen orokor bat da, epe jakin batean hasteko egiaztapen eta ikerketa jarduketak, edo informazioa lortzeko jarduketak, zergapekoen gainean. Hark biltzen ditu zergapekoak hautatzeko erabiliko diren irizpideak, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, bai eta jarduketen iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari dagokionez, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekiena kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, berma dadin behar bezala banatuko dela zergen karga. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Ikuskapenerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, bideratuz departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara.

Ikertu beharreko zergapekoak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, bai eta departamentuko gainerako langileek ere, bete beharreko zeregin bat izanen dute, lan-karga batzuk finkaturik horretarako, hots: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baizik eta jarritako ahaleginari eta gogoari erreparatuta, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean honako alderdi hauek landu behar dira:

–Ausazko alderdia:

  • Iruzurra eragotziko da baldin eta egiaztapenetako batzuk egiten bazaizkie itxuraz nabarmenak ez diren zenbait zergapekori.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

  • Alderdi honetan, kontuan hartuko dira, zergapekoen aitorpenetako datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko kontu deigarriak agertzen dituzten kasuak.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

  • Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ratio normalak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinaletzat har litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datu zehatzen alderdia:

  • Kasu honetan, gauza jakina da jarduera izan badutela, baina ez dutela bidezko den aitorpenik aurkezten.

Zerga kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak

Baliabide materialak.

Behar den laguntza teknikoa emanen dute honako udal alor hauek: Hirigintzak, Ogasunak eta Ondareak.

Funtzionarioei utziko zaie zerga kudeaketako datu-baseak erabiltzen, behar-beharrezkoa baitute zergapekoen egoera aitortua ezagutzea, jakiteko nolako egoeran dagoen zergapekoa tributuen aldetik, bai ikuskapena hasi aurretik, bai haren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, azken hori bidezkoa balitz. Izan ere, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanari buruzkoak.

Funtsezko informazioak dira honako hauek: obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergan izena ematen dutenen kontrola; esan bezala, horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira kontrolatzeko ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.

Baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko, eta beren xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte.

Alkate udalburuak txartela edo beste identifikazio-bideren bat emanen die ikuskatzaileei, lanpostuan aritzeko.

Giza baliabideak.

Zerga Administrazioko funtzionarioek eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak; zehazki, zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako halako lanpostuetan aritzen direnek. Era berean, funtzionario ez diren langileen esku uzten ahal dira prestakizunak egiteko ardura eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko jarduketen ardura, baldin zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Ikuskapena.

Ikuskaritzako buruaren kargua Jon Gondán Cabrera Zizur Nagusiko alkate udalburuak beteko du, eta ikuskatzaile aktuarioarena, berriz, Yolanda Azanza Ilzarbe Udalaren kontu-hartzaileak, edo legearen arabera hura ordezten duenak.

Laguntza jasoko dute ikuskapen lanetan aritzeko.

Kudeaketa arloan, egiaztapen eta ikerketa egintzetarako arduraduna Udaleko kontu-hartzailea izanen da.

Alkateak edo, eskuordetza emanik, hura ordezkatzen duenak izanen ditu errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak.

Zerga kontrolerako plan hau ongi betetzeko, ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira zerga kudeaketaren alorra eta hirigintza alorra.

Prestakuntza.

Baimena emanen da erakunde publikoek nahiz pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko.

Helburu orokorrak

1. Egiaztapen eta ikerketa jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Izan daitezke gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak, segun eta zer berezitasun ekonomiko dituen jarduketaren eremu geografikoak.

B.–Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan sartu dira jarduketa partzialak eta laburtuak. Halakoek, gehienbat, kudeaketa alorrean hasitako espedienteetan izaten dute abiaburua.

3. Jarduketa osagarriak. Txostenak egiteko eta aholku emateko jarduketak.

Berariazko sektore edo jarduerak Zerga Ikuskapeneko 2022tik 2023ra bitarteko ekitaldietako Plan Orokorrerako

Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ).

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) nahitaezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean, eta Udaletako organo eskudunek –haien mugartean edozein eraikuntza, instalazio edo obra egiten bada, eta horietarako obra-lizentzia edo hirigintzako lizentzia eskatzen bada– beharrezko ikuskapen-jarduketak egiten ahalko dituzte, beren eskumenak behar bezala baliatzeko, udal zerga bat baita, arautzen dena Nafarroako Toki Ogasunak arautzen dituen martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 167. artikuluan eta hurrengoetan.

Aurrekoa garatzeko, egiaztapena eginen zaie Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergagatik eta hirigintzako lizentzien tasagatik, tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten tributudunei. Ikuskaritzak dituen baliabide materialak eta giza baliabideak mugatuak direnez, lana arrazionalizatu egin behar da eraginkortasun eta egokitasun printzipioen arabera, eta, ondorioz, ikuskapenaren xede izanen diren zerga-egitateak hautatu behar dira:

–Eraikuntza, instalazio eta obren zerga-egitateak, 4 urteko epean bukatuak, hura bukatzen denetik hasita.

–Arreta berezia jarri behar zaie hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikoko eraikuntzei, instalazioei eta obrei, bertan gerta baitaitezke iruzur fiskal handienak.

–Eraginkortasun eta ekonomia printzipioen arabera, berrikusi eginen dira 5.000 euroko edo gehiagoko EIOZ kuota duten eraikuntzak, instalazioak eta obrak.

–Bere berezitasunagatik edo bitxitasunagatik EIOZaren zerga-erregularizazioa egokia edo beharrezkoa duten eraikuntza, instalazio eta obrak.

–Aurreko irizpideetara egokitzen ez den beste edozein eraikuntza, instalazio edo obra, baldin aktuarioek ikuskatzea egokitzat jotzen badute.

Tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboagatiko tasa, interes orokorreko zerbitzuak hornitzen edo merkaturatzen dituzten enpresek ordaindutakoa.

Badago tasak kuantifikatzeko araubide espezifiko bat, udal bide publikoetako lurzoruko, lurpeko edo lurgaineko erabilera pribatiboaren edo aprobetxamendu bereziaren tasak direnean, auzokide guztiei edo askori eragiten dieten hornidura-zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen alde. Araubide horren barruan sartzen dira zerbitzu horiek hornitzen eta merkaturatzen dituzten enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Ildo horretan, egiaztatuko da ea elektrizitate eta gas zerbitzuak hornitzen edo merkaturatzen dituzten enpresek ordaintzen duten tasa, tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa egiteagatik. Gainera, arreta berezia eskainiko zaio telekomunikazioen sektoreari, hau da, telefonia finkoa eta Internet merkaturatzen dituzten enpresei, bai eta horietatik eratorritako zerbitzu guztiei ere. Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Ekonomia-jardueren gaineko zerga.

Administrazio honen aurreko zerga kontrolerako planekin jarraituz, ahalegina eginen da Zizur Nagusiko Udalaren jarduera ekonomikoei buruzko errolda eguneratuta mantentzeko. Horretarako, honako sektore edo jarduera hauek berrikusiko dira:

–Eraikuntzak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritza-sektorea, 100 metro koadrotik gorako lokaletan.

–Fabrikazio jarduerak.

–Azalera handietako merkataritza misto edo integratuko jarduerak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

–Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendeari irekitako bulegoak badituzte.

–Aurretik jaso ez den beste edozein jarduera ekonomiko, baldin eta aktuarioek egokitzat jotzen badute ikuskatzea.

Udalen diru-sarreren artean, ekonomia-jardueren gaineko zergaren kasuan, garrantzitsua da zergaren osagai guztien gaineko kontrola egitea. Izan ere, zerga horretan edozein erregulazio egiten denean, handitzen dira unean uneko diru-sarrerak ez ezik, etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla, eta kudeatzaileen ekimena eragotzi gabe, zergapekoen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan.

Beste zerga eta tasa batzuk.

Beste zerga eta tasa batzuetan iruzur fiskala saihesteko (adibidez, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga, hirigintzako lizentzien tasa, irekitzeko lizentzien tasa...), jarraipena eginen zaie aktuarioek esku hartzea beharrezkotzat jotzen duten zergei. Ahalik eta hobekiena kudeatu nahi dira zerga Ikuskaritzak dituen giza baliabide nahiz baliabide material urriak, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta hautatu beharko da zer zerga egitate ikuskatu. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina bideratuz ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara; kasu honetan, bideratuko da hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik astunenak. Arau-hauste horien artean, Zerga Ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, bereziki zenbateko jakin bat gainditzen dutenak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2210612