166. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

195/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 29koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko,Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez publizitatea ematen baitzaio lanpostuen hizkuntza-eskakizuna aldatzeak (euskaraz nahitaez jakin beharra eskatzeagatik) ukitzen ahal dituen langileei dagokienez jarraitu beharreko prozedurari, euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak bere 6. artikuluan aurreikusten du administrazio honetako departamentu bakoitzeko hizkuntza-planaren prestaketa, eta 24.ean, ele biko lanpostutzat zehazten diren lanpostuak betetzen ari diren baina euskara ez dakiten pertsonen hartutako eskubideak. Horrez gain, aipatu arau horren zazpigarren xedapen gehigarrian ezartzen da negoziazio kolektiboa beharrezkoa izanen dela definitzeko zer nolako prozedura baliatuko den betetzen ari diren lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna aldatzeak ukitzen ahal dituen langileei dagokienez. Horri guztiari jarraikiz, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak maiatzaren 23ko 69/2019 Foru Agindua eman zuen, eta, haren bidez, publizitatea eman zitzaion lanpostuen hizkuntza-eskakizuna aldatzeak (euskaraz nahitaez jakin beharra eskatzeagatik) ukitzen dituen langileen gaineko prozedurari, euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak uztailaren 2an eman 88/2019 Foru Aginduak 69/2019 Foru Agindua aldatu zuen.

Kontuan harturik 69/2019 Foru Agindua aplikatzekoa zela 2019-2021 aldian onetsi ziren ziren departamentuetako hizkuntza-planei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahaiak onetsi du aipatu foru agindu horretan ezarritako irizpideak aplikatzen jarraitu daitezen hizkuntza-eskakizunen aldaketak zer lanposturi eraginen dien zehazterakoan. Eskakizunen aldaketak, betiere, hurrengo aldietan onetsiko diren hizkuntza-planekin bat eginen dira.

Horrenbestez, amaitu denez departamentuetako aurreko planen indarraldia, bidezkoa da beste foru agindu bat onestea, haren bidez publizitatea emateko sindikatuekin negoziatutako prozedurari; izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eta erakunde publiko guztiek prozedura horri jarraitu beharko diote foru agindu hau indarra hartzen duenetik aurrera onesten diren departamentuetako hizkuntza-planei dagokienez, lanpostuen hizkuntza-eskakizuna aldatzeak kasuan-kasuan ukitzen ahal dituen langileez bezainbatean.

Azaldutakoarekin bat, foru agindu honen bidez errepikatzen da aurretik ezarritako prozeduraren edukia. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren maiatzaren 23ko 69/2019 Foru Aginduan adierazten zen bezala, prozeduraren ezaugarri nagusia langileen borondatezkotasuna da. Langileek berariaz adierazi beharko dute ados dauden betetzen duten lanpostuari hizkuntza-eskakizuna esleitzearekin; hori egiteko aukera langile finkoei emanen zaie lehenik, eta aldi baterakoei ondoren. Boluntariorik, hau da, ados dagoen langilerik, ez badago, lanpostua ele bikotzat zehazteak ez dio lanpostu hori betetzen ari den pertsonari eraginen harik eta lanpostua hutsik gelditu arte edo sartzeko edo betetzeko dagokion prozeduraren bidez behin betiko bete arte.

Horrenbestez, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Publizitatea ematea lanpostuen hizkuntza-eskakizuna aldatzeak (euskaraz nahitaez jakin beharra eskatzeagatik) ukitzen ahal dituen langileei dagokienez jarraitu beharreko prozedurari, euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Prozedura hori aplikatu beharko da foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera onesten diren departamentuetako hizkuntza-planak betearaztean.

1. atala.–Ele biko hizkuntza-eskakizuna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomikoen plantilla organikoko lanpostu bati esleitzeak hura betetzen ari den langilearen gainean sortuko dituen ondorioak:

1. 103/2017 Foru Dekretuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat, lanpostu bati ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitzen bazaio, hura betetzen ari den langileak borondatez eta berariaz horrekin ados dagoela adierazten duenean eskatuko da hizkuntza-eskakizun hori.

2. Lanpostu bati ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitzen bazaio eta hura betetzen ari den langilea horrekin ados ez badago, langile horri ez zaio eskatuko hizkuntza-eskakizuna, eta lanpostuan jarraituko du hutsik gelditu arte edo, sartzeko edo betetzeko dagokion prozeduraren bidez behin betiko bete arte.

Aurreko paragrafoa gorabehera, hizkuntza-eskakizuna eskatuko zaio langileari baldin eta, legezko prozedura baten bidez, plantillan ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitu ondoren betetzen badu lanpostua.

3. Lanpostua aldi baterako betetzen ari zen langileak borondatez hizkuntza-eskakizunarekin ados zegoela adierazita ere, lanpostuaren titularrari ezin zaio hizkuntza-eskakizuna eskatu lanpostua berriz betetzen duenean, edozein arrazoirengatik hura utzi ondoren.

Titularrak, lanpostua berriz betetzen duenean, adierazten badu ez dagoela ados lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizunarekin, hau da, aldi baterako betetzen zuenak ados zegoela adierazi ondoren esleitutako horrekin, berriz esleituko beharko da hizkuntza-eskakizuna, jarraian adierazten den prozedurari osoki jarraikiz, hizkuntza-eskakizuna unitate organikoaren lanpostu bati esleitzeko aipatu prozedurarekin bat.

4. Halaber, hizkuntza-eskakizuna esleitzeko unean aldi baterako langileek betetzen duten lanpostu baten titularrak lanpostu hori berriro betetzen duenean eta ados agertzen ez denean lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizunarekin, dena delako unitate organikoan lanpostuari hizkuntza-eskakizuna esleitzeko unean behar beste boluntario egon ez bada, hizkuntza-eskakizuna berriro esleitzeko prozedura egin beharko da dena delako unitate horretan, jarraian ezarritako prozedurari bete-betean jarraikiz.

2. atala.–Hizkuntza-eskakizuna zein lanposturi esleitu behar zaien erabakitzeko irizpideak, departamentuko plana onetsi edo aldatu ondoren:

1. 103/2017 Foru Dekretuan ezarritako departamentu plan bat onetsi edo aldatzeagatik ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitu behar bazaie unitate organiko bateko zenbait lanposturi, edo lanpostu bakar bati, eta lanbide jakin batean lanpostu gehiago badaude ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostu kopurua baino, honela eginen da, irizpideen lehentasun-ordenari jarraikiz:

A) Hizkuntza-eskakizunaren esleipena egin behar den unitate organikoan, dagokion planean eskatzen den lanbide bera betetzen duten langile finko guztiei galdetuko zaie ados dauden horrekin ala ez. Ados dagoen langile batek behar den titulazio edo hizkuntza-maila ez badu, dagokion prestakuntza jasoko du.

A1) Ados dauden langileen kopurua eta hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena bera bada, lanpostu horiei esleituko zaie hizkuntza-eskakizuna eta bukatuko da prozedura.

A2) Ados dauden langileen kopurua txikiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena baino, langile horiek betetzen ari diren lanpostuei esleituko zaie hizkuntza-eskakizuna eta, esleipena bukatzeko, hurrengo B) eta C) ataletan ezarritakoari jarraituko zaio.

A3) Ados dauden langileen kopurua handiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena baino, irizpide hauei jarraituko zaie:

A3.1) Hizkuntza-maila altuena dutenak, euskara ezagutza handienetik txikienera.

Hizkuntza-maila egiaztatzeko, interesdunek frogatzen dituzten titulu edo ziurtagiriak hartuko dira kontuan. Aurrekoa gorabehera, unitate organikoek edo interesdunek eskatzen ahal diote Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari probak egiteko, euskara jakin bai baina titulu edo ziurtagirik ez duten interesdunen hizkuntza-maila ezagutzeko.

A3.2) Ados daudenek hizkuntza-maila bera frogatzen badute, ele biko hizkuntza-eskakizuna orainago sortu diren lanpostuei esleituko zaie.

Lanpostuak egun berean sortu baziren, lanpostu zenbakiari jarraikiz esleituko da hizkuntza-eskakizuna, handienetik txikienera.

B) Hizkuntza-eskakizunaren esleipena egin behar den unitate organikoan, dagokion planean eskatzen den lanbide bera betetzen duten aldi baterako langile guztiei galdetuko zaie ados dauden horrekin ala ez. Ados dagoen langile batek behar den titulazio edo hizkuntza-maila ez badu, dagokion prestakuntza jasoko du.

B1) Ados dauden langileen kopurua eta hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena bera bada, lanpostu horiei esleituko zaie hizkuntza-eskakizuna eta bukatuko da prozedura.

B2) Ados dauden langileen kopurua txikiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena baino, langile horiek betetzen ari diren lanpostuei esleituko zaie hizkuntza-eskakizuna eta, esleipena bukatzeko, hurrengo C) atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

B3) Ados dauden langileen kopurua handiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena baino, irizpide hauei jarraituko zaie:

B3.1) Hizkuntza-maila altuena dutenak, euskara ezagutza handienetik txikienera.

Hizkuntza-maila egiaztatzeko, interesdunek frogatzen dituzten titulu edo ziurtagiriak hartuko dira kontuan. Aurrekoa gorabehera, unitate organikoek edo interesdunek eskatzen ahal diote Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari probak egiteko, euskara jakin bai baina titulu edo ziurtagirik ez duten interesdunen hizkuntza-maila ezagutzeko.

B3.2) Ados daudenek hizkuntza-maila bera frogatzen badute, ele biko hizkuntza-eskakizuna orainago sortu diren lanpostuei esleituko zaie.

Lanpostuak egun berean sortu baziren, lanpostu zenbakiari jarraikiz esleituko da hizkuntza-eskakizuna, handienetik txikienera.

C) Hizkuntza-eskakizunaren esleipena egin behar den unitate organikoan, horrekin ados dauden langileen kopurua txikiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuen kopurua baino, irizpide hauei jarraituko zaie:

C1) Ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duen lanbide bakoitzean, aldi baterako beteta dauden lanpostuei esleituko zaie, sorrera dataren arabera, zaharrenetik berrienera.

C2) Aurreko apartatuari dagozkion lanpostuak egun berean sortu baziren, lanpostu zenbakiari jarraikiz esleituko da hizkuntza-eskakizuna, txikienetik handienera.

C3) Ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duen lanbide bakoitzean, titularrak egiazki beteta dauden lanpostuei esleituko zaie, sorrera dataren arabera, berrienetik zaharrenera.

C4) Aurreko apartatuari dagozkion lanpostuak egun berean sortu baziren, lanpostu zenbakiari jarraikiz esleituko da hizkuntza-eskakizuna, handienetik txikienera.

2. Unitate organiko batean lanpostu berriei hizkuntza-eskakizuna esleitzeak ez du aldatuko hizkuntza-eskakizun hori esleituta zuten lanpostuena.

3. atala.–Prozeduraren aplikazio-eremua, eta departamentuen hizkuntza-planak betetzeko eskumena:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eta erakunde publiko guztiek bete beharko dute foru agindu honetan ezarritako prozedura, plantilla organikoaren aldaketa Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari proposatzen diotenean 103/2017 Foru Dekretuak aipatzen duen departamentu plana onesteagatik, edo ele biko lanpostuetan eragina duen plan aldaketa onesteagatik, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

2. Departamentuaren hizkuntza-planaren arabera unitate organiko bakoitzean ele biko hizkuntza-eskakizuna izan behar duten lanpostuen kopurua jarraitu eta mantentzea ez da automatikoa.

Departamentu bakoitzari dagokio bere departamentuaren plana betetzea; horretarako, plantilla organikoa aldatzea proposatu beharko du, aurretik ezarritako irizpideen arabera ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuak zehaztuta, behar adina aldiz, unitate organiko eta lanbide bakoitzean planaren arabera izan behar diren ele biko lanpostu kopurua mantentzeko.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko uztailaren 29an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2210494