165. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LESAKA

Aldaketa, honako honetan: Ordenantza, Eskriboenea eraikineko beheko solairuan dauden lan partekatuko guneen edo “coworking” guneen erabilera eta prezioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lesakako Udalak, 2022ko maiatzaren 19an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eskriboenea eraikineko beheko solairuan dauden lan partekatuko guneen edo “coworking” guneen erabilera eta prezioak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Lesakan, 2022ko abuztuaren 10ean.–Alkatea, Ladis Satrústegui Alzugaray.

UDAL ORDENANTZA, ESKRIBOENEA ERAIKINEKO BEHEKO SOLAIRUAN DAUDEN LAN PARTEKATUKO GUNEEN EDO “COWORKING” GUNEEN ERABILERA ETA PREZIOAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

Lehenengo artikulua.

Ordenantza hau barne araubideko erregelamendua da, Lesakako Udalaren (coworking partekatuko gunearen jabea) eta haren zerbitzuak erabili nahi dituzten profesionalen arteko harremanak arautzen dituena.

Araudi honen helburua da lan-eremu hau erabiltzen duten pertsonen eta/edo erakundeen arteko harremanak garatzeko esparrua ezartzea.

Gune hau lanerako eremua da eta Lesakako Udalak sustatu du, Udalaren eraikineko lokalak prestatuz, Eskriboenea eraikinaren beheko solairua, hain zuzen ere.

Bigarren artikulua.

Gisa horretako eremuak azpiegitura komunak dituzte ingurune bakar batean. Lanak, banakakoa izateaz gain, erabilera partekatua ere badakar, eta abantaila hauek ditu:

–Inbertsio behar txikiagoak material ibilgetuetan.

–Ekonomia ustiapen kostuetan.

–Proiektuaren hasierako beharretara egokitutako espazio fisikoa izatea.

–Jarduera hasteko azkar kokatzeko eta instalatzeko aukera.

Gune honen funtzionamendua izanen da lan-eremua alokatzea, bai eta “bideo-deien eta bileren gela” bat ere, eta horiek guztiek instalazio komun guztiak erabiltzeko eskubidea izanen dute (bilera-gela, komunak, etab.).

Lesakako Udalak ematen dituen zerbitzuak gorabehera, erabiltzaileak izanen dira beren jarduera ekonomikoaren edo enpresaren eta enpresa proiektuaren erantzule bakarrak.

II. KAPITULUA

Lesakako udalaren “Coworking” lan partekatuko gunearen zerbitzuak

Hirugarren artikulua.

Espazio horrek 65,67 m² ditu guztira, 3 espaziotan banatua dago, eta bertan 8 “coworking” gune daude.

Espazio horien helburua da proiektu ekintzaileei harrera egitea, haiek instalatzeko. Proiektu horiek bat etor daitezke beren jardueraren hasierarekin edo enpresak sendotzeko une batekin.

Erabiltzeko eskubidea jaso duten erabiltzaieek partekatutako guneak izanen dira espazio horiek.

Era berean, bulego pribatu bat dago, bilera presentzialak edo bideo-deiak egin ahal izateko.

Bulego horietan egin beharreko jarduerak jarduera profesionalak baizik ez dira izanen, eta debeku dira fabrika-, industria-, produkzio- eta salmenta-jarduerak eta horien biltegiak.

Egin beharreko jarduerek ez diete kalterik, eragozpenik edo galerarik sortuko gainerako pertsona edo entitate erabiltzaileei, ezta haiek garatzen dituzten lanbide jarduerei ere.

Espazio osoaren barruan honako hauek daude:

–Banakako 8 lan-eremu.

–Bilera-gela bat.

–Bideo-deietarako gela bat.

–Komuna.

Bulego horiek erabiltzeko eskubidea izanen dute bulego partekatuak erabiltzeko eskubidea eman zaien pertsona edo entitate erabiltzaileek.

Erabilera hori modu logikoan eginen da, berdintasunean, bereizkeriarik gabe, abusurik gabe eta pertsona edo entitate erabiltzaileek zentzuz erabiliz.

Lesakako Udaleko Alkatetzak onetsiko ditu, hala badagokio, eremu horiek erabiltzeko jarraibide eta arau zehatzak, eta bera izanen da erabiltzaileen artean interes-gatazkarik izanez gero erabakiak hartzeko edo ebazteko organo eskuduna.

Instalazioaren funtzionamendua eta pertsona edo entitate erabiltzaileen beharrak ikusita, Udalak zerbitzu nagusiaren osagarri diren beste zerbitzu komun batzuk sortzea erabaki ahal izanen du. Zerbitzu horien funtzionamendua eta erabilera barne araudien bidez arautuko dira.

Laugarren artikulua.

Pertsona edo entitate erabiltzaileen kontura izanen da nork bere lana edo jarduera egiteko behar den ordenagailua edo lanerako tresna informatikoa hornitzea.

Udalak espazio partekatu horien eta bulego pribatuaren erabileraren lagapena eginen du, gutxienez 6 hilabetez, eta isilbidez luzatu ahal izanen da, gehienez ere 2 urtera arte.

Hala ere, lagatzeko gehienezko epea igarota ere, erabilera partekatuko bulegoa okupatzeko beste demandatzaile berririk ez bada, Lesakako Udalak baimena eman ahal izanen du kontratua sei hilabetez luzatzeko, baina, aldez aurretik, ordaindu beharreko prezioa edo kanona berrikusiko da. Nolanahi ere, 2 urteko epe hori iraganik, Udalak eskubidea izanen du errentamendua bukatutzat emateko.

Edozein kasutan, erabiltzeko kontratua bukatuta, pertsona edo entitate erabiltzaileak bi asteko epea izanen du erabiltzen ari den espazioa husteko.

Pertsona edo erakunde erabiltzaileak arestian azaldutakoa egiten ez badu, Udalak bere kontura eginen du, eta, hala badagokio, erabiltzeko lagatako espazioetan dauden ondasun guztiak udal-bulego egokietara eramanen ditu. Gordailu-kanona sortuko da, eta ondasunak gordeta dauden denboraren arabera kobratuko da. Horretarako, Lesakako Udalak ondasun horien gaineko atxikipen eskubidea izanen du, pertsona edo entitate erabiltzaileak edozein kontzepturengatik zor dizkion zenbatekoak ordaintzen dituen arte.

Aurrekoa gorabehera, erabiltzaileak edozein unetan erabaki ahal izanen du espazioaren erabilera lagatzeko kontratua amaitzea. Horretarako, xede hori idatziz eta modu frogagarrian jakinarazi beharko dio Lesakako Udalari, gutxienez 30 egun lehenago. Kasu horretan, edozein kontzepturengatik Lesakako Udalari zor zaizkion zenbateko guztiak aldez aurretik ordaintzea eskatuko da.

Instalazioen erabilera uzteak, aipatu jakinarazpenik egin gabe, edo erabiltzaileak bere betebeharrak ez betetzeak ahalmena emanen dio Udalari Ordenantza honetan nahiz aldeen artean sinatutako erabileren lagapen-kontratuan adierazten diren ekintza guztiak erabili ahal izateko.

Bosgarren artikulua.

Lesakako Udalari gune partekatu bat erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanona edo prezioa hilean 10 eurokoa izanen da, gehi aplikatu beharreko BEZa, eta prezio publikoko kalifikazio juridikoa izanen du.

Kanon horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izanen da, baldin eta erabilera lagatzeko kontratuaren egunetik aurrera urteko KPIak edo, hala badagokio, zenbateko osoak izandako igoera gainditzen ez bada.

Lesakako Udalaren kontura izanen da pertsona edo entitate erabiltzaileak erabili beharreko zerbitzu komun edo zentralizatuen kostua. Hauek, hain zuzen: argia, berokuntza, ur beroa, Internet, garbiketa eta zaborrak.

Udalak hilero emanen dizkio erabiltzaile bakoitzari dagozkion fakturak.

Bi alderdiei fakturen kobrantza-kudeaketa errazte aldera, erabiltzaileek Lesakako Udalari behar diren ordainketak helbideratzeko finantza-erakunde baten kontu-zenbakia emanen diote. Hilabeteko lehen hamar egunetan bidaliko da ordainagiria.

III. KAPITULUA

Betebeharrak

Seigarren artikulua.

Oro har, Lesakako Udala izanen da II. kapituluan aipatzen diren zerbitzuak zaindu eta mantentzearen arduraduna.

Bereziki, betebehar hauek izanen ditu:

1. Pertsona edo entitate erabiltzaileak egin beharreko jarduerarako behar bezala hornitutako lan mahaiak eta gune komun edo partekatuak eskaintzea.

2. Erabiltzen ari diren lokalak elektrizitatez, berokuntzaz, ur beroz, internetez hornitzea, eta horien garbiketa zein mantentze zerbitzua ematea. Zerbitzu horiek espazio horiek erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanon edo prezioan sartuta daudela ulertuko da.

Udalak, segurtasun arrazoiengatik eta larrialdietan edo ezinbesteko kasuetan erabiltzeko, espaziora sartzeko giltzen eta barneko gela guztien kopia bat edukiko du. Giltzak behar bezala gordeko dira udal bulegoetan. Gainera, coworking gunean udal artxiborako sarbidea dagoenez, Udaleko langileak Udalaren ordutegiaren barruan sartu ahal izanen dira.

Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen gune horien erabiltzaileek jabetzan, ondasunetan edo eskubideetan izan ditzaketen galera edo kalteen gainean, baldin eta zuzenean egotzi ezin bazaizkio edo zuzeneko erantzukizunetik eratortzen ez badira, eta, bereziki, lapurreten kasuan.

Eremu horiek erabiltzeko ordutegia honako hau izanen da: astelehenetik larunbatera, 7:30etik 22:00etara. Hala ere, Udaleko Alkatetzak, abisu baten bidez, arau zehatzak eman edo ezarri ahal izanen ditu “coworking” gunea ireki eta ixteko ordutegiei, espazio osagarrien erabilerari, txandei, ordutegiei eta abarri buruz.

Zazpigarren artikulua.

Erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dituzte ordenantza honetan nahiz erabilera lagatzeko kontratuan (erabiltzaileek eta Lesakako Udalak sinatutakoa) ezarritako baldintza guztiak.

Erabilera lagatzeko hitzarmena sinatu eta hamabost eguneko epean, erabiltzaileek alderdi hauek bete beharko dituzte:

–Jarduera zehatz hori Lesakako Udalak baimendu beharko du, eremu horiek erabiltzeko eskubidea emateari buruzko erabakia hartu baino lehen.

–Enpresa gisa eratzea jarduerak merkataritza-izaera duenean, edo, banako enpresaburuaren edo profesional librearen kasuan, Gizarte Segurantzan alta ematea, autonomoen araubide berezian.

–Enpresa proiektua garatzeko eta enpresaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren baimen eta lizentzia guztiak izatea.

–Zerga betebeharrak, kontribuzioak, zergak, Gizarte Segurantzako kuotak eta enpresaren ohiko funtzionamendurako beharrezkoak diren bestelako tasak eguneraturik izatea.

–Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea Lesakako Udalean aritzeko, eta Foru Ogasunarekin dituen betebeharrak betetzea. Horretarako, jarduera egiten den lokalari dagokionez, zenbatu beharreko azalera 8,20 m² izanen da.

–Besteren konturako langilea bada, enpresa horretarako lanean ari dela justifikatu beharko du.

Jarduera hasi ondoren, erabiltzaileek behar bezala erabili behar dituzte erabilitako elementu eta azpiegitura komunak, eta ahalik eta lasterren jakinarazi behar dituzte funtzionamendu arruntean atzematen diren gorabehera eta kalteak, eta, era berean, esleitutako lan-eremua garbi eta egoera onean mantendu behar dute.

Erabiltzaileek hasieran aurreikusitako epean erabilera-kanona ordaintzen ez badute, Lesakako Udalaren alde interesak automatikoki sortuko dira ordainketa osoa egin arte, Lesakako Udalak pertsona edo erakunde erabiltzaileari inolako errekerimendurik egin beharrik gabe.

Kopuru horiek premiamendu bidez kobratuko dira, eta zenbateko osoaren % 20ko errekargua izango dute klausula penal gisa.

IV. KAPITULUA

Administrazio prozedura

Zortzigarren artikulua.

Lesakako Udalak gune partekatu horiek erabiltzeko eskaerak aurkezteko epea irekiko du.

Espazio horiek erabiltzeko interesa dutenek aipatu epean aurkeztu beharko dute eskabidea, eta alderdi hauek ere adieraziko dituzte:

–Garatu beharreko jarduera zein den.

–Gunea erabiltzeko eskatzen den epea zein den.

–Titularrarekin eta jarduerarekin berarekin zerikusia duten beste alderdi batzuk, proposamena baloratzeko.

Interesa duten pertsona guztiek aurkeztu ahal izanen dituzte eskabideak, jarduera hasia izan ala ez. Hala ere, lehentasuna emanen zaie dagoeneko Lesakako mugapean kokatuta dauden pertsona edo erakundeei, ondoren azaltzen diren hautaketa-irizpideetan azaltzen den moduan.

Epe hori iraganik, proposamenak irizpide hauen arabera baloratu eta puntuatuko dira:

–Puntuazioa erroldaren arabera:

–Eskatzaileak edo entitate eskatzaileetako kideren bat Lesakan erroldaturik egotea: 20 puntu.

–Entitate eskatzaile motaren araberako puntuazioa:

–“Autonomoak” izanez gero: 15 puntu.

–Besteren konturako langileak: 7 puntu.

Berdinketa izanez gero, JEZean denbora gehien daraman pertsona edo entitatea lehenetsiko da.

Entitate batek coworking-erako toki edo espazio bat baino gehiago erabiltzea eskatzen badu, espazio jakin bati buruzko eskaera bakarrik hartuko da kontuan. Dena den, epe barruan egindako eskaera guztiak baloratu ondoren, espazio edo lanpostu libreak badaudela ikusten bada, eskatutako gainerako espazioak esleitu ahal izanen zaizkio, harik eta prestasuna osatu arte, baldintza hauekin:

–Hasierako epea 6 hilabetekoa izanen da.

–Hasierako epe hori iraganik, banaka erabiltzeko bestelako eskaerak badaude (pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzeko lanpostu edo espazio baterako), lehentasuna emanen zaie horiei.

–Eskabiderik ez badago, erabilera kontratuaren epea 6 hilabetez luzatuko da ondoz ondoko aldietan, eta aldi bakoitza aurreko atalean ezarritakoaren moduan amaituko da.

Lesakako Udaleko Hirigintzako Batzordeak, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hamabost egun balioduneko epean, epe barruan jasotako eskaerak onartu ala ez erabakiko du, eta, horiek baloratu ondoren, hobekien baloratutako eskaerei erabilera esleitzea erabakiko du. Ondoren, erabilera lagatzeko kontratuak sinatuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, partekatutako lan-eremu guztiak betetzen ez badira, epe hori irekita egonen da, geroago ere eskaera gehiago aurkeztu ahal izateko, dauden espazioak okupatzen ez diren bitartean.

Eskaera berri horiek hamabost egun balioduneko epean ebatziko dira.

Aitzitik, azkenean lan partekatuko gune guztiak esleituko balira, eskabidea aurkeztu eta lan gunerik lortu ez duten pertsona interesdunak itxaron zerrenda batean sartuko dira, puntuazioaren arabera ordenatuta, eta lan gune hutsak egonez gero, dei eginen zaie. Itxaron zerrenda horrek plaza edo espazio erabilgarria esleitu arte iraunen du.

Erabiltzeko lizentzia edo baimena besterenezina izanen da, eta orobat debeku da hirugarrenei lagatzea, edozein tituluren bidez, aldi baterako edo behin betiko, osorik edo partzialki.

Bederatzigarren artikulua.

Pertsona edo entitate erabiltzaileek esleitutako espazioa erabiltzeko eskubidea galduko dute arrazoi hauetako bat gertatzen denean:

–Bi ordainagiri jarraian ordaintzen ez bada.

–Ordenantza honetan ezarritako edozein betebeharretan ez-betetze larriren bat bada.

Arrazoi horietakoren bat gertatuz gero, Lesakako Udaleko Alkatetzak “coworking” gune hori erabiltzeko eskubidea ebazteko prozedura ireki eta izapidetuko du, eta berehala hasiko da.

Prozedura horretan, eskubidearen ebazpenari buruzko hasierako erabakia hartu ondoren, erabiltzaileari jakinaraziko zaio, zazpi egun naturaleko epean bere eskubideari komeni zaiona alega dezan. Eskubidearen ebazpenari buruzko azken erabakia hartu ondoren, erabiltzaileak lagatako lekua libre utzi beharko du bost egun naturaleko epe luzaezinean. Nolanahi ere, ebazpen honen ondorioz sortutako kalteak bere kontura izanen dira.

Hamargarren artikulua.

Erabiltzaileek ordenantza hau bete beharko dute eta Lesakako Udalak hura interpretatzeko ahalmenak izanen ditu.

Ordenantza honi buruzko erabaki guztiak Lesakako Udaleko Alkatetzak hartuko ditu, eta berehala betearaziko dira. Hala ere, haien kontra hautaz errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Lesakako Udalari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aitzina.

Iragarkiaren kodea: L2211056