164. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12119E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira prestakuntza- eta enplegu-tailerrak egiteko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 641476.

Enplegurako Lanbide Heziketaren sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistemaren osoko erreforma bati ekin zaio eta esparru juridiko berri bat ezarri da hala enpresek nola Administrazio Publikoek langileen eskura jartzen dituzten prestakuntza eskaintzetarako.

Lege horren 8. artikuluak aurreikusten du ikas-ekinezko prestakuntza, enplegu eta prestakuntzaren prozesu misto baten bitartez. Prozesu horrek aukera ematen dio langileari ikaskuntza formala lanpostuko lanbide praktikarekin batera uztartzeko, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu baten bitartez.

Ekimen hau, eta hura osatzen duten ekintzak, lanbide kualifikazio eta gaitasunak eskuratu, hobetu eta etengabe eguneratzera bideratuta daude, biztanleria aktiboari bizitza osoan prestatzen segitzeko aukera emateko, pertsonen, enpresen, lurraldeen eta sektore produktiboen beharrak bateratuz.

Nafarroako 2021-2024 Enplegurako Planaren helburu estrategikoak dira pertsonen enplegagarritasuna hobetzea eta bizialdi osoko ikaskuntzarako gaitasuna sustatzea eta garatzea. Gainera, enplegurako politika aktiboen akordioan, pertsonen zeharkako gaitasun profesionalak eta enplegurako lanbide-prestakuntza bultzatzen dira, prestakuntza eskaeren eta premien arabera planifikatuz eta diseinatuz lurralde-ikuspegi batekin, enpleguan eragin zuzen handiagoa izan dezan.

Deialdi honen bidez, erantzun nahi zaie horretarako zailtasun handienak dituzten produkzio-sektoreen kontratazio-beharrei, langabeei behar duten prestakuntza eta esperientzia emanez, ahalik eta bermerik handienarekin laneratzeko. Horretarako, ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu batekin kontratatuko dira onuradunak proiektu osoan, bat etorriz Enpleguari buruzko Legearen testu bateginaren 10.4b) artikuluan eta bederatzigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan aurreikusitakoarekin (azaroaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Prestakuntza eta enplegu programa horiek norgehiagokako araubidearekin bat banatuko diren dirulaguntza publikoen bidez finantzatuko dira, eta entitate onuradunek beraiek gauzatu beharko dituzte.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Prestakuntza- eta enplegu-tailerrak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea, baita ebazpen honen eranskinean ageri diren oinarri arautzaileak ere.

2. 6.178.575,09 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuaren “Lantegi-eskoletako programak eta berariazko programak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002 96200 4819 242200 [PEP: E-22-000430-02] partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 2an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, langabeei zuzendutako prestakuntza- eta enplegu-tailerrak egin daitezen Nafarroako Foru Komunitatean.

Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Definizioa.

Prestakuntza- eta enplegu-tailerrak langabeen enplegagarritasuna hobetzea xede duten programak dira, eta horretarako ikaskuntza eta prestakuntza jardun produktiboarekin tartekatzen dituzte, langabe horiek laneratzea sustatzeko.

3.–Hartzaileak.

Tailer horien hartzaileek gutxieneko baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Eskatzaile gisa izena emanda egotea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (aurrerantzean, NL-NEZ) enplegu-agentzietan, proiektuan sartu aurreko egunean.

2. Proiektuko prestakuntza 2. edo 3. kualifikazio-mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratua badago, bermatuko da ikasleen profila profesionaltasun ziurtagirietan sartu ahal izateko betebeharretara egokitzen dela edo proiektuan dirauen bitartean eskuratuko dutela.

3. Proiektuak 10-15 laguneko talde bati zuzenduko zaizkio.

4.–Entitate onuradunak.

1. Honako entitate hauek sustatzen ahalko dituzte deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen prestakuntza- eta enplegu-tailerrak:

a) Toki erakundeak, beren erakunde autonomoak eta horien mendeko edo horiei parekatutako entitateak, titulartasun osoa toki erakunde horiena bada eta Nafarroako Foru Komunitatean badaude.

b) Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta bestelako entitateak, Nafarroan gutxienez establezimendu bat edo zuzenbide publikoko beste korporazio batzuk dituztenak.

Proiektua gauzatzen den bitartean, erabilgarritasun publikoko edo interes sozialeko obrak edo zerbitzuak eginen dira, eta horiei esker, ikasle-langileek aukera izanen dute benetako lana egiteko. Lan horrek, jasotzen duten lanbide heziketarekin batera, lanbide-prestakuntza ematen die eta lan-munduan txertatzea errazten.

2. Gainera, 1. puntuan adierazitako entitateen eta enpresen arteko elkarteek sustatzen ahalko dituzten tailerrak. Kasu horretan, gizarte-ekintza bat garatu ordez, elkartea osatzen duten enpresen eta proiektuan parte hartzen duten pertsonen artean egindako kontratu bati dagokion benetako lana eginen da. Entitateek eta enpresek akordio bat sinatu beharko dute, non deialdi honetako betebeharrak betetzeko erantzukizuna jasoko duten. Horretaz gain, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskaeran, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe.

3. Entitate onuradun guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

5.–Laneratzea.

1. Proiektu guztiek bermatu beharko dute bertan parte hartu eta ebaluatzen ahal direnen % 25 laneratuko direla, gutxienez. Pertsona bat ebaluatu ahal izateko, gutxienez proiektuak irauten duen denboraren % 50 egin beharko du. Entitate onuradunek laneratzeko konpromiso gehigarri bat hartzen ahalko dute; hori konkurrentzia prozeduran baloratuko da, eta egiaztatu beharreko ehunekoaren parte izanen da. Ehuneko hori aplikatu ondoren dezimalak ateratzen badira, gertuen dagoen zenbaki osoaren arabera borobilduko da, gorantz edo beherantz, eta digitua 5 bada, goiko zenbaki osoaren arabera borobilduko da.

2. Honela egiaztatuko da pertsona ebaluagarriak laneratu direla:

–Lan kontratuak, gutxienez 3 hilabeteko guztizko iraupenekoak, lanaldi osoa bada, edo horren baliokidea, lanaldi partziala bada, baldin eta proiektuak iraun bitartean eta hura amaitu ondorengo 9 hilabeteetan kontratu hori lanaldi erdikoa baino txikiagoa ez bada.

–Altak langile autonomoen araubide berezian, eta kuoten ordainketak, gutxienez hiru hilabetez, aurreko apartatuan zehaztutako epealdian.

–Era berean, laneratutzat hartuko dira proiektua amaitu ondorengo 9 hilabeteetan hezkuntza-sistemara itzultzen diren pertsona ebaluagarri guztiak, barne hartuta parte hartzea Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako edozein prestakuntza ekintzatan.

Laneratzearen ondorioetarako, bazter utzi beharko da administrazio publikoan sartzeko edozein bide, funtzionario, estatutupeko langile edo lan edo administrazio kontratatu, bai eta gizarteratze- eta laneratze-enpresetako kontratazioak ere.

3. Laneratze konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea hilabetekoa da, laneratze epea amaitzen denetik hasita.

6.–Onuradunekin egindako kontratuak.

1. Proiektuak irauten duen bitartean, ikasle-langileei lanaldi osoko kontratua eginen diete honako entitate hauek:

Proiektua 4. oinarriko 1. apartatuan adierazitako entitate batek bakarrik sustatzen badu, entitate horrek eginen du kontratua.

Proiektua elkarte batek sustatzen badu, 4. oinarri bereko 2. apartatuan deskribatutako formularen bidez, enpresak kontratatuko du parte-hartzailea.

2. Horretarako, ikas-ekinezko prestakuntza-kontratua erabiliko da, bat etorriz Enpleguari buruzko Legearen testu bateginaren 10.4 b) artikuluan eta bederatzigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan aurreikusitakoarekin (azaroaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

3. Programan parte hartzeagatik ikasle-langileekin sinatutako lan-kontratuen iraupenak ezin izanen du gainditu proiektuaren amaiera-data.

7.–Proiektuaren edukia eta iraupena.

1. Proiektuak 7 hilabete iraunen du.

2. Proiektu guztiak 2023ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean garatu behar dira.

3. Proiektuak, nahitaez, eduki hau izanen du:

a) Prestakuntza edukia.

a.1) Ikasleen prestakuntza bete beharreko lanera egokitutako gaitasun teknikoei buruzkoa izanen da, memorian bildutako prestakuntza-planaren arabera. Prestakuntza programa profesionaltasun ziurtagiri osoekin osatuko da, edo I. eranskinean jasotako moduluekin, eta/edo oinarri hauen II. eranskinean jasotako prestakuntza-espezialitateekin.

Prestakuntza ekintzak bideratuta baldin badaude profesionaltasun ziurtagiriak edo moduluak lortzera, eskaeran adierazi beharko da zer ziurtagiri edo ziurtagiritarako diren. Era berean, bete beharko dituzte profesionaltasun ziurtagiri bakoitza arautzen duten errege dekretuetan ezarritako baldintzak nahiz urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren xedapenak (abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak aldatu zuten).

Horretarako, proiekturako dirulaguntza eskatu aurretik, entitateak kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagiria emateko egiaztagiria izan beharko du, Prestakuntza zentro eta entitateen Estatuko erregistroak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen barnean.

Kasu horretan, aurkeztu beharreko agiriei honako hauek erantsiko zaizkie:

–Prestakuntza zentroaren egiaztapen agiria.

–Proiektuan sartutako gaitasun unitateak nola emanen diren zehazten duen plangintza eta egutegia, Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan adierazten den moduan.

–Ebaluazio-sistema bat, eskuratutako prestakuntza teoriko-praktikoaren maila zehazteko.

II. eranskinean agertzen diren prestakuntza ekintzetan, errespetatu beharko dira bai edukia bai orduak, aipatutako eranskinean agertzen diren espezialitateei buruzko informazioari dagokionez. Era berean, proiektuaren hasieran, aurkeztu beharko da egin beharreko jarduera guztiaren plangintza eta egutegi xehatua.

a.2) Gainera, entitate onuradunek prestakuntza osagarri hau programatu beharko dute:

–Ingurumenarekiko sentsibilizazioa. modulu horren edukiak 5 orduko iraupena izanen du gutxienez, eta memoriaren prestakuntza planaren barnean sartuko da.

–Genero-berdintasuna. modulu horren edukiak 5 orduko iraupena izanen du gutxienez, eta memoriaren prestakuntza planaren barnean sartuko da.

–Laneko arriskuen prebentzioa: modulu horrek 30 orduko iraupena izanen du gutxienez eta bere edukia urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren a) eta b) letretan ezarritakoari jarraituko zaio. Dekretu horren bidez Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onetsi zen. Eskatutako memoriaren prestakuntza planean sartuko da.

–Enpleguaren bilaketa aktiborako teknikak: entitate onuradunak proiektuaren 10 ordu emanen ditu, gutxienez, enplegua modu aktiboan bilatzeko teknikak irakasteko.

b) Benetako lana.

Proiektuak irauten duen bitartean, ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu bat sinatuko da ikasle-langileekin, proiektuan aurreikusitako gizarte-ekintza edo enpresan lan egiteko, eta haiek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

8.–Prestakuntzaren eta kualifikazioaren ziurtagiriak eta profesionaltasun ziurtagiriak.

1. Proiektuan parte hartu ondoren, ikasle-langileek entitate onuradunak emandako egiaztagiria jasoko dute. Agiri horretan proiektuan egindako ordu kopurua agertuko da, baita eskuratutako prestakuntza teoriko-praktikoaren maila eta egindako prestakuntza moduluak.

2. Proiektuaren prestakuntza bideratuta egon bada profesionaltasun ziurtagiriak lortzera, entitateak, prestakuntza amaitu ondoren, ebaluazio-akta bat emanen dio NL-NEZi, non jasoko baitira ikasleek prestakuntza-unitate/moduluetan lortutako emaitzak. Aktarekin batera, zentroak aurkeztu beharko ditu ikasleek profesionaltasun ziurtagiria osorik edo partez egiaztatzeko betetako eskaerak.

NL-NEZek beharrezkoak diren tramiteak eginen ditu ziurtagirien egiaztatze partzial edo osoak erregistratu eta prestatzeko.

9.–Proiektuaren koordinazioa.

Tailerretako ikasle-langileek akonpainamendua eta aholkularitza jasoko dute, bai eta enpleguaren bilaketa aktibora bideratutako ezagutzak ere. Horretarako, proiektu osoan lanaldi osoko profesional bat izan beharko dute, koordinazio-lanak eta proiektuaren kudeaketa-, justifikazio- eta jarraipen-lanak eginen dituena. Koordinatzaile horrek psikopedagogiako, psikologiako edo pedagogiako titulazio akademikoa izan behar du. Koordinatzaileak horrelako titulaziorik ez badu, gutxienez 6 hilabeteko lan-esperientzia egiaztatu beharko du honako hauetan: lanbide-orientazioko, prospekzioko eta bitartekotzako ekintzak egiten, edo prestakuntza- eta enplegu-programa mistoak edo baliokideak garatzen.

10.–Gaitasuna, instalazioak, ekipamenduak eta prestakuntza materiala.

1. 4.1 oinarrian adierazitako entitateek bakarrik sustatutako proiektuen kasuan, entitate horiek izanen dute eskumena Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan onura publikoko obrak edo zerbitzuak egiteko.

2. Onetsitako proiektuaren memoriaren arabera, entitate onuradunak jarri beharko ditu ikasgelak, tailerrak, altzariak, makineria eta abar, hori baita proiektuak behar bezala funtzionatzeko behar duen oinarrizko ekipamendua.

3. Proiekturako erabiltzen diren gelak, tailerrak eta gainerako gelak entitate onuradunaren jabetzakoak ez direnean, eskaera egiteko unean egiaztatu beharko da profesionaltasun ziurtagiriak emateko lokalak erabiltzeko prest daudela eta horretarako akreditatuta daudela.

4. Proiektuko memorian adierazitako gainerako oinarrizko ekipamendua prest egonen da erabiltzeko, proiektua behar bezala garatzeko beharrezkoa den unean.

11.–Parte-hartzaileen hautaketa.

1. Parte-hartzaileak hautatu aurretik, proiektua gauzatuko den lurraldeko enplegu agentziak aurrehautaketa bat eginen du.

Entitate onuradunek dagokion enplegu agentziari adierazi beharko dizkiote proiektuari egokitzen zaizkion profilak eta sartzeko betebeharrak, zundaketa bidez edo zabalkunde publikoaren bidez behar bezala kudeatzeko.

Enplegu agentziak zundaketa bat egiten badu, bilaketa esparrua hautaketa egiten den enplegu agentziaren eragin eremua izanen da Zabalkunde iragarkiak interesdunek izena emateko epea, erak eta baliabideak zehaztuko ditu.

Entitate onuradunek enplegu agentziari hautagai zerrenda bat aurkezten ahalko diote, aurrehautatuak izan daitezen, eta jarduketa eremuan proiektuaren hartzaileekin lan egiten duten beste entitate batzuetatik deribazio bideak ezarrita izaten ahalko dituzte.

Aurrehautaketa egin ondoren, enplegu agentziak entitate onuradunari igorriko dizkio aurrehautatutako pertsonen zerrenda eta inskripzio eskaerak, hautaketa egin dezan.

Entitate onuradunak parte-hartzaileen eta ordezkoen zerrenda eta hautatzeko irizpideak behar bezala justifikatuta igorriko dizkio enplegu agentziari.

Enplegu agentziak, bere eskumenen arabera, deialdi honetan ezarritako betebeharrak bete ote diren egiaztatuko du.

2. Hautatutako ikasleek hautaketa-baldintzak bete beharko dituzte proiektuan sartu aurreko egunean.

12.–Eskaerak eta aurkezteko epea.

1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.navarra.es/eu/), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

2. Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

3. Eskaera aurkeztearekin batera baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horri berariaz aurka egin nahi izanez gero, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

13.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek eskaera bat eta dagokion memoria aurkeztu beharko dituzte egin nahi duten prestakuntza- eta enplegu-tailer bakoitzeko, eredu normalizatuaren arabera, honako dokumentazio honekin batera:

a) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan jasotako betebeharrak konplitzen dituela.

b) Eskatzaileen nortasuna identifikatzen duen dokumentazioa eta entitate onuradunen izenean eta haiek ordezkatuz jarduteko ahalorde aski eta iraunkorra dutela egiaztatzen duena. Bi entitate onuradun edo gehiago elkartzen badira, izendatu beharko da NL-NEZko harremanetan ordezkari lanak eginen dituen pertsona.

c) Irabazi asmorik gabeko elkarteen, fundazioen eta bestelako entitateen kasuan, eraketaren eskritura publikoa eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatutako estatutuak, irabazi asmorik gabeko entitateak direla egiaztatzen dutenak.

d) Bi entitate edo gehiago elkartuz gero, hitzarmen bat aurkeztu beharko da, non zehaztuko baita bere gain hartzen dituztela deialdi honetako betebeharrak, eta, horretaz gain, exekuzio-konpromisoak eta bakoitzak eskatutako zenbatekoaren xehetasunak ere aurkezteko dira.

e) Dirulaguntzarik jasotzen ez duen proiektuaren kostua finantzatzeko kreditua baduela egiaztatzen duten agiriak.

f) Toki erakundeen kasuan, organo eskudunak proiektua onesteko emandako erabakiaren egiaztagiria aurkeztuko dute.

g) Proiektua bideratuta baldin badago II. eranskinean jasotako prestakuntza-espezialitateak ematera, entitate eskatzaileak aurkeztu beharko du PROFESIONALTASUN ZIURTAGIRIA LORTZERA BIDERATUTA EZ DAUDEN PRESTAKUNTZA-ESPEZIALITATEAK INSKRIBATZEKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, eredu normalizatuaren arabera.

h) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko aitorpena.

i) 14. oinarriko e) eta f) letretan ezarritakoa egiaztatzen duen dokumentazioa, hala badagokio.

j) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen zaion lehenengo aldia baldin bada.

k) Beste edozein dokumentu edo informazio gehigarri, uste bada beharrezkoa dela espedientea ebazten denerako.

2. Eskaerak ez baditu betetzen adierazitako betebeharrak, instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzendu dezala. Zuzentzen ez badu, bere eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

3. Administrazioari lehendik aurkeztu zaizkion agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, baldin eta adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.

14.–Balorazio irizpideak.

Eskaeren balorazioan, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

A.–Garatu beharreko proiektuaren enplegu agentziaren lurralde eremuan izandako langabezia-tasa.

Garatu beharreko proiektuaren enplegu agentziaren lurralde eremuan izandako langabezia-tasa: 20 puntura arte.

2022ko uztailaren 31n erregistratutako langabezia-tasa hartuko da erreferentziatzat. Honela kalkulatzen da adierazle hori: enplegu zerbitzu publikoetan une jakin batean egon den eskari kopurua alderatzen da urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean bizi diren pertsonekin. Datu hori Errealitate Sozialaren Behatokiaren webgunetik lortuko da.

X = Nafarroan 2022ko uztailaren 31n erregistratutako langabezia-tasa.

Y = proiektua garatuko den lurralde eremuko langabezia indizea.

Y-X 0,2 bada, edo handiagoa: 2 puntu.

Y-X 0,4 bada, edo handiagoa: 4 puntu.

Y-X 0,8 bada, edo handiagoa: 6 puntu.

Y-X 1,0 bada, edo handiagoa: 8 puntu.

Y-X 1,2 bada, edo handiagoa: 10 puntu.

Y-X 1,4 bada, edo handiagoa: 12 puntu.

Y-X 1,6 bada, edo handiagoa: 14 puntu.

Y-X 1,8 bada, edo handiagoa: 16 puntu.

Y-X 2,0 bada, edo handiagoa: 18 puntu.

Y-X handiagoa bada 2,1 baino: 20 puntu.

B.–Laneratze konpromisoak: 25 puntu, gehienez.

Entitate onuraduna laneratzera konprometitu den ikasleen ehunekoa balioetsiko da, 5. oinarrian aurreikusitakoaren arabera, eta oinarrietan eskatutako gutxieneko ehunekoa gainditzen bada.

0,33 puntu emanen dira eskatutakoaren gainetik dagoen laneratze konpromisoaren ehunekoaren puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, zati proportzionala emanen da.

C.–Proiektuaren egokitasuna: 60 puntu, gehienez.

Egiaztagiriaren prestakuntza eskaintza egokitzea, kontuan hartuta oinarri hauetako I. eranskinean aurreikusitako lehentasunezko prestakuntza ekintzen sailkapena.

–Proiektuan sartutako prestakuntza lehentasun oso handikoa bada: 30 puntu.

–Lehentasun handikoa bada: 25 puntu.

Proiektuak II. eranskinean zerrendatutako espezialitateak sartzen baditu.

–Proiektuan sartutako prestakuntza lehentasun oso handikoa bada: 20 puntu.

–Lehentasun handikoa bada: 15 puntu.

–Lehentasun ertainekoa bada: 10 puntu.

–Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) arlo ekonomikoekin bat badator. 10 puntu.

Lehentasun bat baino gehiagoko prestakuntza programatu denean, puntuazioa lehentasun handienekoa izanen da, bai I. eranskinerako, bai II. eranskinerako.

D.–Zonifikazioa: 20 puntu.

10 puntu emanen dira deialdian aurkeztutako proiektua herri horretako bakarra bada.

10 puntu emanen dira proiektua Iruñerritik (III. eranskina) edo Tuteratik kanpo garatzen bada.

E.–Entitate onuradunak kalitateko ziurtagiriak izatea (EFQM, ISO, SGSI, kudeaketa aurreratuaren eredua edo baliokideak): 5 puntu.

F.–Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea: 5 puntu.

Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzen duten entitateei 5 puntu emanen zaizkie. Honako formula hauetako edozeinen bidez egiaztatuko da hori:

–Entitate eskatzaileak berdintasun-plan bat du indarrean.

–Entitate eskatzailearen estatutuek berdintasuna sustatzea jasotzen dute xedean edo helburu sozialen artean.

–Entitate eskatzailearen zuzendaritza-batzordearen osaeran badago sexuen arteko oreka.

–Entitate eskatzaileak berdintasun-ordezkariak ditu.

–Entitate eskatzailea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean laguntzen duen entitatea da.

Gutxienez 50 puntu izan behar dira dirulaguntza jaso ahal izateko.

15.–Dirulaguntza emateko prozedura.

1. Norgehiagokakoa izanen da dirulaguntzak emateko prozedura, eta publikotasun, gardentasun, objektibotasun eta berdintasun printzipioak beteko ditu.

2. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 14. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Deialdian erabilgarri dagoen kreditua gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

3. Berdinketa gertatuz gero, C irizpidean puntuazio handiena duten proiektuek izanen dute lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, B irizpidean puntuazio handiena dutenek izanen dute lehentasuna. Berdinketak badirau, A, D, E eta F irizpidean puntuazio handiena dutenek izanen dute lehentasuna, hurrenkera horretan. Berdinketak jarraitzen badu, dirulaguntzaren eskaeraren egunak eta orduak izanen dute lehentasuna.

4. Entitate onuradunen batek uko eginen balio dirulaguntzari, organo emaileak erabakiko du, deialdi berria egiteko beharrik gabe, puntuazioaren arabera ezarritako lehentasun ordenan hurrengo dauden eskatzaileei ematea, betiere proiektuak eskatutako gutxieneko puntuazioa jaso badu eta onuradunek laguntzari uko egitearen ondorioz aski kreditu askatzen bada gutxienez ere ukatutako eskaeretako bati erantzuteko.

5. Deialdiko kreditu erabilgarria ez bada nahikoa proiektu batean eskatutako dirulaguntza osatzeko, erakunde kudeatzaileak eskaera egiten duen entitate onuradunari eskaini diezaioke bere proiektua birformulatzeko aukera, eskuratutako balorazioa murrizterik ekartzen ez badu. Edonola ere, organo kudeatzaileak onartu beharko du birformulazioa.

16.–Prozeduraren instrukzioa eta Balorazio Batzordea.

1. Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena duen organoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

2. Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusi ondoren eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

3. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da. Eskaerak ebaluatzeko ardura du, eta bere ebazpena lotzailea da. NL-NEZko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez izendatuko da.

4. Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa ikusirik, ebazpenaren proposamen arrazoitua prestatu eta NL-NEZko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

17.–Ebazpena eta jakinarazpena.

1. NL-NEZko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen du bidezko ebazpen arrazoitua, zeinaren bidez eman edo ukatuko baitzaie entitate eta gainerako pertsona juridiko interesdunei eskatutako dirulaguntza. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

2. Laguntza emateko ebazpena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21.2 artikuluaren arabera arrazoituko da, eta honakoak jasoko ditu gutxienez:

a) Aurkeztutako entitateen zerrenda.

b) Onartutako eta ukatutako proiektuen zerrenda, beren puntuazioa adierazita, bai eta onartu ez direnak ere.

c) Onartu den proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza.

d) Guztira emandako diru kopurua.

18.–Dirulaguntzen zenbatekoa eta xedea.

1. Programa bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauen batuketa eginda aterako da:

a) Akonpainamenduko, kudeatzeko eta koordinatzeko dirulaguntza.

3.965,48 euroko dirulaguntza emanen da proiektuak irauten duen hilabete bakoitzeko, edo haren zati proportzionala, proiektuaren koordinatzailearen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak ordaintzeko.

Entitate onuradunak bere proiektuan hala aurreikusiz gero, diruz lagungarria izanen da entitate onuradunak koordinatzailea kontratatzea proiektua hasi baino 15 egun lehenago eta proiektua amaitu eta 15 egun geroago. Kasu horretan, 3.965,48 euroko zenbateko finkoko dirulaguntza bat emanen da epealdi osoagatik, edo 1.982,74 euro, kontratua 15 egunerako bada.

b) Prestakuntzarako dirulaguntza.

Eman beharreko zenbatekoa honela kalkulatuko da: proiektuko prestakuntza-orduak bider 8,58 euroko modulu bat ikasle eta ordu bakoitzeko, bat etorriz Batzordearen 2018ko maiatzaren 28ko 2018/1127 (EB) Erregelamendu Delegatuak onetsitako baremo estandarrarekin.

c) Ikasle-langilearen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak ordaintzeko dirulaguntza.

Ikasle-langileekin egiten diren ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuen ondoriozko soldata-kostuak lagunduko dira diruz, gehieneko muga izanik urtean ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldata, eta, betiere, benetan lan egindako denboraren arabera. Diruz lagunduko dira Gizarte Segurantzari dagozkion eta kontratu horietarako araudi espezifikoan ezarrita dauden kuota guztiak, enplegatzailearen kargura, Soldatak Bermatzeko Funtsa eta langabezia-kotizazioa barne, zenbateko horietan aparteko bi ordainsariren zati proportzionala sartuta.

19.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa:

1. Dirulaguntzaren azken justifikazioa egin baino lehen, eta betiere 2023ko ekainaren 30a baino lehen, entitateak konturako ordainketa bat eskatzen ahalko du, gauzatze-memoria tekniko bat aurkeztuta.

Konturako ordainketen zenbatekoa ez da izanen emandako dirulaguntzaren % 60 baino handiagoa.

2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, proiektua amaitu eta gehienez hilabeteko epean, entitate onuradunak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko memoria tekniko bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, prestakuntzan, akonpainamenduan eta laneratzean egindako lana zehaztuta.

b) Justifikazio memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

b.1. Prestakuntza amaitu zuten ikasleen zerrenda, oinarri honen 3. apartatuan jasotakoaren arabera.

b.2 Justifikatutako aldiko ikasleei soldataren eta Gizarte Segurantzaren kontzeptuan egindako ordainketen justifikazioa.

b.3. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

3. Prestakuntzari dagokion dirulaguntza zehazteko, prestakuntza amaitu duten ikasleak kontuan hartuko dira, eta bukatu dutela ondorioztatuko da gutxienez prestakuntza ekintza osoaren ehuneko 75ean parte hartu badute. Prestakuntza ekintza proiektuan zehar emandako prestakuntza ordu guztien batura dela ulertuko da. Gainera, pertsona batzuek prestakuntza ekintza utzi behar izan badute lana aurkitu dutelako, beka bat jaso dutelako, edo lanekoak ez diren praktikak egiteko, eta gutxienez prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute, prestakuntza ekintza amaitu dutela ondorioztatuko da. Horretarako, ezin dira 5 egun natural baino gehiago pasa langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten dituen egunera arte.

4. Entitate onuradun bakoitzari ordainduko zaizkio dirulaguntzak, baita 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera elkartutako entitateei ere.

5. NL-NEZek aurkeztu den dokumentazioa ebaluatuko du, eta dagokion ordainketa onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen du.

20.–Bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean jasotzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek zein atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, salbu eta kontratatzeko pizgarrien dirulaguntzak.

Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen zenbatekoa inoiz ere ez da izanen, bakar batean edo beste batzuekin batera, proiektua egiteak sortutako kostuen ehuneko ehun baino handiagoa.

21.–Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Bereziki, hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua hasi eta ondorengo 5 egunetan, proiektuaren xede den jarduera hasi delako jakinarazpena igortzea NL-NEZi. Ezarritako epean ez jakinarazteak penalizazio bat ekarriko du berekin: emandako zenbatekoa murriztea, hasiera jakinarazi behar zen egunetik jakinarazi gabe iragan diren egunen zati proportzionalaren baliokidea.

b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.

c) Diruz lagundutako langileen lan kontratuak aurkeztea.

d) Proiektua hastean, proiektuan zehar egin beharreko jarduera osoaren plangintza eta egutegi zehatza aurkeztea.

e) Lehenbailehen jakinaraztea NL-NEZi parte-hartzaileen artean izan diren altak eta bajak.

f) NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.

h) NL-NEZi behar bezala justifikatzea onetsitako proiektuan aurreikusitako laneratze konpromisoak bete direla.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

j) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen hedapen eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta NL-NEZekin lankidetza aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

k) Jarduketak SISPE/Silcoi web/IRISen grabatzea.

l) Parte-hartzaile bakoitzari egin duen aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat ematea, deialdi honetan adierazi bezala. Proiektuan parte hartu ondoren, onuradunek entitate onuradunak emandako ziurtagiri bat jasoko dute. Ziurtagiri horretan jasoko da zenbat iraun duen parte hartzeak, bai eta lortutako prestakuntza teorikoaren eta praktikoaren nahiz egindako prestakuntza moduluen ebaluazioa ere, edo, hala badagokio, dagokion profesionaltasun ziurtagiria.

m) Parte-hartzaileei prestakuntzara joateak dakartzan betebeharren berri ematea.

2. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

22.–Onetsiriko programen aldaketak.

1. Programak edo dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, aitzinetik horren berri eman beharko zaio NL-NEZi, haietarako baimena eman dezan.

Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Aldaketa horiek, alabaina, ezin izanen dute aldatu hasierako balorazioan emandako puntuazioa. Horrelako eskaerak proposatu nahi den aldaketa hasi baino gutxienez 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.

2. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, NL-NEZek ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzteko, sartutako aldaketen garrantziaren arabera.

Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez komunikatuko da baimena.

23.–Azpikontratazioa.

Irailaren 9ko 30/2015 Legearen 14. artikuluan ezartzen den bezala, entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontratatu proiektatutako prestakuntza jarduera.

Langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada.

24.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. NL-NEZek beharrezkoak diren ekintza guztiak gauzatuko ditu proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, bai alderdi kualitatiboan, bai kuantitatiboan. Entitate onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko. Zehazki, Gizarte Segurantzan kontsulta eginda, programetan parte hartu dutenak laneratu direla egiaztatuko da.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenetara egokitzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu, baita dirulaguntza jaso duten jarduerak egiten diren tokietara ere beharrezkoa bada, horien betetze maila ebaluatze aldera.

25.–Dirulaguntzen publikotasuna.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea. Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

26.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Ezarritako epean justifikatzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori NL-NEZi jakinarazten ez bazaio, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo programen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

Ezin izanen da aldaketarik egin proiektuak emateko baldintzetan edo dirulaguntzak emateko aintzat hartutako baldintzetan baldin eta aldaketa horiek kontratazio konpromisoei eragiten badiete, salbu eta behar bezala frogatutako eta NL-NEZek onartutako ezinbesteko kasuetan.

4. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita. Deialdi honen ondorioetarako, “esanguratsutzat” joko da onetsitako proiektuaren % 75 betetzea.

5. Proiektuan ezarritako laneratzeko konpromisoa betetzen ez bada, % 5 itzuli beharko da proiektuan adierazitako ehunekoaren % 20ra arte betetzen ez denean; % 10, ehuneko hori % 21etik % 50era arte betetzen ez denean; % 15, % 51tik % 75era arte betetzen ez denean, eta % 20, ehuneko hori gaindituz gero.

6. Aurreko apartatuetan ezarritakoaz gain, proiektuan ezarritako laneratze konpromisoa ez betetzeak honako zigor hau ekarriko dio entitateari: hurrengo deialdian, lagundutako proiektuan bete ez duen kontzeptuarengatik emandako puntu kopuru bera kenduko zaio.

7. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada berandutze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.

27.–De minimis araubidea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

28.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

29.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

Halaber, organo kudeatzaileak proiektuetako parte-hartzaileen lan bizitzak kontsulta ditzan, entitate onuradunek dagozkien baimenak eskatu behar dizkiete horiei.

30.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2210630