164. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Udal Plan Orokorraren aldaketa, lurzoru urbanizaezinerako. Hasierako onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2022ko uztailaren 28an egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Lehenbizikoa.–Hasiera batez onestea Oltza Zendeako Udal Plan Orokorreko determinazio egituratzaileen aldaketa puntuala lurzoru urbanizaezinerako, María Asunción Osés Alonso arkitektoak idatzia.

Bigarrena.–Udal Plan Orokorra aldatzeko espediente osoa jendaurrean edukitzea hilabetez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitatean plazaratzen diren egunkarietan argitaratuta, hirigintzako eta ingurumeneko araudi aplikagarria bete beharrez.

Hirugarrena.–Jendaurreratzearekin batera, txostenak jasotzea ukitutako kontzejuetatik eta Iruñerriko Mankomunitatetik –udalerri hau bertako kide baita–, planeamenduaren aldaketak ukitutako udal zerbitzu mankomunatuen gainean.

Orobat, hasiera batean onetsitako Udal Plan Orokorraren aldaketa igortzea lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen departamentura, aldaketak ukitutako Nafarroako Gobernuko departamentuen txostenak jaso ditzan haien eskumeneko gaiei buruz, eta txosten orokorra egin dezan, haien ohartarazpen sektorialak bilduz.

Laugarrena.–Agintzea ukitu diren eremu eta erabileretan lizentziak ematea eten dadila, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru-Dekretuaren 70. artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foro Legearen testu bategina). Hona hemen eremu eta erabilera ukituak:

Lurzoru-mota: lurzoru urbanizaezina, kategoria guztiak.

Erabilerak: energia berriztagarrien instalazio berriak nahiz haien ebakuazio azpiegiturak ezartzea (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak).

Salbuespenak:

–Autokontsumorako, lehendik dauden eraikinen estalkietan jartzen diren instalazioak.

–Instalazio eolikoetarako prototipo proiektuak, haize-sorgailu bakarra badute eta Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio deklaratu baditu, bat etorriz abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean xedatutakoarekin (Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko Foru Legea).

–Iturri berriztagarrietatik datozen energiak sortzeko eta banatzeko proiektu eta instalazioak, baldin udalerriaren barneko autokontsumorako badira; energia-komunitateek sustatuak izan beharko dute, horiek osatzen dituztenak izanik, betiere, pertsona fisikoak, enpresa txiki eta ertainak edo tokiko agintaritzak (Oltza Zendeako Udala eta/edo kontzejuak).

Etenduraren ondorioak 2023ko irailaren 30ean azkenduko dira behin betiko. Edozein kasutan, etendura iraungitzen da planeamendua behin betiko onesten denean.

Bosgarrena.–Alkateari ahalmena ematea, erabaki hau egokiro betearazteko behar diren jarduketa guztiak gauzatzeko behar den guztia egin dezan.

Oltza zendean, 2022ko uztailaren 28an.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

Iragarkiaren kodea: L2210746