164. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

691E/2022 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez funtsezko aldaketa baimentzen baita Buñuelgo udal-mugartean dagoen animaliak bazkatzeko produktuak fabrikatzeko instalazio batean. Instalazioaren titularra LIVERCO SL da.

Gaur egun martxan dagoen instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 24ko 245E/2017 Ebazpenaren bidez emana.

Instalazioa sartuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) ii) epigrafean, hots, “Landareetatik ateratako lehengaiak, aldez aurretik tratatuak edo ez, erabiltzen dituzten instalazioak, haiek ontziratzeaz gain tratatu edo eraldatu eta elikagaiak ekoizteko, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa dutenak edo egunean 600 tonatik gorakoa, baldin instalazioek gehienez 90 egun segidan funtzionatzen badute urte arrunt batean” izenekoan (legearen testu bategina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen); eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-emisioei buruz (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratua) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b)ii) epigrafean, hots, “Landareetatik bakarrik ateratako lehengaiak, aldez aurretik tratatuak edo ez, erabiltzen dituzten instalazioak, haiek ontziratzeaz gain tratatu edo eraldatu eta elikagaiak ekoizteko, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa dutenak edo egunean 600 tonatik gorakoa, baldin instalazioek gehienez 90 egun segidan funtzionatzen badute urte arrunt batean” izenekoan (testuaren bertsio bateginaren arabera) (https://eur-lex.europa.eu/LexUriServ/LexUriServ.do?uri=CELEX:32010L0075:ES:NOT).

2020ko abenduarean 23an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, helburu zuena bazka hezerako lerro berria paratzea eta produkzio-ahalmena handitzea. 2021eko urtarrilaren 5ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), funtsezko aldaketa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak nahikotzat jo zuen titularrak aldaketa proiektua jakinarazteko aurkeztutako dokumentazioa ingurumen baimen integratuaren funtsezko aldaketa tramitatzeko administrazio prozedurarako. Hori dela eta, 2021eko urtarrilaren 5ean, prozedura hori abiatu zen.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) bere 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo isuria berrikusi da, eta erabaki da, horrelakorik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honen barruan sartuta dago azaleko uretan zeharkako isurketak egiteko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginarekin.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Egiaztatu da ezen, aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duenez, betetzen dela Batzordearen azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiak ezartzen duena, zeinaren bidez ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak elikaduraren, edarien eta esnearen industriari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da. Tarte horretan, titularrak ohar batzuk aurkeztu ditu, eta, horiei esker, ingurumen baimen integratuaren eranskinen testua egokitu ahal izan da.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Funtsezko aldaketa baimentzea Buñuelgo udal-mugartean dagoen animaliak bazkatzeko produktuak fabrikatzeko instalazio batean, bazka hezerako lerro berria baten proiektua gauzatzeko eta produkzio-ahalmena handitzeko helburuarekin. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra LIVERCO SL da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02057007532004 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena mantentzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatuakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, automatikoki berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, ondoz ondoko aldietarako berritzeko aukera izanen da. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

Seigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat etorriz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

Zazpigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, arrazoituta adieraziz aldaketa funtsezkotzat jotzen duen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Zortzigarrena.–Instalazioan handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 12. artikuluan ezartzen denarekin bat (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bederatzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Jarduketa programa bat, non azalduko baititu lurzorura eta lurpeko uretara iristen ahal diren emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsu nabarmenenak– saihesteko aurreikusi diren neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela ziurtatzeko.

–Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistema.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea LIVERCO SLra, Buñuelgo Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2210234