163. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA

Gizarteratzeko eta/edo larrialdi sozialeko prozesuetarako laguntzak kudeatzeko ordenantza

Erronkariko Ibaxaren Batzordeak, 2022ko maiatzaren 4an egin bilkura berezian, aho batez erabaki zuen hasiera batez onestea Gizarteratzeko eta/edo larrialdi sozialeko prozesuetarako laguntzak kudeatzeko ordenantza eta haren eranskina. Ordenantzaren xedea da gizarte zerbitzuen arloko dirulaguntzak emateko prozedura gauzatzea, banakako ebaluazioaren araubidean.

Hasierako onespenaren iragarkia Aldizkari Ofizialaren 2022ko maiatzaren 30eko 105. zenbakian argitaratu zen, 30 egun balioduneko epean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, interesdunek aztertu ahal izan dezaten eta, hala badagokio, egoki iritzitako erreklamazioak, kexak edo oharrak egin ahal izan ditzaten. Horiek jaso ez direnez, behin betiko onartzen da, eta dagozkion ondorioetarako argitaratzea xedatzen da.

Erronkarin, 2022ko uztailaren 19an.–Batzordeko burua, Eneko Egiguren Ruiz.

ORDENANTZA, GIZARTERATZEKO ETA/EDO GIZARTE LARRIALDIKO PROZESUETARAKO LAGUNTZAK KUDEATZEKOA

1. atala. Zioen azalpena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Orobat, xedatzen du Nafarroako toki entitateen titulartasunpeko oinarrizko gizarte zerbitzuak, gizarte zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko unitateak izateaz gainera, sistema horretara heltzeko sarbide ere badirela, bai eta hartzaileengandik eta familiaren eta gizartearen esparrutik hurbilen dagoen maila ere. Gizarte zerbitzu horien eginkizunei dagokienez, besteak beste, arreta ematen diete gizarte zerbitzuen aurrean eskariak egiten dituztenei, lehen erantzuna emateko (30.b artikulua), eta gizarte larrialdietako prestazioak kudeatzen dituzte (30.h artikulua).

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, 31.4 artikuluan, aukera ematen die oinarrizko gizarte zerbitzuei oinarrizko laguntzan egiten den esku-hartzea osatzeko, toki entitateek, nork bere lurralde eremuan eta bere eskumenen barrenean, ezartzen dituzten bestelako programa edo jarduketak garatuz.

2015az geroztik, Nafarroako Gobernuak urtero egin du gizarteratze prozesuetarako eta/edo larrialdietarako laguntzen deialdia. Zenbait toki entitate neurriak hartzen ari dira gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak nola eman arautzeko, beren udalerrietan bizi diren familia-unitateen presako behar sozialak berehalakoan estaltzen direla bermatzeko asmoz.

2. apartatua. Prestazioen xedea eta ezaugarriak.

Apartatu hauen xedea da gizarte zerbitzuen arloetako laguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazio araubidean.

Prestazio hauek ondoko ezaugarriak dituzte:

–Helburu zehatz baterako dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.

–Pertsonalak eta eskualdaezinak dira, familia-unitate batentzat diren aldetik.

–Berehala tramitatzekoak dira; laguntzak ahalik eta azkarren jasotzeko moduan kudeatuko dira.

–Izaera subsidiarioa dute Nafarroako Gobernuak eskubide sozial eta osasun eskubideen arloan ematen dituen laguntzekiko.

–Profesionalen jardunaren osagarri dira; hau da, oinarrizko gizarte zerbitzuak familia-unitatean egiten duen esku-hartzeari laguntzeko neurri bat dira, planteatutako inguruabarrak okerragotzea edo kronifikatzea saihesteko.

Apartatu hauek Izabako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eremua osatzen duten herrietako bizilagunei edo familiei laguntzak ematera bideratuta daude; izan ere, gabezia ekonomiko edo sozio-sanitarioak dituztenez, zailtasun handiak dituzte gizartean integratzeko oinarrizko premiak asetzeko.

3. apartatua. Definizioak.

1. Bizikidetzako familia-unitatea: foru agindu honen ondorioetarako, bertan sartzen dira eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi diren pertsona bat edo gehiago, elkartuta daudenak ezkontzaren bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez, edo daukatenak bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa.

2. Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak: Familia-unitateari egozteko moduko diru-sarrerak eta ondarea (ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak). Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira eskaera egiten denean unitateko edozein kidek dituenak, honako hauen bidez eskuratuak:

–Besteren konturako lan etekinak edo enpresa edo lanbide jardueren bidezkoak (zenbateko gordinak, behin kenduta Gizarte Segurantzako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik eta antzekoengatik ordaindutakoa), prestazioak eta pentsioak, eta hilero jasotzen den beste edozein diru-sarrera.

–Ohiko bizilekutik aparteko ondasun higiezinek emandako etekin garbiak (alokairuak, errentak...).

Ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak eskakizunen 4. eta 5. puntuetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

3. Koiunturazko larrialdi ekonomikoa.

Koiunturazko larrialdi ekonomikotzat hartzen da, une horretan baliabide ekonomikorik ez izan arren, baliabide horiek lortzeko baldintzapeko egoera egotea, adibidez, prestazioak emateko ebazpen baten zain egotea.

Prestazio horietarako eskabidea aurkeztu dela ziurtatu beharko da.

Egoera horretan dauden gizabanakoek eta familiek laguntza horiek eskatzeko aukera izanen dute, jasotako prestazioa itzultzeko konpromisoa hartzen duten dokumentu bat sinatuz.

Egoera ekonomikoa behar bezala bideratu ondoren, jasotako laguntza itzultzeko akordioa bete beharko lukete, teknikariarekin hitzartutako plangintzaren arabera.

Egoera ekonomikoa behar bezala bideratzea ezinezkoa balitz, prestazioa behin-behinekoa izatetik behin betikoa izatera pasatuko litzateke, eta ez litzateke jasotako zenbatekoa itzuli beharko. Kasu horretan, interesdunak zorra deuseztatzeko eskaera aurkeztu beharko luke, eta batzordeak ebazpen bat adostu beharko luke, teknikariaren txostena eta interesdunak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren.

4. apartatua. Familia-unitate onuradunek bete beharrekoak.

Familia-unitateentzako gizarteratze- eta/edo larrialdi-prozesuetan laguntzeko laguntzak jaso ahal izateko, oinarrizko gizarte zerbitzuaren ardura da baldintza hauek betetzen diren egiaztatzea:

1) Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo adingabe emantzipatua, bere ardurapean adingabeak dituena.

2) Izabako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eremuko edozein herritan erroldatuta egotea.

3) Oinarrizko gizarte zerbitzuaren erabiltzaile izatea eta esku-hartze sozialeko prozesuren batean sarturik egotea.

4) Eskaera egiten denean, familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak ez izatea handiagoak hurrengo eskala progresiboan adierazten diren kopuruak baino (familia-unitatearen kide kopuruaren arabera):

FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUA

HILEKO DIRU-SARREREN GEHIENEKO ZENBATEKOAK

1

1.255 euro familia-unitateko

2

1.506 euro familia-unitateko

3

1.631 euro familia-unitateko

4

1.757 euro familia-unitateko

5

1.882 euro familia-unitateko

6 edo gehiago

2.008 euro familia-unitateko

5) Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan handiagoak azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino. Foru lege horren bidez arautu ziren gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak.

6) Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan handiagoa kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko errenta bermatua halako hamar baino. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori egitea.

7) Gastu zehatzei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Familia-unitate eskatzailea errenta bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 4., 5. eta 6. apartatuetan eskatutakoa.

8) Udalarekiko eginbehar guztien ordainketak eguneratuak izatea, izan horiek tributu arlokoak nahiz bestelakoak. Hala egin ezean, eskatuko da hura geroago ordaintzeko konpromisoa.

9) Komunitate terapeutikora igortzeko laguntzen eskaeretarako, beharrezkoa izanen da osasun mentalaren ziurtagiria aurkeztea. Komunitate terapeutikoaren ziurtagiria: kostua, tratamendua eta tratamenduaren epea.

Aipatu baldintzak betetzen direla justifikatuko da 6. apartatuan zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.

Salbuespenez eta kasua hartu duen gizarte zerbitzuaren profesionalak txosten baloratua eman ondoan, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko dira oinarri hauetan bildutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituzten espedienteak, salbu eta oinarrizko gunea osatzen duten herrietan erroldatua izatearena.

5.–Aurrekontu-kreditua, laguntzen gehieneko zenbatekoa guztira, eta laguntzen banakako zenbatekoa.

5.1. Deialdiko gehieneko zenbatekoa urteko aurrekontuko partidan ezarritakoa izanen da. Ez da ezarritako zenbatekotik gorako laguntzarik emanen.

5.2. Aurrekontuko partida: 1.2318.16204.

5.3. Banakako gehieneko zenbatekoa: deialdi honetako 6. Apartatuan zehaztutakoa.

Kreditu horri zenbateko gehigarri bat gehitzen ahalko zaio, bai beste deialdi batzuetatik eratorritako betebeharrak aitortu edo likidatu direlako, emandako laguntzak baino gutxiago direlako, bai kreditua sortu, handitu edo txertatu delako, baina horrek ez du esan nahi deialdi berri bat egin behar denik. Gizarte-langileak eta gizarte-hezitzaileak eskatzen ahalko dute handitzea.

6. apartatua. Zer kontzepturengatik ematen ahalko den laguntza.

Diruz lagundu ahalko diren gastuak dira diruz laguntzen den beharraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira, pertsonen gizarteratze prozesua errazten badute eta urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egiten badira.

Justifikagarria izanen da betiere gehieneko kopurua izanik kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako muga. Familia-unitate bakoitzeko, 3000 euroko diru-muga ezarri da urte osorako (Nafarroako Gobernuak ezartzen duen gehienekoa).

Gastu justifikagarriak kategoria hauetako batekoak izan beharko dira:

1. Mantenua/Elikadura eta higienea.

Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako).

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Pertsona bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 lagun

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 lagun

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 lagun

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

5 kide edo gehiago

1.530 euro urteko eta familia-unitateko

Laguntzan ezin da sartu kontzeptu honengatiko gastua baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, jasotzen badu errenta bermatua, arautua dagoena azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean.

Errenta bermatua eskatu bada eta haren esleipenaren zain badago, larrialdiko laguntza onartzen ahalko da, eta errenta bermatua kobratu ondoren jasotako dirua itzultzeko konpromisoa hartuko da.

2.–Oinarrizko hornidurak.

2.1. Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuetakoak (estolderia, zaborrak biltzea, eta abar).

2.2. Argindarraren, gasaren, berokuntzaren, ur bero zentralaren eta bestelako erregaien gastuak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa).

Aurreko 2.1. eta 2.2. kontzeptuengatiko gehieneko laguntza izanen da, urtean eta bi apartatuak baturik, 800 eurokoa familia-unitate bakoitzeko (Nafarroako Gobernuak ezarritako gehienekoa).

2.3. Oinarrizko horniduren kontratuen altak ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko (Nafarroako Gobernuak ezarritako gehienekoa).

3.–Ostatua.

3.1. Etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka-mailegua ordaintzea edo partekatutako etxebizitzan gela ordaintzea behin-behineko egoera denean, betiere eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada, beste ostatu mota bat ordaintzea (pentsioa, ostatua, etab.), bizilagunen komunitateko gastuak.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 3.000 euro familia-unitate bakoitzeko (Nafarroako Gobernuak ezarritako gehienekoa).

3.2. Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, baldin eskatzailearen benetako eta ohiko bizitokia bada, hasierako ordainketa apartekoa badakar (fidantza) eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko (Nafarroako Gobernuak ezarritako gehienekoa).

Justifikazioaren ondorioetarako, ezin da sartu kontzeptu honengatiko gastua baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, helburu bererako laguntzak jasotzen baditu, hain zuzen ere araututa dagoena abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legean, zeinak arautzen baitu etxebizitzarako eskubide subjektiboa Nafarroan.

4.–Prestakuntza, laneratze eta gizarteratze bidea.

4.1. Gastuak, parte hartu ahal izateko prestakuntza ez arautuetan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan, norbera gaitzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean.

Gehienez ere 800 euro urtean familia-unitate bakoitzeko (Nafarroako Gobernuak ezarritako gehienekoa).

5.–Oinarrizko beste premia batzuk.

Apartatu honetan jasoko dira aurreko apartatuetan zehaztu gabeko laguntzak, oinarrizko gizarte zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen bada horiek eman egin behar direla.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Pertsona bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 lagun

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 lagun

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 lagun

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

5 kide edo gehiago

1.530 euro urteko eta familia-unitateko

7. apartatua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabideak betetzeko, aurretiazko hitzordua eskatu beharko da gizarte-hezitzailearekin. Hark laguntza baloratu eta eskabideari gehitu beharreko agiriak zein diren adieraziko du.

a) Eskabide betea, gizarte zerbitzuak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.

b) NANa / pasaportea edo hemen bizitzeko edo lan egiteko baimena eta, hala behar badu, haren izenean ari den ordezkariarena.

c) Eskatu aurreko 6 hilabetean bizikidetasun unitateak izan dituen diru-sarrera guztien (nominak, pentsioak, sariak etab.) eta etxebizitzaren gastuen frogagarria. Ezkutuko ekonomiaren kasuan, diru-sarreren zinpeko aitorpena.

d) Errolda-ziurtagiria.

e) Banantze edo dibortzio kasuan, banantze-epaiaren eta ezkontideak egin beharreko ekarpenak zehazten dituen hitzarmen arauemailearen kopia.

f) Laguntza esleitzeko beharrezkoa den egoera sozio-sanitarioa eta/edo ekonomikoa justifikatzen duten beste dokumentu interesgarri batzuk (banku-kontuen saldoa, fakturak, zorraren ziurtagiriak, osasun mentalaren txostena, enplegu-eskariaren txartela...).

g) Larrialdi ekonomiko koiunturaleko egoeran dauden gizabanakoek eta familiek aukera izanen dute laguntza horiek eskatzeko, eta agiri bat aurkeztu beharko dute jasotako prestazioa itzultzeko konpromisoa hartzen dutela adierazteko, 3. puntuko 3. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Oinarrizko gizarte zerbitzuaren esku dauden alderdiak ez dira dokumentu bidez justifikatu beharko, aldaketarik egon ez bada (dokumentu ekonomikoek balioa galduko dute urtebete igaro ondoren).

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, gizarte zerbitzuak ezin badu dokumentua eskuratu, eskatzaileari aurkezteko eskatzen ahalko zaio edo, bestela, dokumentuan aipatzen diren baldintzak beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko, laguntza ematen edo ukatzen duen proposamena egin aurretik. (Ezinezkoa denean zenbait egoera frogatzea berariazko dokumentazioa aurkeztuz, eskatzailearen erantzukizuneko aitorpenaren bidez ordeztuko da).

Eskatzaileak eskatutako dokumentuak aurkezten ez baditu edo informazioa ezkutatzen badu, laguntza ukatuko zaio.

Eskabideak oinarrizko gizarte zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira.

8. apartatua. Prozeduraren balorazioa, instrukzioa eta ebazpena.

Eskabideak aurkezten diren ordenan ebatzi eta tramitatuko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Dokumentazio guztia jaso ondoren, oinarrizko gizarte zerbitzuko gizarte-langileak eta gizarte-hezitzaileak eskaera aztertu eta baloratuko dute, eta prestazioa emateko edo ukatzeko proposamena eginen dute; proposamen hori batzordearen lehendakaritzari eta kontu-hartzailetzari helaraziko zaio.

Laguntza emateko ebazpenean aipatuko dira hura jasotzen duen pertsona edo entitate eskatzailea, emandako zenbatekoa eta horrek eskatutakoarekin alderatuta egiten duen portzentajea. Eskatutakoa laguntza emateko gehieneko zenbatekoa baino handiagoa bada, dagokion gehienekoaren arabera eginen da portzentajea.

Laguntza emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan agindutakoarekin bat.

9. apartatua. Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea, gehienez ere, 10 egun baliodunekoa izanen da.

Ebazpena hasiko da eskaera Erronkariko Ibaxaren Batzordearen erregistroan sartzen denetik aurrera. Informazio gehiago behar bada, beste bost egun handituko da epea.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, dirulaguntzei buruzko araudian ezarritakoarekin bat.

10. apartatua. Laguntzaren ordainketa.

Ebazpena ematekoa bada, gehienez ere 5 egun balioduneko epean ordainduko da prestazio ekonomikoa, haien berehalakotasuna kontuan harturik.

Laguntzak emateko baldintza izanen da indarrean dagoen aurrekontuan kreditu erabilgarria izatea. Kreditua nahikoa ez bada, gizarte-langileak eta/edo gizarte-hezitzaileak aurrekontu-aldaketak egitea proposatzen ahalko diote batzordeari, dagokion partida gehituta.

11. apartatua. Eskatutako laguntzaren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Batzordearen laguntza jasotzea bateragarria da xede bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jasotzearekin, horiek edozein administrazio, entitate edo pertsonak emanak izanik. Laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako laguntzaren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera. Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze-interesa eskatuko dira.

12. apartatua. Betebeharrak.

a) Jasotzen den dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.

b) Dagokion profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, laguntza eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin.

c) Gizarte zerbitzuaren aurrean frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

d) Laguntza jasotzen duten jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emanen zaio oinarrizko gizarte zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, nolanahi dela ere, eskuratutako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da eta laguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutze-interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

–Laguntza eskuratzea eskatutako baldintzak bete gabe.

–Laguntza ematean ezarritako baldintzak ez betetzea.

–Ikuskatzearen edo kontrolaren ondorioz atzematen denean laguntzak oker eskuratu edo erabili direla.

f) –Oinarrizko gizarte zerbitzuak laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen jarduketei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

13. apartatua. Onuradunek betebeharrak ez betetzea.

Erronkariko Ibaxaren Batzordeak deuseztatzen ahal du emandako laguntza, eta baita hasiera batean jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatu ere, baldin eta:

–Eskatzaileak gezurra esan badu bazterketa egoeraren gainean.

–Laguntza ez bada erabili adierazitako xederako.

–Onuradun izaera galtzea justifikatzen duen beste edozein aldaketa jazo bada.

14. apartatua. Errekurtsoak.

Ordenantza honen aurka, baita oinarri hauek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein jarri ahalko da, aukeran:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza egin duen udal-organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki honen jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatuari jarraikiz, bi hilabeteko epean, erabaki honen jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita.

3. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik hasita.

15. apartatua. Araudia.

Erronkariko Ibaxaren Batzordeak emandako gizarte larrialdietako laguntza hauek dokumentu honetan jasotako apartatuen arabera arautuko dira, eta, osagarri gisa, ezarri ez denari dagokionez, honako araudi hau beteko da:

–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia, 87/2006 ED (Erregelamendua).

GIZARTERATZEKO ETA/EDO GIZARTE LARRIALDIETAKO LAGUNTZEN ORDENANTZAREN ERANSKINA

Eranskin honen xedea da ordenantza horretan jasota ez dauden eta adingabeak dituzten familien premiekin zerikusia duten laguntzak arautzea, familia horiek hezkuntzarekin eta aisialdiarekin lotutako esparruan dituzten oinarrizko premiei erantzuteko.

Laguntza kontzeptu hauengatik jaso ahalko da:

–Eskola-jantokia.

–Eskolako materiala.

–Testuliburuak.

–Matrikulazio-gastuak (eskola eta haur-eskola).

–Eskolako eta eskolaz kanpoko jardueren gastuak.

–Eskolatzearen ondoriozko beste gastu batzuk.

Eskola-jantokiaren laguntzei dagokienez, jaso beharreko prestazioa bizikidetzako familia-unitatearen diru-sarrerek zehaztuko dute, erreferentziako taula ekonomiko honen arabera. Oro har, familiek jantoki-zerbitzuaren kostuaren zati bat ordainduko dute kasu guztietan. Jantokiko beka eman ondoren, hiru hilean behin berrikusiko da baldintzak betetzen diren, beka luzatzeko edo ez luzatzeko.

2021/22 IKASTURTEKO FAMILIA-UNITATEAREN DIRU-SARRERAK ZENBATZEKO ERREFERENTZIAKO TAULA EKONOMIKOA

X

Y

DIRU-SARRERAK

FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUA

SENIDEAK

= 2

= 3

= 4

= > 5

HILEKOAK

ADINGABEEN KOPURUA ESKOLA-JANTOKIAN

Hainbanatuta

Ordainketak (eurotan)

1

1

2

1

2

3

1

2

3

= < 679,58

35

35

35

35

35

35

35

35

35

= < 797,45

35

45

35

45

35

35

35

35

35

= < 937,88

45

55

45

55

45

35

45

35

35

= < 1104,95

45

55

45

55

45

35

55

45

35

= < 1273,05

55

65

55

65

55

45

65

55

45

BATZORDEAREN DIRULAGUNTZA = KOSTU OSOA - (%) FAMILIAREN EKARPENA - NAFARROAKO GOBERNUAREN DIRULAGUNTZA

OHARRAK: Taula ekonomikoan ageri diren 25, 45, 55 eta 65 zifrak jantokiaren guztizko kostuarekiko portzentajezko ekarpenari lotuta daude, familiek jantokira joaten den haur bakoitzeko ordaindu beharko dutena. Familia guztiek jantokiaren kostu osoaren % 10 ordaindu beharko dute gutxienez. Kontzeptu horrengatik gehienez 150 euro ordainduko dira hiruhilekoan.

Gainerako kontzeptuei dagokienez, familia-unitate bakoitzeko urteko 800 euroko gehieneko muga justifikatzen ahalko da.

Adingabeen hezkuntzarekin lotutako gastuengatiko laguntza jasotzen ahalko da, betiere gastu horiek beste dirulaguntza batzuek estaltzen ez badituzte, zerbitzu hori doan eskaintzen duen erakunderik ez badago eta Haurtzaroko teknikariak aldeko txostena egiten badu beharra justifikatzeko.

Iragarkiaren kodea: L2210083