163. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Eguzki energia berriztagarria biltzeko instalazioak arautzen dituena Ordenantzaren behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2022ko otsailaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen eguzki energia berriztagarria biltzeko instalazioak arautzen dituen Ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 45. zenbakian, 2022ko martxoaren 3an, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Argitaratze hori 1133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean gauzatu zen, 2022ko uztailaren 5ean.

2022ko uztailaren 14an Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren errekerimendua jaso ondoren, Vianako Udalaren Osoko Bilkurak, 2022ko abuztuaren 2an egindako bilkura berezian, baliogabetu zuen aipatutako ordenantzaren 8.3 artikulua, zuzenbidearekin bat ez zetorrelako, talka egiten baitu Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikuluarekin.

Ohiko bilkura berean, eta aipatutako artikulua baliogabetzea onetsi ondoren, instalazio fotovoltaikoen ezarpena arautzen duen ordenantzaren behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatzen da, dagozkion ondorioetarako.

Vianan, 2022ko abuztuaren 3an.–Alkate udalburua, Mª B. Yolanda González García.

ORDENANTZA, VIANAKO UDAL MUGARTEAN EGUZKI ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

HITZAURREA

Vianako Udala konprometituta dago ingurumenarekin, iraunkortasunarekin, tokiko garapenarekin eta pobrezia energetikoaren aurkako borrokarekin, eta ezinbestekotzat jotzen du udalerrian energia berriztagarriek aurrera egitea.

Horrenbestez, tinko eusten die Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Hitzarmenean bere gain hartutako konpromisoei, 2019an atxiki baitzuen (2019ko martxoaren 21eko osoko bilkuraren erabakia). Izan ere, hitzarmen hartan udala konprometitu zen berotegi eragineko gasen isurketak murrizteko, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi komuna lortzeko, eta pobrezia energetikoari aurre egiteko, ekimen horrekin bat eginez bere toki ekintzatik.

Udalaren konpromiso horiei Vianako biztanleen gogoa erantsi behar zaie, interesa erakutsi baitute energia berriztagarria beraiek sortu eta kontsumitzeko, eta horrek zuzenean nahiz zeharka eragiten dio gizarte osoari.

Eguzki energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba delako, etorkizuna duelako, ingurumen inpaktu txikia duelako, ingurumenerako hondakin kaltegarririk sortzen ez duelako, mantentzeko kostu handirik ez duelako, eta benetan laguntzen duelako berotegi efektuko gasak murrizten.

Horregatik, oraingo asmoa da udal mugartean eguzki energia biltzeko instalazioen inguruko erregulazioa ezartzea, ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak diren instalazio fotovoltaikoak paratzea erraztuko duten baldintzak finkatuz.

Eguzki energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean egoki ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura eta hiri balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik. Beraz, Udal honen ustez, eguzki energia biltzeko instalazioak jartzeko zenbait mugapen jarri behar dira.

Ordenantza idatzi da eguzki energia biltzeko instalazioen ezarpena antolatu nahian, udal plangintzarekiko koherentzia gordetzeko moduan, eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurunera egokitzeko betebehar orokorrarekiko koherentzia ere gordetzeko moduan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 1/2017 Foru Legearen Testu Bateginaren 86. artikuluan jasota dagoena betez.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da Vianako udal mugartean eguzki energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez jasotzeko instalazioak paratzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedapenak aplikagarriak dira eguzki instalazio guztietarako (termikoak eta/edo fotovoltaikoak), titulartasun publiko nahiz pribatukoak direla, Vianako udal mugartean (hiri lurzorua, urbanizagarria eta urbanizaezina), betiere Alde Zaharreko Barne Eraberritze eta Babes Plan Bereziaren (BEBPB) esparrutik kanpo.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honi dagokionez, hona hemen zenbait definizio:

–Eguzki energia fotovoltaikoa: eguzki irradiazioa aprobetxatzea da, energia elektrikoa lortzeko, eguzki moduluetan integratutako zelula fotovoltaikoen bidez. Elektrizitate hori zuzenean erabiltzen ahal da, metagailuetan biltzen ahal da, ondoren erabiltzeko, edo elektrizitatea banatzeko sarean sartzen ahal da.

–Eguzki energia termikoa: eguzki irradiazioaren aprobetxamendu honetan fluidoak berotzen dira eguzki bilgailu termikoetan barna, eta erabiltzen ahal da etxeko erabilerako ur beroa ekoizteko, bai erabilera sanitariorako, bai etxea berotzeko sistemetarako ere.

Ordenantza honek panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki instalazioak arautzen ditu, kokatzen diren lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. TITULUA

Hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian ezarritako instalazioak

4. artikulua. Irizpide orokorrak.

1. Eguzki energia biltzeko instalazioak baimenduko dira haien helburua denean osorik edo partez estaltzea eraikinen energia beharrak, dela ur beroa sortzeko, dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarra duen legedian ezarritakoaren arabera.

Bestelako egoeretan, egoki justifikatu eta Vianako Udalaren baimena lortu beharko da.

2. Irizpide orokor gisa, saiatu beharko da instalazio horiek egokitzen eraikinaren balio historiko, tradizional eta tipologikoen arabera, bai hiri ingurunean, bai natura ingurunean ere. Udalak, interes publikoaren arrazoiak lehenetsiz, mugatzen edo, beharbada, debekatzen ahalko ditu hiriko gune historikoaren irudia eta babesa kaltetuko luketen instalazioak.

Gune Historiko babestuaren esparrua 2000z geroztik indarra duen Barne Eraberritze eta Babes Plan Berezi batek arautzen du, eta ingurunera egokitzeko eta eraikin multzoaren estetika eta irudia babesteko arrazoiak tartean direla, eguzki energia biltzeko instalazioak debekatuta daude.

3. Nolanahi ere, aukera desberdinetatik, plakak jartzeko aukeratuko den kokapena izanen da lurzati horretan eta horren inguruan ikus inpakturik txikiena eragiten duena.

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Panelak ezarriko dira estalkiaren isurki triangeluarraren planoaren gainean, haren inklinazioa (malda) errespetatuz eta haren planoa mantenduz. Forma geometriko erregularreko area bat eratuko da, simetrikoa, ahal bada. Ez dira 20 cm-tik goiti ateratzen ahalko estalki-isurki triangeluarraren gainetik.

–Okupatuko den azalerak gutxienez 0,60 m-ko tartea utziko du teilatu hegalen, mehelinen edo/eta isurki triangeluarren arteko ertzetatik (bizkar limak edo zoko limak).

–Familia bakarreko etxebizitza atxikien estalkien kasu partikularrean, plakak kokatuko dira teilatu ertzaren eta gailurraren antzeko lerroak errespetatuz, etxe multzo bakoitzeko familia bakarreko etxebizitza lerroaren multzoari dagokionez.

–Elementu osagarriak, alegia, ontziak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak, etab., bide publikotik ez ikusteko moduan kokatuko dira, dela eraikinaren barnean, dela patiorako barne fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa egoki justifikatzen den kasuetan, salbuespen gisa baimentzen ahalko dira, ikus inpaktua minimizatzeko neurriak hartzen badira, eraikinarekiko integrazio egokia bermatzen duen eraikuntza konponbideren bat emanez, eta betiere Vianako Udalaren oniritziarekin.

Alde Zaharreko BEBPBaren inguruko kaleetako (Serapio Urra kalea, Arrabal auzoa, Arrabal de La Solana auzoa, La Pila kalea) eraikinen estalkietan eguzki plakak jartzeko, aldez aurretik Udalak emandako baimena beharko da, eta hark mugatzen edo ukatzen ahalko du haiek jartzea, plaka horien kokapenak eraikin multzoan eragin lezakeen ikus inpaktua minimizatzeko helburuz.

2. Eguzki panelak eraikinen estalki lauetan edo azotean jartzen ahalko dira, honako baldintza hauek betez gero:

–Okupaziorik handiena baimentzen da, ertzekiko 1,00 metroko tartea errespetatuz, betiere panelak bide publikotik ikusteko moduan jartzen ez badira.

–Karel opakuen gehienezko garaieraren azpitik geratu behar dira.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.

Fatxadan ez da eguzki panelik jartzen ahalko.

6. artikulua. Instalazioak eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

Eguzki panelak lurzoru libre pribatuan jartzen ahal dira, honako baldintza hauek betez gero:

–Lurzoru libre pribatuaren gainean ezarritako instalazioak baimentzen ahalko dira kontsumoa duen eraikin bat dagoenean, edo bietarako obra baimena aldi berean ematen denean.

–Kasu guztietan ere, nahitaezkoa da aldez aurretik tramitatzea eraikin mugakideekiko eta hirugarrenekiko ukipenen azterketa bat, isla eta ispilu efektuen ondoriozko kalterik sortzen ahal den argitzeko.

–Lehentasunez ikuspenetik aparte geratzen diren lekuetan jarriko dira, eta lurzatiaren itxituratik 3 metroko tartea gordeaz. Ez da panelik jarriko eraikinaren fatxada nagusiaren aurrean.

–Okupatu beharreko eremu libre pribatuaren gehieneko azalera % 40koa izanen da. Panelak ezarriko dira lurzoruaren gainean zuzenean tinkatutako euskarrien gainean, eta ez dute 1,20 metroko gehieneko garaiera gainditzen ahalko, lurraren arras naturaletik neurtuta.

–Teilatuan, azotean, terrazan eta lurzoruan paratzeko proposamen mistoak, baloratu ondoren, Udalak baimendu behar izanen ditu espresuki.

7. artikulua. Instalazioak ekipamenduetarako, industriarako edo hirugarren sektorerako erabileretarako hiri lurzoruan.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki instalazioak baimenduko dira, dela autokontsumorako, autokontsumo partekaturako edo elektrizitatea saltzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Udalaren iritziz nolabaiteko ikus inpaktua edo ingurumen inpaktua sortzen ahal bada, proiektuaren infografiak eskatzen ahalko ditu, eta horiek minimizatzeko neurri zuzentzaileak ezartzen ahalko ditu.

III. TITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

8. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin elektrizitatea sortzeko instalazioak lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean ezartzea (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: 64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana. Bat etorri beharko du lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako indarra duen Udal Planean ezarritako erabileren aurreikuspenekin.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

9. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak paratzen ahalko dira eraikinen estalki inklinatuetan.

Estalkiaren isurki triangeluarraren planoaren gainean paratuko dira. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzki aprobetxamendu hobea lortzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen, isurki triangeluarraren planotik zuzenean gora neurtuta. Hartutako gainazala gutxienez 0,60 m bereiziko da isurki triangeluarraren perimetrotik. Instalazioaren elementuek ez dituzte gaindituko estalkiaren mugak.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo azoteen gaineko instalazioa.

Karel opakuen gehienezko garaieraren azpitik geratu behar dira. Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki aprobetxamendu hobea lortzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.

3. Fatxadan ez da instalaziorik paratzen ahalko.

10. artikulua. Sarearekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzeko, beharrezkoa izanen da ingurumen eraginen ebaluazioaren espedientea izapidetzea (17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena). Aldeko txostena jaso arte ez da panel fotovoltaikoak jartzeko lizentzia ematen ahalko.

Hornidura garraiatzeko hodiak lurperatzeari buruzko udal araudian xedatutakoa bete behar izanen da.

IV. TITULUA

Beste hainbat xedapen-Tramitazioa

11. artikulua. Instalazio bereziak.

Salbuespen gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko konponbideak proposatzen ahalko dira, betiere eraikin multzoaren arkitekturan egoki integratuta badaude. Proposamen horiek, aztertu eta baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

12. artikulua. Ondare historikoa babestea.

Alde Zaharrean izan ezik, BEBPBak ezarritako arauen arabera, debekatua baita hor panel fotovoltaikorik jartzea, Vianako Udal Plan Orokorraren Katalogoan bildutako beste eraikin edo kokaleku batzuetan edo babestutako beste elementu batzuetan (Donejakue bidea, baselizak, etab.) planteatzen ahal diren eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aldez aurretik txostena eman dezan, eta haren edukia loteslea izanen da.

13. artikulua. Tramitazioa.

Eguzki instalazioak jartzeko eskaerak aplikagarria den sektore edo hirigintza arloko araudiaren arabera eginen dira.

Eguzki energia autokontsumorako aprobetxatzeko instalazioak, ordenantza honetan ezarritako parametroen arabera, erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko komunikazioa bete behar duten egintzak dira, ondoko salbuespen hauekin:

–Instalazioak katalogoan jasotako eraikinak ukitzen baditu.

–Instalazioak eraikinaren zimenduak edo egitura ukitzen baditu.

–Instalazioak ingurumen eraginaren ebaluazioa behar badu, aplikatzekoa den ingurumen araudiaren arabera.

Kasu horietan, Udalaren obra baimena eskatu eta tramitatu beharko da aldez aurretik, horretarako beharrezkoa den dokumentazioarekin batera.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da, instalazioaren ezaugarri zehatzak azalduz: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab.; instalazioaren memoria deskriptiboa, krokisak edo plano akotatuak eta aurrekontu xehatua ere jasoko ditu.

Udal lizentzia eman aurretik, Vianako Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitako baldintza partikularren arabera beharrezkoak diren baimenak izapidetuko dira.

Nolanahi ere, lizentziak ematen dira jabetza eskubidea gordeta eta hirugarrenei kalterik eragin gabe, eta eskatzailea izanen da instalazioaren ondorioz sortzen ahal diren kaltegaleren eta/edo ekintza juridiko guztien erantzulea.

14. artikulua. Ikuskapena.

Vianako Udalak bere udalerriko eguzki instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egin edo dokumentuak eskatzen ahalko ditu, instalazioak egoera onean daudela eta ongi funtzionatzen dutela bermatzeko.

Vianako Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotakoarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.–Vianako Udalak eguzki energia berriztagarriaren instalazioak ezartzea sustatzeko hobari / laguntza lerroak onartzen ahalko ditu, horri dagokion ordenantza honen aplikazioa ezarriz.

Bigarrena.–Ordenantza honetan arauturiko gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, behar izanez gero, geroago ordenantza egokitzen ahalko dela kontuan izanik.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza hau, lege horren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsirik, indarrean sartuko da, eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara ematen den egunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2210699