163. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

81/2022 EBAZPENA, uztailaren 26koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira Corellako udal mugartean energia elektrikoa ekoizteko 37,152 MWp-ko potentzia maximoko “Guardian” izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoa ezartzeko.

1. 2020ko urtarrilaren 16ko eskaera.

2020ko urtarrilaren 16an, Suno Energía 5 SLk, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikulua betez, “Guardian” eguzki instalazio fotovoltaikorako aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan. 2020ko martxoaren 13an, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatua betez, Suno Energía 5 SLk aipatu instalaziorako ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu zuen.

Instalazio fotovoltaikoak, zeina 37,152 MWp-ko potentzia maximokoa izanen baita, 62 hektarea hartuko ditu bi esparrutan, eta 92.880 modulu fotovoltaikok osatuko dute, ardatz bateko 36 kWp-ko 1.032 eguzki jarraitzailetan banatuta. Zortzi eremutan banatuko da, eta bakoitzak estazio bat (inbertsorea eta transformadorea) izanen du. 4 MVAko zazpi estazio eta 2 MVAko estazio bat paratuko dira.

Inbertsore/transformadore bakoitzetik 20 kV-ko lurpeko linea bat abiatuko da eguzki parkeko 66/20 kV-ko azpiestazio elektrikora arte, zeinari “Guardian” transformazio azpiestazioa esaten baitzaio, eta 38 MVA-ko potentziakoa baita.

Sortutako energia ateratzeko azpiegiturak “La Serna” azpiestazioarekin lotuko dira, zeina Tuteran baitago eta 220/66 kV-koa baita. Lotura El Montecillo eta Corral del Molino I parke eolikoak ebakuatzeko azpiegituraren bitartez eginen da (66 kV-koa eta “LAAT El Montecillo-La Senda” izenekoa), zeinak aurretiazko baimen administratiboa eta eraikitzeko baimena baititu, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak martxoaren 3an eman 18/2022 Ebazpenaren eta ekainaren 1ean eman 59/2022 Ebazpenaren bidez, hurrenez hurren.

Hortaz, aipatu “Guardian” transformazio azpiestaziotik 66 kV-ko eta 107 metroko luzerako aireko ebakuazio linea bat aterako da “LAAT El Montecillo-La Senda” azpiegiturako 4. euskarriraino.

Azken tartean, “LAAT El Montecillo-La Senda” linea komuna bitan banatuko da, parke eolikoetako eta eguzki parke fotovoltaikoko lotura puntuak “La Serna” azpiestazioko leku desberdinetan kokatuta daudelako. Horregatik, “Guardian” eguzki instalazio fotovoltaikoko ebakuazio linea 66 kV-ko lurpeko linea elektrikoko tarte batez osatzen da, zeina “LAAT El Montecillo-La Senda” lineatik egungo 220/66 kV-ko “La Serna” azpiestaziora artekoa baita, eta titularra eta eraikitzailea Suno Energía 5 S L baino ez baitu izanen.

Instalazioaren sistema elektrikoarekiko lotura puntua 220/66 kV-ko “La Serna” azpiestazioko 66 kV-ko barretan ezarri da; azpiestazioa I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUrena da, eta Red Eléctrica de España SAUren 220/400 kV-ko transformazio azpiestazio elektrikoaren ondoan dago. “Guardian” eguzki instalazio fotovoltaikorako sarbidearen eta loturaren aldeko txostena eta Red Eléctrica de España, SAUk garraio sarearen ikuspegitik emandako onargarritasun txostena 9038563492 erreferentziako espedientean ageri dira, zeina I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri baitagokio.

2. Ingurumen inpaktuaren azterketaren eta proiektuaren jendaurreko informazioa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat etorriz (errege dekretu horren bidez energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoaren garraio, banaketa, merkaturatze eta horniketa jarduerak arautzen dira), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Suno Energía 5 SLk aurkeztutako dokumentazioa, iragarkia argitaratuz 2020ko 138. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23koan, Diario de Navarrak 2020ko ekainaren 24an argitaratutako zenbakian eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean.

3. Kontsulta egitea administrazio publikoei eta interesdunei.

Bat etorrita abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluarekin eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Corellako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

4. Jasotako txostenak eta alegazioak.

Eskatutako txostenen, egindako kontsulten eta jendaurrean jartzeko tramiteen esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txosten eta alegazio hauek jaso zituen:

–Txostenak:

  • 1. txostena. Lurraldearen Antolamenduaren Atalarena, 2020ko maiatzaren 13koa.
  • 2. txostena. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuarena, 2020ko uztailaren 28koa.
  • 3. txostena. Corellako Udalarena, 2020ko abuztuaren 14koa.
  • 4. txostena. Ondare Arkitektonikoaren Atalarena, 2020ko abuztuaren 26koa.
  • 5. txostena. Ingurumen Eraginaren Atalarena, 2020ko urriaren 29koa.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen xede den espedientean dago, eta ebazpenaren I. eranskinean laburbiltzen da.

–Alegazioak:

  • 1. alegazioa. Gurelur elkartearena, 2020ko abuztuaren 5ekoa.
  • 2. alegazioa. Nafarroako Paisaiak eta Mahastiak elkartearena, 2020ko abuztuaren 6koa.

Aurreko alegazioak epearen barruan jaso ziren, alegazioen edukia ebazpen honen xede den espedientean dago, eta ebazpenaren II. eranskinean ageri da laburtuta.

5. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Bat etorrita abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38 artikuluarekin eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurreko txostenak eta alegazioak bidali zizkion Suno Energía 5 SLri 2020ko urriaren 15ean.

6. Alegazioei eta txostenei emandako erantzuna.

Kontuan hartuta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatua, ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskatu zuen Suno Energía 5 SLk 2020ko urriaren 16an, eta jendaurreko informazio tramitean jasotako alegazio eta txostenei eman zien erantzuna erantsi zion eskaerari.

Artikulu horren beraren arabera, 2020ko urriaren 19an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurreko eskaera hori igorri zuen Ingurumen Eraginaren Atalera.

7. Egungo “La Serna” azpiestazioarekin lotzeko linearen azken tartea.

Lehenago adierazi eta jendaurrean jarritako proiektuak jaso bezala, “LAAT El Montecillo-La Senda” lineatik “La Serna” azpiestaziora arteko ebakuazio azpiegitura lurpeko azken linea tarte batek osatzen du: 66 kV-koa da, hasieran 550 metroko luzerakoa, eta lurpeko zirkuitu huts bat egiten du La Serna azpiestaziora arte, non, azkenean, sortutako energia injektatuko baita.

2020ko uztailaren 13an, sustatzaileak dokumentazio osagarria aurkeztu zuen egungo “La Serna” azpiestaziora arte lurpean dagoen azken linea tarteari buruz, eta 2020ko uztailaren 21ean, berriz, lurpeko azken linea tartearen gaineko ingurumen inpaktuaren azterketari lotutako gehigarri bat aurkeztu zuen.

Dokumentazio hori Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamendurako Atalera helarazi zen, izan beharreko ondorioak izan zitzan.

8. Ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean sartzen da, ingurumen ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuen epigrafean. Hala ere, lege horren 7. artikuluaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuei ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaie sustatzaileak hala eskatzen duenean, eta hala jokatu da kasu honetan.

Espedientearen azterketa teknikoaren ondoren, Ingurumen Eraginaren Atalak uste du eguzki instalazioak eta dauzkan ebakuazio azpiegiturek ez diotela eragiten interes komunitarioko ezein habitati, haietatik kanpo geratzen baitira, ez eta katalogazio motaren bat duen ezein landaretza naturali ere. Era berean ez dago ezein naturagune babesturen mugen barruan, edo Natura 2000 Sarearen barneko espazio batean ere. Zenbat neurri prebentibo eta zuzentzaile gehituta, inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da, eta ingurumen zaintzarako plan bat ere eransten da, eraikuntza lanak egin bitartean zaindu beharreko alderdiak jasotzen dituena.

Aurrekoa dela eta, Ingurumeneko zuzendari nagusiak apirilaren 26an emandako ebazpen bidez (397E/2021 Ebazpena) ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena eman da, baldintza jakin batzuekin (2021eko 121. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 25ekoa).

9. Lurzoru urbanizaezineko baimena.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 17an emandako ebazpen bidez (304E/2021 Ebazpena) jarduerak baimendu dira lurzoru urbanizaezinean, “Guardian” eguzki instalazio fotovoltaikorako eta dagokion ebakuazio azpiegiturarako.

Aipatu ebazpenak honako hau ezartzea babesten du:

–“Guardian” eguzki parke fotovoltaikoa, instalatutako 37,152 MWp-ko potentzia elektrikokoa; sartzeko bideak; lurpeko zirkuitu elektrikoak; inbertsore-transformadore estazioak; 20/66kV-ko “Guardian” transformazio azpiestazioa; eta 66 kV-ko linea elektrikoa “LAAT El Montecillo-La Senda” lineako 4. euskarriraino.

–66 kVko lurpeko linea elektrikoaren 550 metroko zatia, “LAAT El Montecillo-La Senda” lineatik 220/66 kV-ko La Serna azpiestaziora arte, Tuteran.

10. Egungo “La Serna” azpiestazioarekin lotzeko linearen azken tartea.

2022ko urtarrilaren 18an, sustatzaileak dokumentazio osagarria aurkeztu zuen, konpainia elektrikoarekin zehaztu ondoren sarrerako puntua eta “La Serna” arteko lurpeko linearen azken tarterako ezaugarriak, 2020ko uztailaren 13an aurkeztutako dokumentazioaren ordez.

Bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan xedatuarekin, abenduaren 1ean irizpenak emateko eskatu zitzaien Lurraldearen Antolamenduaren Atalari eta Ingurumen Eraginaren Atalari, eta aldeko erantzuna eman dute, adierazita aldaketa babestuta dagoela, hurrenez hurren, lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenaren bidez eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren bidez. Proiektuaren xede den linearen luzera 359 metrokoa izaki azkenean, afekzio kopurua txikiagoa da.

Espedientean dagoen dokumentazioa dela eta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak erabaki zuen ez zela bidezko informazio publikoko beste tramiterik.

Bestalde, irizpena eskatu zitzaien eragindako erakundeei: I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Red Eléctrica de España SAri. Bi kasuetan, aldeko irizpenak jaso ziren: 2022ko apirilaren 12koa eta 2022ko maiatzaren 2koa, hurrenez hurren: Haietan esaten da ezen, lanak hasi baino lehen, sustatzailea harremanetan jarri beharko dela aipatu erakundeekin, jarduketa koordinatzeko eta obra zuinketa egiteko.

11. Espedientea izapidetu bitartean jasotako beste txosten batzuk.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluaren eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluaren arabera egindako kontsultei dagokienez, honako hau jaso da:

–6. txostena. Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena, 2022ko martxoaren 3koa.

Txosten horren edukia ebazpen honen xede den espedientean dago, eta ebazpenaren I. eranskinean ageri da laburtuta.

12. Espedientearen azterketa teknikoa eta aurretiazko baimen administratiboa eta eraikitzeko baimen administratiboa emateko proposamena.

Kontuan hartuta espedienteko informazioa, 397E/2021 Ebazpena (apirilaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena) eta 304E/2021 Ebazpena (abenduaren 17koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariarena), eta espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura ongi gauzatu dela, eta espedientea ebaztea proposatu du, energia elektrikoa ekoizteko “Guardian” eguzki instalazio fotovoltaikoa deritzona ezartzeko aurretiko baimen administratiboa emanez eta egikaritze proiektua onetsiz.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskuduntzak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko baimen administratiboa ematea 37,152 MWp-ko gehieneko potentziako “Guardian” eguzki instalazio fotovoltaikorako, zeina Suno Energía 5 SLk sustatu baitu Corellako udal mugartean.

2. Eraikitzeko baimen administratiboa ematea instalazioak gauzatzeko aurkeztutako proiektuaren arabera, zeina Javier de Pedro Íñigo industria ingeniari teknikoak izenpetu baitu, eta hogeita lau hilabeteko epea ematea obrak egiteko.

3. Instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: 337/2014 Errege Dekretua, maiatzaren 9koa, Goi tentsioko instalazio elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duena; 223/2008 Errege Dekretua, otsailaren 15ekoa, Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duena; eta 1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, Goi tentsioko linea elektrikoetako hegaztien elektrokuzioaren eta talken ondoriozko heriotzak murrizteko neurriak ezartzen dituena.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuaren abiarazte agiria eskatu beharko du. Eskaera horri aipatutako araudian ezarritako dokumentazioa erantsi beharko zaio, bai eta obra bukaeraren ziurtagiria ere, teknikari eskudun batek sinatuta.

5. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak instalazioa gauzatzeko behar diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak lortu beharko ditu, publikoak nahiz pribatuak izan, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

8. Ebazpen hau ondoko hauei jakinaraztea: Suno Energía 5 SLri; I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri; Red Eléctrica de España SAUko Sarean Sartzeko Departamentuari; Red Eléctrica de España SAUko Tramitazioen Departamentuari; Gurelur-i; Nafarroako Paisaiak eta Mahastiak elkarteari; Renovables del Cierzo SLUri; eta Enerfin Sociedad de Energía SLUri. Eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzenduta, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, bertan espediente zenbakia adierazita.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Corellako Udalari, Tuterako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko uztailaren 26an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta azterketa azalduko dira jarraian.

1. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren Atala.

Proiektuaren lurralde eta hirigintza bateragarritasunari dagokionez, txostenak ohartarazten zuen ezen, 54/2006 Foru Aginduaren arabera, ezin direla eguzkia aprobetxatzeko instalazioak jarri udal plangintzak nekazaritza produktibitate handikotzat eta zuhaitzik gabeko baso lurzorutzat jotako lurretan.

Baina geroago, Corellako Udal Plan Orokorra onetsi zen, 131E/2021 Foru Aginduaren bidez (urriaren 14koa bera, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariarena), udalerri horretako Udalak sustatuta, eta, horren ondorioz, lehen nekazaritza produktibitate handikotzat eta zuhaitzik gabeko baso lurzorutzat jotako lurrak sailkapen horretatik atera dira.

2. txostena.–Basoen eta Ehizaren Zerbitzua.

2020ko uztailaren 28ko txostenaren ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak beste irizpen bat eman zuen 2020ko irailaren 8an, adierazten zuena 397E/2021 Ebazpenak (apirilaren 26koa bera, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, instalazioaren aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena eman zuena) proiektuarekiko ingurumen afekzioei buruzko txosten partzial guztiak biltzen zituela.

3. txostena.–Corellako Udala.

Jakinarazi zuen azpiegiturak hiru mailatakoak (nekazaritza produktibitate handia, zuhaitzik gabeko baso lurzorua eta bide publikoak) diren ukitutako partzeletan kokatuta daudela, eta proiektuaren xedea baimentzekoa dela kasu orotan, Corellako Udal Planeko indarreko araudiaren arabera. Adierazi du 17. poligonoko ukitutako 189. partzela Udalaren ondare ondasun bat dela, eta, beraz, bidezkoa izanen dela Corellako Udalak berak horri buruz erabakia hartzea.

Erantzuna:

Sustatzaileak ez du eragozpenik jarri txostenari buruz, eta nahitaezko obra lizentzia eskatuko dio Corellako Udalari.

4. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atala.

Adierazi du ez dagoela afekziorik atal horri dagokionez den bezainbatean.

5. txostena.–Ingurumen Eraginaren Atala.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, ingurumen inpaktuaren azterketari dagokionez, honako hau dio:

–Instalazioa lurraren topografia naturalera egokitu beharko da, lur mugimenduak ahalik txikienak izan daitezen, eta gertatzen direnak kuantifikatu eta zehaztu eginen dira.

–Perimetroko hesiak neurri txikiko fauna igarotzea ahalbidetu beharko du.

–Sinergien azterketak aztergai den esparruan dauden eta izapidetzen ari diren gainerako azpiegiturak kontuan hartu beharko ditu.

–Estepako hegazti fauna kontserbatzeko eremu garrantzitsuen (AICAENA direlakoen) gainean izaten ahal den afekzioa aztertu beharko da, eta horren barruan sartu beharko da barrera efektuaren eta eremu horien artean eragiten den konektibitate galeraren azterketa.

–Estepako hegazti faunaren gaineko afekziorako konpentsazio neurri gisa ezarritako gutxieneko partzelak eremu lau, ireki eta gailenetan kokatuko dira, bereziki “Ombatillo-Morterete” AICAENAren barruan, edo inguruko estepa hegaztientzako beste eremu interesgarri batzuetan, eta, aukeratzeko, kontsulta egiten ahal zaio Biodibertsitate Zerbitzuari. Partzelak arinki goldatuko dira 2 edo 3 urtean behin, azaroan, abenduan, urtarrilean edo otsailean.

6. txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Aldeko irizpena eman du, eta adierazi planta ibilgu publikoen afekzio eremutik kanpo dagoela. Hala ere, baliteke sartzeko bideak eta ebakuazio lineak ibilgu publikoak zeharkatzea. Kasu horretan, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimen egokia lortu beharko du, Urei buruzko Legearen testu bateginaren arabera.

Erantzuna:

Txostena sustatzaileari bidalita, ez du eragozpenik jarri.

II. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

Ondoren, jasotako alegazioei buruzko laburpena eta erantzuna ageri dira.

1.–Gurelur elkartea, ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa.

Esaten du proiektua eta proposatutako alternatibak ez direla teknikoki bideragarriak, sortutako energia ateratzeko LAAT El Montecillo - La Senda linea elektrikoa behar delako, baina gaur egun ez dago horrelakorik, eta proiektuan ere ez dago jasota.

Esaten du instalazioa Nafarroako Horizonte 2030 Energia Planean jasotako helburuen aurkakoa dela.

Ingurumen inpaktuaren azterketari dagokionez, honako hau dio:

–Proposatutako alternatibak ez dira teknikoki bideragarriak, eta ez da irizpide anitzeko azterketarik egin alternatiba bakoitza konparatuta.

–Fauna inbentarioak iturri bibliografikoetako informazioa baino ez du biltzen.

–Ez du jasotzen neurri handiko harriak, eraikuntza bat eta pinu bat daudela 190. eta 25. partzeletan, nahiz eta intereseko elementuak izan hegazti faunarentzat eta kenduko direla aurreikusita egon.

–Eremu horretan, eguzki zentralen saturazioa gainditzen du ingurumen ikuspuntutik.

–Ez da kuantifikatzen eraikitzeko behar den lur mugimendua.

–17. poligonoko 29. partzelaren okupazioak Logroñotik Ejea de los Caballerosera arteko Errege Abelbideari eraginen lioke.

–Ez dute kontuan hartu etorkizuneko El Montecillo parte eolikoaren hurbiltasuna, ez eta ebaluazio linea ere, inpaktu handiko azpiegiturak izan arren sinergiak aztertzean.

–Dokumentuan jasotako landareztatze plana ez da nahikoa.

Erantzuna:

Instalazio fotovoltaikoaren lotura El Montecillo eta Corral del Molino I parke eolikoetako 66 kV-ko eta “LAAT El Montecillo-La Senda” izeneko ebakuazio azpiegituraren bidezkoa izanen da, zeinak aurretiazko baimen administratiboa eta eraikitzekoa baititu, honako hauen bidez, hurrenez hurren: 18/2022 Ebazpena, martxoaren 3koa, eta 59/2022 Ebazpena, ekainaren 1ekoa; Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiarenak.

Esaten ahal da proiektuak Nafarroako Horizonte 2030 Energia Planaren helburuak lortzen laguntzen duela. Zehazki, bere helburu nagusietako bat energia berriztagarrien ondoriozko azken energiaren proportzioa handitzea da, berotegi efektuko gas eta osasunarentzako partikula kaltegarri gutxiago zabaltzeko.

Ingurumen edukia duten alegazioak edo ingurumen inpaktuaren azterketaren edukiari buruzkoak ingurumen inpaktuaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu ziren.

2.–Nafarroako Paisaiak eta Mahastiak elkartea.

Eskatu du aitor diezaiotela prozeduran interesduna dela eta, proiektuari dagokionez, hau esan du:

–Ebakuazio linea osoa jaso behar du.

–“Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuek ebakuazio linea bera partekatzen dute, eta instalazio bakartzat hartu behar dira.

–Eragin ekonomiko positiborik eza.

Ingurumen inpaktuaren azterketari dagokionez, honako hau dio:

–Ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu behar da, “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoen inpaktu osoa azter dezan.

–Ez dago alternatiben ebaluazio zuzenik.

–Ez du betetzen 4/2005 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa.

–Ez dago eremu babestuen maparik, ez eta lurzoruak hirigintza mailan sailkatzen dituen maparik ere.

–Ez dago arrisku azterketarik babestutako espezieetarako, arrisku ebaluaziorik paisaiarako, ez eta suteen arrisku ebaluaziorik ere.

Erantzuna:

Instalazio fotovoltaikoaren lotura El Montecillo eta Corral del Molino I parke eolikoetako 66 kV-ko eta “LAAT El Montecillo-La Senda” izeneko ebakuazio azpiegituraren bidezkoa izanen da, zeinak aurretiazko baimen administratiboa eta eraikitzekoa baititu, honako hauen bidez, hurrenez hurren: 18/2022 Ebazpena, martxoaren 3koa, eta 59/2022 Ebazpena, ekainaren 1ekoa; Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiarenak.

Energia berriztagarrien zenbait proiektuk energia husteko sistema partekatzeak ez du esan nahi instalazio bakartzat hartu behar direnik. Are gehiago, instalazioen erabilera partekatuak haien ingurumen efektuak minimizatzen ditu.

Oro har, ulertu behar da instalazio elektriko bat diseinatu eta zehaztea sustatzailearen eskumena dela, enpresa askatasunak babestua (Konstituzioaren 39. artikulua eta Sektore elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 2.1 artikulua). Eskumen hori baliatuta, sustatzaileak eguzki planta fotovoltaikoetarako (haietako ebakuazio azpiegiturekin batera) bana-banako aurretiko baimen administratiboa emateko eskatu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari.

Bestalde, bi proiektuetako bakoitzak sarrera eta lotura baimen independenteak ditu. Gainera, instalazio fotovoltaiko bakoitzak bere transformazio azpiestazioa dauka, eta modu independentean sortzen ahal du energia elektrikoa.

Azkenik, nabarmendu behar da bi proiektuak proiektu independentetzat jotzeak ez duela berekin ekarri araubide juridikoa aldekoagoa izatea ingurumen ebaluazioaren ikuspuntutik.

Ingurumen edukia duten alegazioak edo ingurumen inpaktuaren azterketaren edukiari buruzkoak ingurumen inpaktuaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu ziren.

Iragarkiaren kodea: F2210368