162. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 16a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

Aurretiazko oharra. Erreferentzia: 1995-M-3

Arroko erakunde honen Uren Erregistroko A atalean, 7. liburukian, 181. orrian, jasota dago ibaiaren 2,40 metroko jauzi baten eta 1.000 l/s-ko emariaren aprobetxamendurako eskubidea, Errotzen, Arakilgo udal mugartean (Nafarroa), indar eragile gisa erabiltzeko.

Apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ur Jabari Publikoaren Erregelamenduaren 104. artikuluan xedatutakoaren babesean, erakundean eskabide bat aurkeztu da, ezaugarri hauek dituena:

–Eskatzailea: Hidroeléctrica Izoa SL.

–Xedea: Errozko errotan energia elektrikoa ekoizteko emaria handitzea.

–Eskatutako emaria: 10.000 l/s.

–Ibilgua: Arakil ibaia (Burunda ibaia).

–Obrak non eginen diren: Errotz, Arakil (Nafarroa).

Eskatutako emari handitzea % 10etik gorakoa denez –onartu zitzaion emariarekin alderatuta–, bidezko da kontzesio osoa jartzea proiektuen lehiarako izapidearen mende, aldaketak barne, hala ezarrita baitago apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 151. artikuluan.

Iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita bi hilabeteko epean, Ebroko Konfederazio Hidrografiko honetan (Zaragoza, Sagasta pasealekua 24-28), bulego orduetan, eskatzaileak aurkezten duen eskaera zehatzaz gain, lehian aurkezten diren beste eskaera batzuk ere onartuko dira, betiere ezarritako potentzia mugaren barruan badaude (5.000 kVA).

Eskaerak bat etorriko dira 916/1985 Errege Dekretuak, 249/1988 Errege Dekretuaren bidez aldatutakoak, 2. artikuluaren 2. apartatuan xedatzen duenarekin, eta 916/1985 Errege Dekretuak berak 3. artikuluan aipatzen dituen agiri eta proiektuak erantsiko zaizkie. Ez da tramitera onartuko 5.000 kVA-tik gorako potentzia instalatzeko eskaerarik, baina eskatzaileren batek aprobetxamenduaren potentzia handitu nahi badu, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 105. artikuluko 3. apartatuan adierazitako tramitaziora jo ahal izanen du.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita zazpigarren egun baliodunean irekiko dira proiektuak, goizeko 10etan, edo, egun hori larunbata bada, hurrengo lanegunean, ordu berean. Eskatzaile guztiak ager daitezke ekitaldi horretara, baina bertaratuko direla berretsi beharko dute mezu elektroniko bat bidaliz hidroelectricos@chebro.es helbidera, iragarki honen goiburuan agertzen den espediente zenbakia adierazita. Akta eginen da, eta agertzen direnek eta Administrazioaren ordezkariak sinatuko dute.

Otsailaren 4ko 139/1960 Errege Dekretuaren 5. artikuluko b) apartatuaren arabera (1960ko 31. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 5ekoa), bidezkoa da konfrontazio eta txostenagatiko administrazio tasa bat ezartzea. Tasa hori ordaindu beharra konfrontazio eta txosten horren xede izan behar duen proiektua aurkezten den unean sortzen da. Tasa, betiere, aipatutako errege dekretuan adierazi bezala kalkulatuko da, eta hartan ezarritako baldintzetan ordainduko. Ordaindu beharra duten subjektuak honako hauek dira: Herri Lanetako Ministerioaren kontzesioen, administrazio baimenen edo tasazioen titularrak edo eskatzaileak.

Zaragozan, 2022ko uztailaren 18an.–Komisario albokoa, Javier San Román Saldaña.

Iragarkiaren kodea: E2210320