162. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LOS ARCOS ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Estatutuen aldaketa. Behin betiko onespena

Mankomunitateko Batzarrak, 2022ko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak.

Erabakia jendaurrean jarri zen, iragarkiak argitaraturik udalen iragarki-tauletan, eta jendaurreko aldia iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe. Halaber, txostena eman du Toki-administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, eta udal guztiek onetsi dute aldaketa hori osoko bilkuran. Batzarrak 2022ko ekainaren 2an egin bilkuran, legez eskatzen den gehiengoarekin, behin betiko onetsi zen aldaketa.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, zeina indarrean jarriko baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Los Arcosen, 2022ko uztailaren 27an.–Mankomunitateko burua, Javier Chasco Abaigar.

LOS ARCOS ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUEN ALDAKETA

Honako hauek aldatzen dira: 1, 3, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18, 19, 22, 23, 26, 29, 30, eta 31. artikuluak eta xedapen gehigarria.

I. KAPITULUA

Eraketa, izena eta helbidea

1. artikulua. Borondatezko Mankomunitatea eratu dute estatutu hauen eranskin gisa datorren zerrendako udalek, elkarrekin antolatu eta egiteko estatutuon II. kapituluan jasotzen diren beren eskumeneko zerbitzuak.

Kide berriak onartzeko, estatutuetan ezarritako arauei jarraikiko zaie.

Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, bai eta, era osagarrian, honako hauetan xedatutakoari ere: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legean, eta toki korporazioei aplikatzen zaizkien gainerako legezko xedapenetan.

3. artikulua. Aipatu den udalen arteko erakundearen izena izanen da “Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea”, eta haren egoitza egonen da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, Los Arcosko udalerrian.

IV. KAPITULUA

Indarraldia

7. artikulua. Mankomunitate honen iraupen edo indarraldia mugagabea izanen da, eta funtzionatzen hasiko da estatutuak behin betiko onesten direnetik, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

V. KAPITULUA

Zuzendaritza eta kudeaketa organoak

8. artikulua. Gobernu-organo hauek zuzenduko dute Mankomunitatea:

–Batzarra.

–Batzorde Iraunkorra.

–Burua.

9. artikulua. Kendua.

10. artikulua. Udalen arteko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Batzarra osatuko da mankomunitateko udaletako ordezkari banarekin, eta ordezkariek izan beharko dute erakunde horietako alkate edo zinegotzi. Mankomunitatearen organo gorena izanen da, eta estatutu hauetan zehazten diren eskumen edo eskudantziak izanen ditu, bai eta ordenamendu juridikoak aitortzen dizkion gainerako guztiak ere.

11. artikulua. Batzorde Iraunkorra osatuko dute Mankomunitateko buruak eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Batzarreko hiru kidek. Azken horiek bi urtetik bi urtera berrituko dira txandaka, eta lehen hautaketan ezarriko da txandak egiteko era.

12. artikulua. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako burua hautatuko da Mankomunitateko Batzarra eratzeko bilkuran, Mankomunitatea osatzen duten udalek izendaturiko batzarkideen artean. Kideen legezko kopuruaren gehiengo osoz hautatuko da.

Horretarako ezarritako bilkuran ez bada aipatu gehiengo hori lortzen, batzarkideei beste deialdi bat eginen zaie automatikoki, beste bozketa bat egiteko, aurreko paragrafoan ezarritako prozedura berari jarraikiz, horren ondoko hirugarren egunean, ordu berean eta toki berean. Bozketa horretan, burua gehiengo soilez hautatuko da.

Buruorde bat hautatuko da, buruaren betebehar eta eskudantziak izanen dituena hura kanpoan denean, edo kargua hutsik dagoenean, berria hautatu bitartean.

13. artikulua. Kendua.

14. artikulua. Batzarrak eskudantzia hauek ditu, bereziki:

a) Oinarrizko gizarte zerbitzuek udalerrietan gauzatu beharreko jarduketa programak onestea.

b) Zerbitzuen aurrekontuak eta urteko kontuak onestea.

c) Zerbitzuei atxikitako langileak zehaztea, eta orobat ezartzea erabili beharreko kontratazio sistemak eta hautapenerako irizpide eta oinarri orokorrak.

d) Zerbitzuak mantentzeko, kide diren udalek egin beharreko ekarpenen zenbatekoa ezartzea.

e) Baimena ematea, beste administrazio batzuek egiten dituzten eskumen eskuordetzak onar daitezen, dena delako hitzarmenaren xede den arloan.

f) Eta, bere helburuak betetzeari dagokionez, udaletako osoko bilkurei legez esleitzen zaizkien eskudantzia eta eskumen guztiak, beheragoko beste organo batzuei ez badagozkie.

15. artikulua. Batzorde Iraunkorrak eskudantzia hauek ditu:

a) Zerbitzuek sortutako gastuak xedatzea.

b) Presazko kasuetan, aurreko epigrafeko e) apartatuan Batzarrari esleitutako eskudantziak baliatzea.

c) Egintza judizial eta administratiboak erabakitzea, eta gero Batzarrari horien berri ematea, egiten duen hurrengo bilkuran.

d) Langileen kontratazioa.

16. artikulua. Buruak eskudantzia hauek ditu:

a) Udalen arteko gizarte zerbitzuen ordezkari aritzea.

b) Batzarraren eta Batzorde Iraunkorraren bilkuretara deitzea eta haietan buru aritzea, berak egoki deritzonean edo Batzarreko kideen bi herenek hala proposatzen dutenean.

c) Ordainketak agintzea, Batzorde Iraunkorreko beste edozein kiderekin batera.

d) Mankomunitateko beste organoei berariaz esleitu gabeko beste edozein eskudantzia, edo horiek buruari esleitutakoak.

e) Mankomunitatearen aurrekontuak eratzea, idazkariarekin batera, aurrekontu onetsien gauzatze egokia xedatzea eta urteko kontuak aurkeztea; hori guztia, aplikatzekoak diren legezko eta erregelamenduzko xedapenei jarraikiz.

f) Zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta Mankomunitatearen helburuak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, baldin eta Batzarrari ez badagozkie. Azken horri eman beharko dio kontu bere jardunaz.

17. artikulua. Buruordea. Buruaren eginkizunak hartuko ditu bere gain hala dagokionean, estatutuetan xedaturikoaren arabera; bestetik, buruak edo Batzarrak haren esku berariaz utzitakoak ere izanen ditu. Batzarrari eman beharko dio kontu bere jardunaz.

18. artikulua. Idazkaria. Idazkari kargua beteko da Mankomunitateko udaletako idazkariak izendatuz.

Berariazko legediaren arabera dagozkion eginkizunak beteko ditu, bai eta kontu-hartzailetzari dagozkionak ere.

19. artikulua. Batzarrak ohiko bilkura bat eginen du hiruhilabeteko bakoitzean. Bilkura hori egin beharko da 6/1990 Foru Legearen 77. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Era berean, bilkura bereziak egiten ahalko dira, 6/1990 Foru Legearen 77.2 eta 3 artikuluetan ezarritakoaren arabera (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Deialditik aurrera, kide guztiek eskura izanen dituzte espedienteak eta landu beharreko gaiak, horretarako prestatutako tokian.

Deietan bilkura zein egun, ordu eta tokitan eginen den adieraziko da, bai lehen deialdirako, bai bigarrenerako.

22. artikulua. Legezko gehiengo osoa beharko da honako erabaki hauetan:

1. Burua, buruordea eta idazkaria hautatzea eta kargutik kentzea.

2. Ordenantza, erregelamendu eta tarifa orokorrak onestea, zerbitzuen erabiltzaileei edo Mankomunitatearen funtzionamenduaren araubideari eragiten badiete eta haren eskumenekoak badira.

3. Obra eta inbertsioen urte anitzeko planak onestea, urte bakoitzean bereziki zehaztuta hurren-hurrengo urtekoa.

4. Sozietate kudeatzailearen estatutuak onestea.

5. Mankomunitatean kide berriak onartzea.

6. Batzarraren eskumeneko kredituen zor publikoa eta itundua jaulkitzea.

7. Estatutu hauek aldatzea.

VI. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

23. artikulua. Helburuak betetzeko eta sortzen diren gastu guztiak finantzatzeko, Mankomunitateak bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako hauek, alegia:

a) Zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.

b) Dirulaguntzak eta zuzenbide publikoko beste diru-sarrera batzuk.

c) Bere eskumeneko zerbitzu edo jarduerak egiteagatik kobratzen dituen tasak.

d) Kontribuzio bereziak, obrak gauzatzeko edo erakunde horien eskumeneko zerbitzuak ezarri, handitu edo hobetzeko.

e) Prezio publikoak.

f) Kredituko eragiketen ondoriozkoak.

g) Isunak.

h) Kide diren erakundeen ekarpenak.

i) Legez dagokion beste diru-sarrera oro.

26. artikulua. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bere gain hartzen duen zor eta obligazio orori dagokionez, Mankomunitateko kide diren udal guztiak izanen dira erantzule, zati proportzionaletan, zuzenbideko biztanleen kopuruaren arabera.

VIII. KAPITULUA

Kide gehiago onartzea

29. artikulua. Batzarrak onetsi beharko du Mankomunitatean udal berriak onartzea, zuzenbideko kideen legezko gehiengo osoaren botoekin; onartzeko erabakia hamabost egunean egonen da jendaurrean. Onartu eta gero, kide horiek hiru urterako konpromisoa hartuko dute gutxienez.

IX. KAPITULUA

Mankomunitateko kideak ateratzea

30. artikulua. Mankomunitateko kide izateari uzteko arrazoiak hauek izanen dira:

1. Udal eskatzailearen borondateagatik, Batzarrak horren gaineko txostena eman ondoren. Atera nahi duen kideak idatziz jakinaraziko du, ekitaldi hori bukatu baino bi hilabete lehenago.

2. Ez ordaintzeagatik udal bakoitzak konprometituta dauzkan ekarpen ekonomikoak.

3. Batzarraren erabakiagatik, falta astunetan oinarriturik, aldez aurretik delako udalari entzunaldia emanda. Batzarrak egiten duen lehen bilkuran berronetsi beharko da erabakia.

Mankomunitatea uzten duen kideak erabat galduko ditu ordura arte kide izateagatik zituen eskubide, ondasun eta betebehar guztiak. Hala ere, baja ematen duen kide bakoitzak bere betebeharrei lotua segituko du, harik eta bukatu arte 29. artikuluaren azken paragrafoan ezarritako epea.

Etorkizunean berriz kide bihurtzeko, ohiko prozedurari jarraiki beharko dio, VIII. kapituluan jaso bezala.

X. KAPITULUA

Desegitea

31. artikulua. Mankomunitatea deseginez gero, Batzarrak Likidazio Batzorde bat eratuko du. Hark likidatuko ditu kitatzeko dauden kontuak eta soberakina banatuko du Mankomunitateko udalen artean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Sortzen bada aferaren bat estatutu honetan arauturik ez dagoena, ebatziko da Nafarroako toki-erakundeen gaineko indarreko araudia aplikatuz.

OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEKO HERRIEN ZERRENDA

Aguilar Kodes, Armañantzas, Azuelo, Bargota, Desoio, El Busto, Esprontzeda, Los Arcos, Mues, Santsol, Torralba del Río, Torres del Río.

Iragarkiaren kodea: L2210474