161. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

480/2022 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien osasun kontroleko protokoloa onesten duena, amorruari eta hidatidosiari dagokienez, Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien osasun kontroleko zerbitzu hori emanen duten profesionalak gaitzeko prozedura ezartzen duena eta animalien isolamendua eta berrogeialdia bermatzeko behar diren ostatu zerbitzuak ematen dituzten lagun egiteko animalien zentroak baimentzen dituena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 576/2013 (EB) Erregelamenduak, lagun egiteko animalien merkataritzakoak ez diren lekualdaketei buruzkoak, merkataritza asmorik ez duten lagun egiteko animalien lekualdaketei zer irizpide zoosanitario ezartzen ahal zaizkien zehazten du, baita lekualdatze horien kontrolerako arauak ere.

Ukraina ez dago sartuta Batzordearen ekainaren 28ko 577/2013 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren II. Eranskinean, zeinetan zerrendatzen baitira beraien lurraldeetan amorruaren presentziaren kontrako prebentzio jakin batzuk betetzen dituzten herrialdeak. Horrek berekin dakar beraien lurraldetik kanpora lagun egiteko animaliak lekualdatzeko honako betekizunak bete behar direla –576/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikulua–:

–Animalia mikrotxipez zuzen identifikatua egotea.

–Animaliak amorruaren kontrako txertoa hartuta izatea eta antigorputzen balorazio bat egin izana, zeinaren lagina txertatzea baino gutxienez 30 egun geroago eta lekualdaketa baino, gehienez, hiru hilabete lehenago egina den.

–Inportazio ziurtagiri bat igorri izana edo, berriz sartuz gero, txertaketa eta antigorputzen balorazio proba ziurtatzen duen pasaportea.

Gainera, ez da baimenik ematen 7 hilabete baino gutxiagoko txakurrik, katurik zein hudorik sartzeko.

Ukrainako egoeraren eboluzioa kezkagarria dela ikusirik, eta herrialde hartatik beraien lagun egiteko animaliekin batera Europar Batasunera lekualdatzen ari diren errefuxiatuek izaten ahal dituzten zailtasunak saihesteko, Europako Batzordeak estatu kideei adierazi die, 576/2013 (EB) Erregelamenduaren 32. artikuluarekin bat eginez eta lagun egiteko animalien merkataritza asmorik gabeko lekualdatzeetarako aurreikusitako balditzen salbuespen gisa, estatu kideek, egoera ezohikoetan, baimentzen ahalko dutela beraien lurraldeetara, merkataritza asmorik gabe, aurrez aipatutako baldintzak betetzen ez dituzten lagun egiteko animaliak (maskotak) lekualdatzea, betiere baldin eta:

a) Jabeak baimen eskaria aurkeztu baldin badu, eta xede den estatu kideak onartu, eta

b) Lagun egiteko animaliak aipatu baldintzak betetzeko adina denboraz egon badira ikuskapen ofizialpean eta isolaturik, epe hori 6 hilabete baino gutxiagokoa izan bada eta lekua agintaritza eskudunak onesten badu eta baimenean aurreikusitako modalitateekin bat badator.

Oraingo kasu honetan Batzordeak esan du, prozesua erraztu eta emergentziazko egoera honi dagokion bezala heltzeko, estatu kideek xedapenak egiten ahal dituztela errefuxiatuekin batera lekuz aldatzen ari diren lagun egiteko animalientzat baimenak emateko, horiei legokiekeen baimena aurretiaz eskatu beharrik gabe sartu ahal izateko.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, Espainiara Europako araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen ez dituzten lagun egiteko animaliak iritsiko direla aurreikusirik, eta kontuan harturik adierazitako ezohikotasuna aplikatzen ahal dela, jarduketa protokolo homogeneo bat prestatu du, Espainia osoan aplikatzen ahalko dena, amorrua lurraldean sartzeko arrisku egoerak dakartzan arriskuak murriztu eta gaixotasunaren balizko foku bat saihesteko. Protokolo horretan gomendatzen da autonomia erkidego bakoitzean osasun kontroleko baldintzak ezartzea, iristen diren animaliak kontrolatzeko eta jarduketa zehatzak egiteko.

Ukraina da amorrua animaliengan zein pertsonengan oso hedatuta dagoen Europako herrialde bakarra. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak emaniko datuen arabera, gaur egun 1.600 animalia inguruk dute amorrua Ukrainan, eta pertsonengan ere erregistratu izan dira kasuak noizean behin, nahiz eta prebentzio neurriak hartu. Horregatik, ohiko betekizunak betetzen direla ziurtatu gabe, beraien jabeekin batera iristen ahal diren lagun egiteko animalien arrisku kualitatiboa oso handia da eta, bizi dugun egoeraren harira gure herrialdera iristen den errefuxiatu kopuruaren arabera, arrisku kuantitatiboa nabarmen handitzen ahal da. Gauzak horrela, zehazten ahal da gaixotasuna hedatzeko arrisku handiko egoera dela.

2014/23/EB Zuzentarauak 54. kontuan hartuzkoan onartzen du –gizarte, osasun eta hezkuntzako zerbitzuei dagokienez eta aintzat hartuta horiek zerbitzu delikatuak direla– agintari publikoek askatasuna dutela zerbitzu horiek beraiek emateko edo zerbitzu horiek emakidarik egin gabe antolatzeko, esaterako, horien finantzaketa sinple bat eginez. Beste aukera bat da operadore ekonomiko guztiei lizentziak eta baimenak ematea, baldin eta betetzen badituzte botere edo entitate adjudikazio emaileak jarritako baldintzak, muga edo kuotarik ezarri gabe; horretarako, agintari publikoek behar adinako publizitatea egin behar dute, eta errespetatu behar dituzte gardentasunaren printzipioa eta diskriminaziorik ezaren printzipioa. Bestetik, 59. kontuan hartuzkoan xedatzen da Zuzentarauaren xedapen bakar batek ere ez duela eragotzi behar ordena, segurtasun eta moral publikoa, osasuna, pertsonen eta animalien bizitza eta landare espezieen kontserbazioa babestea edo bestelako ingurumen neurriak ezarri edo gauzatzea, batez ere garapen jasangarria kontuan hartuta, baldin eta neurri horiek bat badatoz Europar Batasunaren Itunarekin.

Azkenik, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak gure antolamendua aipatu europar araudiaren arabera moldatu zuen, eta 7.1.j) artikuluan bere aplikazio eremutik kanpo uzten du osasun zerbitzuak ematea, eta 7.3 artikuluan bere aplikazio eremutik kanpo uzten du kontratua betetzeak segurtasun neurri bereziak eskatzen baditu, indarreko legezko eta erregelamenduzko xedapenen eta administrazio xedapenen arabera; betiere justifikatu bada babesten diren funtsezko interesak ezin direla bermatu esku hartze txikiagoa dakarten neurrien bidez.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean onestea, Ukrainan bizi duten gatazka egoera dela-eta, beraien jabeekin batera handik datozen lagun egiteko animalien osasun kontroleko prozedura, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien etorrerari aurre egiteko prestatutako jarduketa protokoloarekin bat, eta Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2013ko ekainaren 12ko 576/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat. Ebazpen honen I. eranskin gisa ageri da.

2. I. eranskinean zehazten den prozedura onestea, zeinak albaitari profesionalei ahalbidetuko baitie honako jarduketa hauei dagokien osasun kontrola egiteko gaikuntza eskuratzea: antigorputzen balorazioa egiteko odol analisia, behar denean animaliak sedatzea, amorruaren kontra txertatzea, hidatidosiaren aurkako tratamendua, identifikazioa eta pasaportearen emisioa.

3. Onestea I. eranskinean zehazten den prozedura, baimena ematen diena titulartasun pribatuko zentroei animalien nahitaezko berrogeialdia egiteko zentro egoki izateko, animaliak etxean isolatzea ezinezkoa denean.

4. Osasun kontrolen kostuak (tratamenduak eta isolamendua) albaitari gaituei eta/edo baimendutako zentroei ordainduko zaizkie, ebazpen honen I. eranskinarekin batera doan prozeduran ezarritako baremoaren arabera (prozedura hori ere ebazpenaren parte da), behin justifikatu ondotik eta espedientea formalizatzeko izapideak eginik daudela, 2022ko gastu aurrekontuko “Ukrainatik datozen lagun egiteko animalientzako osasun arreta” izeneko 710004 71300 2279 412214 partidaren kargura eta, beharrezkoa bada, 2023ko gastuen aurrekontuan onartzen den “Ukrainatik datozen lagun egiteko animalientzako osasun arreta” izeneko 710004 71300 2279 412214 partidaren kargura.

5. 8.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu aurrekontuko “Ukrainatik datozen lagun egiteko animalientzako osasun arreta” izeneko 710004 71300 2279 412214 partidaren kargura, eta 2.000 euroko gastua baimentzea horretarako gaituko den 2023ko gastu aurrekontuko “Ukrainatik datozen lagun egiteko animalientzako osasun arreta” izeneko 710004 71300 2279 412214 partidaren kargura, baldin eta kreditu aski eta egokia baldin badago.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Ukrainatik pertsona errefuxiatuekin batera datozen lagun egiteko animalien osasun kontrolerako, kontrola eginen duten albaitarien gaikuntzarako eta lagun egiteko animaliek isolamendua egiteko zentro pribatuak baimentzeko prozedura

1. artikulua. Xedea.

Ebazpen honen xedea da, batetik, Ukrainatik jabeekin batera errefuxiatu moduan etorri diren eta Nafarroako Foru Komunitatean hartu diren lagun egiteko animalien osasun kontrola egiteko prozedura ezartzea eta, bestetik, bi prozedura onestea: lehena, albaitari klinikoak eta albaitari laguntza klinikoa ematen duten pertsona juridikoak gaitzekoa –horri esker, eskatzen diren albaitaritza kontrolak egiten ahalko dituzte– eta, bigarrena, egonaldi zerbitzua eskaintzen duten lagun egiteko animalien zentro pribatuak baimentzekoa –animaliek berrogeialdia egin behar badute–.

Lagun egiteko animalien osasun kontroleko prozedura moldatzen ahalko da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren balizko gomendioen eta horien ondoriozko jarduketa protokolo nazionalaren eguneratzearen arabera.

2. artikulua. Jarduketak koordinatzea.

Nafarroako Gobernuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikitako Animalien Ekoizpenerako Atalak koordinatuko ditu animalien osasun kontrolari dagozkion jarduketak.

3. artikulua. Jarduteko prozedura:

3.1. Iritsi direla jakinaraztea. Ezein agintaritza edo entitate publiko zein pribatuk edo osasun publikoari edo animalien osasunari lotutako profesional orok berehala jakinaraziko dio Nafarroako Gobernuaren Animalien Ekoizpenerako Atalari Ukrainatik errefuxiatuekin batera lagun egiteko animaliaren bat iristen den aldiro. Komunikazio hori posta elektroniko bidez eginen da, honako helbidera idatzita: bienestar.animal@navarra.es. Honako telefono zenbaki hauen bidez ere egiten ahalko da: 848 426225 - 848 423926 - 848 426691. Komunikazio horretan animaliari buruzko datuak, jabeari buruzkoak eta Espainian daukaten harremanetarako pertsonari buruzkoak eman beharko dira.

Animalien Ekoizpenerako Atala errefuxiatuarekin edo harremanetarako pertsonarekin jarriko da harremanetan, eta bere lagun egiteko animaliak egin beharreko nahitaezko albaitari kontrola egiteko dauden albaitari gaituen zerrenda emanen zaio. Zerrenda hori eskuragarri egonen da www.covetna.org webgunean.

3.2. Albaitari kliniko gaituak eginiko osasun kontrola. Errefuxiatua edozein albaitari gaiturenera joaten ahalko da, honako jarduketak ahalik eta azkarren egin daitezen:

a) Identifikazioa: Animalia mikrotxipez identifikatuta baldin badago eta irakurgarria baldin bada, ez da beharrezkoa izanen berriro identifikatzea. Bestelako edozein kasutan, mikrotxipez identifikatuko da. Dena den, animaliari alta emanen zaio Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan.

b) Echinococcus multilocularisen kontrako tratamendua. Albaitari gaituak animalia horiek tratatuko ditu baimendutako albaitari medikamentu batekin. Horrek praziquantelaren edo substantzia farmakologikoki aktiboen –haiek bakarrik edo beste batzuekin konbinatuta espezie ostalarietako Echinococcus multilocularisen hesteetako forma helduaren eta heldugabeen karga murrizten dutela frogatu behar duten– dosi egokia izanen dute.

Albaitariak animaliak jasotako tratamenduaren berri emanen du erregistroan.

c) Amorruaren kontra txertatzea eta/edo antigorputzen titulaziorako odola ateratzea: albaitari gaituak amorruari dagokionez animaliaren egoera zein den ebaluatu beharko du. Horren arabera, hainbat jarduketa posible daude:

–Eskuragarri dagoen dokumentazioaren bidez egiaztatzen bada animalia Ukrainan txertatua izan dela, albaitari gaituak bi aukera ditu:

  • Edo antigorputzen titulaziorako odola aterako dio.
  • Edo unean bertan berriz emanen dio amorruaren kontrako txertoa.

–Animalia Europar Batasunera sartzean txertatua izan dela egiaztatzen duen dokumentaziorik badago eta

  • 30 egun baino gehiago igaro badira ordutik: odola aterako zaio.
  • Bestela, aldi hori igarotzeko zain egonen da eta jabeari hitzordua emanen zaio txertaketa egin denetik 30 egunera odola ateratzeko.

–Animalia ez badago txertatuta, albaitari gaituak txertoa jarriko dio, txertoaren erabilera orriaren arabera, eta jabeari hitzordua emanen dio txertaketa egin eta 30 egunera odola ateratzeko.

–Antigorputzen titulazioan kontrako emaitza lortu bada, Animalien Ekoizpenerako Atalak jabeari eta albaitariari jakinaraziko die, eta animaliari hauetako bat egin beharko zaio:

  • Edo berriz ere odola atera, baldin eta animalia Ukrainan txertatua izan zela egiaztatu bazen.
  • Edo aurreko txertatzetik 2 hilabetera berriz txertatu, baldin eta animalia EBra sartzean txertatua izan bazen edo txertatu gabe bazegoen. Azken kasu horretan, azken txertoa jaso duenetik 30 egunera berriz aterako zaio odola.

–Ukrainan txertatutako animalia baten kasuan, bigarren titulazioaren emaitza ere kontrakoa bada, Animalien Ekoizpenerako Atalak jabeari eta albaitariari jakinaraziko die, aurreko txertoa jaso zuenetik 2 hilabetera berriz txertatu beharko baita eta 30 egun geroago odola atera beharko baitzaio.

–Gainontzeko kasuetan, bigarren titulazioaren emaitza berriz ere kontrakoa baldin bada, albaitari gaituak ez du beste jarduketarik eginen, berrogeialdia amaitu arte. Berrogeialdia 6 hilabetekoa izanen da gehienez, animaliari lehenbizikoz odola ateratzen zaionetik. Prozedura bera izanen da Ukrainan txertatuak izan diren eta hirugarren titulazioan kontrako emaitza izan duten animalien kasuan.

Albaitariak animaliak jasotako txertaketen berri emanen du erregistroan.

d) Odol lagina hartu eta laborategira bidaltzea, txertatu ondoko amorruaren aurkako antigorputzen kuantifikazioa egiteko. Odola atertzen ahal den kasuetan, laginaren analisia Granadako Animalien Osasuneko Santa Fe Laborategi Nagusian eginen da.

Laborategiak analisiaren buletina Animalien Ekoizpenerako Atalera bidaliko du.

3.3. Kontrolaren emaitza: jarduketak. Albaitari gaituek Ukrainatik datozen animaliekin eginiko jarduketa guztien berri emanen diote Animalien Ekoizpenerako Atalari, hurrengo 24 orduen barruan, posta elektroniko bidez. bienestar.animal@navarra.es helbidera idatziko dute eta mezuaren gaian honako hauek adieraziko dituzte: klinikaren izena, eta jarraian “Ukrainako Animalien Arreta” eta artatu duten animaliaren izena.

Lehen jarduketan, ahal den neurrian, jabeari eta animaliari buruzko datuak emanen dira, baita 3.2 apartatuan ezarritakoaren arabera eginiko osasun kontroleko jarduketak ere.

Hurrengo ikustaldietan, ikustaldiaren xede diren jarduketei buruzko informazioa baino ez da eman beharko; nolanahi ere, egoki diren bestelako informazioa eta oharrak ere jakinaraziko dira.

3.4. Berrogeialdia: Albaitari kliniko gaituak amorruari dagokionez eginiko ebaluazioaren eta serologiaren emaitzaren arabera, animalia etxeko isolamenduan gelditzen ahalko da bere jabearekin, edo zentro batean egiten ahalko du berrogeialdia. Erabaki bata edo bestea Animalien Ekoizpenerako Atalak hartuko du, kasuen arriskuak banan-banan aztertu ondotik.

Arriskuaren arabera berrogeialdia bizilekuan egitea egokitzat hartzen ez denetan, oro har, Nafarroako Gobernuaren Animalien Babes Zentroan, Etxaurin, edo Iruñeko Udalaren Etxe Animaliak Artatzeko eta Adoptatzeko Zentroan eginen dute.

–Animalia katu bat baldin bada, erreferentziako zentroa Iruñeko Udalaren Etxe Animaliak Artatzeko eta Adoptatzeko Zentroa izanen da.

–Animalia txakur bat baldin bada, Nafarroako Gobernuaren Animalien Babes Zentroa (Etxauri) izanen da erreferentziazkoa.

Animaliak berrogeialdia ezin badu han egin, leku falta dagoelako, baimendutako lagun egiteko animalien zentro pribatu batera eramanen da.

3.5. Pasaporte europarra egitea: kasu bakoitzari dagokion berrogeialdia bukatu ondotik, animaliaren jabea berriro joanen da albaitari gaituarenera, pasaporte europarra egiteko. Albaitariak Animalien Ekoizpenerako Atalari jakinaraziko dio jarduketa hori, osasun kontrolaren atalean azaldutako prozedura berari jarraituz.

Pasaportea egiten denean bukatutzat emanen dira Ukrainatik datorren lagun egiteko animalia baten osasun kontrolari dagozkion jarduketak.

3.6. Animaliak onartzen diren bizilekurik ez duten pertsona errefuxiatuak: errefuxiatuei lehen arreta egiten dieten entitateek lagun egiteko animaliarik onartzen ez den bizileku batera bideratu behar badituzte, Animalien Ekoizpenerako Atalari jakinaraziko diote; azken horrek animaliaren ardura bere gain hartuko du eta haren bizilekua kudeatuko du.

Entitateak, eskaera egiteko, mezu elektroniko bat bidaliko du bienestar.animal@navarra helbidera, edo, bestela, 848 426225 - 848 423926 - 848 426691 harremanetarako telefonoetara deituko du. Animaliari, jabeari eta Espainiako harremanetarako pertsonari buruzko datuak emanen ditu; zehazki, hauek:

–Errefuxiatuak artatzen ari den pertsonaren izena eta harremanetarako telefonoa.

–Animaliaren tamaina, eta ba ote duen garraiatzailerik, uhalik, eta abarrik.

Animalia jasotzeko kudeaketa Animalien Ekoizpenerako Atalak eginen du, eta, ondotik, txakurra baldin bada, Nafarroako Gobernuaren Animalien Babes Zentrora, Etxaurira, bideratuko da; katua baldin bada, aldiz, Iruñeko Udalaren Etxe Animaliak Artatzeko eta Adoptatzeko Zentrora bideratuko dira. Kasu batean zein bestean, albaitari jarduketak zentro horietako albaitari zerbitzuek eginen dituzte.

Zentro horietan lekurik ez balego eskaera egiten den unean, animalia lekua duen baimendutako zentroren batera bideratuko da, eta lehentasuna izanen du animaliaren jabearen bizilekutik hurbilen dagoenak.

4. artikulua. Albaitari klinikoen gaikuntza.

Gaikuntza lortzeko baldintzak.

4.1. Aurreko artikuluan deskribatutako lagun egiteko animalien osasun kontrola egiteko gaituak izaten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Lanbide helbidea, albaitari kontsulta edo klinika izatea.

b) Txertatzeko behar den tresneria klinikoa, ibilgailua eta eginiko jarduketen kudeaketa informatizatua ahalbidetuko duten tresna eta sistema informatikoak izatea.

c) Gaikuntza aldian indarrean izatea lanbide erantzukizun zibileko poliza, edo bestela elkargoko poliza kolektiboaren estaldura osoa edukitzea, elkargoko kide izateko kuotak egunean edukitzearen ondorioz.

4.2. Aipatu gaikuntzaren babesean Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien osasun kontrolak egiteko zerbitzua eskaintzeko beraien burua aurkezten dutenek, honako betekizun hauek izanen dituzte:

a) Lege indardunaren arabera lanbidean jardutea ahalbidetzen dien albaitari titulua izatea eta Albaitarien Elkargoko kide izatea.

b) Lanbidean jarduteko desgaitua ez egotea.

c) Nafarroako Gobernuko Animalien Ekoizpenerako Atalaren jarraibideak eta gomendioak betetzea.

d) Lanbide Elkargoei buruzko indarreko legeria betetzea.

5. artikulua. Gaikuntza eskuratzeko prozedura.

5.1. 4. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituen pertsona fisiko edo juridiko orok, ebazpenean ezarritakoarekin bat, Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien osasun kontrolak egiteko zerbitzua eman nahi badu, gaikuntzarako eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko ditu Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialean, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

5.2. Nafarroako Albaitarien Elkargoak behar diren egiaztapenak eginen ditu egiaztatzeko eskatzailea elkargoko kide dela, desgaitua izateko ziorik ez duela, elkargoko kide izateko kuotak egunean dituela (hala badagokio), eta erantzukizunpeko adierazpena sinatuta dagoela. Egiaztapenak eginikoan, Nafarroako Gobernuaren Animalien Ekoizpenerako Atalari helaraziko zaio lagun egiteko animalien osasun kontrolak egiteko albaitari gaitu gisa arituko diren albaitari kliniko boluntarioen zerrenda. Printzipioz, 2022ko abenduaren 31ra arte, edo aurrerago arte, Ukrainan gatazka belikoko egoerak jarraitzen badu.

5.3. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, eskaera eta erantzukizunpeko adierazpenarekin batera sinatzailearen ordezkaritza frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, eta erakundearen besteren konturako langile gisa txertoak jarriko dituzten albaitari klinikoen zerrenda.

5.4. Animalien Ekoizpenerako Atalak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du eta akatsak baditu edo zalantzak sortzen baditu, eskatzaileari zuzentzeko edo argitzeko eskatuko zaio, edo beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa ekartzeko. Hori egiteko hamar egun balioduneko epea eman, eta adieraziko zaio epe horretan egin ezean gaikuntza baliogabetuko zaiola ezarritako betekizunak ez betetzeagatik.

6. artikulua. Pertsona gaituen betebeharrak.

Gaikuntza erdietsi duen pertsona fisiko edo juridiko orok honako betebehar hauek izanen ditu, gaikuntzaren indarraldian zehar:

a) Bermatzea betetzen direla gaikuntza lortzeko eskatu ziren baldintza eta betekizunak, zerbitzua ematea ahalbidetzen duten haiexek.

b) Animalien Ekoizpenerako Atalari komunikatzea osasun kontrolak egiteko gaikuntzaren baldintzetan gertatzen den aldaketa oro.

c) Egunean edukitzea momentu bakoitzean indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Betetzea momentu bakoitzean indarra duten xedapenek honako alor hauetan ezarritako betebeharrak: laneko segurtasuna eta osasuna, eta laneko arriskuen prebentzioa.

e) Gaikuntzaren aldi osoan bermatzea lanbide erantzukizun zibileko poliza indarrean dagoela, edo elkargoko kuoten ordainketa egunean izatea.

f) Osasun kontroleko zerbitzua ematean Nafarroako Gobernuko Animalien Ekoizpenerako Atalaren jarraibideak eta gomendioak betetzea.

g) Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betetzea eta zerbitzua ematean eskuratzen den informazioaren isilpekotasuna errespetatzea.

h) Nafarroako Gobernuko Animalien Ekoizpenerako Atalak egiten dituen ikuskatze jarduketak ematea, zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatze aldera.

i) Aipatutako erakundeari jarraitutasunez eta berehalakoan ematea Ukrainatik datozen lagun egiteko animalientzako osasun jarduketen garapenaren kontrola egiteko behar den informazioa.

7. artikulua. Pertsona gaituei gastuak ordaintzea.

7.1. Nafarroako Gobernuaren Animalien Ekoizpenerako Atalak ordainduko dizkie albaitari gaituei, betiere aurrez justifikatuta, amorruaren eta hidatidosiaren osasun kontrolari dagozkion gastuak. Hona hemen zenbatekoak:

Amorruaren kontrako txertaketa

24,8 euro

Echinococcus multilocularisen kontrako desparasitaziorako praziquantela.

8,26 euro

Sedatzea, odola ateratzeko beharrezkoa denean.

16,5 euro

Odol laginak laborategira garraiatzea.

24,8 euro

Ezarritako kopuruei kasuan-kasuan dagokion BEZa erantsiko zaie.

Ordainketa pertsona fisiko edo juridiko gaituari eginen dio Nafarroako Gobernuaren Animalien Ekoizpenerako Atalak banku transferentzia bidez, behin eginiko albaitari jarduketak alderatu eta egiaztatutakoan.

2022an egiten diren jarduketak ordainduko dira, baita 2023koak ere, baldin eta Ukrainako gatazka belikoko egoerak indarrean jarraitzen badu, betiere aurrekontu kreditu nahikoa baldin badago.

7.2. Albaitari kliniko gaituek ezin izanen dute protokolo honetan aurreikusten diren jarduketak egiteagatik ezer jaso pertsona errefuxiatuengandik.

7.3. Animalien Ekoizpenerako Atalak albaitari gaituek fakturatu eta aurkeztutako albaitari jarduketen datuak egiaztatuko ditu.

7.4. Eginiko jarduketen ordainketa hilero eginen da, aurreko hilabetean aurkeztutako justifikazioen arabera.

8. artikulua. Gaikuntza iraungitzeko zioak.

Honako arrazoi hauengatik iraungiko da gaikuntza:

a) Pertsona gaituak berariaz uko egitea osasun kontroleko zerbitzuak ematen jarraitzeari.

b) Errebokazioa, eta beste edozein arrazoi, funtzionamenduaren gaineko osasun-baimena iraungitzearekin lotua dagoena.

c) Ez betetzea ez gaikuntzarako behar diren baldintzak, ez gaikuntzatik eratorritako betebeharrak edo ebazpen honetan ezarritako betebeharrak. Bereziki, gaikuntzarako baldintzei eusten zaiela dioen adierazpena ez aurkeztea edo aldaketen berri ez ematea.

d) Ez betetzea Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta haiek garatzen dituen araudia, aplikatzekoa den orotan.

9. artikulua. Lagun egiteko animalien zentro pribatuak baimentzea. Baimena emateko baldintzak:

9.1. Beraien jabe errefuxiatuekin batera Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien ostatu izateko baimentzen ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona edo entitate pribatuak:

a) Lagun egiteko animalia batek isolatuta ostatu hartzeko instalazio egokiak izatea.

b) Isolatuta egoteko zenbat leku eskuragarri dauden eta hartzen ahal dituzten animalia espezieak adieraztea.

c) Albaitari laguntza propioa edo hirugarrenekin hitzartua izatea.

d) Lagun egiteko animaliak izateko desgaituta ez egotea eta azken bi urteetan administrazio zigorrik zein zigor penalik jaso ez izana animalien osasun eta/edo ongizateari buruzko araudia ez betetzeagatik.

e) Animaliak izateagatiko erantzukizun zibila estaltzen duen erantzukizun zibileko asegurua izatea.

9.2. Ostatu zerbitzua ematen duten pertsona edo entitateek Nafarroako Gobernuaren Animalien Ekoizpenerako Atalaren jarraibideak eta gomendioak bete beharko dituzte.

10. artikulua. Gaikuntza eskuratzeko prozedura.

10.1. 9. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituen pertsona fisiko edo juridiko orok, ebazpenean ezarritakoarekin bat, Ukrainatik datozen lagun egiteko animalientzako berrogeialdia egiteko ostatu zerbitzua eman nahi badu, baimen eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Gobernuaren Animalien Ekoizpenerako Atalari dagokion eranskinean ageri den ereduaren arabera.

10.2. Animalien Ekoizpenerako Atalak egiaztatuko du betekizunak betetzen ote diren, eta ikuskapen bisita eginen du instalazioetara; eskatzaileak bisita hori onartu beharko du. Egiaztapenak egin ondotik instalazioek berrogeialdian dauden lagun egiteko animalientzako ostatu zerbitzua eskaintzeko baimena jasoko dute. Printzipioz, 2022ko abenduaren 31ra arte, edo aurrerago arte, Ukrainan gatazka belikoko egoerak jarraitzen badu.

11. artikulua. Baimendutako zentroen betebeharrak.

Baimena erdietsi duen pertsona fisiko edo juridiko orok honako betebehar hauek izanen ditu, baimenaren indarraldian zehar:

a) Bermatzea betetzen direla baimena lortzeko eskatu ziren baldintza eta betekizunak, zerbitzua ematea ahalbidetzen duten haiexek.

b) Animalien Ekoizpenerako Atalari jakinaraztea baimenaren baldintzetan zein hasieran ezarritako lekuen kopuruan gertatzen den aldaketa oro.

c) Egunean edukitzea momentu bakoitzean indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Betetzea momentu bakoitzean indarra duten xedapenek honako alor hauetan ezarritako betebeharrak: laneko segurtasuna eta osasuna, eta laneko arriskuen prebentzioa.

e) Bermatzea baimenak irauten duen artean erantzukizun zibileko poliza bat dagoela indarrean, eta poliza horrek lagun egiteko animaliak izateagatiko erantzukizun zibila estaltzen duela.

f) Nafarroako Gobernuko Animalien Ekoizpenerako Atalaren jarraibide eta gomendioak betetzea.

g) Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betetzea eta zerbitzua ematean eskuratzen den informazioaren isilpekotasuna errespetatzea.

h) Nafarroako Gobernuko Animalien Ekoizpenerako Atalak egiten dituen ikuskatze jarduketak ematea, zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatze aldera.

i) Aipatutako erakundeari jarraitutasunez eta berehalakoan ematea Ukrainatik datozen lagun egiteko animaliekin eginiko jarduketen garapenaren kontrola egiteko behar den informazioa.

12. artikulua. Baimendutako zentroei gastuak ordaintzea.

12.1. Nafarroako Gobernuko Animalien Ekoizpenerako Atalak baimendutako instalazioei itzuliko die ostatu zerbitzuaren kostua, zeina gehienez 10 eurokoa izanen den eguneko eta animali bakoitzeko.

Ezarritako kopuruei kasuan-kasuan dagokion BEZa erantsiko zaie.

Ordainketa baimendutako pertsona fisiko edo juridikoari eginen dio Nafarroako Gobernuaren Animalien Ekoizpenerako Atalak banku transferentzia bidez, behin eginiko jarduketak alderatu eta egiaztatutakoan.

2022an egiten diren jarduketak ordainduko dira, baita 2023koak ere, baldin eta Ukrainako gatazka beliko egoerak indarrean jarraitzen badu, betiere aurrekontu kreditu nahikoa baldin badago.

12.2. Pertsona gaituek ezin izanen dute pertsona errefuxiatuengandik ezer jaso, ezta bestelako ezein entitate publiko zein pribatutatik ere, prozedura honen bidez itzultzen zaien diruari dagozkion gastuak ordaintzeko, eta ezin izanen dute beste entitate publiko zein pribatutan fakturatu zerbitzu hori emateagatik.

12.3. Animalien Ekoizpenerako Atalak baimendutako zentroek fakturatu eta aurkeztutako jarduketen datuak egiaztatuko ditu.

12.4. Eginiko jarduketen ordainketa hilero eginen da, aurreko hilabetean aurreko hilabetean bertan eginiko ostatu zerbitzuengatik aurkeztutako justifikazioen arabera.

13. artikulua. Baimena iraungitzeko zioak.

Kausa hauengatik azkenduko da baimena:

a) Baimendutako zentroak berariaz uko egitea zerbitzu hori ematen jarraitzeari.

b) Errebokazioa, eta beste edozein arrazoi, baimena iraungitzearekin lotua dagoena.

c) Ez betetzea baimena izateko bete behar diren baldintzak, ez baimenetik eratorritako betebeharrak edo ebazpen honetan ezarritako betebeharrak. Bereziki, baimenerako baldintzei eusten zaiela dioen adierazpena ez aurkeztea edo izaniko aldaketen berri ez ematea.

d) Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta aplikatzekoa den gainerako araudia ez betetzea.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Eskabide eredua jaitsi (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2210088