161. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1419/2022 EBAZPENA, uztailaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez onesten da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren IV. edizioaren deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatua.

Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra sortu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zientziaren eta teknologiaren berezko arloetan emakumeen parte-hartzea handiagoa izan eta, ondorioz, zientziako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako titulazioetan sar daitezen sustatzeko (ZTIM titulazioak).

Helburu horiek lortzeko ezarri diren jardueren artean, nabarmentzekoa da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan gradu eta master amaierako lanak egiteko laguntza.

Ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak, 2022. urterako prestatutako jardueren programazioan, diru kopuru bat ezarri zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egindako ikasketa amaierako lanik onenak saritzeko (gradukoak eta masterrekoak).

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoaren akta eta proposamena.

Ikusirik Zerbitzu Juridikoen txostena.

Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2019ko uztailaren 3an emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren IV. edizioaren deialdia (gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatua, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 2.700,00 eurokoa gehienez, sarietarako izanen da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2022ko ekitaldirako duen gastuen aurrekontuko partidaren kargura ordainduko da.

2022:

30.31.24.82.70 0380 480.25 Katedren sarietarako: 2.700,00 euro.

Hirugarrena.–Deialdiak bi sari ditu modalitate bakoitzean (gradu amaierako lana eta master amaierako lana): 900,00 euro irabazlearentzat eta 450,00 euro bigarren sailkatuarentzat.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat jotzen dira; beraz, aplikatuko zaien atxikipena % 15ekoa izanen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 78. artikuluaren arabera.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoko Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontu-hartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean argitara dadila agintzea (http://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia), bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ohol Elektronikoan ere.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2022ko uztailaren 18an.–Francisco J. Arregui San Martín, Ikerketako errektoreordea.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN EMAKUMEAREN, ZIENTZIAREN ETA TEKNOLOGIAREN KATEDRAK DEITU DUEN IKASKETA AMAIERAKO LANEI BURUZKO POSTER LEHIAKETAREN IV. EDIZIOAREN OINARRIAK

2022ko uztailaren 18ko 1419/2022 Ebazpenaren eranskina

Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra sortu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zientziaren eta teknologiaren berezko arloetan emakumeen parte-hartzea handiagoa izan eta, ondorioz, zientziako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako titulazioetan sar daitezen sustatzeko (ZTIM titulazioak).

Helburu horiek lortzeko ezarri diren jardueren artean, nabarmentzekoa da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan gradu eta master amaierako lanak egiteko laguntza.

Ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak, 2022. urterako prestatutako jardueren programazioan, diru kopuru bat ezarri zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egindako ikasketa amaierako lanik onenak saritzeko (gradukoak eta masterrekoak).

Horretan oinarrituta, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako gradu amaierako lanei (GAL) eta master amaierako lanei (MAL) buruzko poster lehiaketaren IV. edizioaren deialdia egin du.

Lehenbizikoa.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua prozedura arautzea da lau sari emateko emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketen amaierako lanei buruzko (GAL eta MAL) posterrik onenentzat, publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.

Bigarrena.–Finantzabidea.

Deialdi honek 2.700,00 euroko aurrekontua du guztira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2022ko gastuen aurrekontuko 30.31.24.82.70 0380 480.25 Katedren sarietarako izeneko partidaren kargura ordainduko dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak jarriko du diru kopuru hori.

Hirugarrena.–Sarien modalitateak.

Sarien deialdiak modalitate hauek izanen ditu:

A.–Gradu amaierako lanen modalitatea: 900 euroko lehen sari bat emanen zaio gradu amaierako lan bati buruzko posterrik onenari, eta 450 euroko bigarren sari bat modalitateko bigarren sailkatuari.

B.–Master amaierako lanen modalitatea: 900 euroko lehen sari bat emanen zaio master amaierako lan bati buruzko posterrik onenari, eta 450 euroko bigarren sari bat modalitateko bigarren sailkatuari.

Aplikatu beharreko atxikipena % 15 da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 78. artikuluak ezartzen duenez.

Laugarrena.–Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumezko ikasle guztiek izanen dute sari hauen deialdian hautagai izateko aukera, baldin eta 2021-2022 ikasturtean zientziaren eta teknologiaren arloko ikasketa amaierako lan bat (GAL edo MAL) defendatu badute.

A kategoriaren kasuan (gradu amaierako lanak), gainera, ikasketak beste unibertsitate batean egin dituzten emakumezko ikasleek ere har dezakete parte, baldin eta 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatuak badaude.

Deialdi honetan lehiatzen diren gradu amaierako lanek eta master amaierako lanek defendatuta eta gaindituta egon behar dute hautagaitzak aurkezteko azken egunean.

Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.

Sarietara aurkeztu nahi duten emakumezko izangaiek inprimaki normalizatua bete behar dute; esteka honetan dago eskuragarri: https://bit.ly/3jpCZnu. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan aurkeztu behar dute edo Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko Erregistro Orokorrean edo Tuterakoan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako batean.

Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute catedra.mujercienciaytecnologia@unavarra.es helbide elektronikora, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta gaian “Posterren IV. Lehiaketa-Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra” jarri behar dute, hautagaiaren izen-deiturekin, eta dokumentazio hau erantsirik:

–IALaren ideiarik garrantzitsuenak agertzen dituen poster zientifikoak 1.189 × 841 mm-ko tamaina izanen du gehienez (A0), eta bere diseinua horizontala nahiz bertikala izaten ahal da. PDF formatuan bidali behar da.

Posterrak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2022ko irailaren 23an bukatuko da.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Hautagaitzak gradu amaierako lanaren edo master amaierako lanaren zuzendarien baimena izan beharko du, eta haien sinadura ere eduki beharko du parte hartzeko eskabidean.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Seigarrena.–Lehiaketa.

6.1. Ikertzaileen Gau Europarrean eginen da lehiaketa, hots, 2022ko irailaren 30eko arratsaldean, Civicanen. Posterren defentsa eta sari-banaketa non eta zer ordutan izanen diren lehiaketa baino 2 egun lehenago argitaratuko da beranduenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean.

6.2. Lehiaketa gauzatzeko modua:

1.–Lehiaketaren egunean, antolatzaileek finkatutako orduan, hautagai bakoitzak bere posterraren ondoan egon beharko du, bere IALa azaltzeko eta epaimahaikideek edo ekitaldira bertaratutako edonork egin diezazkioketen galderei erantzuteko.

2.–Hautagai bakoitzak 5 minutu izanen ditu posterraren azalpena egiteko.

3.–Irabazleek, gainera, jende guztiarentzako aurkezpen ireki bat egiteko aukera izanen dute sariak banatzeko ekitaldian.

4.–Ikertzaileen Gau Europarrean eta Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Astean, erakusgai egonen dira posterrak Civicanen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegian eta emakume zientzialarien astea ospatuko den lekuan. Antolakundea arduratuko da posterrak kolorean eta paper matean inprimatzeaz, eta sortutako gastuak bere gain hartuko ditu. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak 2022ko abendura arte gordeko ditu poster guztiak.

5.–Saririk irabazten ez duten hautagaiek 2023ko urtarriletik aurrera izanen dute beren posterrak eskatzeko aukera. Saritutako posterrak, berriz, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrarentzat izanen dira.

Zazpigarrena.–Sarien epaimahaia.

Honako hiru kide hauek osatutako epaimahaiak erabakiko du sariak nori eman:

–Edurne Barrenechea Tarta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Garapen Digitaleko errektoreordea, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiburu lanetan arituko baita.

–Edurne Maceira Martínez, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako Batzordeko kide eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Miren Gurutze Pérez Artieda, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiko idazkari lanetan arituko baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, kideei dei eginen die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

Zortzigarrena.–Sariak emateko prozesua.

8.1. Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat parte-hartzaileak baloratzeko garaian:

1. IALaren kalitatea: zientziaren eta teknologiaren arloari egindako ekarpena.

2. Posterraren kalitatea: laburra eta argia izatea eta ongi aurkeztua egotea.

3. Azalpenak eta epaimahaikideen galderei emandako erantzunak, eta denbora-egokitzapena: erantzunen zehaztasuna eta lanari buruzko galdera teknikoei labur erantzuteko gaitasuna.

8.2. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, txosten arrazoituan oinarrituta.

8.3. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emanen du, aurkeztu diren ikasketa amaierako lanik onenei sariak emateko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaien izena baino ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

8.4. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera, edo hautagairik ez dagoelako.

8.5. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.6. 2022ko irailaren 30ean, Ikertzaileen Gau Europarraren esparruan posterren erakusketa eta defentsa bukatu ondoren banatuko dira sariak.

8.7. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak bere webgunean zabalduko du sarien behin betiko esleipenaren ebazpena.

Bederatzigarrena.–Sarituen betebeharrak.

Sarituek jasotzen duten diru kopurua nahi bezala erabiliko dute, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko zaie.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat hartuko dira, eta, beraz, Unibertsitateak % 15eko atxikipena eginen du.

Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, hartutako dirua itzuli beharko du interesdunak.

Hamargarrena.–Irudi eskubideak, datuak argitaratzeko eskubideak eta konfidentzialtasun betebeharrak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sare sozialetan eta hedabideetan argitaratzen ahalko ditu parte-hartzaileen datuak eta posterrak, baita lehiaketan egindako argazkiak argitara eman eta publikoki zabaldu ere.

Enpresaren edo erakunderen batekin konfidentzialtasun hitzarmen edo betebehar bat sinatua eta indarrean daukaten ikasketa amaierako lanek, bai GALek eta bai MALek, akordio horretan ezarritakoa bete beharko dute. Nolanahi ere, hautagaien ardura izanen da beren poster eta eskabideetan datu edo informazio konfidentzialik ez zabaltzea.

Hamaikagarrena.–Datuen babesa.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar nortasunari, kontaktuari, generoari, profil akademikoari, IALari eta haien balorazioari buruzko datuak tratatzea, bai eta, sarituz gero, kasuan kasuko ordainketari buruzko datuak ere. NUPek, tratamenduaren arduraduna baita, EBko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera jokatu behar du, eta datuen tratamendua genero-berdintasunak esparru akademikoan duen interes publikoaren helburuan dago funtsatua (DBEOren 6.1 artikulua). Informazio gehiago lortzeko eskubideak, bai eta sarbide, zuzenketa, ezabapen eskubideak edo datuak babesteari dagozkion beste batzuk honen aurrean erabiltzen ahalko dira: delegado.protecciondatos@unavarra.es.

Hamabigarrena.–Argitalpena.

Ebazpen honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ohol Elektronikoan argitaratuko dira.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra arduratuko da oinarriak zabaltzeaz.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean argitaratuko dira.

Bitarteko horiek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak onarturiko tresna bakarra; nolanahi ere, interesdunei posta elektronikoaren bidez eginiko jakinarazpen bat bidal liezaieke modu osagarrian eta ez ofizialean.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa jartzea, hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2210305