160. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Telelana ezartzeko erregelamenduaren behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, 2022ko apirilaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen telelana ezartzeko erregelamendua, eta erabaki zuen hogeita hamar egun baliodunez jendaurrean jartzea (2022ko maiatzaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 95. zenbakian, argitaratua), nahiz eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluarekin bat etorriz nahitaezkoa ez izan.

Epe hori igaro eta erreklamaziorik, kexarik edo oharrik egin ez denez, aipatutako erregelamendua behin betiko onartzen da, eta testu osoa argitaratzen da, dagozkion ondorioetarako.

Esteribarren, 2022ko uztailaren 19an.–Alkatea, Mikel Gastesi Zabaleta.

ERREGELAMENDUA, ESTERIBARKO UDALEAN TELELANA EZARTZEKOA

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1 artikuluan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 128.1 artikuluaren arabera, udalerriei dagozkie, lurralde-mailako administrazio publikoak diren aldetik, beren interesak kudeatzeko erregelamenduak egiteko ahalak eta autoantolaketa-ahalak.

Enpresaburuen eta langileen malgutasun- eta segurtasun-premia komunak uztartzeko asmoz, 2001. urteaz geroztik, Europako Kontseiluak, gizarte-solaskideekin batera, malgutasun-akordioak sartu zituen lanean, eta akordio horiek Bruselan 2002ko uztailaren 16an sinatutako Telelanari buruzko Europako Esparru-akordioan amaitu ziren, erakunde pribatuetan eta eremu publikoan egokituz.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak hasiera batez ez zuen jasotzen lana eta familia bateragarri egiteko eskubidea. Alabaina, 36. artikuluan, non funtzionarioen eskubideak ematen baitira aditzera, esaten da, itxiera-klausula batean, Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei aitortutako oinarrizko eskubideak izanen dituztela. Oinarrizko legeria hori Administrazio publikoko langileen Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan jasotzen da. Dekretu horren 14. artikuluan, administrazio publikoko langileen banakako eskubideen barruan, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurriak hartzeko eskubidea finkatzen da.

Gainera, irailaren 29ko 29/2020 Errege Lege Dekretuak (COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko administrazio publikoetan telelanaren eta Osasun Sistema Nazionaleko giza baliabideen arloko premiazko neurriei buruzkoa), telelanari buruzko 47.bis artikulu berri gehitzen du urriaren 30eko 5/2015 Errege Lege Dekretuaren eremuan, zeinaren bidez Administrazio publikoko langileen Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten den.

Otsailaren 7ko 6/2019 Foru Legeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan, zeinak ezartzen baitu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina, hogeita bigarren xedapen gehigarria txertatu du. Xedapen horren bidez, aitatasun-, harrera- eta adopzio-baimenak eta bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko eta erantzunkidetasunerako neurriak arautzen dira.

Aipatu hogeita bigarren xedapen gehigarriak gaitzen du Nafarroako administrazio publikoetan telelana ezartzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, baldin eta zerbitzuak ematea bateragarria bada lanaldi-modalitate horrekin, hau da, zerbitzu horiek betetzeko ez bada beharrezkoa lantokietan eta lan-lekuetan egotea. Gaikuntza hori oinarri hartuta, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eskatutako beharrizan, eraginkortasun, proportzionaltasun, segurtasun juridiko, gardentasun eta efizientzia printzipioetara egokituta, honako hau eman da:

ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Esteribarko Udaleko zerbitzuak telelan-modalitatean emateko modua arautzea.

2. artikulua. Telelanaren kontzeptua eta xedeak.

Telelana da zerbitzuak urrunetik ematean datzan modalitate ez-presentziala, zeinetan lanpostuaren gaitasun-edukia administrazioaren bulegoetatik kanpo garatu ahal den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, betiere zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute. Horrela, normalean lantoki bateko bulegoetan egiten den jarduera bat horietatik kanpo erregulartasunez egitea dakar.

Telelanak lanpostuaren eginkizunak modu egokiagoan gauzatzea du helburu, teknologiaren erabilera eta helburuen araberako kudeaketa sustatuz, bai eta familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzea ere –edo, komeni denean, norberaren beste inguruabar batzuk–, laneko gogobetetze handiagoa erdietsirik horrela.

Jarduteko modalitate honetan, eskatzen diren baldintza guztiak geldituko dira bermaturik hala laneko arriskuen prebentzioan, nola gizarte segurantzaren, pribatutasunaren, eta datu-babes eta konfidentzialtasunaren arloetan.

3. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

Hona hemen telelanaren oinarrizko printzipioak:

–Udal langileek zerbitzua egiteko era balioduntzat jotzea.

–Modalitatea borondatezkoa izatea.

–Itzulgarria izatea, alegia, langileak noiznahi itzultzeko aukera izatea era presentzialean lan egitera bere lanpostuan.

–Telelanean diharduten langileek berdintasuna izatea gainerako langileekin, legezko eta hitzarmenezko eskubide eta betebeharrei dagokienez, bermatuz haien ordainsarietan aldaketarik ez dela egonen eta ez dutela galduko aukerarik prestakuntzaren, gizarte gaien eta lanbideko igoeren aldetik, ez eta beste ezein eskubideren aldetik ere.

–Telelanean diharduten langile publikoek deskonexio digitalerako eskubidea izatea, bermatzeko errespeta daitezen –legez edo hitzarmenez ezarritako lanalditik kanpo– haien atsedenaldiak, baimenak eta oporrak, eta haien intimitate pertsonala zein familiarra.

–Telelana bateragarria izatea lanaldi-murriztapenarekin, lanaldi presentzialeko udal langileek dituzten baldintza beretan.

4. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Erregelamendu hau aplikatuko zaie Esteribarko Udalean zerbitzuak egiten dituzten langileei, haien lan-harremanaren izaera juridikoa edozein izanik ere, baldin eta betetzen duten lanpostua telelan-modalitaterako egokia bada, erregelamendu honetan xedaturikoaren arabera.

2. Telelanerako lanpostu egokitzat joko dira aukera ematen dutenak era autonomoan eta ez-presentzialean jarduteko, berez dituzten ezaugarriak eta gauzatzeko behar dituzten bitartekoak direla eta.

3. Haien ezaugarriak direla eta, honako lanpostu hauek ez dira telelanerako egokiak:

a) Herritarrei arreta eta informazio zuzena emateko lanpostuak eta erregistro-bulegoetakoak.

b) Dituzten eginkizunak direla eta, zerbitzu presentzialak ezinbestez egitekoak diren lanpostuak. Zerbitzu presentzialak dira, zerbitzua benetan egiten dela erabat bermatzeko, langilearen presentzia fisikoa behar-beharrezkoa dutenak.

4. Telelana era mailakatuan eta bilakaera baten barnean ezarriko da horretarako egokitzat jotzen diren alorretan.

5. artikulua. Beharkizunak.

1. Erregelamendu honen aplikazio-eremuan sartzen diren administrazio publikoko langileek, lanaldi ez-presentzialean jardun nahi badute, baldintza hauek bete eta frogatu beharko dituzte:

a) Jarduneko zerbitzuan egotea eta gutxienez bi urteko antzinatasuna izatea Esteribarko Udalean.

b) Telelan-modalitaterako egokitzat jotzen den lanpostu batean lan egitea.

c) Behar adinako ezaguera informatiko eta telematikoak izatea, teorikoak zein praktikoak, telelanaren xede diren eginkizunak gauzatzeko.

d) Telelanean dihardutenek konpondu beharko dituzte berei dagozkien gorabeherak beren ordenagailu eta komunikazioetan.

e) Bideokonferentziak egiten badira, kasuan kasuko aplikazio informatikorako sarbidea emanen da.

f) Telelanean diharduenaren ardura da funtzionamendu ona segurtatzea urruneko lanerako behar diren sistemetan. Hala, bada, sistema horiek ongi funtzionatzen ez badute, lan presentzialean hasi beharko du.

Gutxieneko baldintzak bete beharko dira administrazio publikoko langileak telelanaren bidez lanaldi ez-presentzialean jarduten duen aldi guztian.

2. Esteribarko Udalak, telelanaren araubidea hastea aurreikusten den datarako, oinarrizko informatika-ekipo bat eta banda zabaleko konexioa emanen ditu. Gainera, telelangileen eskura jarriko da harremanetarako komunikazio-sistema bat, jendeari telefono bidezko arreta eman ahal izan diezaioten, aurrez aurreko modalitatean lanean ari diren pertsonen modu berean, bai eta lanaldian langilea lokalizatzea beharrezkoa bada ere, zerbitzua ematean behar den komunikazioari eusteko.

3. Esteribarko Udalak lan ez-presentzialean diharduten langileen esku jarriko ditu udalarekin telematikoki konektatu ahal izateko bitartekoak, VPN bidezko sarbidea baliatuz (sare pribatu birtuala). Kasu guztietan, Segurtasunaren Eskema Nazionala betetzen dela bermatuko da.

6. artikulua. Telelanean jardutea.

1. Era ez-presentzialean lan egiteko eskabideak Esteribarko Udaleko alkateari zuzenduko zaizkio. Hari dagokio eskaera ebaztea.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hilabete izanen da gehienez, behar den eskabidea aurkezten denetik hasita. Gehieneko epea iragaten bada ebazpena jakinarazi gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

3. Baimena emateko ebazpenean, eguna ezarriko da jarduteko sistema ez-presentzial horretan hasteko.

4. Lanaldi ez-presentzialeko modalitate hori bukatzean, langilea berriz itzuliko da lehen esleiturik zuen modalitate presentzialean jardutera.

7. artikulua. Baimena emateko lehentasun irizpideak.

Lan-unitate bereko pertsona batek baino gehiagok nahi badute lanaldi ez-presentzialean jardun, eta administrazio antolaketagatik ezin bazaie guztiei lan-modalitate hori onartu, behin agorturik elkarren artean txandak egiteko aukerak edo haiek eta udala ados jartzeko aukerak, inguruabar hauek balioetsiko dira lehentasunez, behar bezala egiaztatuz gero betiere:

a) Ukitutako alor edo langileen autoantolaketa-proposamena.

b) Arrisku-taldeko langileak, pandemia egoeratan edo antzekoetan.

c) Haurdun dauden langileak.

d) Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea, honako hauek ardurapean dituztenen kasuan: etengabeko zaintza behar duten adinekoak; 14 urtetik beherako seme-alabak; desgaitasuna duten familiakideak, odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailaraino; edo gaixotasun larria duten familiakideak, odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailaraino.

e) Desgaitasuna duten langileak.

f) Genero indarkeriaren biktima diren langileak.

g) Guraso bakarreko familiak.

Apartatu honetan seme-alabak aipatzen direnean, tutoretzapean edo harreran daudenak ere barne hartzen dira, administrazio publikoko langilea nahiz haren ezkontide edo izatezko bikotekidea izanik ere tutorea edo harrena-emailea.

8. artikulua. Antolaketa eta gainbegiratzea.

Idazkaritzak zehaztuko du zer zeregin egin beharko dituzten modalitate horretako telelangileek, eta hark eginen du gauzatzen den lanaren segimendua, lortu beharreko helburu eta emaitzen arabera, gauzatzen diren zereginen kontrolerako irizpideen arabera, eta helburuak bete direla egiaztatzeko adierazle edo neurketa-mekanismoen sistemen arabera.

Telelanak malgutasun berezi bat du bereizgarri, lanaldiaren eta ohiko ordutegien aldetik. Hala ere, gutxieneko konexio-aldiak ezarriko dira lana egiteko edo, orobat, interkonexioko aldi horiek ordu-tarte jakin batzuen barnean eginaraziko dira, hain zuzen, administrazioaren eta telelangilearen arteko komunikazioa beharrezkoa den tarteetan, zerbitzuaren beharrak direla eta.

9. artikulua. Telelanaren ezaugarri orokorrak.

1. Lan ez-presentzialaren iraunaldia.

Onartzeko ebazpenean berean zehaztuko da modu ez-presentzialean egin ahalko den zerbitzu-ematearen iraupena.

Aurrekoa gorabehera, gehieneko iraupena urtebetekoa izanen da, eta automatikoki luzagarria izaten ahalko da, kontrakoa adierazi ezean, aldi berdinetan. Hori gorabehera, urtebeteko epe hori amaituta, aurreikusitako helburuak eta emaitzak lortu diren baloratuko da.

Zerbitzuaren beharrizanengatik –behar bezala justifikatu beharko dira–, gutxienez 72 ordu lehenago eskatzen ahalko da telelan-modalitatean lan egiten duten langileak lantokian egotea. Behar bezala justifikatutako salbuespenetan, eta zerbitzuak emateari eragiten zaionean, gutxienez 24 ordu lehen izanen da.

2. Asteko lanaldiaren banaketa.

Lanaldia modalitate ez-presentzialean betetzea baimentze-ebazpenean finkatuko da, baina gutxienez lau orduko konexio-aldi bat ezarri beharko da, eta hori bat etorriko da modalitate presentzialeko langileen ordutegiarekin.

Telelaneko lanaldiak iraunen du lanaldi presentzialak adina.

Astean gutxienez egun bat eta gehienez hiru egun ezartzen dira modalitate ez-presentzialean jarduteko.

Zerbitzuaren edo langilearen beharrizanei eragiten dieten gerora sortutako edota salbuespenezko inguruabarrengatik, eta horrek hala justifikatzen badu, hasieran finkatutako telelaneko asteko egunen kopurua murrizten edo gehitzen ahalko da.

10. artikulua. Aldi baterako etetea.

1. Zerbitzua telelan-modalitatean emateko baimena aldi baterako eteten ahalko da, langileari eragiten dioten edo neurria justifikatzen duten antolaketa-beharrizanei eragiten dieten inguruabarrengatik.

2. Prozedura izapidetzean, ukitutako pertsonari entzunaldia emanen zaio. Justifikatutako inguruabarrak egiaztatu ondoren, baimena eteteko ebazpen arrazoitua emanen du organo eskudunak, etete-epea adierazita.

3. Telelanaren baimena etenda dagoen aldia ez da zenbatuko baimena eman den gehienezko aldirako.

4. Etenaldia amaitzen denean, telelanean baimendutako aldia luzatutzat joko da, etenaldian iraupen bererako.

11. artikulua. Langileak modalitate presentzialera itzultzea.

Era ez-presentzialean jarduten duten udal langileek honako arrazoi hauengatik itzuli beharko dute beren lanpostu presentzialera:

a) Modalitate ez-presentzialari borondatez uko egitea.

b) Telelanerako baimenaren aldia iragatea.

c) Behar bezala justifikatutako zerbitzuaren beharrengatik.

d) Ezarritako helburuak ez betetzea.

e) Aldeko ebazpena eragin zuten baldintzen eta betekizunen aldaketa funtsezkoa.

f) Asteko lanaldia era frogagarrian ez betetzea.

g) Udalak ezarritako kontrol-sistemak ez erabiltzea.

a) eta b) kasuetan izan ezik, ukitutako pertsonari entzunaldia eman ondoren, alkatetzak telelana egiteko baimena amaitzeko ebazpen arrazoitua eman beharko du.

Uko egin edo baimendutako aldia bukatu eta biharamunean itzuli beharko du modalitate presentzialera; eta gainerako kasuetan, ebazpena jakinarazi eta biharamunean.

12. artikulua. Datuen babesa eta konfidentzialtasuna eta informazioaren segurtasuna.

Telelangileak, modalitate ez-presentzialean diharduenean, datu pertsonalak babesteari buruzko araudia bete behar du, eta erabiltzen duen informazioaren konfidentzialtasuna gorde, lan presentzialean bezalaxe. Hala, bada, behar diren neurriak hartuko ditu, eremu pertsonala eta profesionala bereizteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Udal organo eskudunak onetsiriko behar adina jarraibiderekin garatuko da erregelamendu hau.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Erregelamendu hau indarrean jarriko da eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoren eta behin iraganda Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek duten epea, erabil dezaten toki erakundeei errekerimendua egiteko duten ahalmena, beren egintza edo erabakiak indargabetzeko.

Iragarkiaren kodea: L2210084