160. ALDIZKARIA - 2022koabuztuaren11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1468/2022 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deia egiten da jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: “PID2020-117062RB-C21”.

2022ko uztailaren 22an, Ikerketa Zerbitzuak hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, ikertzaileak kontratatzeko proiektuko lankide gisa “PID2020-117062RB-C21” ikerketa-proiektuarekin lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Primitivo Caballero Murillo da, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten-proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Hautaketa-prozesurako deialdia onestea, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko “PID2020-117062RB-C21” ikerketa-proiektuarekin lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez, baita deialdiaren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2022ko uztailaren 27an.–Francisco J. Arregui San Martín, Ikerketako errektoreordea.

IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: “PID2020-117062RB-C21”

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez, ikerketa-proiektu hau garatzeko: “PID2020-117062RB-C21”.

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: intsektuen populazioak baldintza kontrolatuetan mantentzea eta laborategiko lan orokorrak egitea.

–Kontratu mota: jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da kontratazioa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23 bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (lege hori 2022ko apirilaren 5eko 8/2022 Errege Lege Dekretuak aldatu zuen).

–Iraupena: mugagabea, “PID2020-117062RB-C21” ikerketa-proiektuari lotua.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak bere eranskinean ezarritakoak, 2022. urtera egokituak; arautegi hori 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: MCIN/AEI/10.13039/501100011033.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, baldin eta zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan-kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, baldin eta parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Agrobioteknologiako Unibertsitate Masterreko titulazio akademiko ofiziala edo baliokidea.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak

Lehenik, “Hasi tramitea” botoia sakatu behar da.

“Erantsi fitxategiak” eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aur_kezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, horiek ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik eginen.

4.4. Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiliko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautapen batzordea.

Batzordeburua: Iñigo Ruiz de Escudero Fuentemilla doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Primitivo Caballero Murillo doktorea, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Batzordekidea: Delia Muñoz Labiano doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Hautapen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: Jesús María Murillo Martínez doktorea, Unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Idazkaria: Oihane Simón de Goñi doktorea, Beatriz Galindo programako ikertzaile doktore ospetsua, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Batzordekidea: Rosa María Murillo Pérez doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “GIZA BALIABIDEAK” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautapen Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautapen Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Ikertzaileak hautatzeko baremoa

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: ESPEDIENTE AKADEMIKOA.

PUNTUAK

10

Izangaien espediente akademikoa haren batez besteko notaren arabera baloratuko da, 10 punturekin gehienez ere.

2. APARTATUA: ESPERIENTZIA.

PUNTUAK

30

Kontratuaren xedearekin zerikusia duten lan kontratuak 30 punturekin baloratuko dira. 2 puntu emanen dira lan egindako urte bakoitzeko.

Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie.

3. APARTATUA: ELKARRIZKETA PERTSONALA.

PUNTUAK

10

Aurreko bi apartatuen baturan puntuazio handiena lortu duten 3 izangaiei eginen zaie elkarrizketa, ez beste inori. Elkarrizketan, izangaiak kontratuaren xedea den gaiari buruz aldez aurretik dituen ezagutzak eta esperientziak baloratuko dira.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 20 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. APARTATUAN puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 1. APARTATUAN puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2210519