16. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1328E/2021 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez “Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Jasangarrirako Jardunbide Egokien XII. Jose Ignacio Sanz Arbizu Saria, 2021-2022 aldirako” emateko deialdia egiten baita eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira (ebazpen honen eranskinean daudenak).

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak tokiko esparruan garapen jasangarria bultzatzeko jarduerak gauzatzen ditu, horien artean, Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokiak. Horri begira, Nafarroan arlo horretan izandako esperientzia bikainak aprobetxatzeko eta egindako ahaleginak garapen jasangarri handiago baten alde bideratzearren, esperientzien trukea bultzatzeko helburuen artean honako hau aurreikusi da: Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien “José Ignacio Sanz Arbizu” Sarirako deialdia egitea eta diplomen banaketa eguna ospatzea 2022ko azaroan.

Jardunbide egokien sariak, baliagarriak direla aitortzen da; izan ere, kalitatea etengabe handitzeko estrategiaren barnean dago jardunbide hoberenak saritzea eta hautatuak argitaratzea, jardueren akreditazioa, eraginkortasuna, lehiakortasuna eta aberastasuna sortzeko bidean, ohiko zehapen metodoak baino ondorio hobeak baititu.

Horrelako jarduerak pizgarri dira herritarrentzat, gizarte-eragileentzat eta agintarientzat, eta xede dute Nafarroako gizarteak Tokian tokiko garapen jasangarriaren arloan lortutakoaz duen kontzientzia indartu eta hobetzea, estatuko eta nazioarteko hiri- eta tokian tokiko agendetan, hala nola Europako Hirien Garapen Jasangarriaren aldeko Aalborgeko Gutunean eta Konpromisoetan, Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Erakundearen Konferentzian (Habitat II eta Habitat III), eta Europar Batasunaren Integrazioko Ingurumen Printzipioetan ezarritako irizpideen arabera. Halaber, sari honek sustatzen du Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendan ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuak ezagutu eta gauzatzea ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien XII. “José Ignacio Sanz Arbizu” Sarirako deialdia egitea 2021-2022 aldirako, eta haren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean daudenak, onestea.

2. 2022. urterako 3.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den 2021eko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidearen kontura: “Jasangarritasuneko eta ingurumen hezkuntzako sariak” izeneko 740001 74100 2268 456200 partida, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik bada.

3. Deialdi hau eta bere oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta ohiko komunikabideetan argitaratzea.

4. Ebazpen hau epaimahaiko kideei eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Ekonomia Aferetarako Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien XII. “José Ignacio Sanz Arbizu” Sariaren oinarriak 2021-2022 aldirako

Lehena.–Xedea.

Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien XII. Sariaren xedea da Nafarroako gizarteak Tokian tokiko garapen jasangarriaren arloan 2021-2022 aldian bizi-baldintzen hobekuntzan lortutakoaz duen ezagutza indartu eta sustatzea, betiere estatuko eta nazioarteko hiri- eta tokian tokiko agendetan, hala nola Europako Hirien Garapen Jasangarriaren aldeko Aalborgeko Gutunean eta Konpromisoetan, Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Erakundearen Konferentzian (Habitat II eta Habitat III), eta Europar Batasunaren Integrazioko Ingurumen Printzipioetan ezarritako irizpideen arabera. Era berean, sari honek sustatzen du Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendan ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuak ezagutu eta gauzatzea, garapen jasangarriaren ikuspegitik betiere.

Bigarrena.–Saria eta aldizkakotasuna.

Sarirako deialdia bi urtetik behin egiten da, eta honako hauek dira sariak:

1. Hiru jardunbide hoberenetako bakoitzerako: 1.000 (mila) euro, diploma bat eta garaikur bat.

2. Aipamen berezietako bakoitzerako, halakorik izanez gero: diploma bat eta garaikur bat ematea.

3. Jardunbide Egokitzat jo diren jardunbideak “Nafarroako Foru Komunitateko 2021-2022ko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien Hamabigarren Katalogoa”n agertuko dira.

4. Katalogoa Nafarroan, Espainian eta nazioartean zabaltzea.

Hirugarrena–Hautagaiak.

Nafarroan 2021. eta 2022. urteetan garapen jasangarrirako tokian tokiko jardunbide egokiak egin dituzten erakunde eta pertsonei irekita dago saria, hala nola:

1. Toki-erakundeak.

2. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak: kooperatibak, korporazioak, fundazioak, federazioak eta elkarteak.

3. Unibertsitateak eta zientzia eta ikerketa arloko erakundeak.

4. Autonomoak eta mikroenpresak.

Laugarrena.–Hautagaiak aurkezteko tokia eta epea.

1. Hautagaiak datu-bilketa fitxari jarraikiz egin eta formatu digitalean igorri beharko dira.

Aukeran, material hauek sar daitezke osagarri modura:

a) Egunkari, aldizkari edo bestelako argitalpenetan publikatutako artikuluak.

b) Euskarri digital estandarreko bideoak, gehienez ere 10 minutukoak.

c) Argazkiak edo bestelako material grafikoa.

d) Liburuxkak edo publizitaterako materiala.

2. Hautagaiak aurkezteko epea 2022ko ekainaren 30ean amaituko da.

3. Hautagaiak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira edo, bestela, Eskubide Sozialetako Departamentuko erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña) honako honetara zuzenduta: Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atala. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkez daitezke.

4. Behin hautagaiak jasota eta horiek onartzeko epea itxita, antolatzaileek lehen hautaketa bat egiten ahalko dute Jardunbide Egokien oinarrizko irizpideak betetzen dituztela ziurtatze aldera, eta aurkeztutako dokumentazioa epaimahaiari igorriko diote, hark erabaki dezan saria nori eman.

Bosgarrena.–Epaimahaia eta hautagaien balorazioa.

1. Epaimahaia honako kide hauek, edo kasua bada, eskuordez arituko direnek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Pedro Zuazo Onagoitia, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Susana Cuesta Márquez, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Carolina Sánchez-Pedreño Manglano, Garraioaren, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Ministerioko Hiri Agenda eta Arkitekturako Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuburua.

–Epaimahaikidea: Juan Jesús Echaide, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkaria.

–Epaimahaikidea: Andoni Iso Tinoco, Soziologia eta Gizarte Laneko Departamentuko irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta I-Communitas ikerkuntza-institutuan.

–Epaimahaikidea: Inazio Irigoien Iriarte, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Departamentuko irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

–Epaimahaikidea: Juan José Pons Izquierdo, Nafarroako Unibertsitateko Geografia Saileko kidea.

–Idazkaria: Mikel Xabier Ortigosa Lekunberri, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua.

2. Epaimahaiaren funtzionamendua bat etorriko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean jasotako arauekin. Foru araudian xedatzen ez den orotan, berriz, aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

3. Epaimahaiak komenigarritzat jotzen badu, argibide osagarriak eskatuko ditu eta katalogoan argitaratzeko merezimenduak dituzten ekimenak hautatuko ditu.

4. Hautatzen diren hautagaietatik, gehienez ere hiru jardunbide hoberenak nabarmenduko dira sarirako. Gainera, kalitatearen arabera, Aipamen Berezi edo Gomendio batzuk aintzat hartzen ahalko dira.

Seigarrena.–Jardunbide egokiak saritzeko irizpideak.

1. Honako hauek dira Jardunbide egokiak saritzeko irizpideak:

1.–Eragina.

Amaitutako edo martxan jarritako ekimenak izanen dira, emaitza frogagarriak eskaintzen dituztenak, eta haien eragina baloratuko da. Jardunbide egokiek eragin onuragarria izan behar dute jendearen bizimoduan, haiek suma dezaketena.

a) Etxebizitza jasangarria eta garapen komunitarioa:

1.–Edateko uraren hornidura eta saneamendua.

2.–Eskuratzeko moduko etxebizitza, zerbitzuak eta azpiegitura komunitarioak.

3.–Lurra eskuratzea, edukitzea eta finantzatzea.

4.–Planifikazio eta parte-hartze komunitarioa erabakiak hartzean eta baliabideak esleitzean.

5.–Hiriguneen, auzoen eta kokalekuen barnealdea berritu eta zaharberritzea.

6.–Teknologia eta eraikuntzako material seguru eta osasungarriak.

b) Hiriaren eta eskualdearen garapen jasangarria:

1.–Enplegua sortzea eta pobrezia desagerraraztea.

2.–Kutsadura murriztea eta ingurumenaren osasuna hobetzea.

3.–Garraio publikorako eta komunikazioetarako sarbide hobea.

4.–Zaborraren bilketa, birziklapen eta berrerabilpen hobea.

5.–Hiria lorategiz hornitzea eta eremu publikoaren erabilera eraginkorra.

6.–Ekoizpenaren eta kontsumoaren ziklo hobeak, berriztagarriak ez diren baliabideak ordeztea eta murriztea barne.

7.–Natur baliabideak eta ingurumena babestea eta zaintzea.

8.–Energia eraginkorrago erabiltzea eta sortzea.

9.–Toki historiko eta kultural garrantzitsuenak zaintzea.

10.–Hiri garapenerako estrategia integratu eta orokorrak zehaztea eta praktikan jartzea.

c) Kokalekuen kudeaketa jasangarria, eraginkorra, arduratsua eta gardena:

1.–Kudeaketa, administrazio eta informazio sistema eraginkorragoak eta efikazagoak.

2.–Genero berdintasuna eta ekitatea erabakiak hartzean, baliabideak banatzean eta programak diseinatu eta praktikan jartzean.

3.–Delituak murriztu eta prebenitzea.

4.–Hondamendien kontrako prestakuntza hobea, haiek arintzea eta berreraikuntza.

5.–Gizarteratzea eta bazterketa apaltzea.

6.–Ekintza eta aldaketak ekarriko dituen lidergoa, baita politika publikoan ere.

7.–Erantzukizuna eta gardentasuna sustatzea.

8.–Berdintasuna eta ekitate soziala sustatzea.

9.–Agentzien arteko koordinazioa hobetzea.

2.–Asoziazionismoa.

Asoziazionismo maila hartuko da kontuan. Honako eragile hauetako bik gutxienez eraturiko elkarteetan oinarritu behar dira jardunbide egokiak:

a) Toki-erakundeak.

b) Irabazi-asmorik gabeko erakundeak: kooperatibak, korporazioak, fundazioak, federazioak eta elkarteak.

c) Unibertsitateak eta zientzia eta ikerketa arloko erakundeak.

d) Autonomoak eta mikroenpresak.

e) Bestelako elkarteak.

3.–Jasangarritasuna.

Jardunbide egokiek beren ondorio integratua eta suma daitekeena behar dute frogatu. Balio gehiago dute diru aldetik bideragarriak izanik, inor baztertu gabe eta ingurumena errespetatuz, honako arlo hauetako batean, bederen, aldaketa iraunkorrak sortzen dituzten jardunbideek:

a) Lege eta erregelamendu esparruak, arau subsidiarioak edo estandarrak, beren xedeko gai eta arazoen ezagutza formala ematen dutenak.

b) Politika sozialak eta/edo sektoreko estrategiak, eskualde edo herri mailakoak eta errepikatzeko aukera ematen dutenak.

c) Instituzioen esparrua eta erabakiak hartzeko prozesuak, maila eta partaide bakoitzari bere zeregina eta erantzukizuna ematen dietenak, hala nola gobernuko erakunde zentralei eta tokikoei eta oinarrizko komunitate erakundeei.

d) Kudeaketa sistema eraginkor, garden eta arduratsuak, baliabide teknikoak, finantzarioak, naturarenak zein giza baliabideak eraginkorrago bihurtzen dituztenak.

Zeharka, proiektuak baloratuko dira segun eta zenbateraino betetzen dituzten Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburuak, baita tokian tokiko beste zehaztapen batzuk, hala nola Hiri-agenda Berria.

4.–Lidergoa eta komunitatearen indartzea.

a) Ekintza eta aldaketak ekarriko dituen lidergoa, baita politika publikoan ere.

b) Jendea, bizilagunak eta komunitateak indartzea eta haien ekarpenak aintzat hartzea.

c) Dibertsifikazio soziala eta kulturala onartu eta bereganatzea.

d) Transferentziarako, egokitzeko eta errepikatzeko aukerak.

e) Tokian tokiko baldintzei eta garapen mailei egokitutako neurriak.

5.–Genero berdintasuna eta gizarteratzea.

Aniztasun soziala eta kulturala onartu eta haiei erantzuten dieten ekimenak, berdintasuna eta zuzentasun soziala sustatzen dituztenak, diru-sarrerak, sexua, adina, egoera mentala eta fisikoa kontuan hartuta, eta trebetasun desberdinak aitortzen eta baloratzen dituztenak.

6.–Berrikuntza tokian tokiko testuinguruan eta transferigarritasuna.

Berritzaile izateagatik besteentzat eredu diren jardunbideek balio handiagoa izanen dute, beste esperientzia batzuek imitatu eta egokitu baititzakete.

Sektore horretako ohiko jardunbideekiko diferentziala izan behar dute edo nabarmendu behar dute.

Jardunbideak borondatez eginak izan behar dute. Ezin dira izan indarreko legeriak eskatutako jarduerak soilik; hartutako konpromisoaren ondorio izan behar dute, legeak ezarritakotik harago.

7.–Transferentziak.

a) Eragin nabaria, hauetako baten edo gehiagoren transferentziaren ondoriozkoa: ideiak, abileziak, prozesuak, ezagutzak, trebetasunak eta/edo teknologia.

b) Aldaketak politiketan edo praktiketan.

c) Transferentziaren jasangarritasuna, denboran iraunen duen etengabeko ikaskuntza eta aldaketa prozesu baten zati gisa.

2. Jardunbide bat saritzeko nahitaezko baldintza izanen da irizpide guztiak aldi berean betetzea: 1. Eragina, 2. Asoziazionismoa eta 3. Jasangarritasuna; gainerako irizpideak gehigarriak izanen dira:

Zazpigarrena.–Sariaren erabakia.

Epaimahaiaren erabakia jendaurrean jakinaraziko da, edo, kasua bada, saria eman gabe gelditu dela, eta horren berri emanen zaie saria irabazi duen pertsona edo erakundeari eta gainerako hautagaiei.

Zortzigarrena.–Saria ematea.

Saria Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak “Nafarroako Foru Komunitateko 2019-2020ko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien Hamaikagarren Katalogoa” aurkezteko eginen den ekitaldi publikoan emanen da.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskargatu datu-bilketarako fitxa (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2118035