158. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

GORA JOTZEKO ERREKURTSOA, hautapen proben bidez administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko deialdiko test motako ariketaren behin betiko emaitzen aurka.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 2776/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 248. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa), deialdi bat onetsi zen administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko: bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horrez gain, lanpostu horretan trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onetsi zen. Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen ahal diren beharrak betetzeko asmoz. Hautapen prozesu horren barrenean, Blanca Esther Agorreta Lafuente andreak gora jotzeko errekurtsoa jarri du deialdi horietako kalifikazio epaimahaiak 2022ko maiatzaren 27an hartutako erabakiaren aurka, zeinaren bidez test motako ariketaren behin betiko emaitzak onetsi baitziren.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 118. eta 45. artikuluekin bat etorriz, horren berri ematen zaie interesdun guztiei, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean alegazioak egin ditzaten, Erregistro Orokorrean aurkeztuz (Nafarroako Jauregia, Karlos III.aren etorbidea 2, Iruña), edo aipatutako legearen 16. artikuluan adierazitako bideetako bat erabiliz.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduaren 8. apartatuan ezarritakoa aplikatuz, jarritako errekurtsoaren kopia lortu nahi duten interesdunek hura bidaltzeko eska dezakete Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa); horretarako, eskaeran adierazi beharko dute zer helbide elektronikotara nahi duten bidaltzea kopia hori.

Iruñean, 2022ko uztailaren 27an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F2210461