158. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

186/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez epe bat ezartzen baita hautagaitzak adingabeen arloan aurkezteko Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzorderako, eta egun posible bat finkatzen baita kideak izendatzeko proposamena bozkatzeko.

Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barnean, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea. Foru dekretu horren 44.3 artikuluan ezartzen da ezen Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordean zortzi aditu izanen direla gutxienez (pertsonarengan zentratutako arretan oinarritutako ikuspegia, ekintzak eta ereduak dituzten zentro edo zerbitzuen kudeatzaile diren pertsonek edo erakundeek aukeratuak), eta gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren bi ordezkari ere arituko direla, batzordeko lehendakari eta idazkari lanetan.

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2002 Foru Legearen 45.4 artikuluak aurreikusten du adingabeen arloko adituak sartzea Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordean.

Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren 44.3 artikulu aipatuak aurreikusten du, orobat, batzordekideak izendatzeko prozedura hasiko dela gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluarentzat ezarritako bide bera edo antzekoa erabiliz. Ahaleginak eginen dira, betiere, oreka egon dadin emakumeen eta gizonen artean eta foru dekretu honen xedeko arloen artean, deusetan galarazi gabe arlo horietako batzuetarako azpibatzordeak eratzea.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 2ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez, epe bat ezarri zen hautagaitzak aurkezteko eta egun posible bat finkatu zen foru dekretu horretan aurreikusitako zenbait erakunde ordezkatuz Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kideak izendatzeko proposamena bozkatzeko; adingabeen arloko bi pertsona izendatu behar dira, gizarte zerbitzuen beste lau sektoreetako zortzi adituei gehitzeko, aipatutako foru aginduan ezarritako irizpide berdintsuekin, 5 arloak ordezkatuta egon daitezen.

Horrenbestez, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea hautagaitzak aurkezteko epea, bozketa egun posible bat eta Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordean adingabeen arloko kideak izendatzeko arauak, foru agindu honen eranskinari jarraikiz.

2. Foru agindu hau Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 19an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA

1. Bat etorriz maiatzaren 11ko 12/2002 Foru Legearen 45.4 artikuluarekin eta abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren 44.3 artikuluarekin, adingabeen arloko bi aditu izendatuko dira. Izendapen hori lau urterako izanen da, eta epe hori igarota, izendapen berriak eginen dira.

2. Eskubide Sozialetako kontseilariak izendatuko ditu ordezkariak, bat etorriz adingabeen arloarekin zuzenean lotutako xedea izanik Gizarte Zerbitzuen Sistema osatzen duten erakundeen proposamenarekin, baldin eta behar adina proposamen badaude.

3. Aipatutako erakundeek dagozkien hautagaitzak aurkez ditzaten, epe bat ezartzen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik 2022ko irailaren 8ra bitartekoa.

Hautagaitzak idatziz aurkeztu beharko dira, eskabidea Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira zuzenduta, eta, ahal dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan administrazio publikoei zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Idazkian, berariaz aipatuko dira Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordeko kide izateko hautagai(ar)en izen-deiturak, baita, kasua bada, ordezko(ar)en izen-deiturak ere, eta zein erakunderen ordezkari den adieraziko da.

Bi pertsona proposatzen direnean, ahal den guztietan, bat emakumea izanen da, eta bestea gizona.

4. Ezarritako epea iraganik soilik 2 hautagaitza aurkezten badira, Eskubide Sozialetako kontseilariak horiek izendatuko ditu adingabeen arloko kide Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzorderako.

Aipatu epea iraganik hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada, kontseilariak libreki izendatuko ditu adituak, biko talde bat osatu arte, izendatuek onartu ondoren.

Bi erakundek proposatzen badituzte hautagaitzak, aditu bat izendatuko da erakunde bakoitzeko, bat etorriz erakunde horiekin eta, ahal dela, emakumeen eta gizonen arteko oreka mantenduz.

Bi hautagaitza baino gehiago aurkezten diren gainerako kasuetan, bozketa eginen da aurkeztatutako hautagaien artean aukeratzeko, jarraikiz eranskin honen 6. apartatuan ezarritako prozedurari.

5. Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, behar diren hautagaitzak aurkeztu ez direlako edo soilik 2 aurkeztu direlako, departamentuaren webgunean emanen da horren berri. Bozketa egitea beharrezkoa bada, aipatu webgunean iragarriko da zein hautagai aurkeztu diren, eta zein erakundek proposatu dituen.

6. Bozketa, beharrezko izatekotan, 2022ko irailaren 15ean eginen da, ostegunarekin, 8:30etik 14:30era, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña), Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bulegoetan.

Bozketan aurkeztutako hautagaitzak identifikatuko dira, baita zein erakundek proposatu dituen ere.

Bozketaren ondorioetarako, eranskin honen 2. apartatuan adierazitako erakundeetako bakoitzak boto bat izanen du. Erakundearen ordezkaritza duen pertsonak edo erakundeak berak bozketarako izendatu duenak gauzatuko du eskubide hori.

Bozketan hautesle bakoitzak Nortasun Agiri Nazionala erakutsi beharko du, baita erakundea ordezkatzea ahalbidetzen dion titulua ere.

Boto gehien lortzen duena izanen da hautatua. Berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da.

Bozketarik egin gabe amaitzen bada deialdia, Eskubide Sozialetako kontseilariak askatasunez izendatuko ditu ordezkariak, biko talde bat osatu arte, haiek onartu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2210086