158. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko uztailaren 27an hartua, zeinaren bidez ezartzen baitira martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legean aurreikusitako Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kideek jasoko dituzten konpentsazioak, Administrazio Publikoko kide ez diren kasuetarako.

Martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legeak, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoak, uztailaren 1eko 22/2022 Foru Legearen bidez aldatu zenak, 16. artikuluko 5. apartatuan xedatzen du ezen Administrazio Publikoko kide izan gabe Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kide diren pertsonek eskubidea izanen dutela, beren eginkizunetan aritzeagatiko ordain gisa, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez ezartzen diren dietak eta lokomozio- edo bidaiatze-gastuengatiko sariak jasotzeko. Era berean, xedatzen du ez dela dieta bat baino gehiago sortuko eguneko.

Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari atxikita dago, hori baita bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko eskumenak bere gain dituena (aipatutako foru legearen 13.2 artikulua).

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak proposatu du funtzionario publiko ez diren batzordekideei kalte-ordain bat ematea zerbitzua dela-eta eragindako gastuengatik, hala nola dietengatik eta joan-etorriengatik, kontzeptu horiek ordaintzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario publikoentzat ezarritako zenbatekoen arabera. Proposamen horren oinarria da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko kide anitzeko kontsulta organo gehienek halaxe ezarrita dutela, eta, gainera, kide anitzeko organo mistoa denez eta administrazio publikotik kanpoko balizko parte-hartzaileen borondatezko onarpena duenez, bidezkoa dela kide guztiei aplikatu beharreko araubideak parekatzea, desberdintasunak saihesteko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legeak sortutako Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kideek, Administrazio publikoko kide ez badira, eskubidea izanen dute zerbitzua dela-eta eragindako gastuen kalte-ordainak jasotzeko, zehazki, joan-etorriei, ostatuari –halakorik bada– eta mantenuari dagozkionak, betiere Nafarroako Gobernuaren 2012ko azaroaren 28ko Erabakian Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuentzat ezarritako printzipio, irizpide eta zenbatekoei jarraikiz. Halakoetan, behar bezala justifikatutako gastuak itzuliko dira.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki hau Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2210399