157. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAPOBLACIÓN

Ordenantza, arautzen dituena eguzki-energia biltzeko instalazioak. Behin betiko onespena

Lapoblación-Meanoko Udalak, 2022ko urtarrilaren 14an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena eguzki-energia biltzeko instalazioak Lapoblación-Meanoko udal-mugartean. Hasierako onespena argitaratu zen 2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 24an.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Lapoblación-Meanon, 2022ko uztailaren 14an.–Alkatea, Ernesto Apiñániz Remírez.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK LAPOBLACIÓN-MEANOKO UDAL-MUGARTEAN

Atarikoa

CO2 emisioak murrizteko helburua hartu du Europak, eta hori lortzeko oinarrietako bat da energia berriztagarriak ekoiztea eta erabiltzea. Xede horretara bideratutako ekintzen artean dago, bereziki, norberaren kontsumorako energia sortzeko eguzki-instalazioak bultzatzea eraikinetan.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: batetik, lurraldean modu antolatuan ezartzea eta, bestetik, natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzea.

Lapoblación-Meanoko Udalak eguzki-energia biltzeko instalazioak arautu nahi ditu bere udal-mugartean; horretarako, baldintza batzuk ezarriko ditu, bultzatzeko autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak, eta instalaziook egokiak izateko ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik.

Ordenantza idatzi da behar den koherentzia gordez udal planeamenduarekiko, eta jarraikiz lurzoruaren erabilerek eta eraikuntzek ingurura egokitzeko duten betebeharrarekin.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea eguzki-energia jasoko duten instalazioak jartzeko Lapoblación-Meanoko udal-mugartean, zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Lapoblación-Meanoko udal-mugarte guztia da.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-plakak edo -panelak dira eguzkiaren erradiazioen energia biltzen duten gailuak, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dutenak:

–Eguzki-instalazio termikoek zuzenean baliatzen dute eguzkitik jasotzen dugun energia, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoak baliatzen dituzte argindarra sortzeko, eguzki-erradiaziotik abiatuta.

Ordenantza honek, era berean, arautzen ditu panel fotovoltaiko nahiz termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena, ezarririk dagoena Lapoblación-Meanoko Udal Plan Orokorrean.

II. KAPITULUA

Bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Eguzki instalazioak baimenduko dira, neurri batean edo osorik, eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak araututakoaren arabera (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo “velux” motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Ezin izanen dute okupatu estalkiaren azaleraren %80 baino gehiago, eta gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada-planotik, mehelinetatik eta bizkar-lima eta limatxokonetatik.

Argi-zuloetatik gutxienez 0,50 m bereizi beharko dira.

–Argi-zuloen edo “velux” motako leihoen eta eguzki-panelen azalerak, baturik, ezin izanen dute hartu estalki inklinatuaren azaleraren %80 baino gehiago.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan: biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

2. Estalki lauetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.

4. Udal Plan Orokorrean hiri-lurzoru finkatugabe eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutakoetan, salbuespenez proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, betiere ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

5. Eguzki-panelak paratzeko Lapoblación-Meanoko Udal Plan Orokorreko Eraikin Babestuen Katalogoan sartutako eraikinetan, panelak paratzeko eskaerak bidaliko zaizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikinerako obra-lizentzia ematen denean.

–Panelak lurzoruan bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

III. KAPITULUA

Industria-erabilerako hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko instalazioak

7. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo “velux” motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Gutxienez 1 m bereiziko dira teilatu-hegalaren ertzetik, mehelinetatik eta bizkar-lima eta limatxokonetatik.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan: biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan, estalkiaren karelek estali beharko dituzte panelak, eta horien gehieneko garaieraren azpitik gelditu beharko dute. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak egiteko eskatzen ahalko du.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

8. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

Eguzki-panelak jar daitezke industriarako lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikinerako obra-lizentzia ematen denean.

–Panelak lurzoruan bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

IV. KAPITULUA

Instalazioak lurzoru urbanizaezinean

9. artikulua. Aurretiazko baimenak.

1. Instalazioak ezartzea eguzki-energia aprobetxatzeko, lurzoru urbanizaezinean, eraikinen estalkietan ez beste batzuetan, bai eta instalazio horien sarbideak eta linea elektrikoak ere: berariaz arautua dago 64/2006 Foru Aginduan, zeina eman baitzuen Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak.

Ingurumen-eraginei buruzko txostena egin beharko da, jarraikiz 17/2020 Foru Legeari (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea), salbu oinarrizko araudia aplikatuz ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar bada.

2. Eraikin berriei lotutako instalazioen kasuan, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean.

3. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.

10. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak jarri ahal izanen dira eraikinen estalki inklinatuetan. Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo “velux” motako estalkiko leihoen antzera.

Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurialdearen perimetrotik.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan, estalkiaren karelek estali beharko dituzte panelak, eta horien gehieneko garaieraren azpitik gelditu beharko dute. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak egiteko eskatzen ahalko du.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

4. Lapoblación-Meanoko Udal Plan Orokorreko Eraikin Babestuen Katalogoan sartutako eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak bidaliko zaizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

V. KAPITULUA

Izapidetzea

11. artikulua. Lizentzia eskatzea. Erantzukizunpeko adierazpena.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

Betiere,udalaren obra-lizentzia beharko dute instalazioek baldin eta aurretik behar badituzte beste administrazio publiko batzuen hirigintza-baimenak edo bestelakoak, aplikatu beharreko legediari jarraituz.

Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.

Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, indarrean den Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeak hala xedatutako obrak egiteko.

Gainerako kasuetan, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

Iragarkiaren kodea: L2210005