153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

147/2022 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, laguntzen deialdi bat aurkezten duena, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasle, irakasle eta langileek atzerrian prestakuntza egonaldiak egiteko. Prestakuntza egonaldi horiek 2023-2024 ikasturtean eginen dira Erasmus+ programaren esparruaren barnean. DDBN identifikazioa: 635457.

Hezkuntza Departamentuak bi proiektu aurkeztu ditu SEPIEren deialdi nazionalean, Lanbide Heziketari lotutako ikasle, irakasle eta langileentzako prestakuntza egonaldiak errazteko.

Proiektuak bi Erasmus+ partzuergoren egituraren barruan aurkeztu dira, Hezkuntza Departamentuak gidatuak; haien partaide dira Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak (ikasleak, irakasleak eta langileak bidaltzen dituzten erakunde gisa eta proiektuen kudeaketa prozesu osoaren bitartekari gisa).

2023-24 ikasturterako eskatzen ahal diren plazak honako hauek dira:

–Erdi mailarako:

  • Ikasleentzako 70 egonaldi, 3 hilabetekoak.
  • Ikasleentzako 60 egonaldi, 2 astekoak.
  • Lanbide Heziketako irakasle eta langileentzako 45 egonaldi, aste 1 eta 6 aste bitartekoak.

–Goi mailarako:

  • Ikasleentzako 75 egonaldi, 3 hilabetekoak.
  • Ikasleentzako 20 egonaldi, 2 astekoak.
  • Lanbide Heziketako irakasle eta langileentzako 5 egonaldi, astebetekoak.

SEPIEk ebaluazio prozesua eginen du proiektuak onesteko eta horietako bakoitzari dagokion laguntza kopurua esleitzeko; laguntzen kopuru zehatza prozesu horren araberakoa izanen da.

Laguntzak erabiliko dira Europako enpresetan egiten diren prestakuntza egonaldien zati bat finantzatzeko.

SEPIEk proposamenak hautatzeko eginen duen prozesuaren emaitzak jakin ondoren, laguntza eskatu duten Lanbide Heziketari lotutako ikasle, irakasle eta langileei esleituko zaizkie plazak, horretarako eginen den lehenespen prozesuari jarraikiz, LHko ikastetxeen lankidetzarekin eta apirilaren 3ko 31/2012 Foru Aginduan ezarritako irizpideekin bat. Esleipen hori eginen da ebazpen honi erantsi zaizkion deialdiaren oinarrietako I. eta II. eranskinetako xehetasunei jarraikiz.

Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko zuzendariaren txostena ikusirik, non adierazten baita argitaratu beharra dagoela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileek, Erasmus+ programaren esparruan, Europako enpresetan praktikak egiteko deialdia.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasle, irakasle eta langileek atzerrian prestakuntza egonaldiak egiteko. Prestakuntza egonaldi horiek 2023-2024 ikasturtean eginen dira Erasmus+ programaren esparruaren barruan.

2. 2023-24 ikasturteko Erasmus+ programaren Europako enpresetako egonaldien deialdia Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdi honen eranskinetan ezartzen diren zehaztapenekin bat.

3. Ebazpen hau igortzea Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Berrikuntza eta Nazioartekotzerako Atalera, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegora, Hezkuntza Departamentuan dagoen Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Argibide eta Agiri Bulegora.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko ekainaren 23an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

I. ERANSKINA

2023-2024 DEIALDIA
LAGUNTZEN DEIALDIA, NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN MENPEKO IKASTETXE PUBLIKOETAKO LANBIDE HEZIKETAKO ETA ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO IRAKASKUNTZETAKO IKASLEEK ATZERRIKO PRESTAKUNTZA EGONALDIAK EGITEKO 2023-2024 IKASTURTEAN, ERASMUS+ PROGRAMAREN ESPARRUAN

Oinarriak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2023-2024 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketa egiten ari diren ikasleek Europar Batasuneko enpresetan prestakuntza jaso dezaten bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, ikasle horiei dirulaguntzak emateko Europan prestakuntza egonaldiak egin ditzaten.

1.–Proiektu bat erdi mailako VET Kalitate Gutuna duten Partzuergo Akreditatuko ikasleei zuzenduko zaie.

2.–Bigarren proiektu bat goi mailako ikasleentzat da.

Proiektu hauek nahitaezko Lantokiko Prestakuntza egiteko aukera eman dezakete, edo prestakuntza osagarria egiteko, Europako enpresetan. Europako enpresetako prestakuntza osagarria egiten da Lanbide Heziketako ikasketak eta hari dagozkion derrigorrezko praktikak bukatu ondoren. Bi kasuotan, ikasle interesdunek praktikak zer ikasturtetan egin nahi dituzten, horren aurrekoan aurkeztu beharko dute eskaera.

SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektuak onesten baditu, plazak esleituko dira hautatzen den destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Hirugarrena.–Eskaerak.

Egonaldi hauek bi modutan artikulatzen ahalko dira:

A modalitatea.–Erdi mailako eta goi mailako ikasleentzat: hamahiru edo hamalau asteko egonaldiak, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak kudeatuko dituenak.

B modalitatea.–Erdi mailako, oinarrizko LHko eta LH bereziko ikasleentzat. Baita goi mailako ikasleentzat ere, blended mobility bat egiaztatzen badute. Bi edo hiru asteko egonaldiak izanen dira, aldez aurretik Lanbide Heziketako ikastetxe batek proposaturik; bidezkoa bada, tutore batek lagundurik joanen dira ikasleak.

C modalitatea.–Goi mailako ikasleentzat bakar-bakarrik. Iraupen luzeko egonaldiak egiteko aukera aurreikusten da (6 eta 9 hilabeteen artekoak) graduatu ondoko gisa. Parte hartzaileak LP (Lantokiko Prestakuntza) eginen luke Nafarroako enpresa batean, eta gero 6 eta 9 hilabete arteko praktikak eginen lituzke enpresa horrek atzerrian duen eskumendeko enpresa batean.

A eta C modalitateetan interesaturik dauden ikasleek honako helbide honetan agertzen den inprimaki elektronikoa erabiltzen ahal dute eskaera egiteko:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/solicitud-erasmus-plus

Bigarren motako egonaldien kasuan (B modalitatea), Lanbide Heziketako ikastetxeak parte-hartzaileen zerrenda bat prestatuko du, eta haietako bakoitzari eskatuko dio Hezkuntza Departamentuak emanen duen eskabide-orria bete dezala.

Deialdiaren epea 2022ko azaroaren 7tik abenduaren 9ra artekoa da, biak barne.

–Epe berean, goian aipatutako inprimaki elektronikoaz gain, beka hauen eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte beren Lanbide Heziketako ikastetxean:

a) Parte-hartzaileek beren gain hartzen dituzten konpromisoei buruzko dokumentua (paperean sinatua).

b) Curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna, ingelesez idatziak eta Europass eredua erabiliz (PDF formatu informatikoan). Destinoko herrialdea Frantzia bada edo hango lan hizkuntza frantsesa bada, frantsesez aurkeztuko da.

–b) fitxategiaren izenaren formatua: 1. Abizena–2. Abizena, Izena–CVetaCP.

–Hamar eguneko epea emanen da akatsak zuzentzeko, izena eman dutenen zerrendak Lanbide Heziketako ikastetxeetan argitaratzen direnetik hasita.

Dokumentuak errazago betetzearren eta hautagaiak aukeratu eta bekak esleitzeko prozesu osoa erraztearren, Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan eskuragai egonen dira hala ereduak nola ikastetxeek eta parte-hartzaileek jakin behar duten informazio guztia.

–Ikasleek parte hartzeko bete beharreko baldintzak:

1.–Ingelesa erabili behar duten egonaldietarako, gutxienez B1 maila izatea, eta Frantziako egonaldietarako, berriz, frantsesezko A2 maila. Italiako edo Portugalgo egonaldietarako, ez da hizkuntza mailarik eskatuko.

2.–Atzerrira joateko behar diren agiriak edo baimenak izatea.

3.–Programa honen bidez Lantokiko Prestakuntza (LP) egiten dutenei eskatuko zaie ez dezatela modulu bat baino gehiago gainditu gabe izan Lantokiko Prestakuntza zer ikasturtetan egin duten, haren lehen hiruhilekoan.

4.–Egonaldia egiteak esan nahi du enpresara joan behar dela prestakuntza hitzarmenean ezartzen den aste guztietan. Ezin daiteke egonaldia eten errekuperazio probak egiteko; hortaz, komenigarria da ziurtatzea praktikak ez direla eginen beste irakaskuntza-jarduera batzuk egiten diren egunetan, praktikak behar den bezala egin ahal izateko.

5.–LH Duala egiten ari diren ikasleek ezin izanen dute parte hartu Erasmus+ programan beren LP egiteko, ez bada egonaldiaren hiru hilabeteetan ez daukatela jarduerarik beren ikastetxeetan.

6.–Ikasleek 18 urte beteta izan beharko dituzte atzerrian praktikak egiten hastean.

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Eskatzaileen artean banatuko diren plazen kopurua SEPIEren aurrekontu-kontsignazioaren eta onesten diren proiektuen araberakoa izanen da.

Beka hauen onuradunek jasoko duten dirua ostaturako, mantenurako eta destinoko herrialdera joateko bidaiarako izanen da. Parte-hartzaile bakoitzak jasoko duen diru-zenbatekoa SEPIEk deialdi bakoitzerako argitaratzen dituen tauletan ezarriko da. Taula horiek Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuak, eskuragai eduki bezain laster.

2022ko Erasmus+ deialdirako argitaratutako taulak erreferentzia gisa erabiltzen ahal dira deialdi honetarako bideratu daitezkeen gutxi gorabeherako kopuruak kalkulatzeko.

Ikastetxe bakoitzari esleituko zaizkion plazak bakoitzak aurkezten duen eskaera kopuruaren arabera banatuko dira, modu proportzionalean. Hasierako esleipen hori, alabaina, aldatzen ahalko da, ikastetxeek eginen duten hautapen prozesuaren lehenengo fasean sortzen diren zerrenden arabera.

Lanbide Heziketako ikastetxeek 0tik 100 puntura bitarteko puntuazioa emanen diete ikasleei, hurrengo atalean ezarriko diren irizpideei jarraikiz. Lehenengo hautapen fasea gainditzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

–Barematzeko irizpideak:

Ikastetxe bakoitzak honako irizpide eta gehieneko puntuazio hauei jarraituko die eskatzaileak ebaluatzeko eta haien hasierako hautapen proposamena egiteko:

1.–Ikasketa-espedientea: gehienez 40 puntu.

2.–Jarreraren balorazioa: gehienez 20 puntu.

3.–Atzerriko hizkuntzetan egiaztatutako prestakuntza: gehienez 20 puntu.

4.–Lan-esperientziaren eta gizarte-trebetasunen balorazioa: gehienez 10 puntu.

5.–Nazioartekotzeko arduradunaren balorazioa: 10 puntu.

Apartatu hauek baloratzeko, irizpide bakoitzaren errubrikaren orientabideei jarraituko zaie (ikus IX. eranskina). Errubrika hori deialdian argitaratuko da.

Gero, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak hautapenaren lehenengo fasea gainditzen duten parte-hartzaile guztiak elkartuko ditu, programaren nondik norakoak hobeki ulertzeko informazio bilera bat egiteko.

Orobat, Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako ikastetxeei eskatuko die egiazta dezatela ea curriculum vitaean adierazitako hizkuntza maila egokia den beste herrialde batera bidaiatzeko eta behar diren bermeekin moldatu ahal izateko prestakuntza praktikak eginen dituzten enpresetan.

Azkenik, behin-behineko zerrenda bat prestatuko da, ikastetxez ikastetxe antolatua, bekan ordenan esleitzeko.

Balizko onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko da. Zerrenda hori Lanbide Heziketako ikastetxeei ere jakinaraziko zaie, posta elektronikoaren bidez.

Parte-hartzaileren batek egonaldiak prestatzeko programatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, Hezkuntza Departamentuak beka kentzen ahalko dio.

Era berean, Hezkuntza Departamentuak ezin du bermatu Europako bazkideek enpresa bat aurkituko diotenik onuradun bakoitzari. Hortaz, Europako bitartekariekin batera proiektuaren kalitatea bermatzeko dauden aukera guztiak agorturik, zilegi izanen da eskatzaileari jakinaraztea beka baliogabetu zaiola enpresa hartzailerik ez dagoelako.

Parte-hartzaile bakoitzaren destinoa berretsi ondoren, behin betiko zerrenda prestatu eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan ezagutaraziko da.

Zerrenda hori behin betiko bihurtuko da parte-hartzaileek destinoko herrialdera bidaiatzeko garraioa ordaintzen dutenean.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren A modalitateko egonaldiek 13 edo 14 aste iraunen dute guztira. Egonaldi horiek hiru alditan egiten ahalko dira, ikasturteko hiru hiruhilekoetan, hain zuzen.

Prestakuntza egonaldia parte-hartzailearen espezialitatearen sektorearekin zerikusia duen enpresa batean eginen da, baina horren truke ez da ezer ordainduko.

Bekak esleitu eta gero, parte-hartzaileek beren kasa antolatzen ahal dituzte egonaldiak, Hezkuntza Departamentuak eskura jartzen dituen bazkide-bitartekariak edo Lanbide Heziketako ikastetxeak erabili gabe.

Bide hori aukeratzen duten parte-hartzaileek enpresaren gaineko informazioa eta harekin harremanetan jartzeko datuak jakinarazi beharko dituzte, parte-hartzaileak berak programatzen duen egonaldia fidagarria dela bermatzeko.

Parte-hartzaileak erabakitzen badu egonaldia bere kontura ez antolatzea, Hezkuntza Departamentuak laguntza eta aholkularitza emanen dio egonaldi hori antolatzeko zereginetan. Horretarako, gestio hauek eginen ditu:

–Destinoko hiriak esleitzea, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzen diren Europako bazkideekin egiten diren akordioen arabera, eta ikasleak hartzeko dauden enpresen arabera.

–Ostatua eta enpresa bilatzea, bazkide horiekin lankidetzan.

–Bidaia antolatzea.

–Istripu asegurua eta erantzukizun zibilekoa kontratatzea.

–Egonaldien jarraipen eta tutoretza lana egitea inprimaki elektronikoen bidez, deusetan galarazi gabe onuradunek beraiek zenbait kudeaketa egin behar izatea norberaren ikastetxearekin, edo jarraipenerako eta ebaluaziorako beste dokumentu batzuk bete behar izatea, egonaldi horien kudeaketa lanetan laguntzen duten Europako bazkideek eskatuta.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren B modalitateko egonaldiek 10 egunetik hiru astera bitarte iraunen dute erdi mailako, LH bereziko eta oinarrizko LHkoen kasuan, eta aste batetik 30 egunera bitarte, berriz, goi mailako egonaldien kasuan. LHko zentroen proposamenen arabera antolatuko dira. Proposamen horiek otsailaren erdialdea baino lehen egin beharko dira, Hezkuntza Departamentuak 2023rako deialdian aurkezten dituen proiektuen barruan sartu ahal izateko.

C modalitateko egonaldiak antolatuko dira baldin bada Nafarroako enpresarik ikaslerik hartu nahi duenik Europako bere eskumendeko batean, ikasleak, LP egin eta gero, bere prestakuntza aurrera eramaten segitzeko.

Ikasleek beren egonaldiari dagokion beka jasoko lukete (6 hilabete eta 9 hilabete artean), eta jarraipena egin eta dokumentazioa aurkeztuko lukete A modalitateko parte-hartzaileek egiten duten bezala.

Seigarrena.–Jarraipena eta ebaluazioa.

Proiektuko parte-hartzaileek jarraipenerako material batzuk jasoko dituzte, enpresako tutorearekin batera bete beharko dituztenak egonaldia bitartean. Material horiek, funtsean, hiru eredu dira: hileko txostena betetzeko eredua, enpresara joaten dela frogatzen duen eredua eta amaierako ebaluaziorako eredua. Eredu horiek Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogotik deskargatzen ahalko dira.

Dokumentu horiez gain, zeinak prestakuntza egonalditik itzulitakoan Hezkuntza Departamentuan aurkeztu beharko baitira, parte-hartzaileek inprimaki elektroniko hauek bete beharko dituzte:

1.–Enpresaren datu guztiak zuzendu edo berresteko dokumentu bat.

2.–Hileko txosten bat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez beteko dena.

3.–Egonaldiari buruzko balorazio soil bat Hezkuntza Departamentuarentzat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez bete beharko dena.

4.–Egonaldiari buruzko azken txostena SEPIErentzat. Txosten hori Europako Batzordeak diseinatu duen Mobility Tool izeneko aplikazioaren bitartez egin beharko da. Azken txosten hori betetzea nahitaezkoa da.

Gainera, Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan, EUROPASS ziurtagiria eskatuko da Europass Agentziak prestatutako aplikazio informatikoaren bidez. Ziurtagiri horren kudeaketan proiektuko agente guztiak sartuko dira: Hezkuntza Departamentua, Lanbide Heziketako ikastetxea, Europar Batasuneko enpresa eta ikaslea.

Zazpigarrena.–Parte-hartzaileak bete beharrekoak.

1. Prestakuntza egonaldia justifikatzeko behar den dokumentazioa betetzea.

2. Prestakuntza jardueretara nahitaez joatea destinoko antolatzaileek ezartzen dituzten epeetan.

3. Egokitzen zaion ostatu mota onartzea, izan familia batean, egoitza batean edo beste ikasle batzuekin partekatutako apartamentu batean.

4. Kortesiazko ohiko arauak betetzea familiekin, errentariekin eta auzoekin, eta ondasun higiezinak errespetatzea. Bizikidetasun arauak betetzen ez badira, programatik kanporatua izan daiteke.

5. Nahitaez joatea enpresara laneko orduetan. Absentzia guztietan, parte-hartzaileak frogagiri medikoa edo bestelakoa aurkeztu beharko du harrerako enpresan. Justifikatu gabeko faltak enpresaren txostenean jasoko dira.

Prestakuntza egonaldia bitartean parte-hartzaileak Lantokiko Prestakuntza modulua egiten badu, bereziki zaindu beharko ditu arestian aipatutako jarraibideak; izan ere, betetzen ez baditu, zilegi izanen da “ez gai” kalifikazioa ematea prestakuntza modulu horretan, eta, hala, behartua egonen da berriro egitera bere espezialitateko titulua lortuko badu.

Zortzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Onuradun bakoitzak bere banku kontuan jasoko ditu Europar Batasunak editatzen dituen mugikortasun tauletan esleitzen diren laguntzak. Taula horiek SEPIEk argitaratuko ditu proiektu mota bakoitzarentzat.

Onuradunek jasotzen duten finantzaketa bidaia-zerbitzuak, ostatua eta mantenu gastuak ordaintzeko erabiliko dute, jakinki zerbitzu horien kostua, kasu askotan, laguntza publikoak baino handiagoa izan daitekeela.

Laguntzak kobratuko dira Hezkuntza Departamentuan dagoen Ogasuneko Kontu-hartzailetzak gaitzen ahal dituenean, Hezkuntza Departamentuak SEPIErekin sinatu beharreko hitzarmenak jaso ondoren.

Hori horrela, gomendatzen da norberaren finantzabideak edukitzea egonaldi osorako, litekeena baita egonaldiaren bukaeran ordaintzea laguntza, lehen azaldutako arrazoiengatik.

Goi mailako ikasleek 550,00 euroko laguntza osagarria jasotzen ahalko dute, Nafarroako Rural Kutxak emanen duena, Hezkuntza Departamentuarekin honelako mugikortasun programak bultzatzeko sinatu duen lankidetza hitzarmenaren ondorioz. Horretarako, parte-hartzaile horiek banku kontu bat izan beharko dute entitate horretan.

Halaber, C modalitateko egonaldi bat ematen zaien ikasleek (6-9 hilabeteko iraupena duena) laguntza osagarri bat jasotzen ahal dute. Laguntza osagarri hori hartzen dituzten enpresekin negoziatuko da, egonaldia burutu baino lehen.

Bederatzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Norberak erabakita Hezkuntza Departamentuaren berariazko baimenik izan gabe egonaldia uzten duten parte-hartzaileek eta, orobat, harrerako enpresek edo bazkideek, arrazoi justifikatuak izanik, kaleratzen dituzten parte-hartzaileek laguntzari uko egin arte sortutako gastuak ordaindu beharko dituzte, izan ere, kontratua bete ezean, ez da SEPIEren inolako finantzaketarik izanen (parte-hartzaileen betebeharren agirian azaltzen den bezala).

Orobat, parte-hartzaileak egonaldia hasi aurreko hiru hilabetean uzten badu programa, hura prestatzeko gastuak ordaindu beharko ditu, edo ordura arte sortutako bidaia gastuak.

Gainera, parte-hartzaileak ez baditu betetzen bekan aurreikusitako egonaldiaren egun guztiak, Nafarroako Gobernuari itzuli beharko dio destinoko herrialdean lan egin gabeko egun horiei dagokien kopuru proportzionala.

Kasu horretan, egonaldia programatu bada Lantokiko Prestakuntza modulua egiteko asmoz, aldi horretako deialdia galduko du eta hurrengo deialdira arte itxaron beharko du modulu hori egiteko.

II. ERANSKINA

2023-2024 DEIALDIA
LAGUNTZEN DEIALDIA, NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN MENPEKO IKASTETXE PUBLIKOETAKO LANBIDE HEZIKETAKO ETA ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO IRAKASKUNTZETAKO IRAKASLEEK ETA LANGILEEK ATZERRIKO PRESTAKUNTZA EGONALDIAK EGITEKO 2023-2024 IKASTURTEAN

Oinarriak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleek eta langileek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2023-2024 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleen eguneratze teknologikoa eta hizkuntzen arloko hobekuntza bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, irakasle horiei dirulaguntzak emateko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten Europako herrialdeetako prestakuntza zentro edo enpresetan.

Proiektu bat erdi mailako irakasgaiak ematen dituzten irakasleentzat izanen da, eta bestea goi mailako irakasgaiak ematen dituztenentzat.

Eskatzaileak bi hezkuntza etapa horietan irakasten badu, bi proiektuetatik edozeinetan sartzen ahalko da.

Hezkuntza maila batean edo bestean, bi mugikortasun mota daude:

–Banakako egonaldiak:

  • Atzerrian prestakuntza bat modu partikularrean egin nahi duten irakasleentzat.
  • Mugikortasun horrek aste 1etik 3 astera arte irauten du.
  • Irakasle interesdunek Europako harrerako bazkide bat bilatu beharko dute (enpresa bat edo prestakuntza zentro bat) beren espezialitatearekin lotutako prestakuntza egonaldia egiteko. Harrerako bazkideak Europako Erregistro Kodea (PIC / OID) jakinarazi beharko du.

–Talde-egonaldiak:

  • Lanbide Heziketaren Zerbitzuak prestakuntza egonaldiak antolatzen ahalko ditu zerbitzuak berak koordinatzen dituen proiektu estrategikoak garatzen ari diren langile teknikoen eta irakasleen taldeentzat.
  • Fase horren iraunaldia aste batekoa da.
  • Egonaldi hauetan, departamentua bera arduratuko da bisitatu beharreko enpresak/zentroak bilatzeaz eta ostatua, bidaiak eta bestelako antolamendu-kontuak kudeatzeaz.

Hirugarrena.–Eskaerak.

–Banakako egonaldietarako:

Interesdunek egonaldiaren aurreko ikasturtean eskatuko dute parte hartzeko.

Eskaerak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 7tik abenduaren 9ra artekoa izanen da, biak barne.

Baldintzak:

  • Jardunean izatea, bai eskatzeko unean, bai egonaldia bitartean, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako edozein ikastetxe publikotan edo arte eskolatan.
  • Programaren kalitatea, zuzenean loturik dagoena espezialitatearekin, eskatzailearen irakas-jarduerarekin edo Hezkuntza Departamentuaren proiektu estrategiko batekin.
  • Egonaldia eskola garaian eginez gero, ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia beharko da, eman gabe geldituko diren eskoletarako hartzen diren neurriak jakinarazi ondoren.
  • Azken lau urtean Erasmus bekarik jaso ez izana.

–Proiektuan parte hartzeko epearen barnean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–Eskabide-orria (IV. eranskina).

2.–Europass curriculum vitaea, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko dena:

http://europass.cedefop.europa.eu/es/home

3.–Egin gogo den jardueraren azalpen zehatza eta nola banatuko den denboran zehar (V. eranskina), harrerako erakundearekiko harremanetarako datuak barne.

4.–Ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia jarduera egiteko.

Agiri horiek ikastetxean aurkeztuko dira, eta Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegora igorriko dira Google Drive plataformaren bidez, Lanbide Heziketako irakasleentzako bekei buruzko ataletik abiatuta.

2022-2023 ikasturtean barrena ere eskaerak aurkez daitezke. Eskaera horiek, alabaina, ez dute lehentasunik izanen, inola ere ez, apartatu honen hasieran ezarritako epean aurkeztutakoen aldean.

–Talde-egonaldietarako:

Departamentuak berak eginen du talde-egonaldien deialdia ikasturte bakoitzean, ikasturte batetik bestera aldatzen ahal diren gai eta destinoekin.

Ikastetxeetako nazioartekotzeko arduradunei eta zuzendaritza taldeei informazioa emanen zaie ikasturte bakoitzean proposatzen diren gaiei buruz, eskaintza irakasleen artean zabal dezaten. Informazio horretan zehaztuko dira egonaldietan parte hartzeko baldintzak zein diren, baita barematzeko irizpideak ere. Era berean, interesdunei jakinaraziko zaie eskaerak aurkezteko epea eta aurkeztu beharreko merezimenduak.

Egonaldiak noiz izanen diren, hori Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan ibiliko diren enpresen eta ikastetxeen prestasunaren araberakoa izanen da.

Baldintzak:

  • Jardunean izatea, bai eskatzeko unean, bai egonaldia bitartean, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako edozein ikastetxe publikotan edo arte eskolatan.
  • Egonaldi horietan parte hartuko duten irakasleek loturaren bat eduki behar dute taldeak egonaldian zehar eginen dituen jarduerekin; bereziki azpimarragarria da mugikortasuna eginen duen taldearen gaiarekin zuzenki lotuta dauden lan-taldeetan edo berrikuntza-proiektuetan parte hartzea.
  • Europako eremuan egiten den jarduera bat denez, parte-hartzaileek Lanbide Heziketako ikastetxearen zuzendaritzaren oniritzia eduki behar dute. Jarduera ikastetxearen behar edo ekimen batetik sortu behar da.
  • Horrelako egonaldi batean parte hartu nahi duten eskatzaileek ingelesa jakin behar dute, jarduerak gutxieneko mailan jarraitu ahal izateko.
  • Azken lau urtean Erasmus bekarik jaso ez izana.

–Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–Eskabide-orria (IV. eranskina).

2.–Europass curriculum vitaea, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko dena (http://europass.cedefop.europa.eu/es/home).

3.–Ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia jarduera egiteko.

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Espainia osoko proiektuen ebaluazio prozesua bukaturik, SEPIEk Hezkuntza Departamentuari jakinaraziko dio proiektuak onetsi diren edo ez, eta zenbat plaza esleitu zaizkion. SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektuak onesten baditu, plazak esleituko dira erabiltzen den hizkuntzaren arabera, destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Proiektuak onetsi ondoren, prozesu bat eginen da aurreko atalean azaldutako BALDINTZAK betetzen dituzten parte-hartzaileak hautatzeko. Parte-hartzaileen hautaketak honako errubrika hau izanen du oinarri:

–Banakako egonaldiak:

Aldez aurretik mugigarritasunik egin EZ badu

10 puntu

Behin betiko edo behin-behineko irakaslea bada

10 puntu

Irakaskuntza urteak

1-3 urte

2 puntu

4-6 urte

4 puntu

7-10 urte

6 puntu

11-15 urte

8 puntu

<15 urte

10 puntu

Enpresaren proposamena badu

10 puntu

Europass CVa badu

10 puntu

Hizkuntzak (egiaztatuak): (20 puntu gehienez)

Egonaldian erabili beharreko hizkuntza C1

10 puntu

Egonaldian erabili beharreko hizkuntza B2

9 puntu

Egonaldian erabili beharreko hizkuntza B1

8 puntu

2. HIZKUNTZA (C1)

7 puntu

2. HIZKUNTZA (B2)

6 puntu

2. HIZKUNTZA (B1)

5 puntu

3. HIZKUNTZA (C1 mailatik B1 mailara)

3 puntu

–Talde-egonaldiak:

Salbuespenezko kasuetan izan ezik, plaza bakarra esleituko da ikastetxe bakoitzeko. Parte-hartzaileen hautaketak honako errubrika hau izanen du oinarri:

Proposatzen den gaiarekiko lotura, ardura bereziarekin ikastetxean (berrikuntza, behar bereziak, Kimua, Inizia...), baita egonaldiaren gaiari buruz hartutako prestakuntza ere

40/100

Lan-egoera

Funtzionarioa, behin betiko destinoarekin

30/100

Funtzionarioa, destinorik gabea

10/100

Bitartekoa

0/100

Ingelesez jakitea. Frogatzen den maila

C1

30/100

B2

20/100

B1

10/100

Banakako egonaldietarako zein talde-egonaldietarako, lehentasuna emanen zaie Hezkuntza Departamentuaren proiektu estrategiko batean parte hartzen duten izangaiei eta haien profilerako enpresa egokia duten eskatzaileei.

Berdinketa gertatuz gero edo kategoria horietako bakoitzean eskatzaileak plazak baino gehiago badira, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

–Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko zuzendaria.

–Lanbide Heziketaren Berrikuntzaren eta Nazioartekotzearen Ataleko burua.

–Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko bi kide.

Batzorde horrek hautagaien hurrenkera erabakiko du, arestian adierazitako parametroen arabera.

Onuradunak hautaturik, Hezkuntza Departamentuak aukeratu diren hautagaien zerrenda jarriko du ikusgai Hezkuntza Departamentuaren iragarki taulan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan.

Laguntza hauei dagokien finantzaketa bidaia egin baino lehen emanen da, ez baledi gertatu laguntzak ordaintzea geroratzea ekar dezakeen gorabeherarik kontuhartzailetzan edo idazkaritza teknikoan.

Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak parte-hartzaile bakoitzak hartu beharreko dirulaguntza kalkulatuko du, egonaldiaren benetako iraupena kontuan hartuta, Erasmus+ programaren finantza arloko esku-liburuaren jarraibideen arabera. Parte-hartzaile bakoitzak jaso dezakeen gehieneko finantzabidea zehazten duten dirulaguntza taulak Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko dira, SEPIEk ofizialki argitaratu ondoren.

Parte-hartzaileek orduan laguntza onartzeko dokumentu bat sinatuko dute; hartan, laguntzaren ezaugarriak, dauzkaten finantzabideak eta egonaldiaren kudeaketan eta dokumentazioaren prestaketan laguntzeko konpromisoa jasoko dira.

–Talde-egonaldietarako beka eta bere baldintzak onartzen direla dioen dokumentua (VII. eranskina).

–Banakako egonaldirako beka eta baldintzak onartzen direla dioen dokumentua (VIII. eranskina).

Behar diren zenbatekoak onuradunaren kontuan ordainduko dira, ordainketa-ebazpen arrunt baten bidez. Lehen aipatutako kopuruekin bidaiak, ostatuak eta mantenuak sorraraziriko kostuak ordainduko dira. Diru gehiago gastatuz gero, parte-hartzailearen kontura izanen da. Aurrekontuan dagoena baina diru gutxiago gastatzen bada, ez da eskatuko itzultzeko.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

Egonaldia hasi baino 15 egun lehenago beranduenik, hautatutako parte-hartzaileek hura egiteko behar den dokumentazioa jaso beharko dute Hezkuntza Departamentuan, hots: kontratua, prestakuntzarako akordioa, azken ebaluazioa, aseguru poliza eta jarraipenerako materialak.

Parte-hartzaileek laguntza onartzeko dokumentu bat sinatuko dute; hartan, laguntzaren ezaugarriak, dauzkaten finantzabideak eta egonaldiaren kudeaketan eta dokumentazioaren prestaketan laguntzeko konpromisoa jasoko dira.

–Banakako egonaldiak:

Egonaldiak astebetetik hiru astera bitartekoak izanen dira.

Parte-hartzaileak berak kudeatu beharko ditu garraiobidea eta erabili nahi duen ostatua.

Dena dela, Hezkuntza Departamentuak entitate laguntzaileekiko harremanak bideratzen laguntzen ahal dio, kudeaketa lanak errazteko.

Hauek dira banakako prestakuntza ekintza horretan parte hartzeko baldintzak:

  • Hezkuntza Departamentuak eskatzen dituen dokumentuak tramitatzea egonaldia formalizatzeko.
  • Prestakuntza praktikak ezarritako baldintzetan egitea.
  • Proiektuaren azken memoria egiteko behar den dokumentazio guztia ematea.

–Talde-egonaldiak:

Egonaldiak astebete iraunen du.

Hezkuntza Departamentua arduratuko da talde osorako garraiobidea, jarduerak eta ostatua kudeatzeaz.

Talde-egonaldi batean parte hartzeko baldintzak hauek dira:

  • Hezkuntza Departamentuak eskatzen dituen dokumentuak tramitatzea egonaldia formalizatzeko.
  • Prestakuntza praktikak ezarritako baldintzetan egitea.
  • Hezkuntza Departamentuak kontratatzen dituen eragileek eginen duten enpresa-bilaketaren ondorioz sortuko diren baldintza ekonomikoak ontzat ematea.
  • Proiektuaren azken memoria egiteko behar den dokumentazio guztia ematea.
  • Parte-hartzaileak Hezkuntza Departamentuari utziko dio egonaldiaren antolaketa (hegaldiak, ostatua, bisitaren agenda, egin beharreko jarduerak), eta planteatzen diren alderdiak onartu beharko ditu.
  • Azken kasu honetan, lehentasuna emanen zaie taldearen interesei, taldea osatzen duten gizabanakoen interesen gainetik.
  • Egonaldiak dirauen bitartean irakasleek parte hartuko dute ez bakarrik ofizialki programaturiko jardueretan, baizik eta baita taldean elkarbizitzeak dakartzan bestelako ekintzetan ere. Izan ere, egonaldiaren helburua da sinergiak eta loturak sortzea parte-hartzaileen artean, etorkizunean beroriek baliatzeko.

Seigarrena.–Egonaldien ebaluazioa.

Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak sistema bat ezarriko du irakasleen prestakuntza egonaldien jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Prestakuntza egonalditik itzuli ondoren, irakasleek honako dokumentazio hau aurkeztuko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan:

–Kontratua, prestakuntza-akordioa eta azken ebaluazioa, tartean diren alderdi guztiek sinatuak eta zigilatuak.

–Europako Batzordearen ebaluazio-inkesta elektronikoki betetzea.

–EUROPASS Mobility elektronikoki betetzea.

Zazpigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradun gertatzen diren irakasleek, oinarri hauetan ezarritakoa betetzeaz gain, kudeaketan, dokumentazio prestaketan eta Erasmus+ proiektuetarako baldintzak betetzeko behar diren gainerako ekintza guztietan lagundu beharko dute, aktiboki lagundu ere.

Zortzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Hezkuntza Departamentuak laguntza baliogabetzen ahalko du, baita hura osorik edo zati bat itzultzeko eskatu ere, onuradunek arau honetan ezarritako betebeharrak eta antolaketa-arauak betetzen ez dituztenean.

III. ERANSKINA

2023-2024ko Erasmus+ beken deialdirako epeak, dokumentazioa eta jarraibide interesgarriak

Eskaerak aurkezteko eta kudeatzeko epeak.

–Deialdiaren eguna: 2022-11-07.

–Eskaera elektronikoak aurkezteko epearen bukaera: 2022-12-09.

–Akatsak zuzentzeko epea: 2022ko abenduaren 19tik 2023ko urtarrilaren 13ra.

–Ikastetxeak eskatzaileen gaineko dokumentazioa Hezkuntza Departamentura igortzeko epea (konpromisoak, curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna): 2023-01-23 (LHko ikastetxeei oroitarazten zaie hautagaien CVak aztertu behar dituztela).

–Ikastetxeek eskatzaileak lehenesteko epea: 2022ko abenduaren 19tik 2023ko urtarrilaren 27ra arte.

–Hezkuntza Departamentuak hautapen prozesua eta ikastetxeetan bilerak egiteko epea: 2023ko otsailaren 13tik aurrera.

Beken gaineko informaziorako, kudeaketarako eta tramitaziorako dokumentazioa.

–Eskabidea: on line aurkeztuko da helbide honetan:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/solicitud-erasmus-plus

–Curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko direnak. Eskatzaile bakoitzak bere Lanbide Heziketako ikastetxean aurkeztu beharko du PDFan sortzen den fitxategia. (Fitxategiaren izenaren formatua: 1. Abizena–2. Abizena, Izena–CVetaAU).

https://europa.eu/europass/es/create-europass-cv

–Zerbitzuen katalogoan eskura dauden dokumentuak, hots, www.nafarroa.eus helbidean:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1964/Becas-para-estancias-de-formacion-en-empresas-de-la-Union-Europea-para-el-alumnado-de-FP

a) Parte-hartzaileek beren gain hartu behar dituzten konpromisoei eta ezaugarriei buruzko dokumentua.

b) Epeak, dokumentazioa eta ohar interesgarriak. (III. eranskina).

c) Maiz egiten diren galderak (FAQ).

d) Nork eska ditzake ERASMUS+ beka hauek? (Erasmus+ hartzaileak).

–Gainera, LHko ikastetxeak honako informazio hau jasoko du posta elektronikoaren bidez.

e) Eskatzaileak lehenesteko irizpideak.

f) Eskatzaileen lehentasuna jasota uzteko txantiloiak (erdi mailakoa eta goi mailakoa).

Ohar interesgarriak ikastetxeentzat.

–Curriculum vitaeak, aurkezpen gutunak eta onuradunen betebeharren gaineko dokumentua ikastetxeak berak kudeatu behar ditu. Ikastetxe bakoitzak fase bakoitzerako goian ezarritako egunetan bidali beharko du informazio hori Hezkuntza Departamentura. Dokumentazioa Google Drive aplikazioaren bidez entregatuko da, honela:

  • Parte-hartzailearen konpromisoa PDF formatu eskaneatuan igoko da Drivera. Eskatzaileek sinatuta egonen da, edo haien gurasoek edo legezko tutoreek, eskatzailea ekonomikoki haien mende badago edo sinatzeko unean adingabea bada.
  • Europass curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna PDF formatuan igoko dira Drive-ra, ikasleak Europass on-line aplikazioan aurkituko duen bezala.

Garrantzitsua:

Fitxategi honi izena emateko formatua: 1. Abizena–2. Abizena, Izena–CVetaCP.

–LHko ikastetxeak eskatzaileen curriculum vitae guztien kopia gordeko du, eskaerak lehenesteko txantiloia betetzeko.

Ohar interesgarria: Ingelesezko curriculum vitaea dela eta, kontuan harturik agiri hori pertsona bat Europako enpresa baten aurrean aurkezteko gutuna dela, ikastetxeei gomendatzen diegu behar bezalako laguntza eman diezaietela laguntzen eskatzaileei, atal guztiak zuzen eta zehatz bete ditzaten.

Tramite hori Europass aplikazioaren bidez egiten denez, curriculum vitaeak eta aurkezpen gutunak PDF formatuan egonen dira. Hortaz, Hezkuntza Departamentuak ez du aukerarik izanen aurkezten diren curriculumak eta aurkezpen gutunak zuzentzeko. Gainera, eskaerak barematzeko orduan, kontuan hartuko du nola aurkeztu diren agiri horiek.

Bideo-CV bat aurkeztea ere balioetsiko da. PDF formatuan agertuko da CVan, esteka baten bidez.

–Azkenik, eskatzaileak lehenesteko zerrenda bakarra adieraziko da txantiloi bakoitzean, hau da, ikasleak ziklotan, kurtsotan edo espezialitatetan bereizi gabe. LHko mailaren arabera baizik ez dira lehenetsiko: erdi maila edo goi maila. Informazio hori f) atalean aipatutako txantiloietan betetzeko orduan, zenbaki osoak erabiliko dira.

–Ohar interesgarriak eskatzaileentzat.

  • Oso garrantzitsua da Europass CVa eta aurkezpen gutuna ingeles zuzen eta zehatzean betetzea. Horrela, komunikazio hobea bermatuko da gure bazkide europarrekin, eta horiek profil profesional desberdinetara egokitutako enpresak bilatzen ahalko dituzte.
  • Gogoan izan Europass aplikazioak datuak eguneratzeko aukera ematen duela. Hortaz, bete gabe uzten diren atalak edo behin-behinean bete direnak eguneratzen ahalko dira baldin eta lehenengo ahaleginean parte-hartzaileek ez badituzte datu guztiak eman.
  • Ingelesezko Europass CV dokumentua formatu informatikoan aurkeztuko da. Agiri horri txarteletan erabili ohi den neurriko argazki bat erantsi beharko zaio. Ikasleek bideo-curriculum bat aurkeztea balioetsiko da.
  • Nahitaezkoa da posta elektronikoko kontu bat izatea.
  • Programaren konpromisoei eta ezaugarriei buruzko txostena sinatu beharra dago. Aitak, amak edo legezko tutoreak sinatu beharko du agiri horren oniritzia, baldin eta eskatzailea ekonomikoki haien mende badago edo sinatzeko unean adingabea bada.
  • Programan parte hartzeko, ezinbestekoa da praktikak egiten diren aldian adinez nagusia izatea (B modalitatean izan ezik, modalitate horretan ikasleak irakasle batekin joaten direlako).
  • Lehenago Leonardo da Vinci programan edo Erasmus+ programan sekula parte hartu ez duten ikasleak lehenetsiko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

IV. eranskina.–LHko irakasleek parte hartzeko eskabidea.

V. eranskina.–Egonaldirako aurreikusitako jardueraren fitxa.

VI. eranskina.–Lankidetza-gutunaren eredua (ingelesez).

VII. eranskina.–Erasmus+ talde-beka onartzearen konpromisoak.

VIII. eranskina.–Erasmus+ banakako beka onartzearen konpromisoak.

Deskargatu IV. eranskinetik VIII.era bitartekoak (DOC).

IX. ERANSKINA

Ikasleak barematzeko irizpideak:

Ikastetxe bakoitzak honako irizpide eta gehieneko puntuazio hauei jarraituko die eskatzaileak ebaluatzeko eta haien hasierako hautapen proposamena egiteko:

6.–Ikasketa-espedientea: 40 puntu gehienez.

7.–Jarreraren balorazioa: 20 puntu gehienez.

8.–Prestakuntza egiaztatua atzerriko hizkuntzetan: 20 puntu gehienez.

9.–Lan esperientziaren eta gizarte trebetasunen balorazioa: 10 puntu gehienez.

10.–Nazioartekotzeko arduradunaren balorazioa: 10 puntu.

Ikasketa-espedientearen errubrika

–Lehen mailan dauden ikasleentzat.

  • Irizpidea: lehen ebaluazioaren batez besteko nota.

–Bigarren mailan dauden ikasleentzat.

  • Irizpidea: lehen mailaren batez besteko nota.

BATEZ BESTEKO NOTA

ESLEITUTAKO PUNTUAZIOA

9-10

40 puntu

7-8,99

35 puntu

5-6,99

30 puntu

4-4,99

20 puntu

3-3,99

10 puntu

0-2,99

0 puntu

Guztira

40 puntu

JARRERAREN EBALUAZIOAREN ERRUBRIKA

KLASEKO JARRERAREN EBALUAZIOAREN ERRUBRIKA

IRIZPIDEA

Beti

Gehienetan

Batzuetan

Ia inoiz ez

Inoiz ere ez

4

3

2

1

0

KLASERA JOATEA ETA PUNTUALTASUNA

Programatutako eskolen %90era joaten da, puntualtasunez

Saioen %80tik %89ra joan da, era egonkorrean eta puntualtasunez

Saioen %71tik %79ra ez da joan edo berandu iritsi da, baina eman du bere zailtasunen berri

Saioen %61etik %70era ez da joan edo berandu iritsi da, baina eman du bere zailtasunen berri

Saioen %70era edo gehiagora ez da joan edo berandu iritsi da, eta ez du justifikaziorik aurkeztu

LANAK ENTREGATZEA ETA AURKEZTEA

Lanen %90 baino gehiago esandako egunean eta irakasleak eman dituen jarraibideei jarraituz aurkezten ditu

Lanen %80ren eta %89ren artean esandako egunean eta irakasleak eman dituen jarraibideei jarraituz aurkezten ditu

Lanen %71ren eta %79ren artean esandako egunean eta irakasleak eman dituen jarraibideei jarraituz aurkezten ditu

Lanen %61en eta %70en artean esandako egunean aurkezten ditu, baina ez ditu kontuan hartzen irakasleak eman dituen jarraibide guztiak

Ez du lanik aurkezten eta ez du bere zailtasunen berririk ematen

ESKOLAN PARTE-HARTZEAREN MAIZTASUNA ETA KALITATEA

Maiz parte hartzen du eta bere ekarpenek (galderak edo iruzkinak) eskolaren gaia aberasten dute

Batzuetan parte hartzen du eta bere ekarpenek (galderak edo iruzkinak) eskolaren gaia aberasten dute

Maiz parte hartzen du, baina bere ekarpenak ez dira beti garrantzizkoak

Gutxitan parte hartzen du, edo irakasleak eskatzen dionean

Ez du parte hartzen eta ez du erakusten interesik ukitzen diren gaiei buruz

IKASGELAN GIRO ONA LORTZEKO LANKIDETZA ETA EKARPENA

Beti saiatzen da laguntzen eta bere jarrerarekin ikasgelako giro onaren alde egiten du

Maiz saiatzen da laguntzen eta bere jarrerarekin ikasgelako giro onaren alde egiten du

Batzuetan laguntzen du, baina ez du oztopatzen ikasgelako giro ona

Ikasgelan jarrera pasiboa edo ezaxola erakusten du

Bere jarrerarekin oztopatzen du ikasgelan giro ona izatea

HIZKERA EGOKIA ERABILTZEA (hizkera zakarra eta itsusia ez erabiltzea)

Irakaslearekin eta ikaskideekin hitz egiteko hizkera egokia erabiltzen du beti

Irakaslearekin eta ikaskideekin hitz egiteko hizkera egokia erabiltzen du maiz

Inoiz hizkera desegokia erabili du, baina kargu hartzen zaionean zuzentzen du

Gutxitan erabiltzen du hitz egiteko hizkera egokia irakaslearekin eta ikaskideekin

Irakaslearekin eta ikaskideekin hitz egiteko hizkera beti da desegokia

Atzerriko Hizkuntzen errubrika

TITULU OFIZIALA

PUNTUAZIOA

Egonaldian erabili beharreko hizkuntza C1

10

Egonaldian erabili beharreko hizkuntza B2

9

Egonaldian erabili beharreko hizkuntza B1

8

2. HIZKUNTZA (C1)

7

2. HIZKUNTZA (B2)

6

2. HIZKUNTZA (B1)

5

3. HIZKUNTZA (C1 mailatik B1 mailara)

3

Gehienez ere 20 puntu.

20

Lan espedientearen eta gizarte trebetasunen errubrika

JARDUERA

PUNTUAZIOA

6 hilabetetik gorako lan esperientzia

5

6 hilabetera arteko lan esperientzia

3

Boluntariotza

2

Kirol instituzioetakoa eta elkarte kulturaletakoa izatea

2

Beste batzuk

1

Gehienez ere 10 puntu

10

Nazioartekotzearen arduradunaren balorazioaren errubrika

Gehienez ere 10 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Baloratu beharreko alderdiak:

  • Dokumentazioa prestatzeko erakusten duen autonomia maila:
  • Handia = 5 puntu.
  • Ertaina (laguntza pixka bat behar du baina gehiena bere kabuz egiten du) = 3 puntu.
  • Txikia (etengabe lagundu behar zaio) = 0 puntu.
  • Dokumentazioa aurkezteko erakusten duen azkartasuna:
  • Berehala aurkezten du = 5 puntu.
  • “Bere atzetik ibili behar da” = 0 puntu.
  • Aurkeztu beharreko agiriak:
  • Zuzendu behar izaten dira = 0 puntu.
  • Ez dira zuzendu behar = 3 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2209381