153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NAFARROAKO IPARRALDEKO EUSKARA MANKOMUNITATEA

Dirulaguntzak ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

2020ko abenduaren 9an Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak egindako batzarrean behin betikoz onartu zuen mankomunitatearen esparruan dirulaguntzak arautzen dituzten ordenantza eta hortaz 1990/6 Tokiko Administrazioko Foru Legearen 325. artikuluaren baitan erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da ordenantzaren testuarekin batera.

Leitzan, 2021eko urtarrilaren 11n.–Lehendakaria, Iñigo Aldutzin Garcia.

NAFARROAKO IPARRALDEKO EUSKARA MANKOMUNITATEAREN ESPARRUAN DIRULAGUNTZEN EMAKIDA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Udalez gaindiko legediari dagokionez, ordenantza hau lotuta egonen da dirulaguntzei buruzko indarreko lege orokorrek eta Nafarroakoek xedaturikoari, besteak beste: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, eta hura aldatzen duten apirilaren 14ko 5/2014 eta abenduaren 2ko 25/2014 foru legeak, denak ere dirulaguntzei buruzkoak.

Bestalde, Dirulaguntzen harreman juridikoa administrazio publiko guztietan homogeneoa izatea arautzeko asmoarekin, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, dirulaguntzena, onartu zen, bai eta hura garatzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Lege Orokor horren 17.2 artikuluak ezartzen du toki korporazioen dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak aurrekontua gauzatzeko oinarrien esparruan onartu behar direla dirulaguntzen ordenantza orokor baten bitartez edo dirulaguntza moten araberako berariazko ordenantzen bitartez.

Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateak, osatu zenetik, euskara sustatzeko hainbat dirulaguntza eman ditu eta unean-unean hitzarmenak sinatu ditu hainbat elkarterekin. Bada, indarreko legediari egokitzeko eta dirulaguntza horiek guztiak antolatzeko asmoak bultzatu du Mankomunitatea ordenantza hau egitera.

I.
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da jarraitu beharreko prozedura orokorra eta irizpideak ezartzea, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak hura osatzen duten udalerrietan erroldatutako pertsona fisiko zein juridikoendako dirulaguntzak eskatzeko, emateko, justifikatzeko eta ordaintzeko.

Dirulaguntza hori da Mankomunitateak emandako dirua, ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskuratzen ahal dituzten pertsonen aldekoa, betiere honako inguruabar hauek betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat betetzea, edo proiekturen bat gauzatzea, jardueraren bat egitea nahiz jokabide berezi bat hartzea (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo inguruabar jakin batzuk gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburua izatea onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat sustatzea, edo xede publikoren bat sustatzea.

Honako dirulaguntza hauek eskatzen ahalko dira:

–Euskara ikasteko eta hobetzeko.

–Euskara hutsezko udaleku itxietan parte hartu duten haur eta gazteendako.

–Zuzeneko emakidak.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honetan aipatzen diren dirulaguntzak:

–Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, kontrola eta proportzionaltasuna, bizikidetza unitateen benetako premietan oinarrituta.

–Administrazio emaileak finkatutako helburuak eraginkortasunez betetzea.

–Baliabide publikoak efizientziaz esleitzea eta erabiltzea.

2. Dirulaguntzak emateko orduan, kontuan hartu beharko dira dirulaguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren oinarri arautzaileetan ezarritako irizpide, xede eta prozedurak.

3. Oinarriak onetsi aitzin, nahitaezkoa izanen da xede horretarako dirua esleitzea aurrekontuetan.

4. Dirulaguntzak egoera ekonomikoaren heinean banatuko dira, eta bizikidetza unitateen premien arabera eginen da.

3. artikulua. Akatsak zuzentzea.

Eskaerak deialdiaren arauan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari gehienez 10 eguneko epe luzaezin batean zuzentzeko eskatuko zaio, eta gainera, egiten ez badu, bere eskaerari uko egin diola iritziko zaiola jakinaraziko zaio, aurrez azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 71. artikuluan aurreikusten dituen baldintzen araberako erabakia hartuta.

II.
EUSKARA IKASTEKO ETA HOBETZEKOAK

4. artikulua. Onuradunak.

Honako baldintza hauek betetzen dituztenek eskatzen ahal dituzte dirulaguntzak, eta baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira:

a) Diruz lagundutako ikastaroaren %80an parte hartu duela frogatzea.

b) Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea osatzen duten herrietan erroldatuta egotea.

c) Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearekiko eta Mankomunitatea osatzen duten udalekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea (mankomunitateak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko).

Baldintza hauek dirulaguntza aurreratua kobratzea eskatzen dutenek epe bakoitzean bete beharko dituzte. Horietako eperen batean ez badituzte betetzen goian aipatutako baldintzak, epe horretarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

5. artikulua. Eskabideak.

Eskatzaileek aurretiazko eskabidearen inprimakia aurkeztu beharko dute, dagokion bezala beteta eta sinatuta, horretarako ezarri den epean eta lekuan.

–Ikastaroa egin duenaren NANaren fotokopia.

–Euskaltegiaren ziurtagiria, bertan honako hauek adieraziko dira: ikastaroaren hasiera eta amaiera datak, ordaindutako matrikula, izandako asistentzia, eginiko urratsak edo mailak, eta gainditu diren ala ez.

–Bere zerga-betebeharrak egunean dituela ziurtatzeko beharrezkoak diren egiaztapenak dagokion udalak beren kabuz egin ditzan baimena eman beharko dio eskatzaileak eskaera-orrian.

–Baimenik eman ezean, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

–Ikastaro beragatik beste erakunde pribatu edo publikoren batek dirulaguntzarik eman badio edo oraindik erantzunik ez ezagutu arren beste dirulaguntzarik eskatuta baldin badauka, eskabidearen inprimakian bertan azaldu beharko du zein erakunderi eskatu dion eta, dagoeneko erantzuna jaso badu, zein den jaso edo jasoko duen diru kopurua.

6. artikulua. Dirulaguntzaren ezaugarriak.

Mankomunitateak urtero erabakiko du, ikasturte berria hasi baino lehen, 4. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen eta egiaztatzen dituzten eskatzaile horiek matrikularen zein ehuneko jasoko duten dirulaguntza gisa eta gehienez zenbat jasotzen ahalko duten.

Diruz lagunduko dira Ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta informatika bidezkoak. Ez dira diruz lagunduko kilometrajea, egoitza eta otordu gastuak.

Dirulaguntza hauek, maila bakoitzari dagokionez, gehienez ere, hiru urtetan kobratu ahal izango dira.

Dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuk helburu berberaz emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik ez bada.

Atal honetan aipatutako hobarien jabe egin nahi dutenek Mankomunitatean aurkeztu beharko dituzte horretarako eskatzen zaizkien datu eta agiri guztiak eta horiek egiaztatzeko egin behar diren azterketa guztiak onartu beharko dituzte.

III.
EUSKARA HUTSEZKO UDALEKU ITXIETAN PARTE HARTU DUTEN HAUR ETA GAZTEENDAKOAK

7. artikulua. Onuradunak.

Honako baldintza hauek betetzen dituztenek eskatzen ahal dituzte diru-laguntzak (baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira):

a) Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikaslea izatea.

b) Euskara Zerbitzua osatzen duten udalerrietako batean erroldatua egotea gutxienez diru-laguntza eskatzen den data baino urtebete lehenagotik.

c) Udal horiekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea.

Dirulaguntza hauetatik kanpo geldituko dira honako hauek:

a) Txango eta bidaiak.

b) Barnetegi erregimena eskatzen ez duten kirol campusak.

c) Barnetegi erregimena eskatzen ez duten hiri-udalekuak edo udaleku irekiak.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuk helburu berberaz emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada.

8. artikulua. Eskabideak.

Dirulaguntza eskuratzeko eskabidea udalekura joan den haur edo gaztea ordezkatzen duen aita/ama/tutoreak egin beharko du.

Eskatzaileek dirulaguntza eskaeraren inprimakia aurkeztu beharko dute, dagokion bezala beteta eta sinatuta, horretarako ezarritako epean, moduan eta lekuan, honako agiriekin batera:

a) Udalekura joan den haurra edo gaztea ordezkatzen duen aita/ama/tutorearen NANren fotokopia.

b) Udalekura joan denaren erroldatze-agiria (antzinatasuna adierazi beharko da ezinbestean).

c) Udalekuari buruzko ezaugarriak (iraupena, hizkuntza, egitaraua) biltzen dituen dokumentua –entitate antolatzaileak izenpetua– edo publizitaterako erabili den euskarria.

d) Udalekua antolatu duen entitateak izenpeturiko asistentzia egiaztagiria.

e) Eskatzaileak udalekuaren gastu osoa ordaindu izanaren ordainagiria(k).

Urtero Mankomunitateak erabakiko du eskabideak aurkezteko epea eta emanen duen gehienezko diru kopurua.

IV.
ZUZENEKO EMAKIDAK

9. artikulua. Zuzeneko emakida araubideko dirulaguntzak, aldez aurreko deialdi publikorik egin beharrik gabe. Emakida-araubide hau salbuespenezkoa da eta honako dirulaguntza mota hauetara mugatzen da:

Toki erakundeen aurrekontuetan izendun gisa aurreikusitakoak, hitzarmenetan eta dirulaguntza horiek arautzen dituen araudian jasotako baldintzetan.

Ematea edo zenbatekoa Administrazioari lege mailako arau batek ezartzen dionean.

Beste dirulaguntza batzuk, salbuespen gisa, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak egiaztatzen dituztenak, edo deialdi publikoa zailtzen duten behar bezala justifikatutako beste batzuk.

10. artikulua. Onuradunak eta prozedura.

Legez eratutako erakunde, talde edota elkartea izatea, edo irabazi asmorik gabeko edozein entitate, edo euskara jarduerak burutzen dituzten gizabanakoak ala helburu bererako elkartutako pertsona taldeak.

Zuzeneko dirulaguntzen emakida bideratzeko ohiko tresna hitzarmenak izango dira eta herri eta gizarte onura egiaztatzen dituzten jardueretarako eman ahal izango dira, hau da, euskararen normalizazioan nabarmen eragiten duten ekintzetarako.

Mankomunitateak bere urteroko aurrekontuan mota honetako dirulaguntzetarako zenbat diru erabil daitekeen ezarri behar du, eta dirulaguntza bakoitzaren onuraduna, xedea eta zenbatekoa zehaztu behar dira.

Aurrekontua gauzatzeko oinarrietan hitzarmen bidez formalizatuko diren mota horretako dirulaguntzak zehaztuko dira. Hitzarmenetan dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko moduak zehaztu behar dira.

Ebazpenean, erabakian edo hitzarmenean honelako dirulaguntzei aplikatuko zaizkien denetariko baldintzak ezarriko dira; honako hauek agertu behar dira:

–Dirulaguntzaren xedea eta onuraduna, aurrekontuko esleipenarekin bat etorriz.

–Gastua zer aurrekontu kredituri egotziko zaion eta dirulaguntzaren zenbatekoa (onuradun bat baino gehiago egonez gero, banakatu egin behar da).

–Xede bererako beste administrazio edo erakunde publiko zein entitate pribatu batzuek -Estatukoek, Europar Batasunekoek nahiz nazioarteko organismoetakoek- emandako beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk jasotzearekin bateragarria denez.

–Dirulaguntza noiz eta nola ordainduko den, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egin daitezkeen, eta, behar denean, onuradunek aurkeztu beharreko bermeen araubidea.

–Onuradunak noiz eta nola frogatu behar duen dirulaguntza ezarritako xederako erabili duela eta jasotako funtsak behar bezala gastatu dituela.

–Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak ez betetzeak mailakatzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak jasoko duen edo itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko; proportzionaltasunaren printzipioan oinarritu behar dira.

–Dirulaguntza behar bezala justifikatzen dela bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistro berezien zehaztapena, beharrezkoa izanez gero.

11. artikulua. Eskabideak.

Hitzarmen bidezko dirulaguntzen kasuan, hitzarmen bakoitzean zehaztuko da onuradunek eskabideak noiz, non, nola eta zer agiri aurkeztu behar diren.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honen garapenerako egoki eta beharrezko diren erabakiak hartuko dituzte, aldian-aldian, horretarako aginpidea duten Mankomunitateko organoek. Hori horrela, bada, euskararen erabilera bultzatzeko xedez, berariazko egitasmoak jarriko ditu martxan Mankomunitateak.

Egitasmo horietako bakoitzak arau eta baldintza bereziak izango ditu, nahiz eta betiere Ordenantza honen ildotik ezarriak izan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera sartuko da indarrean, eta indarrean egongo da Udalak hori aldatzea edo indargabetzea erabaki bitartean.

Iragarkiaren kodea: L2209887