153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUDAIRIKO KONTZEJUA

Ordenantza, erabilera publikoko bideen aprobetxamendua eta erabilera arautzen dituena. Behin betiko onespena

Zudairiko Kontzejuko Batzarrak, 2022ko maiatzaren 10ean egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zudairiko Kontzejuko erabilera publikoko bideen aprobetxamendua eta erabilera arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 30ean, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Zudairin, 2022ko uztailaren 13an.–Kontzejuko burua, Diego Iriarte Osés.

ORDENANTZA, ZUDAIRIKO KONTZEJUKO ERABILERA PUBLIKOKO BIDEEN APROBETXAMENDUA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

Naturagune eta landa-eremuak gero eta gehiago erabiltzen dira aisialdirako espazio gisa gure gizartean.

Duela urte batzuetatik hona, nabarmen handitu da turismoa Ameskoa ibarretan, eta gero eta pertsona gehiagok gozatzen dute aisialdiaz eta denbora libreaz naturarekin kontaktuan.

Bestalde, prozesu horretan nabarmentzekoa da orokortu egin dela ibilgailu pribatuaren erabilera. Naturaguneetan pertsona gehiago sartzeaz gain, barreiatuago sartzen dira, eta orain dela gutxi arte irisgarriak ez ziren eremuetara iristen dira.

Bisitarien kopuruak gora egin duenez, batez ere udan, beharrezkoa da ordenantza honen bidez arautzea ondasun publikoen erabilera (bide publikoak eta aparkatzeko bereziki egokitutako guneak), bisitariei dagokienez.

Bestalde, araudi honek antolatu nahi du autokarabanen estazionamendua Zudairiko herrigunean, haien baimendutako gehieneko pisua (BGP) 3.500 kg-koa edo hortik beherakoa denean.

Autokarabanen erabilera kontuan izanik, aldian behingoa baita, asialdiari eta oporrei lotua, justifikatuta dago estazionamendu murriztuko eremuak ezartzea, autokarabanek ez ditzaten okupatu errotazio handiagoa eskatzen duten aparkaleku-plazak. Horri erants dakioke ikuspen arazoak sortzen dizkietela oinezkoei eta bide publikoaren gainerako erabiltzaileei.

Azkenik, Urederra ibaiko bainu-eremurako sarbidea arautu nahi da udan, erabiltzaileen segurtasuna zaintzeko eta Zudairiko bide publikoetan ibilgailuen saturazioa saihesteko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Zudairiko herriko espazio publikoen eta bideen erabilera arautzea, zirkulazioa eta aparkatzea antolatzeko udan.

2. artikulua. Definizioak:

–Udako aldia: ordenantza honen ondorioetarako, udako aldia da ekainaren 15etik irailaren 15era arteko aldia.

–Baimendutako aparkalekuak (publikoak edo pribatuak): ibilgailuak aparkatzeko eremua, behar bezala seinaleztatua. Gaur egun 50 plaza daude.

–Aparkatzea: ibilgailu bat gelditzea 10 minutu baino luzaroago.

–Gelditzea: ibilgailu bat gelditzea 10 minutu baino denbora laburragoan, pertsonak edo salgaiak utzi edo jasotzeko.

–Aparkatzeko txartela: ibilgailu bakoitzak izan dezakeen egiaztagiria, udako aldian aparkatzea baimentzen diona.

3. artikulua. Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatuarekin bat, kontzejuetako kudeaketa eta administrazio organoei dagozkie, besteak beste, honako eskumen hauek:

–Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haren aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

–Mugarteko landabideak zaindu, artatu eta begiratzea, baita kontzejuetako interesekoak baino ez diren gainerako erabilera eta zerbitzu publikoko ondasunak ere.

–Bideak garbitzea.

II. TITULUA

Sarbidea herrigunera eta bide publikoaren erabilera

I. KAPITULUA

Sarbidea eta zirkulazioa herrigunean

4. artikulua. Ibilgailuek udako aldian debekatua dute herrigune guztian aparkatzea, ez baldin badute Zudairiko Kontzejuak aparkatzeko ematen duen txartelik. Soilik aparkatu ahal izanen da baimendutako eta behar bezala seinaleztatutako aparkaleku eremuetan. Aparkatzeko txartelik ez duten ibilgailuek nahitaez aparkatu beharko dute baimendutako aparkaleku eremuetan. Debeku hau bertan behera gelditu ahal izanen da herriko jaietan eta jendetza handia dakarten beste ekitaldi batzuk daudenean.

5. artikulua. Debeku da aparkatzea edo gelditzea zirkulaziorako ikuspena oztopatzen den tokietan edo bide publikoan pasatzea eragozten denetan. Aparkatzeko gunea esplizituki adierazi gabeko eremuetan, aparkatuko da espazioaren arrazoizko erabilera kontuan hartuz, eta oinezkoendako pasabideak oztopatzea saihestuz.

6. artikulua. Baimendutako gehieneko pisua 3.500 kg bitartekoa duten autokarabanak aparkatzen ahalko dira, soilik, Kontzejuak seinaleekin zehazten dituen eremuetan. Hala, Zudairiko herrigunean, soilik aparkatu ahalko dute Ameskoabarrengo ibilgailuen erroldan alta emanda dauden autokarabanek, baldin eta haien titularrak Zudairin erroldaturik badaude.

Orobat, Kontzejuak autokarabanen estazionamendua baimendu dezake salbuespenez, ezarriko dituen baldintzetan, interesdunak eskatu ondoan.

7. artikulua. Herrigunean gehienez ere 20 kilometro orduko abiaduran zirkula daiteke.

II. KAPITULUA

Aparkatzeko txartela

8. artikulua. Zudairiko Kontzejuaren ardura da aparkatzeko txartela ematea; hala ere, kontuan hartuta Ameskoa ibarretako herrietako bizilagunek beren artean harremanak dituztela (merkataritza, familia eta abar), txartel hori jasotzeko eskubidea izanen dute Limitaciones mendiko pista eta bideetatik zirkulatzea baimentzen duen txartela dutenek (Ameskoetako Limitaciones Mendiko Batzarreak ematen du azken hori).

Salbuespen gisa, Kontzejuak aldi baterako txartel berezia eman ahal izanen die Zudairin etxebizitza duten pertsona fisiko eta juridiko guztiei, ez baldin badute Ameskoetako Limitaciones Mendiko Batzarreak emandako txartelik.

Aldi baterako txartel bereziak generikoak izanen dira, eskatzaile titularraren izenean.

Urederra ibaiko bainu-eremurako sarbidea (Zentraleko bidea).

9. artikulua. Zentraleko bidea ibilgailu motordunekin erabiltzeko mugak.

Zudairiko Kontzejuak Zentraleko bidea erabiltzeko mugak ezartzen ditu, honako kasu hauetan:

a) Udako aldian, ekainaren 15etik irailaren 15era, biak barne, ibilgailu motordunekin bide hori erabili ahal izanen dute soilik honako hauek: sarbidea bertatik duten lurzatien eta higiezinen titularrek.

b) Zoruaren egoerak hala eskatzen duenean, tonaje-arrazoiengatik.

II. TITULUA

10. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, baldin trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez badu.

Zehazki, arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan araututakoaren arabera aparkatzeko ezarritako tokitik kanpo aparkatzea, eta aparkatzeko txartelak gehiegikeriaz edo iruzur eginez erabiltzea.

Hala, txartela gehiegikeriaz edo iruzur eginez erabiltzen dela uste izanen da, besteak beste, txartelen edo txartel berezien kopia egiten bada eta hirugarren bati hori ematen bazaio Kontzejuaren baimenik gabe.

Arau-hauste arintzat joko da, betiere, udako aldian eremu baimenduetatik kanpo aparkatzeari dagokionez ordenantza honetan jasotako xedapenak ez betetzea.

2. ATALA

Zehapenak

11. artikulua. Motak.

1. Arau-hauste arinak 100,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak, berriz, 200,00 euroko isunekin.

III. TITULUA

Zehapen prozedura

12. artikulua. Prozedura.

Prozedura izapidetuko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

13. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalen barnean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari, eta prozedura buka daiteke berariazko ebazpenik eman behar izan gabe. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

14. artikulua. Eskumena.

Eskumena duen toki-erakundeko buruari dagokio ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzea, edo, hala izanez gero, horretarako beharrezkoak diren eskumenak eskuordetzan eman zaizkion erakundeari; horrek organo eskudun zehatzaileari atzematen diren arau-hausteen berri emateko ahalmena izanen du. Hori guztia, deusetan ukatu gabe erakunde horretako langileei ematen zaizkien ahalmenak ordenantza honetan jasotakoak antolatzeko eta betetzen direla kontrolatzeko.

Iragarkiaren kodea: L2209995