153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LUZAIDE

Ordenantza fiskala, hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Luzaideko Udaleko Kudeaketa Batzordeak, 2022ko apirilaren 2an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta jendaurrean jartzea Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala (2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 24koa).

Bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin, Nafarroako Toki Araubidea gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legean emandako idazketaren arabera, eta jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik, erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsita gelditzen da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Luzaiden, 2022ko uztailaren 7an.–Kudeaketa Batzordeko burua, Nicolás Camino Caminondo.

ORDENANTZA FISKALA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da babes duelarik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta ondoko artikuluetan xedatutakoa.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da edozein hirigintza-jarduketa mota tramitatzeko zerbitzu teknikoak edo administratiboak ematea, xede dutenak ikuskatzea eraikuntza egintzak, lurzoruaren erabilera eta abar bat datozela ordenamendu juridikoarekin oro har, eta hirigintzako ordenamenduarekin bereziki.

3. artikulua. Udalaren hirigintza-jarduketa hauek daude ordenantza honi loturik, besteak beste:

a) Lizentzia eskaerak (obrak eta abar), jasotzen direnak uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

b) Udal Planaren aldaketa puntualak tramitatzea.

c) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

d) Lerrokaduren azterketa osagarriak edo xehetasun-azterketak tramitatzea.

e) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

f) Lur banantzeak tramitatzea.

g) Birpartzelazioak edo kudeaketarako beste figura batzuk tramitatzea.

h) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

i) Hirigintza arloko kontsultak.

j) Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak.

k) Jarduera sailkatuetarako lizentziak, irekitzeko, jarduera kaltegabeetarako eta abarretarako.

l) Ofiziozko udal jarduketak, obrak nola gauzatzen diren kontrolatzeko eta ikuskatzeko, aurri-adierazpeneko espedienteak tramitatzeko, eta betearazpen aginduak emateko espedienteak tramitatzeko.

m) Eta, oro har, aurrekoen artean ez dagoen hirigintzako beste edozein tramitazio, baldin eta sartzen bada uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren babespean (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Tramitazioen bukaeran ez bada ematen lizentziarik edo beste ebazpenen bat, dela uko egiteagatik edo beste arrazoiren batengatik, edo bukatzen badira lizentzia ukatuta, hala ere tasa kobratuko da, baldin txosten teknikoak egin badira edo aholkularitza eman bada.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Sortzapena.

1. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da txosten teknikoa (bat edo gehiago) egiten denean, baita udal-aholkularitzako zerbitzuak benetan eman direnean eta hirigintza-jarduketari buruzko iragarkiak prentsan argitaratu direnean ere.

2. Tasa sortzen da nahiz eta interesdunak uko egin eskabideari, baldin eta aurreko apartatuan ezarritakoa bete bada.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta hirigintzako tramitazioa eskatzen badute.

Ofizioz abiatutako udal espedienteak tramitatzean, higiezinaren jabea izanen da subjektu pasiboa.

Tarifak

6. artikulua. Udal aholkularitzak, egindako txosten teknikoek eta prentsan argitaratzen diren iragarkiek zer kostu duten, horrenbeste izanen dira aplikatu beharreko tarifak, ordenantzaren 3. artikuluan aipatzen diren hirigintzako jarduketei dagokienez.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Hirigintza-jarduketako espedientea tramitatu ondoren, txosten tekniko guztiak egin ondoren edo udal-aholkularitzako zerbitzua benetan eman ondoren, eta, hala badagokio, jarduketari buruzko iragarkiak prentsan argitaratu ondoren, benetako kostua jakinda, likidazioa eginen da kostu hori dagokionari jasanarazteko, eta bertan jasoko dira subjektu pasiboaren izena, tasaren likidazio-kontzeptua eta haren zenbatekoa.

Udalak zehazten duen banku entitatean ordainduko da tasa hori, jakinarazpenaren ondoko hilabetearen barnean.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2209874