153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO

Aldaketa, eguzki-energia zelula fotovoltaikoen panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez jasotzeko instalazioen ezarpena arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Alloko Udalak, 2022ko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, legez eskatutako gehiengoz erabaki zuen hasiera batez onestea Allon eguzki-energia hartzeko instalazioak arautzen dituen ordenantzaren 17. artikulua aldatzea, plaka fotovoltaikoak instalatzeko eskaerak errazteko. Hala, 17. artikuluaren lehengo testua honako honen bidez aldatu zen:

“17. artikulua. Obra-lizentzia tramitatzea eta erantzukizunpeko adierazpena.

1.–Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Alloko Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, kasua zein den, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

2.–Betiere,udalaren obra-lizentzia beharko dute instalazioek, baldin eta beste administrazio publiko batzuen aldez aurretiko hirigintza-baimenak edo bestelakoak behar badituzte, aplikatu beharreko legediari jarraituz. Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.

3.–Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, indarrean dagoen Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeak edo horrekin zerikusia duen edo hori ordezten duen araudian hala xedatutako obrak egiteko.

4.–Gainerako kasuetan, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

5.–Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.”

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, hasierako aldaketa-erabakia jendaurrean jarri zen, eta 2022ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 7an. Ez zen erreklamaziorik, eragozpenik edo oharrik aurkeztu. Beraz, erabaki hori behin betiko bihurtzen da, eta ondorio juridikoak izanen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Allon, 2022ko uztailaren 21ean.–Alkatea, Susana Castanera Gómez.

Iragarkiaren kodea: L2210103