153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

669E/2022 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Andosillako Udal Plan Orokorrean egiturazko aldaketa bat egiteko lurzoru urbanizaezinari buruzko 77.2 artikuluan. Jose Miguel Pagola Lopezek sustatu du aldaketa.

Andosillako Udalak 2022ko urtarrilaren 27an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurreko aldia ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 10ekoan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da lurzoru urbanizaezinean eraikitzeari buruzko araudia osatzea, eta, hala, arau zehatzagoak ezartzea nekazaritzako berotegiak jartzeari begira. Hori horrela, epigrafe berri bat eransten zaio lurzoru urbanizaezinetarako araudiari buruzko 77.2 artikuluari; bertan ezarriko dira berotegiak eraikitzeko bete beharreko baldintza partikularrak eta zehaztapenak.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2022ko apirilaren 1ean emandako txostenak adierazi duenez, joera dago Ebro eta Ega ibaien ibarretan –nabarmenagoa Ebrorenean– berotegiak ezartzeko ia lurzati guztiak hartuta. Horren ondorioz, neurri eta baldintza sorta bat proposatu du, jarduera hori ingurumenean eta paisaian hobeki txertatzeko. Jarduera antolatzeko plano bat egin beharra nabarmendu du, zeinetan identifikatu eta kokatuko baitira inguruneko ingurumen kalitatea hobetzera bideratuko diren landaredi naturaleko eremuak (bai dagoeneko hor daudenak, bai lurzoru erreserba direnak); ingurumen- eta paisaia-integraziorako behar diren baldintzak ere zehaztuko dira. Kontsiderazio horiek behar bezala sartu dira berotegiei buruzko lurzoru urbanizaezinetarako araudiaren 77.2.h) artikuluan. Horrenbestez, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egin da Andosillako Udal Plan Orokorrean egiturazko aldaketa bat egiteko lurzoru urbanizaezinari buruzko 77.2 artikuluan, eta ondorioztatu da ez duela ingurumen eraginik sortzen. Aldaketa Jose Miguel Pagola Lopezek sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Andosillako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2209796