153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

75/2022 FORU DEKRETUA, uztailaren 20koa, urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua aldatzen duena, zeinaren bidez ezartzen baita Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren.

Urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez (2019ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 7koan), Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, atalen mailaraino.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 21eko 88/2021 Foru Aginduaren bidez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren bulego mailako egitura organikoa ezarri zen.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoa urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren V. kapituluan arautzen da, 81. artikulutik 91. artikulura bitarte (foru dekretu horren bidez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen). Kapitulu horrek, ataletan banatuta (1. atala: Eskumenen esparru materiala eta egitura; 2. atala: Komunikazio Zerbitzua - Gobernuaren Eledunaren Bulegoa; eta 3. atala: Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzua), zerbitzuen eta atalen eskumenen esparrua, egitura eta esparru material eta funtzionala garatzen ditu.

Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuaren esparru material eta funtzionalari dagokionez, 88. artikuluak honako hau xedatzen du:

Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Nafarroako Gobernuaren protokoloa eta zeremoniala.

b) Gobernuak erakundeekin, entitateekin eta pertsonekin dituen harreman sozialak.

c) Nafarroaren errealitatea ezagutarazteko ekimenak antolatzea eta ohiz kanpoko ekitaldietan parte hartzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek euskarri inprimatuan, ikus-entzunezkoan eta digitalean egiten dituzten argitalpenen plangintza eta edizioa koordinatzea, sustatzea eta banatzea.

e) Nafarroako Gobernuaren Argitalpenen Katalogoko salmenta prezioak baimen ditzala proposatzea Nafarroako Gobernuari.

f) Edizio prozesuarekin lotutako edozein alderdiri buruzko aholkuak ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuei.

g) Nafarroako Foru Komunitatea ordezkatzen duten adierazpen grafikoen identitateari buruzko arauak proposatu, garatu, aplikatu eta kontrolatzea.

h) Garrantzi berezia duten Nafarroako Gobernuaren argitalpenak sustatzeko jarduerak antolatzea, inprimatuak izan, ikus-entzunezkoak, digitalak zein euskarri berezietan eginak.

i) Nafarroako Foru Komunitatearen iragana, oraina eta etorkizuna ezagutzeko garrantzi berezia duten lanak argitaratzeko proposamenak egitea Nafarroako Gobernuari, euskarri inprimatuan, ikus-entzunezkoan zein digitalean.

j) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak agintzen dion beste edozein eginkizun.

Aipatutako 88. artikuluan ezarritako eginkizunak zorroztasun eta eraginkortasun handienarekin betetzeko, proposatzen da Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuaren egitura aldatzea, Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboko Atal bat sortuz. Atal horrek zeharka beteko ditu kudeaketa tekniko-administratiboaren inguruko eginkizunak, zerbitzuari eta hura osatzen duten atalei esleitutako zereginei dagokienez.

Atal berria sortzeko, urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua aldatu behar da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena, 89. artikuluari dagokionez, eta 91 bis artikulua gehitu behar da, Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboko Atala arautzeko.

Espedientean jasota daude Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren txostena eta Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiarena.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko uztailaren hogeian egin bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 259/2019 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Bat.–89. artikulua aldatzen da (Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuaren egitura). Hona hemen:

“Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Protokolo Atala.

b) Argitalpen Atala.

c) Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboko Atala.”

Bi.–91 bis artikulua gehitzen da. Hona hemen:

“91 bis artikulua. Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboko Atalaren esparru material eta funtzionala.

Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuak esleituta dituen eginkizunak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren eginkizun administratiboak koordinatzea.

b) Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuko langileen giza baliabideen kudeaketa administratiboa.

c) Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuan sortzen diren espediente administratiboen kudeaketa, tramitazioa eta artxiboa koordinatzea.

d) Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuko kontabilitatearen kudeaketa koordinatzea.

e) Zerbitzuaren jarduerarako erabiltzen diren datu-baseak eguneratzeko eta mantentzeko lanak koordinatzea.

f) Aplikazio informatikoak eta neurri teknikoak koordinatzea eta kontrolatzea, ekoizpen administratiboa hobetzeko, eta horien ezarpenaren jarraipena egitea.

g) Erosketen kudeaketa eta kontrola eta hornitzaileekiko harremanak (opari instituzionalak, banderak, ostalaritzako hornitzaileak, langileen jantziak...).

h) Ekitaldiak kudeatzeko aplikazioaren (Stela) laguntza teknikoa, mantentze-lanak eta kudeaketa egitea.

i) Atalaren jardueren urteko memoria prestatzea.

j) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, zerikusia baldin badu Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuaren eskumenen esparru materialarekin.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko uztailaren 20an.–Javier Remírez Apesteguía, Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea, lehendakariaren ordez.–Javier Remírez Apesteguía, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria.

Iragarkiaren kodea: F2210220