152. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Udal ordenantza, arautzen duena autokarabanen, karabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzu eremua. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2022ko martxoaren 31n egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzu eremua arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespen hori 2022ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 25ean, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza.

Hura behin betiko onetsita, bidezko da haren testu osoa argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Lekunberrin, 2022ko ekainaren 30ean.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

ERANSKINA

UDAL ORDENANTZA, AUTOKARABANEN, KARABANEN ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUEN ZERBITZU EREMUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, bermatzea betetzen dela Nafarroako Gobernuaren araudi autonomikoan kanpaldi libreaz egiten den debekua, eta, bestetik, arauak ezartzea Lekunberriko udalerrian autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak ostatatzeko erabil daitezen, Errotazelai alderdian gaitu den eremuaren barrenean. Horren guztiaren helburua da bertako natura baliabide eta espazioak zaintzea, bizikidetza erraztea Lekunberriko bizilagunen eta autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak erabiltzen dituzten turisten artean, eta bermatzea bai pertsonen segurtasuna, bai aparkaleku publikoen beharrezko errotazioa eta banaketa zuzena, autokarabanen, karabanen eta etxebizitza-ibilgailuen eremuaren erabiltzaile guztien artean.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Zehapena ezarriko zaio Lekunberriko udal-mugartean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aitzinetik baimena eskuratu.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Bi aterpe mugikor edo gehiago paratzea –karabana, autokarabana, kanpadenda edo aise garraiatu eta desmuntatzeko gisako elementua–, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.

b) Autokarabanen aparkalekuan egotea ordenantza honetan ezarritako denbora baino gehiago.

4. artikulua. Aparkatzearen eta kanpatzearen arteko desberdintasuna.

Zilegi da gelditzea eta aparkatzea autokarabanendako, karabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko eremuan.

Aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana, karabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1. Gurpilekin edo segurtasun altxagarriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu paraturik ere).

2. Ibilgailu itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainditzen duen elementurik hedaturik ez dagoelarik.

3. Inolako isurkari kutsatzaileren igorpenik gertatzen ez bada, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bidez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasungarritasunaren kontrako portaerarik agertzen ez bada, urak bide publikoan hustea kasu.

4. Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz atseden hartzeko ohiko ordutegian, hau da, 22:00etatik 8:00etara.

Eremua egonaldirako edo gaua igarotzeko erabiltzen duten autokarabanek eta etxebizitza-ibilgailuek plaza bakoitzaren espazioaren mugak errespetatuko dituzte beti, eta inoiz ezin izanen dira kanpora atera mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak edo bestelako tresnak. Plaza horiek egonaldirako erabiliko dira soilik.

5. artikulua. Aparkatzea.

Udal-mugarte osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita. Gainera, nahitaezkoa izanen da autokarabana, karabana eta etxebizitza-ibilgailu guztiek gaua pasatzea Lekunberriko udalerrian horretarako prestatu den aparkalekuan, Errotazelai kalean dagoen aparkalekuan.

6. artikulua. Aparkatze denbora.

Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak gehienez ere 48 orduz egon daitezke jarraian eremuan aparkaturik. Udalak mugatzen edo debekatzen ahalko du, gainera, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak eremu publikoko zonalde mugatuetan aparkatzea, arrazoi objektiboak eta etxebizitza-ibilgailuen tamaina edo baimendutako gehieneko masa direla-eta, bide-segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten badiete.

7. artikulua. Lekunberriko autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzu eremua.

Lekunberriko Errotazelai aparkalekuaren barnean autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako zerbitzu eremura bideratutako zonaldean (sarbidea: NA-7510 errepidea, Aralarko San Migelgoa), badaude erreserbatutako plazak autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eta gaua igarotzeko, zerbitzu hauekin: estolda-sarerako sarbidea duten hustubide edo estolda-zuloak, hondakinak isuri eta tratatzeko, eta edateko ura, Burundegia kaleko 6. zenbakiko behean.

8. artikulua. Errotazeilaiko zerbitzu eremua erabiltzeko arauak.

Zerbitzu eremu hau erabilera arau hauen mendean egonen da:

1. Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ezin dira aparkatu eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, turismoak, etab., etxebizitza-ibilgailu gisa homologaturik ez badaude, eta komuna eta ur erabilien biltontzia ez badituzte.

2. Ibilgailu aparkatuek betiere errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak.

3. Gehienez ere 48 orduz egon daitezke, gelditzen diren unetik plaza uzten duten arte. Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta Udalak aurretiaz baimendua bada.

4. Eremuak baditu ur gris eta beltzak husteko espazioa eta edateko uraren hargunea.

5. Lekunberrin erroldatutako pertsonek erabili ahal izanen dute ur grisak eta beltzak husteko eta edateko ura hartzeko zerbitzua.

6. Biltontziak husteko eremuan ezin izanen da aparkatu, eta oztoporik gabe egon behar da, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ez den bitartean. Erabiltzaileek, erabili ondoren, higienea mantendu beharko dute.

7. Berariaz debekatuta dago eremu osoan edozein motatako ibilgailuak garbitzea; inola ere ez dira erabiliko xaboiak edo garbiketarako detergenteak. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.

8. Zerbitzuen eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzu eremuek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

9. Orobat, debeku da kanpatzeko tresnak paratzea bide publikoan eta bereziki autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak, olanak edo antzekoak.

10. Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako zerbitzu eremu honetan zilegi da gaua igarotzea.

9. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ez betetzea edo urratzea ordenantza honen artikuluetako edozein, eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak; toki-korporazio honi dagokio egoki diren ikuskaritza eta zehapen eginkizunak betetzea.

Ordenantza hau betetzen dela zaintzeaz arduratuko dira Udalak horretarako ahalmena ematen dien pertsonak.

10. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1. Lekunberriko Udaleko alkatea da, edo hark eskuordetutakoa, zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2. Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzearen gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3. Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta bertan interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko dira, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu bada, interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik, edo jarduketa judizialen ondorioz eten bada.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Honela daude sailkatuta:

a) Arau-hauste arina da:

–Mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak edo beste edozein tresna kanpoaldera ateratzea.

–Ordaintzeko tiketa ez jartzea ongi ikusteko moduko tokian.

b) Honako hauek arau-hauste astuntzat hartuko dira:

–Zerbitzu eremuko edozein leku garbi ez edukitzea.

–Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako plazetan 2 egun jarrai baino denbora luzeagoan egotea, horretarako baimenik izan gabe.

–5. artikulua urratzea, karabanak edo autorik gabeko atoiak aparkatuta Lekunberriko udal-mugartean.

c) Arau hauste oso astunak:

–Autokarabanak, etxebizitza-ibilgailuak eta edozein motatako ibilgailuak zerbitzu eremuan garbitzea.

–Zerbitzu eremuko altzariak hondatzea.

–Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko tokietan ibilgailuak, kamioiak, karabanak, autoak, etab. aparkatzea eta/edo han gaua igarotzea.

–Gai kutsatzaileak isurtzea.

Zehapenak:

–Arau-hauste arina egiteagatik, 60,00 eta 90,00 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

–Arau-hauste larria egiteagatik, 91,00 eta 600,00 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

–Arau-hauste oso larria egiteagatik, 600,00 eta 3.000,00 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

12. artikulua. Arau-hausteen erantzukizuna.

Autokarabanak, karabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Lekunberriko Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko baldin eta gorabeherak, lapurretak edo gisakoak gertatzen badira aparkatuta dauden autokarabanetan eta etxebizitza-ibilgailuetan.

Arau-hauste den egitatearen egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren aurkako arau-hausteen erantzulea, edo egile horren tutoretza duena, adingabekoa bada.

Dagokionean, araua hautsi duen ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzulea nor den, horretarako errekerimendua egiten bazaio.

Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu, haren zehapena 300,00 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2209670