152. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1367/2022 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 30ean onetsi duen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lanen arauak onesten dituena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekreturen bidez onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 30ean hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lanen arauak onetsi dira.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASKETA AMAIERAKO LANEN ARAUAK ONESTEN DITUENA

Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak, unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituenak, aditzera ematen du unibertsitateko graduko eta masterreko ikasketa-plan guztietan ikasketa amaierako lan bat (aurrerantzean, IAL) egonen dela, ikasleek tituluaren ezaugarri diren ezagutza, gaitasun eta trebetasunak menderatzen eta aplikatzen dituztela frogatu ahal izan dezaten, eta hori gainditzea ezinbestekoa izanen dela titulu ofiziala lortzeko.

Errege Dekretuak adierazten du unibertsitate bakoitzak bere araudia ezarriko duela IALak arautzeko.

Beraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokio, bere autonomiaz eta egiaztapen-memoriez baliatuz, ikasketa amaierako lanen oinarrizko alderdi akademiko eta antolamenduzkoak arautzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren tituluen IALen antolaketan, garapenean eta ebaluazioan homogeneotasuna bermatuko duten irizpideak eta prozedurak bateratzeko.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakaskuntzako errektoreordeak proposaturik, bere kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2022ko ekainaren 30ean egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lanen arauak. Erabaki honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.–Erabaki hau Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendariei eta Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari helaraztea. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena.–Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du. Interesdunek zilegi dute erabaki honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, zuzenean.

Bosgarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.”

Iruñean, 2022ko ekainaren 30ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ZIOEN AZALPENA

2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak, Unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituenak, aditzera ematen du unibertsitateko graduko eta masterreko ikasketa-plan guztietan ikasketa amaierako lan bat (aurrerantzean, IAL) egonen dela, ikasleek tituluaren ezaugarri diren ezagutza, gaitasun eta trebetasunak menderatzen eta aplikatzen dituztela frogatu ahal izan dezaten, eta hori gainditzea ezinbestekoa izanen dela titulu ofiziala lortzeko.

Irakaskuntzen antolaketari buruzko aurreko errege-dekretua garatzeko (2007koa), zeinetan jasoa baitzegoen ikasketa-plan guztietan ikasketa amaierako lan bat egin beharra zegoela, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lanen Arautegia onetsi zuen Gobernu Kontseiluak 2014ko maiatzaren 27an egindako bileran. Arautegi hartan, lanen irakaskuntza- eta antolamendu-alderdiak arautzen ziren, eta 2019an eta 2020an egindako aldaketen ondotik, beste alderdi batzuk ere bai: lanen ebaluazioa, lanak argitaratzea eta gordetzea eta haien jabetza intelektuala.

Bestalde, unibertsitateko irakaskuntzen antolaketari buruzko errege-dekretu berriak dio ikasleek unibertsitateko titulu bakoitzaren ezaugarri diren ezagutza, gaitasun eta trebetasunak menderatzen eta aplikatzen dituztela frogatzeko egin behar dela funtsean IALa, eta unibertsitate bakoitzak bere arauak ezarri behar dituela horretarako.

Beraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokio, bere autonomiaz eta egiaztapen-memoriez baliatuz, ikasketa amaierako lanen oinarrizko alderdi akademiko eta antolamenduzkoak arautzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren tituluen IALen antolaketan, garapenean eta ebaluazioan homogeneotasuna bermatuko duten irizpideak eta prozedurak bateratzeko.

ATARIKO KAPITULUA

Arautegiaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Arautegiaren xedea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialen ikasketa-planetan ezarriak dauden gradu amaierako lanak (GALak) eta master amaierako lanak (MALak) –hemendik aurrera, ikasketa amaierako lanak edo IALak– definitu, gidatu, prestatu, defendatu, ebaluatu, kalifikatu eta administratiboki tramitatzeari buruzko jarraibideak biltzen ditu arautegi honek.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizial guztietan aplikatu behar da arautegi hau, zeina 822/2021 Errege Dekretuaren babesean emana baita –2021eko irailaren 28koa, Unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituena–.

2.–Jarduera profesional arautuetan aritzeko gaitzen duten tituluen kasuan, titulua egiaztatzeko baldintzei buruzko aginduan ezarrita dagoenak arautuko du IALa, baina horrek ez du eragotziko subsidiarioki arautegi hau aplikatzea.

3.–Unibertsitate arteko programetan egiten diren IALen kasuan edo Nafarroako Unibertsitate Publikoak beste unibertsitate batzuekin ematen dituen titulu bikoitzetan, tituluak garatzeko sinatu den hitzarmenean ezarri denak arautuko ditu IALak. Baldin eta hitzarmenak ez badu jarraibide zehatzik ezarri IALei buruz, Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatuak dauden ikasleei baizik ez zaizkie aplikatuko arau hauek.

4.–Beste erakunde eta organismo publiko zein pribatuetan egindako IALek arautegi honetan ezarrita dagoena eta IALak egiteko entitate horiekin sinatutako lankidetza-hitzarmenetan jasota dagoena bete beharko dute.

3. artikulua. Ikastegien garapen-xedapenak.

1.–Ikastegietako batzordeek arautegi hau garatzeko xedapenak onetsiko dituzte hiru hilabeteko epean arautegia indarrean sartzen denetik, eta ikastegian ematen diren tituluen espezifikotasunetara egokituko dituzte. Ikastegi bakoitzak bere arauak izanen ditu, eta graduko eta unibertsitate masterreko titulu guztiei aplikatuko zaizkie.

2.–Ikastegi bakoitzaren garapen-xedapenetan ez dira errepikatuko arautegi honetan jasotako alderdiak.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Ikasketa Amaierako Lanaren izaera

4. artikulua. IALaren kontzeptua eta ezaugarriak.

1.–IALa nahitaez egin beharreko lan bat da, ikasleak graduko edo masterreko titulua lortzeko egin beharrekoa, zeinetan tituluaren egiaztapen-memorian ezarritako ezagutza, gaitasun eta trebetasunak eta hartan ezarritako moduan aplikatu eta garatu beharko baititu ikasleak.

2.–Ikasketa-planaren bukaerako fasean egin behar da, eta ikasle bakoitzak ikaskuntza-emaitzak zer mailatan lortu dituen ebaluatzera egonen da bideratua.

3.–IALak ikasketa-planean esleituak dituen ECTS kopuruari dagozkion lanorduetan egiteko modukoa izan behar da, kontuan hartuta ECTS bakoitza 25 lanorduren baliokidea dela.

4.–IALaren jabetza intelektuala aitortu eta babestuko zaie ikasleei, arautegi honetan eta gai horri buruzko lege indardunetan ezarritako moduan.

5. artikulua. IALaren tipologia.

Ikastegiek zilegi dute IALen tipologia ezartzea garapen-xedapenetan, titulu bakoitzaren testuinguruaren esparruan eta honako alderdi hauei buruz:

a) Saiakera zientifikoak, teknologikoak, humanistikoak edo artistikoak.

b) Lan enpirikoak.

c) Proiektuak.

d) Azterlan teknikoak, antolamendukoak eta ekonomikoak.

e) Egiazko kasu praktikoen analisia eta ebazpena.

f) Aurrekoen antzeko beste lan batzuk.

BIGARREN KAPITULUA

Irakaskuntza alderdien antolamendua

6. artikulua. IALaren kudeaketa eta koordinazioa.

1.–Ikastegiek dute ardura haiei atxikitako tituluetako IALak kudeatzeaz eta koordinatzeaz, eta ziurtatu behar dute lanen planifikazioa, garapena eta ebaluazioa bat datorrela tituluen ikasketa-planeko aginduekin eta arautegi honetan jasotakoarekin.

2.–Titulu bakoitzaren arduradun akademikoen eginkizuna da IALaren irakaskuntza-gida onestea, zeinak ikasleek eskuratzeko moduan egon behar baitu matrikula egin aurretik, eta hari dagokion akta sinatzea.

3.–Ikastegiek IALak egiteko orientabidea eta laguntza emateko prestakuntza-jarduerak diseinatzen ahal dituzte taldeka, IALean garatu beharreko gaitasunak ikas ditzaten ikasleek, hala nola ahozko eta idatzizko adierazpidea, informazio bilaketa eta ikertzeko eta esku hartzeko metodologiak.

7. artikulua. IALaren modalitateak.

1.–IALen bi modalitate planteatzen ahal dira, aintzat hartuta ikasle batek bakarrik (banakakoa) edo ikasle talde batek (taldekakoa) eginen duen:

a) Banakako modalitatean, ikasle batek gai jakin bati buruz egin eta defendatuko du IALa.

b) Taldekako modalitatean, berriz, ikasle batek baino gehiagok (jakintza-gai berekoak edo desberdinetakoak izaten ahal dira) elkarlanean eginen dituzte gai bati buruzko IALak. Lana konplexua delako edo gai jakin bat diziplinarteko ikuspegitik lantzea komeni delako aukeratu ahal izanen da modalitate hau, eta betiere taldekideen artean lanak aski bereizirik badaude ikasle bakoitzak memoria bat idatzi, bere lana defendatu eta kalifikazio indibiduala eduki dezan.

2.–Ikastegien garapen-xedapenetan, aditzera eman behar dira, graduen eta unibertsitate masterren ezaugarriak eta irakaskuntzako baliabideak aintzat hartuta, IALen zein modalitate eskainiko dituzten gradu eta master bakoitzerako, eta taldekako modalitatean gehienez ere zenbat ikaslek osatuko duten taldea.

8. artikulua. IALaren zuzendaritza.

1.–IALaren zuzendariak honako zeregin hauek ditu: IALaren espezifikazioak finkatzea, ikasleari orientabidea ematea gaiaren egiturarekin, filosofiarekin edo ikuspegiarekin zerikusia duten kontuei buruz, hasieran ezarritako helburuak emandako epean betetzeko modukoak direla ziurtatzea eta IALaren aurkezpena eta defentsa baimentzea.

2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak izanen dira IALen zuzendariak, irakaslanean aritzen direnak edo laguntzen dutenak. IALa nolakoa den, zilegi da IAL batek bi zuzendari izatea. IALa kanpoko praktiketan eta entitate laguntzaileetan edo katedren barrenean egin bada, entitateko goi mailako tituludun bati esleitzen ahal zaio zuzendarietako bat izatearen ardura, NUPeko zuzendariari lagundu diezaion IALa definitzen eta gainbegiratzen.

3.–IALa beste unibertsitate, ikerketa-zentro edo erakunderen batean eginez gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 19.1 artikuluan ezarritakoaren arabera lankidetza-hitzarmena sinatua duen erakunde batean, erakunde horretako doktoreak izaten ahalko dira IALen zuzendari. Kasu horretan, ikastegiak titulu horretan irakasten duen Nafarroako Unibertsitate Publikoko tutore bat esleituko du, IALa egokia dela berma dezan.

4.–Mugikortasun programen bidez beste unibertsitateren batean egiten diren IALen kasuan, ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Unibertsitate Publikoko zuzendari bat esleitzea.

9. artikulua. IALen eskaintza.

1.–Ikastegiek IALen gaien edo lan-ildoen eskaintza eta haiei zer zuzendari dagozkien jendaurrean jarri beharko dute beren ardurapeko graduko edo masterreko titulu bakoitzeko. Ikasle guztiek gai bana aukeratzeko adina gai eskainiko dituzte ikastegiek. Gaien edo lan-ildoen eskaintza ikasturte osoan zehar eguneratzen ahalko da.

2.–Graduko titulu ofizialen kasuan, eskaintza prestatu baino lehen, ikastegiek gaien edo lan-ildoen eta haien ardura izanen duten zuzendarien zerrenda eskatu behar diete graduetako bakoitzean irakaskuntza ematen duten sailei.

3.–Unibertsitateko master titulu ofizialen kasuan, eskaintza prestatu baino lehen, ikastegiek gaien edo lan-ildoen eta haien ardura izanen duten zuzendarien zerrenda eskatu behar diete master bakoitzaren zuzendaritza akademikoei.

4.–Ikastegiak ahalmena du sailei eta masterretako zuzendaritza akademikoei esateko IALen gaien edo lan-ildoen eskaintza handiagotu behar dela, uste badu ez dela aski, eta beti kontuan hartuz sailak titulazioan daukan parte-hartzearen ratioa. Era berean, sailak bere irakasle eta ikertzaileei esleitu behar die IALen gaien zuzendaritza, sailaren barrenean horretarako ezarriak dituen irizpideen arabera.

5.–Azkenik, ikastegiak erabakiko du IALen behin betiko eskaintzan gai jakin batzuk sartu edo ez, irizpide hertsiki akademikoetan oinarrituz. Horretarako, ikastegiak erabaki beharko du sailek eta zuzendaritza akademikoek aurkeztutako proposamenak baliozkoak diren. Proposamenen bat ez onartuz gero, horretarako arrazoiak azaldu beharko ditu ikastegiak.

6.–Ikasleek ere zilegi dute IAL zehatz bat proposatzea baldin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle edo ikertzaileren batek IALaren zuzendari edo tutore izatea onartzen badu. IALaren proposamen eskaera –I. eranskineko ereduarekin bat datorrena– tituluaren ardura duen ikastegiari bidali behar zaio. Ikastegiak proposamena onartzen ez badu, gehienez ere 14 egun naturaleko epean eman behar zaio horren berri eskatzaileari. MALen kasuan, masterraren zuzendaritza akademikoaren oniritzia eduki behar du proposamen eskaerak.

7.–Kasu guztietan, bai ikastegiaren eskaintzan bai ikasleen proposamenean aditzera eman behar da IALaren garapenean datu pertsonalik tratatuko den.

10. artikulua. IALen esleipena ikasleei.

1.–IALen eskaintza argitaratu eta gero, IALen esleipenean parte hartzea eskatzen ahalko dute ikasleek. Ikastegiak zehaztuko du nola esleituko diren IALak. Prozedura publikoa izan behar da, eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak errespetatu behar ditu.

2.–IALa behin betiko esleitzen denean, alde guztiak ados daudela ulertuko da (ikaslea, zuzendaria eta ikastegia).

3.–Esleipen eskakizunak bete arren ikasleren bati ez badizkiote esleitzen IAL bat eta zuzendari bat, zilegi izanen du ikastegira jotzea, eta ikastegiak egoera konpondu beharko du 14 egun naturaleko epean beranduenez ere.

4.–Ikasleek zilegi dute IALari uko egitea; horretarako, idazki arrazoitu bat aurkeztu behar diote ikastegiari. Ikastegiak uko egitea bidezkoa den ebatziko du, eta, beharrezkoa bada, beste IAL bat esleituko dio ikasleari 14 egun naturaleko epean beranduenez ere, aurretiaz alde guztiak ados jarri ondoren.

5.–Zuzendariek ere uko egiten ahal diote esleitu dieten IALari, ikastegiari idazki arrazoitu bat aurkeztuz. Ikastegiak uko egitea bidezkoa ote den ebatziko du, eta, hala bada, beste IAL bat esleituko dio zuzendariari 14 egun naturaleko epean beranduenez ere.

6.–4. eta 5. apartatuetan ezarritakoa gertatzen bada, ikastegiak erabakiaren berri emanen die alde guztiei (ikasleari, irakasleei, sailei eta zuzendaritza akademikoei, kasua bada).

7.–Bi ikasturtez izanen da baliozkoa IALaren esleipena. Denbora-tarte hori pasatuz gero, luzapen justifikatua eskatu behar da, hala badagokio. Aldi horretan IALaren zuzendariak NUPen zerbitzu emateari utzi edo baja hartuko balu, ikastegiak beste zuzendari bat, eta, kasua bada, beste IAL bat esleituko dio ikasleari 14 egun naturaleko epean beranduenez ere.

11. artikulua. IALaren memoria.

1.–IALa ebaluatzeko behar den dokumentazioak osatuko du IALaren memoria. Lana prestatu behar da IALa aurkezteko gida –ikastegi bakoitzak onetsia– kontuan hartuz.

2.–Nolanahi ere, honako elementu hauek edukiko dituzte memoriek: azala, 100-250 hitzeko laburpen bat gaztelaniaz edo euskaraz (zer hizkuntzatan egin behar den) eta ingelesez, eta gako hitzak.

3.–Datu pertsonalak dituzten IALek (inkestak, historia klinikoak, etab.) 21. artikuluan ezarritakoa bete behar dute.

4.–Kanpoko praktikekin batera egindako IALen kasuan, praktiken memoria ezin da erabili IALaren memoria gisa, nahiz eta horrek ez duen eragozten bi lanen artean lotura egotea eta elkarri erreferentzia egitea.

12. artikulua. IALa prestatzeko eta defendatzeko hizkuntzak.

IALaren memoria gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo Europako Unibertsitate Eremuan ofiziala den beste edozein hizkuntzatan idazten ahal da, erabat edo partzialki. Nolanahi ere, IALaren zuzendariaren eta ebaluazio organoaren hizkuntza-gaitasunak baldintzatuko du memoria eta haren defentsa zein hizkuntzatan egiten ahal diren. Ikastegiak aldez aurreko baimena eman behar du, eta hizkuntza-gaitasuna bermatu.

13. artikulua. IALaren ebaluazio organoa eta defentsa.

1.–Ekitaldi publiko batean defendatuko dira IALak, eta horretarako eratutako ebaluazio organoak ebaluatuko ditu, ikastegian agindutako moduan. Horretatik salbuetsiak egonen dira konfidentzialtasun konpromisoren bat bete behar duten IALak; kasu horretan, akordioko aldeen aurrean egiten ahalko da defentsa.

2.–Hiru aldi egonen dira IALak aurkezteko, eta irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordetzak zehaztuko ditu ebazpen baten bidez. Ikastegiak ezarriko du noiz eginen diren IALak defendatzeko deialdiak aldi bakoitzean, eta beranduenez ere IALak defendatu eta ebaluatu baino astebete lehenago eman beharko dira jakitera.

3.–Ebaluazio organoa osatzeko eta izendatzeko prozedura arautuko dute ikastegiek, eta honako baldintza hauek errespetatu beharko ditu beti:

a) Gradu amaierako lanetan, pertsona bat edo epaimahai bat izaten ahalko da ebaluazio organoa, eta tituluko irakaskuntza-arloetako irakaslez osatua egonen da.

b) Master amaierako lanetan, tituluko irakaskuntza-arloetako hiru irakaslez osatua egonen da epaimahaia, eta haietako bat Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpokoa izaten ahalko da.

c) Ebaluazio organoa epaimahai bat bada, epaimahaiburua izanen da maila bereko irakasleen artetik maila akademiko altuena eta antzinatasun handiena duen epaimahaikidea, eta beste kideetako bat idazkaria.

d) Unibertsitate arteko tituluak edo beste unibertsitate batzuekin emandako titulu bikoitzak direnean, unibertsitate horien arteko hitzarmenean jasotakoaren arabera osatu eta izendatuko da epaimahaia, eta subsidiarioki arautegi hau aplikatuko da.

4.–Ikastegiak ziurtatuko du ebaluazio organoak IALa euskarri elektronikoan (PDFan) eskuratzen ahal duela, lana defendatu eta ebaluatu baino astebete lehenago beranduenez ere.

5.–IALak datu konfidentzialik badu, ebaluazio organoko kideek konfidentzialtasunerako konpromiso bat sinatu beharko dute, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

14. artikulua. IALaren ebaluazioa.

1.–Ebaluazio organoak ebaluatuko du IALa, ikastegiak zehaztutako ebaluazio prozedura aplikatuz.

2.–IALaren irakaskuntza-gidan argitaratuko dira ebaluazio irizpideak. Kasu guztietan, honako alderdi hauek baloratuko dira gutxienez: ikasleak lortu ote dituen tituluko ikaskuntza-emaitzak, IALaren formatua, aurkezpena eta hizkera, eta ikasleak nolako erantzuna eman dien lanaren defentsa egin bitartean ebaluazio organoak egindako galderei.

3.–IALa ebaluatzeari buruz arautegi honetan jaso ez diren alderdiei dagokienez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ebaluazio arauetan ezarritakoa aplikatuko da.

15. artikulua. IALaren kalifikazioa.

1.–IALak kalifikatzeko, 1125/2003 Errege Dekretuan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ebaluazio arauetan ezarritakoa aplikatuko da –1125/2003 Errege Dekretua, 2003ko irailaren 5ekoa, Kredituen Europar Sistema eta Lurralde Nazional Osoan Ofizialak eta Baliodunak diren Unibertsitateko Titulazioetako Kalifikazio Sistema ezartzen dituena–.

2.–Epaimahaiak, behar izanez gero, ateak itxirik eztabaida eginen du kalifikazioa emateko eta, egoki irizten badio, entzunaldia emanen dio IALaren zuzendariari.

3.–Ebaluazio organoak ikasle bakoitzaren IALa kalifikatuko du, eta, prozesua bukatu ondoren, jakitera emanen du kalifikazioa.

4.–Ebaluazio organo bakoitzak ebaluatu duen ikasketa amaierako lan bati “Ohorezko Matrikula” aipamena ematea proposatzen ahalko du behar bezala arrazoituta, baldin eta 9 edo hortik gorako kalifikazioa lortu badu. Ikastegiak erabakiko du, ebaluazio organoari entzun ondoren, nori esleituko dizkion aipamen horiek, eta IALaren irakasgaiari buruzko aktan jasoko du. Ohorezko matrikula kopurua ez da izanen deialdi bakoitzean defendatutako memorien ehuneko bost baino handiagoa, non eta ez diren 20 memoria baino gutxiago defendatu; kasu horretan, “Ohorezko Matrikula” bat bakarra emanen da.

5.–Kalifikazioa “Ez gainditua” bada, txosten arrazoitua idatziko du ebaluazio organoak. Txostena ikusirik, IALaren zuzendariak komenigarriak iruditzen zaizkion neurri zuzentzaileak proposatzen ahalko dizkio ikasleari.

6.–Tituluaren arduradun akademikoak IALaren irakasgaiaren aktan idatziko ditu ebaluazio organoek jarritako kalifikazioak.

7.–9 edo hortik gorako kalifikazioa lortu dutenak Unibertsitatearen biltegi instituzionalean gordailutuko ditu ikastegiak, 20. artikuluan ezarritakoaren arabera, gehienez ere bi hilabeteko epean akta sinatzen denetik.

HIRUGARREN KAPITULUA

Alderdi administratiboak

16. artikulua. IALen informazioa ikasleei.

Ikastegiak IALei buruzko informazioa argitaratu behar du nahikoa aurrerapenarekin, eta honako alderdi hauek bederen zehaztu:

a) Tipologia (lan enpirikoak, proiektuak eta abar) eta modalitatea: taldekako lana den, banakakoa edo bi modalitateetakoa.

b) Lanen eskaintza eta esleitzeko irizpideak.

c) Memoria idazteko estiloari, luzerari eta egiturari buruzko oinarrizko arauak.

d) Lanen inskripzioa egiteko eta haiek entregatzeko egutegia.

e) Ebaluazio eta kalifikazio irizpideak eta tresnak.

17. artikulua. Matrikula.

1.–IALaren matrikula egin behar da graduko eta unibertsitateko masterreko ikasketa ofizialetan matrikula arrunta egiteko epeetan. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egutegi administratiboan argitaratzen dira urtero epe horiek.

2.–IALaren matrikula egin ahal izanen dute titulua lortzeko behar diren gainerako kreditu guztiak gainditu dituzten ikasleek edo falta zaizkienak IALarekin batera matrikulatzen dituztenek.

3.–Ebaluazioari dagokionez, IALaren matrikula egiteak deialdi bakarrerako eskubidea emanen du matrikula egiten den ikasturterako ezarriak dauden hiru aldietan.

18. artikulua. IALaren inskripzioa eta entrega.

1.–Ikastegiko idazkaritzan egin behar dute ikasleek IALaren inskripzioa ikastegiak ezarritako epeetan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da. Inskripzioa egiteko, IALaren matrikula egina eduki behar da aldez aurretik.

2.–IALa entregatzeko, euskarri elektronikoan (PDFan) gordailutu behar dute ikasleek Unibertsitatearen irakaskuntzako plataforma birtualean. Formatu konprimatuko fitxategi bakarrean sartuko da, baita ere, PDF bihurtu ezin den euskarri informatikoko beste edozein baliabide tekniko, hala nola: formatu bektorialeko informazioa, programa informatiko espezializatuko iturriak, konputazio prozesuetan erabil daitezkeen iturriak eta datuak.

3.–Era berean, IALa argitaratzeko baimena Unibertsitatearen biltegi instituzionalean kargatu behar da, IV. eranskineko ereduaren araberakoa, eta honako lau modalitate hauetako bat aukeratu:

a) Sarbide irekia, Unibertsitatetik kanpo eta barrenean kontsultatzeko.

b) Bi urteko bahituradun sarbidea, daukaten informazioarengatik jendaurrean zabaldu behar ez diren IALentzat, etorkizunean argitaratzeko edo ikerketa berriak egiteko balio badezakete. Denbora hori igarota, sarbide irekiko modalitatera pasatuko dira. Bahitura aldian bibliografia-aipamena eta laburpena baizik ezin izanen dira kontsultatu.

c) Bost urteko bahituradun sarbidea, emaitzen kudeaketa dela-eta (patenteak, etab.) bi urtetik gorako bahitura behar duten IALentzat. Denbora hori igarota, sarbide irekiko modalitatera pasatuko dira. Bahitura aldian bibliografia-aipamena eta laburpena baizik ezin izanen dira kontsultatu.

d) Baimenik ez, konfidentzialtasun klausulak bete behar dituzten IALentzat.

4.–Izenpetutako baimenak ikastegietan gordeko dira Unibertsitatearen biltegi instituzionalean gordailututako IALen berme gisa.

5.–IALaren memorian NUPetik kanpoko enpresen edo erakundeen datu konfidentzialik baldin badago, IALaren zuzendariak konfidentzialtasun konpromisoa ere aurkeztu beharko du, III. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

19. artikulua. IALa beste erakunde batzuetan egitea.

1.–Beste unibertsitate, ikerketa-zentro, organismo publiko zein pribatu batzuetan eta pareko beste erakunde batzuetan ere egiten ahal dira IALak, baldin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetza-hitzarmena sinatua badute. Hitzarmenean jaso behar dira, besteak beste, lanak egiteko moduari, konfidentzialtasunari eta jabetza intelektualeko eskubideei buruzko alderdiak.

2.–Mugikortasun programen barrenean ere egiten ahal dira, baldin eta unibertsitate hartzailean irakasgairen bat badago NUPekoaren antzeko ezaugarriak dituena. Hala bada, unibertsitate hartzailearen arauetan ezarritakoaren arabera egin behar da IALak prestatzeko, defendatzeko eta kalifikatzeko prozedura.

3.–Matrikulatzeko epe arruntean eginen da 1. eta 2. apartatuetako kasuetako IALen matrikula.

4.–Mugikortasun programetan egindako IALetan, mugikortasun programaren unibertsitate hartzailean egindako IALaren memoria Unibertsitatearen irakaskuntzako plataforma birtualean gordailutzeko eskatu behar die arduradunak ikasleei, notak aitortu eta gero espedientera eraman baino lehen.

20. artikulua. IALa argitaratzea, gordetzea eta hartarako sarbidea ematea eta jabetza intelektualaren eta ustiapen industrialaren eskubideak.

1.–IALa Jabetza Intelektualaren Legeak babestutako lana da. Horren ondorioz, IALaren egileak berariazko baimena eman behar du IALa argitaratzeko, osorik edo partez kopiatzeko, edo akademikoa edo gordetzekoa ez den beste helburu batekin erabiltzeko.

2.–IALen zuzendarien ikerketen esparruan egindako IALen kasuan, aldez aurretik akordio bat sinatu behar da egilekidetza aitortzeko eta horren ondoriozko jabetza intelektualak berezko dituen ustiapen eskubideak osorik edo partez, esklusiboki edo ez, lagatzeko.

3.–Unibertsitatearen biltegi instituzionalean 9ko nota edo hortik gorakoa lortu duten IALen memoriak baizik ez dira gordeko, betiere konfidentzialtasun klausulak dituzten proiektu edo ikerketa-kontratuen babesean egin ez badira.

4.–9tik beherako nota duten IALen memoriak Unibertsitatearen irakaskuntzako plataforma birtualean gordeko dira, lortutako kalifikazioaren egiaztagiri gisa, Unibertsitateko Artxibo Batzordeak ezartzen duen denboran. Kalifikazioaren aurkako errekurtsoa jartzen bada, IALaren memoria errekurtsoa ebatzi arte gordeko da.

5.–Biltegi instituzionalean gordeak dauden IALak irabazi asmorik gabeko kontserbaziorako, ikasketa pribaturako eta ikerketarako baizik ezin izanen dira kontsultatu eta erabili. Testua aipu laburretan baizik ezin izanen da berrerabili, eta egilea eta iturria aditzera eman behar dira beti, indarreko legeek ezartzen dutenaren arabera.

6.–Biltegi instituzionalean gordailututako IALen egileek beren egile-eskubide guztiak gordeko dituzte, eta, beraz, beren lanak nahi bezala erabiltzen ahal dituzte (komunikabide komertzialetan argitaratu, beste biltegi batzuetan gorde, eta abar) 2. apartatuko kasuan izan ezik, non IALaren zuzendariekin adostu behar baita hori.

21. artikulua. Datuen babesa.

1.–IALa egiteko datu pertsonalak tratatu behar badira, Datuak Babesteko Nafarroako Unibertsitate Publikoak duen araudia bete behar da.

2.–IALek datu pertsonalik izanez gero, modu anonimoan edo erdianonimoan aurkeztu behar dira bai memorian bai defentsan. Ikasleak ere ezabatu egin beharko ditu datu pertsonalak IALa bukatu ondoren, non eta ez dagoen horri buruzko justifikazio zehatzen bat.

3.–Arreta berezia eman behar zaie datu berezien tratamendua dakarten IALei (osasuna, sexualitatea, etnia, erlijioa, ideologia edo biometria identifikatzailea) eta babestu beharreko datuen tratamendua egiten dutenei (profila zehaztea, ebaluazio automatizatua, geolokalizazioa, telekomunikazioak, adingabeak, genero indarkeriaren biktimak, datu penalak, zerbitzu sozialen erabiltzaileak, norbanako kalteberak, desgaitasunen bat dutenak...).

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Xedapen hau garatzeko gaikuntza.

Irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordetzari baimena ematen zaio arautegi hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko. Erabaki horiek Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lanen Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2014ko maiatzaren 27an egindako bileran onetsia, eta hari geroago egindako aldaketak Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 29an eta 2020ko uztailaren 24an onetsitako erabakien bidez, bai eta erabaki honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.

Azken xedapenetan lehena.–Eskumenen titulua.

Arautegi hau honako bi artikulu hauetan ezarritakoaren babesean eman da: batetik, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 15. artikulua, zeinak Gobernu Kontseiluari esleitzen baitio irakaskuntzaren antolamenduaren eremuan ildo estrategikoak eta programatikoak ezartzeko eskumena eta haiek aplikatzeko jarraibideak eta prozedurak ezartzekoa; eta, bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikulua, zeinaren arabera Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean baitago jarraibide orokorrak eta ikasketak antolatzeko arloetan jarraibideak aplikatzeko prozedurak onestea –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70 zk., 2011ko apirilaren 11koa)–.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Arautegi honek 2022-2023 ikasturtean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2209611