151. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Ordenantza, Instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2022ko martxoaren 17an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Oteitzako udal-mugartean instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez zuen alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi zen eta osorik eman zen argitara, behar ziren ondorioak izan zitzan. Hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ordenantza hori 2022ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 14an.

Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren errekerimendua jaso zen 2022ko ekainaren 20an, eta Oteitzako Udalaren Osoko Bilkurak, 2022ko ekainaren 30ean egindako bilkura berezian, baliogabetu zituen aipatutako ordenantzaren 8.3 eta 11. artikuluak, zuzenbidearen araberakoak ez izateagatik, talka egiten baitute Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 49.2.e), 65. eta 110. artikuluekin.

Ohiko bilkura berean, eta aipatutako artikuluak baliogabetzea onetsi ondoren, xedatzen da argitaratzea instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duen ordenantzaren behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean, dagozkion ondorioetarako.

Oteitzan, 2022ko uztailaren 1ean.–Alkatea, Rubén Darío Martínez Landa.

ORDENANTZA, OTEITZAKO UDAL-MUGARTEAN INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Azken urteotan, administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilera sustatzen ari dira, eta, bereziki, etxebizitzetan kontsumo propiorako energia sortzeko instalazioak.

Oteitzako Udalak, ingurumenarekin konprometituta, ezinbestekotzat jotzen du energia berriztagarriek herrian aurrera egitea. Horren froga gisa, bat egin du Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Itunarekin. Itun hori Nafarroako Gobernuak koordinatzen du Nafarroan, eta haren helburua da berotegi efektuko gasak murriztea, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi komuna erabiltzea eta pobrezia energetikoari aurre egitea. Horrela, tokiko ekintza gehitzen zaio munduko ekimen horri.

Eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba baita, etorkizuna izan dezakeena, ingurumen-inpaktu txikia izateagatik, ingurumenerako hondakin kaltegarririk ez sortzeagatik, behin ezarririk mantentze-kostu handirik ez izateagatik, eta benetan laguntzen duelako berotegi-efektuko gasak murrizten.

Oteitzako Udalak erregulazio bat ezarri asmo du, eguzki-energia garatzearen alde egitea bateragarria izan dadin bi premia hauekin: ziurtatzea lurraldean ezarpen antolatua duela; eta bermatzea natura eta hiri balio garrantzitsuenen kontserbazioa, bai eta, maila guztietan, irudia eta paisaia ere.

Eguzki-energia biltzearen arloa berri samarra da, eta teknologia horrek izandako bilakaerari esker, eguzki-energia biltzeko elementu berriak bideragarriak izan daitezke bai teknikoki eta bai ekonomikoki, eraikin tradizionaletan errazago integratzeko. Esate baterako, “eguzki teilak” erabil daitezke balio formal eta estetikoak galzorian jarri gabe.

Hori dela eta, eguzki-energia biltzeko instalazioak ingurumenerako onuragarriak badira ere, zenbait mugapen jarri behar direla uste da.

Ordenantza hau idaztean, Udalaren Hirigintza Plangintzarekiko premiazko koherentzia gorde nahi izan da, garatu eta osatzen baitu, eta bete lurraren erabilerak eta eraikuntzak ingurunera egokitzeko betebehar orokorra, zeina Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean jasota baitago.

Azkenik, Udal Plan Orokorreko Ordenantzen 88. artikulua aldatzen da, landa-lurretan linea elektrikoa trazatzeko baldintzak arautzeko, ordenantza berri honetako aurreikuspenekin bat etor daitezen.

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bitartez eguzki-energia hartzeko instalazioak ezartzeko Oteitzako udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Oteitzako udal-mugarte osoa da, bai hiri-lurzoruan (finkatua eta finkatu gabea), bai lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean.

3. artikulua. Definizioak.

1. Eguzki-energia biltzeko elementuei panelak eta plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota izanen dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera.

a) Eguzki-instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak dira. Etxeko ur beroa lortzeko eta espazioak girotzeko erabiliko dira.

b) Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dute energia elektrikoa sortzeko; horretarako zenbait material erdieroaleren propietateez baliatzen dira, eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean elektrizitatea sortzen baitute.

2. Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Instalazioak, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Eraikinen energia beharrak neurri batean edo osorik asetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, dela ur bero sanitarioa sortzen edo guneak girotzen laguntzeko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko (eguzki-instalazio fotovoltaikoak), indarrean dagoen araudiaren arabera.

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak instalatu daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta plano eta orientazio bera mantenduta. Panelek sortutako planoa egonen da teknikoki ahal den hurbilena estalkiak sortutako planotik, eta harekiko paraleloan.

b) Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte. Sakabanatuta edo modu irregularrean jarriz gero, behar bezala justifikatu beharra dago Udaleko hirigintza zerbitzuan.

c) Honako muga hauek izanen ditu hartutako azalerak:

–Panel fotovoltaikoetarako, eremu handiena erabakiko dute bai ezarritako gehieneko potentziak bai energia elektrikoaren autokontsumorako baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoek. Hau da, baimenduko da behar adina panel jartzea gehieneko potentzia horretara iritsi arte.

–Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, dela ur beroa sortzeko, dela espazioak girotzeko.

d) Okupatutako gehieneko eremua gutxienez 1,00 metro bereiziko da teilatu hegalen eta mehelinen ertzetik, eta inoiz ere ez dituzte gainditzen ahalko isurialdeen planoak.

e) Kalera ematen duten fatxadetan eta/edo estalkiaren gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, alderantzikagailuak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean dela barnealdeko fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa behar bezala justifikatzen bada, salbuespenez baimentzen ahalko dira, baldin eta bista horien inpaktua minimizatzeko neurriak hartzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

i) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; karelen bidez ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere.

ii) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen garaiera eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.

3. Hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki-panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

4. Hiri-lurzoru finkatugabean edo urbanizagarrian ordenazio/eraikuntza tresna egokien bidez egindako hirigunearen handitzeen gaineko etorkizuneko eraikuntzetan, salbuespen moduan, konponbideak proposatzen ahalko dira eraikuntza berrian eguzki-panelak ezartzeko konfigurazio edo kokapen bereziekin, behar bezala txertatuta gera daitezen eraikin multzoaren arkitekturan. Hirigintza zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

5. Hirigintza ondorioetarako, eguzki-energiako instalazioak eraikineko edo eraikuntzako instalaziotzat hartuko dira, eta, beraz, ez dira konputatuko eraikigarritasun ondorioetarako.

6. Eguzki-panelak jartzeko eskaera eraikin katalogatu bati badagokio, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundera bidaliko da, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gainean.

Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Soil-soilik baimenduko da instalazioa eraikin kontsumitzaileak badaude, edo aldi berean ematen bada haietarako obren lizentzia eta instalazio horiek partzela berean edo aldamenekoan badaude, hiri-lurzorua izan, edo urbanizaezina.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.

–Panelen euskarriak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ezin izanen dira 1,50 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.

–Ikusizko inpaktua eta paisaia-inpaktua zuzentzeko behar diren neurriak hartuko dira, herrigunearen irudi urbanoa zaintzeko.

–Okupaturiko gehieneko eremua %40koa izanen da, eta gehienez ere 40 metro koadrokoa.

7. artikulua. Instalazioak, zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, dela ur bero sanitariorako, dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Udalak uste badu ikusmen edo ingurumen inpaktua egon daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuaren infografiak ere.

III. KAPITULUA

Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean

8. artikulua. Aurretiazko baimenak.

1. Lurzoru urbanizaezinean eguzki-energiatik energia elektrikoa lortzeko instalazioak (eguzki-parkeak) ezartzeak une bakoitzean indarrean dagoen araudi sektorial autonomikoa beteko du, eta Lurralde Antolamenduko 4. Plana (4. LAP) - Erdialdeko Eremuak eta Hirigintzako Udal Planeko hirigintza araudia ere bai.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Lehendik dauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, legezko egoeran egon beharko dute. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak bildu beharko du lehendik dauden erabileren eta jarduketa eta eraikuntzen legeztatzea.

9. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinetako estalki inklinatuetan jartzen ahal dira, horietako planoen gainean bermatuta. Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurki triangeluarraren perimetrotik. Ezin izanen dira inola ere teilatuko lerroak gainditu. Estalkian gehienez okupa dezakeen azalera %80 izanen da, proiekzio horizontalean neurtuta.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean jartzea, mugarik jarri gabe azaleran, inklinazioan nahiz orientazioan.

3. Ezin da jarri fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea izapidetzea (93/2006 Foru Dekretua, onesten duena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua). Hura baimendu arte ezin izanen da lizentzia eman eguzki-panelak jartzeko. Linea elektrikoak lurpekoa izan beharko du.

IV. KAPITULUA

Izapidetzea

11. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren eta lizentzia-eskaeraren araubidea.

1. Ordenantza honetan autokontsumorako araututako instalazio bat jarri, handitu edo legeztatzeko, dagokion erantzukizunpeko adierazpena eraman beharko da Oteitzako Udalera, eta horretarako behar den dokumentazioa aurkeztuko da.

Autokontsumorako ez den instalazio bat eraikitzeko, obra-lizentzia eskatu beharko da, dagokion proiektu teknikoarekin batera.

2. Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, profesional eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

3. Proiektu horrek honakoak jasoko ditu, gutxienez:

a) Memoria, eta horren barruan: erabakitako irtenbidearen justifikazioa; instalazioaren oinarrizko konfigurazioa; instalazioen eta dauzkaten osagaien deskribapen orokorra; diseinu irizpide orokorrak; energia lagungarriaren sistemaren deskribapena; eta ordenantza honetan zehaztutako parametroen justifikazioa.

b) Planoak.

c) Instalazioen aurrekontua.

d) Ingurumen eta paisaia inpaktuaren ebaluazioa.

4. Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

5. Instalazioak jarri nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztu beharko da. Hartan frogatu beharko da instalazioa jasoko duen egitura gai izanen dela eusteko estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari.

6. Udal lizentzia eman aurretik, sustatzaileak tramitatu beharko ditu egokiak diren baimenak, Oteitzako Udal Planak eta organo eskudunek, aplikatzekoa den araudiari jarraikiz, xedatutako baldintza partikularren arabera.

12. artikulua. Ikuskapena, kontrola eta zehapena.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz Udalak dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.

Oteitzako Udalak bere udalerriko eguzki-instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egiten edo dokumentuak eskatzen ahalko ditu, instalazioa egoera onean dagoela eta ongi funtzionatzen duela bermatzeko.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotakoaren arabera, Oteitzako Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezatzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Udalak laguntza deialdi bat onesten ahalko du urteko, ordenantza honen aplikazioa sustatzeko.

Bigarrena.–Ordenantza honetan arauturiko gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, baztertu gabe ordenantza geroago egokitzea behar den orotan. Eraikingintzaren Kode Teknikoan (EKT) eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (EITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoetan nola Nafarroako Foru Komunitatekoetan– aldaketaren bat eginez gero, ordenantza honi eragiten diona, ukitutako artikuluak eguneratu beharko dira, araudi horretara egokitu daitezen.

Hirugarrena.–Udal Plan Orokorreko Ordenantzen 88. artikulua aldatzen da, eta haren amaieran paragrafo bat gehitzen, honela geratuko dena:

“88. artikulua. Elektrizitate eta telefonia instalazioak.

Goi tentsioko lineak.–Ez da baimenduko aireko linearik bizitegi edo zuzkidura unitateetan. Inguru horietan, lineak lurpekoa izan beharko du, eta galtzada eta gune publikoetatik igaro beharko du.

Behe-tentsioko eta telefoniako lineak.–Lurpean jarriko dira, urbanizazio osoa behar duten unitateetan. Gaur egun aireko linea den unitate finkatuetan, lurpean jarriz joanen da, gauzatzen diren jarduketek aukera eman ahala.

Lurzoru urbanizaezina.–Goi eta behe tentsioko linea elektrikoak eta telefonia lineak lurpekoak izanen dira. Lehentasunez, bideetako areketatik pasatu beharko dute. Debekatuta daude zuhaitz edo sasi inguruetan; beraz, trazadura horien ertzetik egin beharko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iragarkiaren kodea: L2209660