150. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

35/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 4koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Uharte Arakilgo 14 jabeen erkidegotarako (esp.: PIG 48).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat etorriz, Uharte Arakilen esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskatu da. Guztira, 56 etxebizitza dira, eta 14 atari hauek hartzen ditu:

–Itxesi kaleko 1, 3, 5, 7, 9, 11, 13, 15, 17, 19, 21, 23, 25 eta 27 zenbakiak.

Proiektuak Uharte Arakilgo 1. poligonoko 835., 836., 837., 838., 839., 840., 841., 842., 843., 844., 845., 846., 847. eta 848. lurzatiak hartzen ditu. Eraikin horiek 1978an eraikin ziren, eta multzo arkitektoniko homogeneo bat osatzen dute, tipologia eta eraikuntza-sistema bera baitute. Atari guztiek tipologia bera dute: B+2. Solairu bakoitzeko bi etxebizitza daude, gehi erdiko eskailera-nukleoa eta beheko solairua, non 4 etxabe dauden, etxebizitza bakoitzeko bat.

Fatxadek eta estalkiek ez dute isolamendu termikorik. Atari bakar batek ere ez du igogailurik.

Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Uharte Arakilgo Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Uharte Arakilgo Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Uharte Arakilgo jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea (esp.: PIG 48):

–Itxesi kaleko 1, 3, 5, 7, 9, 11, 13, 15, 17, 19, 21, 23, 25 eta 27 zenbakiak.

Proiektua ez zaie aplikatuko Itxesi kaleko 5. zenbakiko eta Itxesi kaleko 13. zenbakiko erkidegoei. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi dutela, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horietan ere aplikatzeko.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudiora, Uharte Arakilgo Udalera, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzura eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 4an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2209782