150. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko uztailaren 5ean hartua, zeinaren bidez onesten baita “Eguesibarren merkataritza establezimendu handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala”, Atalaya Superficies Comerciales SLk sustatua.

Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu zen Eguesibarren merkataritza establezimendu handi bat ezartzeko proposamena, Atalaya Superficies Comerciales SL enpresak aurkeztu zuena (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2022/03/30).

Plana jendaurrean jarri zenean eta aldi berean Eguesibarko Udalari entzunaldia eman zitzaionean, ez zen alegazio idazkirik aurkeztu.

Lurraldea antolatzeko tresna honen xedea da Olatzen establezimendu kolektibo bat ezartzea, osatuta dagoena merkataritza espazio bereko zenbait eraikinetan kokatutako 5 establezimenduz. Horretarako, 5 eraikin proiektatu dira zehaztu gabeko zenbait merkataritza jardueratarako.

Hona non kokatu nahi den: “Salestarrak” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko “Merkataritza establezimendu handia” etxe-sailean oraindik eraiki gabe dagoen aldean edo haren birzatitze-proiektuko C.1-2 lurzatian.

Atalayaren helburua da guztiz garatzea merkataritza establezimendu edo parke handia, hau da, hura eraikitzea eta abian jartzea, gunearen jabetzari eutsiz eta merkataritza espazioak operadoreei alokatuz.

UPSa aurkezten da Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 19. artikulua betez. Artikulu horrek zehazten duenez, merkataritza establezimendu handiak ezartzeko, establezimendu horiek indibidualak edo kolektiboak izan, udalez gaindiko plan sektorial bat tramitatu beharko da.

Txikizkako merkataritza establezimendu handia baimentzeko azalerak kalkulatzeari dagokionez (Merkataritzari buruzko Foru Legean aurreikusten da), UPSan azalera erabilgarri hauek hartzen dira kontuan produktuak saltzeko eta erakusteko: A nabea 999,72 m², C nabea 1.946,16 m², D nabea 1.793,58 m², G nabea 121,12 m² eta H nabea 1.025,62 m².

Ez da azpiegiturarik aurreikusten, salbu eta beharrezkoak direnak harguneak edo konexioak egin ahal izateko “Salestarrak” UPSko UE-1 exekuzio unitateko urbanizazio proiektuan eta horren aldaketetan dauden azpiegitura edo zerbitzu sareekin.

UPSa egiteko, merkataritza-eraikinak garatuko dituzten eraikuntza-proiektuak idatzi eta tramitatu baino ez da egin beharko. Horretarako, jotzen da urte bat eta 8 hilabete beharko direla, gutxi gorabehera.

Sektoreen txostenak.

Espedientean honako hauen aldeko txostenak daude: Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia, Babes Zibileko Zerbitzua, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala, Iruñerriko Mankomunitatea, Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia, eta Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia.

Azken zuzendaritza nagusi horrek gogorarazten du ezen, nola azterketaren xedeko eremu osoa zortasun aeronautikoek ukitutako eremu eta espazioetan dagoen, edozein eraikuntza, instalazio edo landaketa egiteko, beharrezkoa dela Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren (AESA) aldez aurreko aldeko erabakia, bat etorriz 584/1972 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluen egungo idazketarekin. Inguruabar hori planeamenduko dokumentuetan jaso behar da.

Espedientea jendaurrean jarri ondoren, interesdunak aurkeztutako dokumentazioak aurreko txostenari erantzuten dio, sartuta baititu artikulu arauemaile bat (1. art. Zortasun aeronautikoen eremua) eta 12. mapa (Antolamendua. Zortasun aeronautikoak).

Ingurumen arloko tramitazioa.

2021eko ekainaren 17an, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitate Zerbitzuko zuzendariak jakinarazi zuen UPSak “Salestarrak” UPSan aurreikusitako erabilerak garatzen dituela, eta proposatu zuen antolamendua bat datorrela “Salestarrak” UPSaren aldaketa berriarekin, merkataritzako establezimendu handiko etxe-sailari dagokionez. Aldaketa hori ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren pean jarri da, eta dagoeneko ingurumen txosten estrategikoa jaso du, Ingurumeneko zuzendari nagusiak apirilaren 30ean emandako 411E/2021 Ebazpenaren bidez. Txosten horrek dio aldaketak ez duela ingurumen kalterik sortuko. Eguesibarko saltoki handiaren UPSak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko, eta kontuan izanik, halaber, Eguesibarko saltoki handiaren UPSak ez duela gehitzen beste ingurumen ebaluazio bat egiteko moduko jarduketa berririk, txosten honetan adierazten da ez dela beharrezkoa UPS horren ingurumen ebaluazio estrategikoa egitea.”

Kontuan hartzekoak.

UPS honek ez du aldatzen edo berrikusten lurralde edo hiri antolamendu indarduna, aitzitik, antolamendu horretan jada ezarrita dauden baldintzetara egokitutako merkataritza jarduketa baten ezarpena planteatzen du.

–Mugikortasunari buruz kontuan hartzekoak:

Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen arabera (16. g artikulua), merkataritza establezimenduen instalazioa arautzen duen printzipioetako bat da alferrikako joan-etorriak saihesteko mugikortasuna murriztea, azpiegitura publikoak gainezkatzen baititu eta atmosferaren kutsadura areagotzen baitu.

Printzipio hori integratuta dago mugikortasunaren, garraioaren eta lurralde- eta hiri-garapenaren funtsezko printzipioetan, eta, horretan oinarrituta, oinezkoen eta txirrindulen mugikortasun aktiboa sustatu behar da.

Gainera, “Salestarrak” UPSak merkataritza establezimendu handiaren erabilera onartzen du lurzati horretan, ulertu daitekeelako hura aldameneko bizitegi-eremuetan integratuta eta haiekin lotuta dagoela, Nafarroan Merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legean aurreikusitakoaren ondorioetarako. Era berean, nabarmendu behar da jarduera horren kokapenak energia kontsumoa nolabait murrizten lagundu dezakeela, herritarrak motordun ibilgailuetan gutxiago mugitzeko aukera emanen baitu, hori bereziki nabarmena izanik merkataritza erabileretan.

Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 9an hartutako Erabakiak, merkataritza proposamen hau Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen duenak, adierazten du 10. apartatua (Irisgarritasun unibertsala) osatu behar dela espazio horretako txirrindularitza-mugikortasunaren azterketarekin eta, hala badagokio, dagozkion neurriekin.

Sustatzaileak, 2022ko maiatzaren 13an, eremu horretako txirrindularitza-mugikortasunari buruzko informazioa gehitu zuen apartatu horretan, eta zehaztu zuen ezen, merkataritzako etxe-sailaren barnean, txirrindulek ibilgailuen errodatze-eremutik zirkulatuko dutela, eta guztiz bateragarriak izanen direla joan-etorrien bi moduak, zeren, aparkaleku bat izanik, ibilgailuak oso abiadura txikian ibiliko baitira bertan. Aparkalekuaren barnealdeak txirrinduletarako 12 aparkaleku ditu, 3 multzotan banatuta; horrela, merkataritza-eraikinetarako sarbidea errazten da.

Interesdunaren zehaztapen horri honako hauek gehitu behar zaizkio:

–Aparkalekuetan, gidariek aparkatzeko lekuak bilatzean edo beharrezko maniobrak egitean jartzen dute arreta; beraz, espazio bereizirik ez baldin badago, nahiz eta ibilgailuen abiadura txikia izan, arriskua dute horietatik ibiltzen diren oinezkoek edo txirrindulariek.

–Merkataritza-eraikinetarako sarbide nagusiak etxe-sailaren edo merkataritza-lurzatiaren barnealdean daude. Hori dela eta, pentsatzekoa da bezeroak fatxada horietatik edo merkataritza-lurzatiko aparkalekutik etorriko direla.

–Mugikortasunari buruz aurkeztutako ebaluazio-azterlanak, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak baliozkotuak, noranzko bikoitzeko bi sarbide aurreikusten ditu etxe-sailean edo merkataritza-lurzatian, bata mendebaldetik eta bestea ekialdetik.

Merkataritza etxe-sailaren barnealdearen antolamendua aztertuta (gehienbat aparkalekuak eta ibilgailuentzako bideak ditu), egiaztatu da bi irteera eta sarbide bat gehiago aurreikusten direla bide publikora edo ingurukora, lehen aipatutako mugikortasunari buruzko ebaluazio-azterlanean aurreikusitakoak baino. Sarbide horiek ez daude justifikatuta azterlan horretan, ezta UPSaren memorian ere.

Aipatutako justifikaziorik eza kontuan hartuta, eta helburua izanik etxe-sailaren barnean eta inguruko espazio publikoan mugikortasun aktiboa sustatzea, UPSaren mugikortasunari buruzko ebaluazio-azterlanean jasotzen ez diren ibilgailuen hiru sarbideak kendu behar dira, eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako sarbide bihurtu.

Gainera, motorrik gabe ibiltzen diren bezero guztiak eraikinetara sar daitezen ibilgailuentzat ez diren ibilbideetatik, oinezkoentzako eta txirrindularientzako espaloi edo ibilbide bihurtu behar dira sarbide edo irteera horiekin konektatzen diren bide tarteak, lurzatiaren barnean oinezkoentzat aurreikusitako gainerako ibilbideetaraino.

Horretarako:

–Iparraldeen dagoen sarbidearekin edo irteerarekin lotzen duen bidea oinezkoentzako eta txirrindulentzako espaloi bihurtu behar da, F eta H lurzatien inguruko espaloiraino. Horrez gain, berriz diseinatu behar da eremu horretan dagoen aparkalekua, ibilgailuek modu zirkularrean zirkulatu ahal izateko, horretarako behar diren aparkalekuak kenduz.

–Mendebaldeen dagoen sarbidearekin edo irteerarekin lotzen den bidea oinezkoentzako eta txirrindulentzako espaloi bihurtu behar da, merkataritza-esparrua mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen bidearen ondoko espaloiraino.

–Eta hegoaldeen dagoen edo oraingo gasolindegitik hurbilago dagoen sarbidearekin edo irteerarekin lotzen den bidea oinezkoentzako eta txirrindulentzako espaloi bihurtu behar da, 5 metroko zabalerarekin, A lurzatiko espaloiraino.

Bestalde, mendebaldean dagoen noranzko bikoitzeko sarbidean, kendu beharko lirateke bide publikoaren espaloitik 15 metro libre uzteko behar diren alboko aparkalekuak, bide publikoko zirkulazioa oztopatu ez dadin leku horietan aparkatzeko maniobrek sor ditzaketen ilarekin.

Aparkalekuen murrizketa hori (10 leku guztira) onargarria da, baita lehenago jasotakoak kontuan izanda ere, lurzatiaren barnean oinezkoentzako ibilbide osoak egitearen ondoriozkoak; izan ere, UPSak (50. artikulua) ezartzen du aparkatzeko leku bat izan behar dela eraikitako 45 m²-ko, eta nola orain proposatutako merkataritza-eraikinen azalera eraikiaren batura 7.476,33 m²-koa den, aparkatzeko 166 leku behar dira, eta 255 proiektatzen dira.

Bukatzeko, aurreikusitako aparkalekuari dagokionez, honako hau gogorarazi behar da:

–Erabilera publikoko zortasun bat dauka, eta, karga gisa, lurzatiari lotuta dago.

–Erabilerak ez du baldintzatuta egon behar lurzatian egiten den merkataritza-jardueraren ordutegiarekin; beraz, ez da baimenduko aparkalekua ixtea, ez lan-ordutegiaren barnean ez kanpoan, eta lurzatiaren jabeek ez dute inola ere ordain ekonomikorik eskatuko.

–Klima aldaketara egokitzeari buruz kontuan hartzekoak:

Klima aldaketara egokitzea estrategia bat da, maila guztietan beharrezkoa dena klima aldaketa arintzeko ahaleginen osagarri gisa, eta horrela heltzen zaio egungo arau-esparruan (7/2021 Legea, maiatzaren 20koa, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzkoa; 4/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzkoa; 7/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duena; besteak beste).

Bero-uhartearen eragina arintzeko eta, zuzenean edo zeharka, energia-kontsumoa murrizteko eta kanpoko airearen kalitatea hobetzeko, egokitzat jotzen da hiriaren berotzea minimizatzeko neurriak hartzea. Aurkeztutako dokumentuak ez du horretarako neurririk jasotzen.

Aintzat hartuta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak prestatutako “Iruñeko eta inguruko udalerrietako Azpiegitura Berdea” dokumentuan jasotako neurriak, merkataritza-esparruan komenigarritzat jotzen da, helburu horiek lortzeko, zoladura eta gainazal iragazkorrak erabiltzea eta askotariko landare autoktonoak sartzea merkataritza-esparru osoaren %5 inguruko azaleran.

–Genero-ikuspegiko hirigintzari buruz kontuan hartzekoak:

Genero-inpaktuari buruz aurkeztutako txostenak jasotzen badu ere aurreikusitako antolamenduan pertsonen zirkulazioa erosoa dela –eraikinen artekoa–, fisikoki eta bisualki arina eta jendea elkartzea errazten duela, bai eta segurtasun-sentsazioa ere, uste da C lurzatian aurreikusitako eraikinetik gasolindegiaren lurzatira doan korridorea ez dela behar bezain zabal (1,5 metro) pasabide segurutzat hartzeko, eta, beraz, jendea oro har ibiltzeko itxi daitekeela.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2022ko ekainaren 28ko txostenarekin bat, eta jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Eguesibarren merkataritza establezimendu handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onestea, Atalaya Superficies Comerciales SLk sustatu duena.

2. Plana gauzatzean, bete beharko dira espedientearen tramitazioko txosten sektorialetan eta akordio honetan jasotako kontuan hartzekoak. Gainera, gogorarazten da klima aldaketari buruzko legedira egokitu beharko direla merkataritza-esparruko nahitaezko obra lizentziak lortzeko tramitatzen diren proiektuak.

3. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen edo exekuzioa bera baldintzatu dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko beharko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eranskinean jasotzen den araudi onetsiarekin batera, orok jakin dezan.

Onetsitako dokumentua Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuragarri egonen da.

5. Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Babes Zibileko Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalera, Iruñerriko Mankomunitatera, Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusira, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusira, Eguesibarko Udalera eta sustatzaileari.

6. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

1. artikulua. Zortasun aeronautikoen eremua.

Udalez gaindiko plan sektorialaren eremu osoa Iruñeko aireportuari dagozkion zortasun aeronautikoen eremuen barnean dago. Eguesibarren merkataritza establezimendu handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 12. planoan (“Zortasun aeronautikoen antolamendua”), Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoak mugatzen dituzten azaleren maila-lerroak irudikatzen dira, eremua ukitzen dutenak. Lerro horiek zehazten dituzte honako hauek gainditu ezin dituzten altuerak (itsasoaren mailarekiko): eraikinek (haien elementu guztiak barne, adibidez, antenak, tximistorratzak, tximiniak, aire girotuko ekipamenduak, igogailu-zuloak, kartelak, apaingarrien akaberak eta abar), lurraren edo objektu finkoen aldaketek (zutoinak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne–, kartelak eta abar), eta bideen edo trenbideen galiboek.

Edozein eraikuntza, instalazio (zutabeak, antenak, airesorgailuak –palak barne–, eraikitzeko behar diren tresnak –eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne–) edo landaketa egiteko, aldez aurretik AESA-Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren aldeko erabakia beharko da, 584/72 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2209778