150. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARGUEDAS

Aldaketa, Orubeen garbiketa eta hesitzea arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Arguedasko Udalak, 2022ko apirilaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Orubeen garbiketa eta hesitzea arautzen dituen udal ordenantza aldatzea.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2022ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 17an, eta jendaurrean egoteko legeak aurreikusten duen epea iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da aldaketa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarriari jarraikiz. Hona hemen nola gelditu den idatzirik.

Arguedasen, 2022ko ekainaren 30ean.–Alkatea, José María Pardo Ayala.

UDAL ORDENANTZA, ORUBEEN GARBIKETA ETA HESITZEA ARAUTZEN DITUENA

SARRERA

Herritar guztiek dakite Arguedasko udalerriko orube asko ez daudela batere garbi. Zikin eta gaizki hesituta egoteak infekziogune bihur ditzake kasu batzuetan, eta horrek ondorio negatiboak ekar ditzake bai osasun eta higiene publikoarentzat bai gure herriaren estetikarentzat.

Orubeak garbi ez egoteak eta gaizki hesituta egoteak garrantzi publikoa du, horixe erakusten baitute Udalera iristen diren eskaerek, arlo horretan esku har dezan eskatzen baitzaio Udalari.

Azaldu diren egoera horiek ikusirik, beharrezkoa da Udalak esku hartzea, hirigintza arloaren barnean, udalerri guztian aplikatuko den tresna juridiko arin eta eraginkor bat sortuz, herriaren apaindura eta garbiketa maila nabarmen handi dadin.

Ordenantza honek jaso eta garatzen du era guztietako lurren jabeen betebeharra dela horiek egoera onean edukitzea segurtasunaren, osasungarritasunaren, apaindura publikoaren eta bizigarritasunaren aldetik, ezartzen den bezala uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1 b) artikuluan, horixe baita lege oinarria (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Orubeak garbitu eta hesitzeko betebehar material eta formalak arautzen dira; orobat, zehapena, nahitaez betearazteko bide gisa eta kontserbatzeko legezko betebeharra betetzeko bide gisa, baita betearazpen subsidiarioa ere, jabe batzuek ezer egiten ez badute Udalak emanen duen erantzun gisa. Gainera, Udalak egin beharreko lanak erraztu nahi dira, aldez aurretik behar den aurrekontu-zuzkidura jarrita, horrek sortu dituen gastuak itzultzeko bermearekin, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102.3 eta 4 artikuluan xedatutakoarekin.

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Mantendu eta kontserbatzeko betebehar orokorra.

Udal mugartean dauden orubeen jabeak behartuta daude horiek egoera onean edukitzera segurtasunaren, osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren aldetik, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1 b) artikuluan xedatutakoarekin.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau aplikatuko da erantsitako planoan mugatu diren hiri-lurzoruko eremuetan.

Bi eremu bereizi dira. Lehenengo eremuan, nahitaezkoa izanen da garbitu eta hesitzea; bigarren eremuan, berriz, garbiketa nahitaezkoa izanen da baina hesitzea aukerakoa.

Gainera, lurzoru urbanizagarrietarako behin-behineko itxitura egiteko proposamen bat egiten da, irizpide homogeneo bati eusteko. Irizpide hori interesdunek proposatuta aldatu ahal izanen da, Udalak egokitzat jotzen duen kasuetan, inguruneko baldintzak eta inbarianteak kontuan hartuta. Betiere egokituko dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 106. artikuluan xedatutakora.

3. artikulua. Behartuta dauden subjektuak.

Ordenantza honetan garbiketa eta hesitzea egiteko ezarri diren betebeharrak, jabari zuzena eta erabilgarria bereiziz gero, jabari erabilgarriaren titularraren gain egonen dira. Orubeek erabilera edo gozamen eskubideen karga badute, edo errentamenduan lagata badaude, kasuan kasuko erabiltzailearen, gozamendunaren edo errentariaren gain egonen dira, jabearen ordezko gisa, eta azken kasu honetan jabeak onartu egin beharko ditu hesitze obrak.

Oraindik zatitu eta esleitu gabeko jaraunspenak dituzten orube eta lurren kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen-erkidegoaren ordezkaritzat hartuko baita ondorio horietarako. Arau horiek pertsona juridikoei ere aplikatuko zaizkie.

4. artikulua. Udalaren ikuskapena.

Alkateak edo bere ordezkoak udalerriko orubeak eta lurrak ikuskatuko ditu, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen diren ikusteko.

II. KAPITULUA

Orubeak garbitzea

5. artikulua. Garbitzeko betebeharra.

Orubeetan eta lurretan zaborrak edo hondakinak botatzen dituenaren erantzukizuna galarazi gabe, orube eta lurren jabeak horiek garbi edukitzeko betebeharra dute.

Lurzatiak garbi egonen dira beti, batere hondakinik edo berezko landarerik gabe, inolako hondakin organiko edo mineralik gabe, ez ditzaten elikatu edo babestu eritasunak dituzten edo kutsa ditzaketen landareak edo animaliak, eta ez dadin usain txarrik sortu.

6. artikulua. Zaborrak eta beste hondakin batzuk botatzeko debekua. Materialak eta makinak pilatzeko baimena.

Erabat debekatuta dago lurzatietan honako hauek botatzea: zaborrak, obretako hondakinak, altzariak, etxetresna elektrikoak, landare hondarrak, hondakin-materialak, olioak eta koipeak eta beste edozein hondakin mota.

Bestalde, Udalak okupaziorako baimena eman beharko du materialak pilatzeko edo makinak zein antzekoak aparkatzeko, baldin eta uste bada ez direla betetzen erabilera, kontserbazio eta birgaitze betebeharrak eta ingurumenari egokitzeko betebeharra, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 85. eta 86. artikuluetan ezarrita baitaude.

Zuzenbidearen arabera orubeen jabeek bidezko dituzten ekintzak galarazi gabe, zorrotz zigortuko ditu Alkatetzak arau-hausleak.

7. artikulua. Alkatetzari jakinaraztea.

Arguedasko Udalak aldez aurretik ohartarazita izan edo orubearen jabearen borondatez izan, orubeen garbiketak Alkatetzari baino ez zaizkio jakinarazi beharko, hasi baino lehen, Arguedasko Udaleko alkate udalburuari bidaliko zaion idazki baten bidez. Idazki horretan adieraziko da garbiketa lanak zein egunetan hasi eta bukatzea aurreikusten den. Garbiketa lan horiek ez dute eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergarik izanen.

III. KAPITULUA

Orubeak hesitzea

8. artikulua. Hesitzeko betebeharra.

Zaborrak, altzariak, materialak eta bestelako hondakinak bota ez daitezen eta gure herria apainago egon dadin herritarrak, bisitariak eta turistak gustura ibiltzeko, nahitaezkoa izanen da lehenengo eremuan dauden orubeak hesitzea, ordenantza honen eranskinean ageri den mugapenaren arabera.

Eraispenetik hasita 12 hilabeteko epean beste eraikin bat egiten ez bada erdialdeko orubean, nahitaezkoa izanen da orube hori hesitzea.

Betebehar horrek ez du alde batera uzten eraikuntza berriko obrak edo eraispenekoak egiten direnean segurtasun neurri gisa jarri beharreko babes hesia, zeinak obra bakoitzaren araberako ezaugarriak izanen baititu; Udalak baimenduko ditu, egitekoak diren obren aurretik edo aldi berean.

Ez da hesirik jarri beharko erabilera publikorako orubeetan, baldin eta dagokien udal baimena edo hitzarmena badute.

Bigarren eremuko lurzatietan behin-behineko hesiak jarri ahalko dira, higiene irizpideei jarraikiz, baldin eta dagokien udal baimena eskatu eta lortzen badute.

9. artikulua. Hesia berriz jartzea.

Halaber, lehenengo eremuko orubeetan, gaur egun hesituetan, jabearen betebeharra izanen da, halaber, hesia berriz jartzea, edozein arrazoirengatik kalteak izan baditu edo hondatu bada edo erabat edo hein batean eraitsi bada. Ordenantza honetan ezarritako determinazioak betez jarriko da berriz.

10. artikulua. Hesien ezaugarriak.

Orube bat hesitutzat jo dadin, ordenantza honen ondorioetarako, honako ezaugarri hauek bete beharko ditu hesiak:

a) Fatxadaren edo fatxaden lerroaren luzera osora zabalduko da, xede horretarako finkatzen den lerrokaduraren trazaduraren arabera, eta, errespetatuko ditu udal plangintzak lurzoru publikoa handitzeko aurreikusten dituen atzeraemanguneak eta lagapenak, halakorik balego.

Salbuespen gisa, orube hutsetan edo planeamenduko aurreikuspenak gauzatu ez direnetan, atzeraemangune horiek betetzen ez dituzten itxiturak egin ahal izanen dira, behin-behinean, baldin eta inbariante topografikoak edo bestelakoak badaude, itxitura beste toki batean egitea eskatzen dutenak (betiere lurzoru pribatuari eraginez).

b) Mugakideen artean behin-behineko itxiturak egin ahal izanen dira, segurtasun eta garbiketa irizpideak soilik kontuan hartuta.

c) Behin betiko itxiturak egokituko dira eremu homogeneo bakoitzerako planeamenduko aurreikuspenetara. Orube hutsen kasuan edo planeamenduan aurreikusitako hirigintza-eskubideak gauzatu ez diren orubeen kasuan, behin-behineko itxiturak egin ahalko dira, honako ezaugarri hauekin:

1. Espazio publikora ematen duten itxiturak:

–Adreiluzko fabrikaz edo hormigoizko bloke prefabrikatuz egin beharko da, kanpoaldean zarpiatuta eta pintatuta. Kalitatezko adreiluak edo blokeak izanez gero, zarpiatu eta pintatu gabe ere egoten ahalko dira.

–Gutxieneko altuera 1,90 metrokoa izanen da, eta gehienekoa 2,20 metrokoa, lehenengo eremuan izan ezik; eremu horretan, 3 metrokoak izan daitezke.

2. Mugakideen arteko itxiturak:

Sare edo hesi metalikozkoak, edo bihurdura bakunekoak edo mistoak izanen dira. Garaiera 2,60 m izanen da gehienez ere.

d) Orubean sartzeko ate bat jarriko da, behar bezalako erresistentzia eta segurtasun baldintzekin, eta neurriei dagokienez, hondakinak atera eta garbiketa lanak egiteko modukoa izanen da.

Kasu guztietan, hesia eraikitzeko materialek bete beharreko ezaugarriek egokiak izan behar dute haren egonkortasuna eta kontserbazio ona bermatzeko.

e) Lurzoru urbanizagarriko behin-behineko itxiturak c) apartatuan aurreikusitako zehaztapen formaletara egokituko dira.

f) Behin-behineko itxiturak eraitsi egin beharko dira eta/edo planeamenduaren aurreikuspenetara egokitu, hura garatzen edo gauzatzen denean.

11. artikulua. Hesitzeko lizentzia.

Orubeen jabeek hesia jartzeko udal lizentzia eskatu behar diote Udalari.

Lizentzia eskaerarekin batera aurkeztu beharrekoak: orubea identifikatzeko datuak, kokalekuaren planoa, erabiliko diren materialen deskribapena eta obrarako kalkulatu den aurrekontua.

IV. KAPITULUA

Udalaren eta jabeen arteko hitzarmenak, orubeak aldi baterako erabiltzeko

12. artikulua. Orubeen behin-behineko erabilera.

Orubeen jabeei ordenantza honen araberako betebeharrak aldi baterako kentzeko eta orubeen aprobetxamendu publikoari bide emateko, Udalak, jabeekin ados jarrita, orubeen behin-behineko erabilera hauek sustatzen ahal ditu:

1. Haurrentzako jolastokia.

2. Ibilgailuentzako aparkaleku publikoak.

3. Interes publikoko beste erabilera batzuk.

Horretarako, aldez aurretik lankidetza hitzarmena sinatu beharko da orubearen jabe guztien eta Udalaren artean, eta horren bidez Udalak eta jabeek erabakiko dituzte orubea egokitzeko egin behar diren obrak eta sortzen diren gastuen banaketa.

Behin-behineko erabilera horiek bertan behera utziko dira eta dagozkien instalazioak desmuntatu edo eraitsiko, Udalak erabakitzen duenean edo jabeak orubeari erabilera pribatua eman nahi dionean.

V. KAPITULUA

Prozedura

13. artikulua. Arauak aplikatzea.

Kapitulu honetan ezarritako prozedura arauak bai orubeen garbiketari bai hesitzeari aplikatuko zaizkio.

14. artikulua. Espedientea irekitzea.

Orube baten garbiketa eta/edo hesitze espedienteak ofizioz edo edozein interesdunek eskaturik has daitezke.

15. artikulua. Errekerimendua eta epeak.

Espedientea irekirik eta Udaleko zerbitzu teknikoek txostena eginik, Alkatetzaren dekretu bidez errekerimendua eginen zaie orubeen eta lurren jabeei, ordenantza hau betetzeko beharrezkoak diren lanak edo obrak egin ditzaten.

Errekerimendua egin eta hamar eguneko epean hasi beharko dira lanak, eta Alkatetzak ezartzen duen epean bukatu. Epea ezin izanen da hamar egunetik beherakoa izan, ez eta hogeita hamar egunetik gorakoa ere, lanak hasten diren egunetik zenbatzen hasita. Betearazteko aginduak berarekin dakar agindutako jarduera egiteko lizentzia ematea, baina horrek ez dio jabeari jarduketan zuzendaritza teknikoa jarri beharra kentzen, beharrezkoa izanez gero.

16. artikulua. Zehapen espedientea irekitzea.

Agindutako jarduketa egiteko eman den epea amaitu eta errekerimenduari erantzun ez bazaio, eta hurrengo artikuluetan arautzen den betearazpen subsidiariorako ahalmena erabiltzea galarazi gabe, hirigintzako arau-haustearen ondoriozko zehapen espedientea irekiko da, bidezkoak diren tramiteen ondoren kasuan kasuko zehapena ezartzeko, hau da, akatsak konpontzeko egin beharreko jarduketen eta/edo obren balioaren %10etik %40ra bitarteko isuna.

17. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

Alkatetzak egindako errekerimendua betetzen ez bada, Udalak, Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz, nahitaez betearazteko ahalmena erabiltzen ahalko du, orubea garbitzeko eta/edo hesitzeko. Horri loturik, Udaleko zerbitzu teknikoek nahitaezko betearazpenari begira beharrezkoak diren lanen eta obren aurrekontua prestatuko dute. Betearazpen subsidiarioaren edo nahitaezkoaren prozedura abiaturik, interesdunari jakinaraziko zaio eta entzunaldia emanen hamar egunez, bai betearazpen subsidiarioaren ahalmena erabiltzeko asmoari bai kasuan kasuko aurrekontuari dagokionez, epe horretan alegazioak egiteko aukera izan dadin. 18. artikuluan araututako errekerimendua eta, aipatu moduan, nahitaezko betearazpena erabiltzeko asmoaren eta aurrekontuaren jakinarazpena dokumentu bakar batean biltzen ahalko dira, nahiz eta bi epe horiek elkarren segidakoak izan.

18. artikulua. Betearazpenaren ebazpena.

Entzunaldia bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen baten bidez ebatziko ditu aurkeztutako alegazioak, halakorik bada, eta orubea garbitu eta/edo hesitzeko lanen betearazpen subsidiarioa aginduko du. Udalak berak eginen ditu lan horiek edo, bestela, zuzeneko adjudikazioa eginez ezartzen duen pertsonaren edo pertsonen bitartez, kontuan harturik presakoa dela ordenantza honetan ezarritako helburuak betetzea. Adjudikazio hori eginen da udal-aurrekontuan dagokion partidaren kargura, eta, hala badagokio, betearazpen subsidiarioa agintzen duen dekretuan zehaztuko da. Alkatetzaren ebazpena berehala betetzen ahalko da, eta zuzenbidearen arabera bidezkoak diren errekurtsoak aurkezten ahalko dira haren kontra.

19. artikulua. Gastuak kobratzea.

Orubeak garbitu eta/edo hesitzeko jarduketen betearazpen subsidiarioak sortzen dituen gastuak, kalteak eta galerak orubearen titularraren kargura izanen dira eta premiamendu administratiboaren bidetik eskatzen ahalko dira.

20. artikulua. Errekerimendu orokorra.

Alkatetzak errekerimendu orokorra egin dezake urteko sasoi batzuetan, bandoaren bitartez.

21. artikulua. Isunak.

Udaltzainek aldez aurretik akta egin edo salaketa jarrita, 3.000 euro arteko isunarekin zehatuko dira 6. artikuluan ezarritako debekua hausten dutenak. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izanen dira, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 140. artikuluarekin. Lege testu beraren 141. artikuluari jarraikiz ezarriko dira isunen mugak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek hogeita bat artikulu eta azken xedapen bat ditu, eta indarrean sartuko da Udalbatzaren Osoko Bilkurak behin betiko onesten duenean eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

EREMUAK MUGATZEKO PLANOA

L2209621_0.pdf

Iragarkiaren kodea: L2209621